Eskale baten gutuna ziegatik bidalita

MIGUEL ANGEL BARCENILLA LÓPEZ

Santakrutz eguna, 1889ko irailaren 14a. Urtero bezala, jende andana bildu zen Lezon; jaiak eta debozioak ekarritako jendetza, tabernak, plazak eta Santo Kristoren eliza betez. Izan ere, garai hartan, Lezoko Santo Kristoren santutegiak ospe handia zeukan inguru zabal bateko herrietan; Gipuzkoa osotik, Nafarroatik eta Lapurditik pertsona anitz hurbildu ohi ziren basilikara otoitz egitera, ezkontzera edo dohain zein laguntza eske, bereziki Santakrutzetako erromeria egunean.

Aipatutako egunean, ordea, baziren Lezon jai giroaren partaide ez ziren hiru pertsona gutxienez, herriko kartzelan giltzapean sartuta baitzeuden. Eskale ziren hirurak, eta kalean eskean ibiltzeagatik eguerdian atxilotutakoak.

Haietako batek, arratsaldean gutun bat idatzi zion herriko alkateari bere ezbeharraren berri emateko,

Gutunaren idazleak Cipriano Pinedo zuen izena. 28 urteko arabarra zen. Eskutitzaren hasieran Ciprianok adierazten zuen tristea zela pobrea izatea, baina are gehiago ezindua ere izatea, bera bezala. Bere hitzetan, Bilboko meategietan egin zuen lan aurreko urteetan, gogo biziz, hargin eginkizunetan zehazki, baina ezbehar baten ondorioz, ezkerreko hanka galdu zuen, behin-betiko lanerako ezgauza geratuz. Eta egoera hartan “zer esperantza geratzen zitzaidan?”, kexatzen zen gizajoa bere idatzian.

Gure eskaleak alkateari galdetzen zion ea onartuko zukeen bere semeetako batek hanka bat galduz gero, jan ahal izateko limosna huts bat eskatzeagatik kartzelaratzea, lapur handiak eta kriminalak bezala.

Eskean ibiltzeagatik, preso hartu zutela idatzi zuen Ciprianok, baina gurasoen faltan beste baliabiderik ez zuenez, adierazten zuen halako atxiloketak ekidin ahal izateko geratzen zitzaion irtenbide bakarra bere burua hiltzea zela.

Aipatutako guztiagatik alkateari eskatzen zion bere egoera triste eta etsita azter zezan, aske utz zitzatela hiru koitaduak, ala hori agindu ezean, jateko eta edateko zerbait eman ziezaiela, izan ere, hiruetako bik ez zuten egun osoan ezer jan.

Ez dago jasota zenbat egun eman zituzten eskaleek herriko ziegetan. Seguruenik, gutxi batzuk, izan ere, 1851. urteko Gipuzkoako sorosle-etxeetako araudian, artean indarrean zegoena, 6. artikuluan xedatzen zuenaren arabera, kalean ibilitako eskaleak atxilotu beharko zituzten herri agintariek eta gipuzkoarrak baziren, bere barrutiko sorosle-etxera eraman behar zirela, baina kanpotarrak baziren, Cipriano kasu, errepidetik zuzenean edo herriz herri eta ziegaz ziega, Gipuzkoatik kanpora eraman behar zituela justiziak. Horrez gain, urte bereko zirkular batean Aldundiak herriko alkateak behartzen zituen xede hau gogor betearaztera, hitz horiekin zehatz-mehatz: “Los Sres. alcaldes quedan en la obligación de impedir la postulación y vagancia de los pobres en la forma y por los medios que marca el artículo 6º del Reglamento. La provincia mirará con el mayor desagrado el abandono o tibieza que se observe en el desempeño de esta importante obligación.”

Ciprianoren eta bi bere kideen kartzelatzea ez zen, antza, salbuespen garai hartan, Estatu Liberalak, Gipuzkoako Aldundia barne, muturreko pobreziaren aurrean erakutsi zuen jokabidea ikusita.

lezo-14

Lezoko udaletxea. Posta txartel zaharra: Lezoko udal liburutegia.

Esan dezagun, Erdi Aroan zein Antzinako Erregimenaren garaian karitate pribatuaren ekintzetan oinarritzen zela pobreen zaintzako sarea, batez ere, kristau sinesmenek eragindako limosna eta testamentu dohaintzen bitartez sortutako benefizentzia instituzioek osatuta. Eta espero zitekeen moduan, hauetako gehienak Elizaren ardurapean. Sistema hori XVIII. mendearen bukaeran hasi zen higatzen, Ilustratuek bultzatutako sekularizazio eta erreformen ondorioz. Gero, XIX. mendeko lehenengo hamarraldietan, Estatu Liberalak bultzatutako desamortizazioek ia erabat hondatu zuten antzinako karitate-erakunde sarea. Estatuak ez zuen, ordea, bere aldetik aukera berririk sortu 40ko hamarraldira arte.

