Zurrunbilo amaigabea (Inaxio Tarragona oroituz)

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

inaxio-mendian

Inaxio Tarragona Artola (Lezo, 1959-2006). Fotografia: Inaxioren lagunak / Lezoko udal liburutegia.

Zerk bultza ote zuen muturreko erabaki hura hartzera? Ezin jakin. Edo bai. Dena dela urte asko zeramatzan jada jendartetik at. Robinson démodé baten antzera. Oihaneko txabolan bakartuta, uda izan ala negu. Argizariz zipristindutako komiki, liburu eta egunkari zaharren artean bizi zen.

—Ez zegok aberririk, norberaren deserria besterik —bota zidan azkenekoz elkar ikusi genuenean. Zorion irlak, une hautatuak. Deus gehiagorik ez. Ordurako bagenekien eternitatearen aspergarritasunak kezkatzen zuela gehien.

Zibilizazioa gorrotatzen zuen. Ametsak ez zitzaizkion kabitzen hiriko lau hormen artean, nonbait. Eta, herrira jaisten zen aldi urrietan, bere pentsamendu akrata barreiatzen zuen haizearen mendeko orri solteetan. Elizako atarian zelofanez itsatsita. Edo taberna zuloko lainopean errezitatuta, kanabisa eta garagardoa lagun. Poliziak, politikariak eta apaizak zituen beti dianaren erdian, Eliza eta Estatua, hitzezko gezien hartzaile. Baina poetika oso bat eskainiko zion era berean ezpain gorriko puta galantari, emakume ehiztari edo zezenzale amorratuari. Edonori. Nahiz eta hitz samurrenak txabola ondoko olatu arteko sirena kuttunarentzat izan —itsasoa beti alboan, fisikoki eta metafisikoki—. Zurrunbilo amaigabean elkar batzeko itxaropenak oraino bizirik zirauenean.

Salbazioa ez zuen bilatu horma iluneko eliz zaharrean, pipiak jandako santuen artean. Ezta kontsumismoan ere —modako erlijio horretan—. Nihil obstat, natura bere osotasunean. Ihesaren jomuga, helburua.

1 thoughts on “Zurrunbilo amaigabea (Inaxio Tarragona oroituz)

  1. Poeta haundia eta basatia gure Tarragona. Herri honetako istorio xelebre askien pertsonaia. Bera ere bere buruaz beste eginda joan zen. Gure Lezoko senarra eta lagun handiak dituen Altzatar batek esan zidan behin gure herrian jende asko hiltzen zela Tarragonaren moduan. Ezetz esan nion: ” Zuk uste?” eta berak: “Zenbat jende ezagutzen duzu zuk Lezon bere buruaz beste egin edo horretan saiatu dena, eta egia esan zerrenda luze samarra atera zitzaidan nire harridurarako. Izadiarekiko sentikorrak garen izaki asko gaude Lezon, horregatik eragiten digu hego haizeak udal honetan beste batzuetan baino gehiago. Donibanekoek ere beren punttua era badute, baina Iberdrolako tximiniatik jariatutakoak ere hemen eragin handiagoa omen zuen mendebaldeko haizeak dena hona ekartzen zuelako.

    Mila esker, Zurutuza, hainbesteko enbata altxa den Santa Krutz bezperako arratsalde honetan Inaxio Tarragona gogorra ekartzeagatik

    Atsegin dut

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.