“Esneketayak”, Olazarko Poloni

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Desagertzear diren lanbide eta jarduerekin dokumentalak egiteko joera aski zabaldua dago gure Euskal Herri honetan. Ez litzateke, berez, joera txarra bizibide edota bizimodu bat betiko galtzen ari den seinale tristea ez balitz. Ziurrenik, ordea, hala izan behar duelako gertatuko da hori. Gizakiaren eboluzioaren, bilakaeraren halabeharrez, noski. Ordaindu beharreko zorra. Zenbat gauza ez ote dira galdu historiaren joanean, hurrena zetorrenaren gurpilak harrapatuta… Lezon esneketan aritzen ziren esneketariak dira horietako bat. Eguraldi euritsuak etxezuloan errendituta, lozorroan nengoela, Olazar baserriko Poloni Sistiaga Garmendia (1921-1991) etorri zait gogora; gure familia esnez hornitzen zuen emakume langile eta atsegina.

Gure haur denboran, eguneroko kontua zen, goizean goiz, baserritarrak esnea etxez etxe partitzera, saltzera kalera jaistea. Gerora “Lanroberrak” eta autoak nagusitu baziren ere, 70eko hamarraldiaren erdialdean astoak eta mandoak erabiltzen zituzten esneketariek esnea baserritik kalera garraiatzeko. Albo banatan saski handi batzuk izaten zituen tramankulua jartzen zieten bizkarrean abereei eta haietan marmitak sartzen zituzten. Asto eta mandoak herriko kaleetako paretetan ugari ziren burdinazko uztaietan lotzen zituzten —Kale Nagusian, Atzekoatean, Txutxoko maldan eta Donibane kalean, batik bat—, eurek partiketa egin bitartean. Eta, jakina, herriko haurrek abere haiekin era guztietako bihurrikeriak egiteko aukera izaten zuten tarte horretan… Baserrira bueltan, abereen bizkar gaineko saskietan, dendetan erosi eta emandako produktuak, ogi zaharrak eta abar eramaten zituzten, marmita hutsekin batera. Astoarekin herrira etortzen ezagutu dugun azkena Kaxernako Balentina Zabala izango zen, oker ez banago.

Balentina Zabala Etxeberria

Kaserna baserriko Balentina Zabala (Lezo). Fotografia: Lander Zurutuza, 2003.

Deigarri gertatzen da gainera, gaurko begietatik ikusita, bederenik, etxepe bereko familia guztiek ez zutela esne hornitzaile bera izaten. Hau da, familia bakoitzak esneketari jakin batekin egiten zuen tratua, hark, egunero, etxera esne jetzi berria ekar ziezaion. Gure etxean, Alaietxen, esaterako, gogoan dut familia batzuengana Olazarko Poloni Sistiaga etortzen zela; beste batzuengana, berriz, Minkurako Mikel Labandibar —Poloni ezinduz geroztik, gurera ere bai—; eta Eguzkitzako Bixenta Gonzalez, beste ate batzuetara.

Goizero tenore bertsuan etortzen ziren, eta etxean inork geratu behar ez bazuen, eltzea sotoan, atearen oinean, uztea aski izaten zen; etxera etorritakoan, esnea hantxe aurkituko zenuen eta. Ni ikastolara ateratzeko unean harrapatu ohi ninduen gehienetan Poloniren txirrin hotsak. Eta pixka bat aurreratzen bazen, berriz, gosaltzen igual. Herriko eta han-hemengo berri eraman ohi zuten etxeetara gizon-emakume haiek. Polonik esne marmita eta kider luzeko antuxun hura maneiatzeko zeukan abilezia gustatu egiten zitzaidan, ez zuen kanpora tantarik ere isurtzen. Tontotuta bezala, begira-begira egoten nintzaion lantegi hari. ”Segi eskolara! Berandatuko zaik eta!”, botako zidan orduan Polonik eta amak, buruarekin, baietz erantzungo zuen.

Gogoan dut, halaber, esne hura ezin izaten zela bere hartan edan; egosi egin behar izaten zen, irakin, alegia. Esnea nola egosten zen ikusteko aukera bakarra jai egunetan izaten nuen eta orain txikikeriatzat joko genukeen xehetasun hori ere ikuskizuna zen gure adinekoentzat, niretzat, behintzat, bai. Adi erreparatu behar izaten zitzaion eltzeari; izan ere, deskuidatuz gero, aguro egiten zuen gainezka esnegain lodi-lodi afartsu batez estalitako esneak. Zenbat madarikazio bota izango zituen gure amak esneak, ustekabean, ihes egin ziola ikusita…! Baserriko esne gozo haren esnegainak bestelako saririk ere bazekarren, ordea. Amak eta amonak esnegain hura jaso egiten zuten, gero, hain goxo izaten ziren galletatxoak egiteko.

Badakit, nik ezagutu nuenerako, esneketarien lantegi hori gainbehera zetorrela, eta ez zuela, akaso, garai batean izan zuen neurriaren edo garrantziaren laurdenik ere izango, baina balio beza kontakizun honek egun herrian baserritar bakan batzuek bakarrik eusten dioten —Olamartako Joxeba Garmendia eta haren bi alabak baizik ez datozkit burura— jarduerari aitor egiteko.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.