Izan ere, 1845. urte arte Estatu Liberalak ez zuen bere ardurapean hartu pobrezia larriaren auzia, urteko urtarrilaren 8ko legea xedatu arte, alegia. Lau urte geroago argitaratutako “Ley General de Beneficencia” delakoa aurrekoa osatzeko etorriko zen. Bi arau hauen bidez eratutako ongintza eskema berriak Probintziei eta udalei eman zien gai honetarako eskumena eta oinarrizko ardura: Probintzia Aldundiak Amatasun eta Kaxako Umeentzako Etxe bat, Miserikordia-etxe eta eri pobreentzako ospitale bana eraiki eta finantzatu beharko zituen, gutxienez. Udalek, berriz, igarotze pobreak eta eriak zaintzeko ardura eta lekuko familia txiroei mediku laguntza emateko ardura zuten. Estatuak, bere aldetik, hau guztia gainbegiratzearen ardura hartu zuen bere gain.

Dena den, benefizentzia liberalak antzinako sistemaren irizpideei eutsi zien sare berria eraikitzeko: txiro talde berberak hartu zituen kontuan, hau da umeak, adinekoak, gaixoak eta ezinduak, industria guneetan hedatzen ari zen pobrezia berriaz ahaztuz. Gainera, lege berriek karitate pribatuaren dohaintzak onartu zituen instituzio publikoetako aurrekontuen urritasuna osatzeko, baita karitate-etxe pribatuen hedapena ere, elizarenak gehienak. Hori bai, benefizentzia sistema liberala Estatuaren egitura administratibo berriari egokitua eraiki beharko zen eta ongintza partikularra Estatuaren inspekzioaren menpe jarri zuten itxuraz.

Estatuak lege berria ezarri bezain pronto, Gipuzkoako Aldundiak gogor eta bizkor ekin zion benefizentzia sarea gorpuzteari, eta, 1847 eta 1849ko Batzar Nagusiek hartutako akordioak betez, lau sorosle-etxe eraiki zituen Donostian, Tolosan, Azpeitian eta Arrasaten, Barruti Judizial bakoitzean bana. Dena den, Gipuzkoako herri batzuetan bazeuden aurretik udal ospitale edo Miserikordia-etxeak, baina lekuko pobreen eta erien zerbitzurako soilik. Herri askotan, aldiz, ez zegoen halakorik, Lezon esaterako. Barrutiko etxe berrien sorkuntzaren ondorioz, Aldundiak probintziako leku guztietara hedatu nahi zuen sarea. Hala, lehendik ospitalerik edo sorosle-etxerik ez zeukaten udalek herriko pobreak barrutiko etxera bidali ahal zituzten eta, beraz, eske ibiltzearen debekua probintziako herri guztietara hedatu zen. Nabari da Aldundiko agintarien grina zela eskale eta txiroak kaletik ateratzea, pobreen agerikotasunak eta elkartzeak sortzen zien susmo txarrak eraginda. Horrekin batera, pobreak moralizatzea zuen helburu giltzapean nahitaez sartzeak.

Aldundiaren eta Batzar Nagusietako txostenetan, zirkularretan zein arauetan, behin eta berriz lotzen zen txirotasuna alferkeriarekin, nagikeriarekin eta moral gabeziarekin. Adibidez, Hondarribiko San Gabriel ospitaleko arautegiak xedatzen zuen ospitaleko kudeatzailea zen Erakundeak, “Junta de Beneficencia” delakoak, herrian eskean ibiltzea eta alferkeria debekatzea ere oinarrizko eginkizun zituela; Gipuzkoako Sorosle-etxeko arautegian agindu zen pobreen alferkeria zein eskean ibiltzea debekatuta geratu zela probintzia osoan; Aldundiaren 1851ko urtarrilaren 27ko zirkular batean esaten zen barrutiko sorosle-etxeen eraikuntzaren ondorioz benetako pobrezia lagunduko zela eta, aldi berean, Gipuzkoatik deserriratuko zela alferkeria zein nagikeria, eskalez mozorrotuta agertzen ziren jokabideak. Tankerako adierazpenak agertzen ziren behin eta berriz tokiko benefizentzia arautegietan, ageriko pobrezia edo eskean ibiltzea beti nagikeriarekin eta alferkeriarekin lotuz.

