Lezo, Jaizkibel eta Harribeltzetako trilogia

JOSEBA AURKENERENA BARANDIARAN

DSC00131

Joseba Aurkenerena idazlea Lezon. Fotografia: Lezoko udal liburutegia, 2015.

Ezagutu nuenetik, Lezok oso eragin handia sortu zuen niregan. Garai hartan hogeita bi urteko nerabea nintzen, eta ordutik urte dezente igaro badira ere, oraindino gogoan dut ezagutu nuen Lezo hura. 1978ko irailaren 13an, asteazkenarekin, lezoratu nintzen lehen aldiz, Gaintxurizketa aldean dagoen Gaintza baserriko Karlos Etxezurieta lagunak eramanik. Santa Krutzak ziren, hau da, Lezoko festa nagusiak. Giroa sekulakoa. Larunbat hartan, gaueko 9,30etan, Allerru elkartearen danborrada ederra ikusi nuen, eta 11etatik aitzina, jendez gainezka zegoen goiko plazan, Egan taldeak pozturiko dantza-soinupeko giroan bete-betean ibili ginen. Gau mundiala izan zen.

Aste bereko larunbatean, irailaren 16an, berriro ere, festetan segitzen zuen Lezora hurbildu nintzen. Arratsalde hartan idi-dema zen goiko plaza ondoko probalekuan. Bertako idi pareak eta itzainak ziren. Giroa, berriz ere, sekulakoa. Lezo hartan den-dena zoragarria egin zitzaidan: albo banatan eskailera luzez hornituriko herriko plaza eder berezia, euskal ikurrina bere balkoian harro erakusten zuen udaletxe zaharra, Gurutze Santuaren ermita miresgarri eta mirakulu-egilea, udaletxe ondoko frontoi berritu zabala, San Joan Bataiatzaile izeneko parrokia bertikal erraldoia, probalekua, tabernez jositako gune zaharra, Gaintxurizketako baserrietatik jaitsitako nekazari sendo gihartsu eta txapeldun haien ahotan entzuten nuen nafar itxurako euskara kantaria… Bai, ezin dut ukatu. Lezo ezagutu nuen momentu beretik zirrara berezia sumatu nuen nire bihotzean.

Egun hartatik aurrera, gero eta maizago hurbildu nintzen Lezora, bai Gaintza baserrira eta baita kalera ere. Gaintxurizketako baserritarren koadrila batean bilatu nuen nire tokitxoa eta orduz geroztik, eta urte luzetan, beraiekin batera ibili nintzen festaz festa eta parrandaz parranda. 1985. urtean Lezora ezkondu nintzen, ordurako Kale Nagusian erosia nuen Koartela edo Zabarre izenetako etxera. 1987-1991 urteetan Mikel Arrizabalaga alkatearen lehen legealdian kultura zinegotzia izan nintzen eta honek aitzakia eman zidan Lezoko elkarteak, herri erakundeak…, bertako jendeak, nolabait esanez, hobeto ezagutzeko. Gure bi semeak ere Lezon jaio ziren. Legealdia amaitu eta handik urtebetera, etxea saldu eta Lapurdiko Urruñara bizitzera abiatu ginen. Gure bizitzaren aldi berri baten hasiera izan zen.

Lezon bizi izan ginenean, bertako historiak bete-betean harrapatu ninduen. Hango itsasgizonak hango gaskoi zaharrak, karlisten eta liberalen arteko gatazkak, 1936ko gudariak, Patri Urkizuk jai egitarauetan idatzitako artikulu mamitsu eta gogoangarriak… buruan zebilzkidan bueltaka. Hura dena magikoa eta erakargarria zen niretzat. Eta horrela, mundu miresgarri hartan murgildurik, bertako historian edota bertako bizimoduan finkaturiko ipuinak idazteari ekin nion. Gehien-gehienak Lezoko Kultur Batzordeak hasieran, eta herriko elkarte eta herri erakundeek gero argitaratzen zuten Lezo aldizkarian plazaratu nituen: “Zabarre pirata”, “Oroitzene sorgina”, “Balea gorriak”, “Zelaibeltzetako akelarrea”, “Jentilen erregina”, “Martur gaskoiaren azkena”, “Jaizkibelgo artzaina”, “Barungako sorgina”, “Ternuako izotz azpian”, “Allerruko amona”…

1997an, eta orduko kultura zinegotzia zen Jone Salaberriaren bultzadaz, Lezoko Udalak hamabi ipuinez osaturiko Lezoko ipuin inoizkoak izeneko liburua argitaratu zidan. Bihoazkio lerro hauetatik nire eskerrik beroenak. Hurrengo urteetan Lezo ezkutatzen zuen Harribeltzeta herriari buruzko trilogia kaleratu nuen. Harribeltzetako ipuinak 2001ean, Makurmendiren magalean 2002an eta Harribeltzeta nire gogoan 2004an. Gero argitaletxearen bidez plazaratu nituen eta bertako arduradunek hainbat aldaketa eskatu zizkidaten liburuak Euskal Herri osorako argitaratu ahal izateko. Trilogia honetako ipuinetan azaltzen diren pertsonaia eta toponimo guztiak lezoarrak dira, baina Lezo eta Jaizkibel jarri beharrean Harribeltzeta eta Makurmendi izenak ezarri behar izan nituen liburuak txoko-txokokoak ez zitezen izan.

DSC00169

Harribeltzetako trilogia. Fotografia: Lezoko udal liburutegia, 2015.

Gaur, oraindik ere, Lezoren itzala atzetik dabilkit beti. Dagoeneko ez naiz Lezon bizi, nire burua Urruña herrian ikusten dut, baina aitortu beharra daukat, Lezon izandako bizikerek toki handia hartzen dutela nire oroitzapenetan. Hori dela eta, bihotzak bultzatu ninduen Lezori buruz egindako ipuinen selekzio eta bilduma berria atontzera. Horrela 2008. urtean Jaizkibelazpi izeneko liburua plazaratu nuen Hiria argitaletxearen bidez. Liburu horretan agertzen diren ipuinak zaharrak dira, gehien-gehienak Harribeltzetako trilogian azaldutakoak, baina Harribeltzeta eta Makurmendi azaldu beharrean, egiazko izenak azaltzen dira: Lezo eta Jaizkibel.

Jaizkibelazpi izenaz Lezo eta bere bailara osoa islatu nahi izan nuen, eta halaber, omenalditxo bat egin nahi izan nion Lezo herriari babes eta gerizpe eskaintzen dizkion Jaizkibel mendi magiko eta miresgarriari. Euskal jainko-jainkosek babes eta iraunarazi dezaten betiko, orain arte iritsi zaigun moduan, superporturik eta bestelako txikiziorik gabe.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.