Estigmatizazio honetaz baliatu zen Aldundia txiroak kaleetatik ateratzeko, indarrez, beharrezkoa zenean, eta segidan sorosle-etxe batean giltzapean sartzeko. Izan ere, etxe haietan sartutako txiroak ezin ziren kalera atera, igandeetan mezetara joateko salbu; diziplina gogorra eta intimitaterik eza jasaten zuten, hau guztia koitaduak moralitatearen bidera eramateko eta, gaixorik izan ezean, derrigorrezko lana egin behar zuten barneko tailerretan. Barrutiko Sorosle-etxean, adibidez, bazeuden okindegia, eta txokolategia, horiez gain, erreria, aroztegia, iturgintza, zinka, beruna eta zapatagintza tailerrak, denak barneko pobreek landutakoak.

Beste alde batetik, Ciprianoren eskutitzak agerian uzten zuen Estatu Liberalaren utzikeria pobrezia berriaren aurrean, industrializazioak eragindako txirotasun berriaren aurrean, alegia.

Oarsoaldeko industrializazioak, Errenterian eta Pasaiako portuan errotua garai hartan, fabriketako langileen kopurua handitzea ekarri zuen eskualde osoan, Lezon ere bai. Garapen industrialak kapitalismoaren arauak hedatzen eta indartzen lagundu zuen garaiko gizartean. Esan behar da industriak aberastasuna areagotu zuela eskualdean, baina azpimarratu behar da, era berean, gutxi batzuen onurarako izan zela, izan ere, pobreen kopurua handitu egin zen industria-garapenarekin batera. Emakume aurpegia zeukan antzinako pobrezia emakumeena bihurtu zen liberalismo garaian. Edadetuek eta umeek ere txiro multzo garrantzitsuak izaten jarraitu zuten, baina ez bakarrak. Soldata eskasaren ondorioz, langile familia gehienak biziraupenaren mugan bizi ziren, eta edozein ezbehar, txikia izanda ere, nahikoa zen txirotasun gorriaren putzura eramateko langilea eta familia osoa, aldi baterako askotan, baina batzuetan betiko. Hor dago Ciprianoaren etsenplua.

Dotrina liberalari eutsiz, Estatuak, industria askatasuna aldarrikatuta, ez zuen esku hartu lan harremanen auzian, merkatuaren eta ekonomia-lehiaren arauek arazo guztiak berez konponduko zituztelakoan. Horregatik, ez zegoen lan-kontratuei buruzko legerik eta lana ematea nahiz kaleratzea enpresaburuen esku zeuden erabat. Gaixotasun edo istripuen ondorioz edo enpresaren interesak hala eskatuta langileak kaleratzen ziren, soldatarik eta diru-sarrerarik gabe utziz. Ez zegoen Estatuak bermatutako gizarte-segurantza publikorik, ezta gaixotasun, istripu edo zahartzaro asegururik ere. Urte hauetan, preseski, hasi ziren eragile batzuk Elkar Laguntzarako Sozietateak behetik antolatzen, ezbeharren ondorioak leuntzeko baliabide gisa. Alderdi Liberalak sortu zuen lehena 1890. urtean Errenterian bere partaideentzat; hurrengo urtean Langile Katolikoen Elkarteak eratu zuen berea eta 1894. urtean La Iberica (Olibet) enpresak jarri zuen martxan beste bat bere langileentzat. Sozietate haietako bazkideek hileko kuota baten truke (Olibeten, adibidez, egun erdiko soldata ordaintzen zioten hilero aseguru-kaxari) eritasun-asegurua (gaixoak mediku-laguntza zein soldata erdia jasotzen du egunero) eta bizi asegurua zituzten.

Bestalde, industria-eremu berrietan muturreko pobrezian erortzeko arriskua nabarmenagoa zen antzinako gizartean edo garaiko landa-eremuetan baino. Industria-hirietan sendi nuklearra zen nagusi, eta hori, ezbeharrei aurre egiteko, familia tradizional zabala baino ahulagoa da. Gainera industria-langile asko etorkinak ziren, senide eta auzo-loturak urrun utzi zituztenak beraien babesa jasotzeko. Hori zen, aipatzearren, Ciprianoaren egoera eta beste askorena ere bai.

Hau esanda, aipa ditzakegu Lezon bertan garai hartan jasotako kasu batzuk, Lezoko Udalari laguntza eskatu ziotenak, hain zuzen ere. 1888ko uztailaren 12an Juan Bautista Cipriani Tortosak eskaera bat bidali zion udalari laguntza eske familia elikatu ahal izateko. Jatorriz Malagakoa zen, 32 urtekoa, ezkondua eta seme-alabak zituena. Donibane kalean bizi zen eta Antxoko tren geltokian jornalari ibilia, baina lan-istripu baten ondorioz urtarrilaren 4az geroztik oheratuta zegoen, lan egiteko ezinduta, eta soldatarik gabe. Horren ondorioz, bere hitzetan, “se halla en las últimas miserias, sin poder alimentar siquiera, por no tener recursos de ningún género, para sí, su mujer é hijos”.

Hurrengo urtean, 1889an, alegia, martxoan, José Vicente Olasagastik, Juantonea baserrian bizi zenak, laguntza eskatu zion udalari Juan Ignacio Lizarazu koinatarentzat, hura ere baserri berean bizi zena. Lanerako ezindua zegoen istripu baten ondorioz. Antxoko kaian lanean ari zela, ontzi batean hain zuzen ere, eskotilatik erori zen eta zauri anitz izan zituen, besteak beste, hanka bat hautsi zitzaion.

1892. urtean, Manuela Ezdalak eskatu zuen laguntza. Idatzi zuenaren arabera, bere senarra Ignacio Begiristainen soldatatik bizi ziren bost senide, baina Ignacio elbarri geratu orduko familia premia larrian gertatu zen. Beste idazki baten bidez jakin dugu hiru urte geroago Ignaciok ezinduta jarraitzen zuela, baina artean Manuelak lan egin zuen Pasaiako petrolio lantegian.

1896ko martxoren 26an José Manuel Olaizolak, alarguna, Donibane kalean bizi zenak, udalari eskatu zion bere ezbeharra leuntzeko laguntza bat. Osasun txarragatik ezin zuen lan egin, eta auzokideen laguntzari esker bizi zen.

Hurrengo urteko otsailaren 19an José Ignacio Ezkurrak azaldu zuen bere arreba Juana Antonia, alarguna, Lezokoa, aspalditik zegoela Donostiako Sorosle-etxean sartuta. Anaiak jasota zeuzkan etxean arrebaren sei seme-alabak, baina bere familia ere ugaria zenez, eskatzen zuen Lezoko Udalak eskaera bat izapide egin zezan Donostiako Sorosle-etxeak onar zitzan ilobetako bi, 6 eta 8 urteko mutilak, hain zuzen ere.

Hauek dira garai hartako udal agirietan agertzen diren eskaerak, baina baliteke hori icebergaren muturra baino ez izatea. Pentsa daiteke sendi anitz noiz edo noiz gizonaren soldatarik gabe geratuko zirela, premia larrian, baina udalari laguntza eskatu baino lehen beste aukera batzuk bilatzen ziren maiz egoera gogorretik ateratzeko. Lehen ikusi dugu Juan Ignacio Lizarazuk eta Juana Antonio Ezkurrak senideen laguntza izan zutela udalera jo baino lehen eta José Manuel Olaizolak, auzokideena. Askotan, halako laguntzei eutsiko zietela kontu ziurra da, udalera jo gabe. Besteetan, emaztea edo ume bat fabriketan lan egitera sartzea zen irteera, hor da Manuela Ezdalaren adibidea, edo dendetan zein etxeetan neskame gisa hastea. Batzuetan etxeko gelaren bat alokatzea zen diru pixka bat biltzeko bidea. Dena den, udalaren laguntza zein aipatutako beste aukera guztiak ez ziren gehienetan nahikoa pobrezia egoeratik ateratzeko, larritasuna leuntzeko baizik. Hor da aipatutako Manuela Ezdalaren kasua, fabrika batean lan egiten zuenarena. Emakumeak lanpostu bat lortuz gero, egoera arindu zezakeen, baina ez erabat konpondu, emakumeen soldata gizonaren erdia besterik ez baitzen, eta umearena dezentez txikiagoa. Errenterian, 1898. urtean, gizon peoiaren batez besteko urteko soldata 770 pezetakoa zen. Emakumeena 406 pezetakoa eta umearena 261 pezetakoa. Lau pertsonako sendiaren elikadurak gutxienez 672 pezeta eskatzen zuen urtero.

Ematen du ere noiz behinka eskean ibiltzea aterabide bat zela batzuentzat. 1903ko Aldundiko zirkular batek esaten zuen eskaleen kopuruak gora egin zuela nabarmen Gipuzkoako herrietan, batez ere, kanpoko jendearen kopuruak. Ondorioz, Aldundiak eskatzen zien herri agintariei lagun ziezaietela mikeleteei alferkeria eta eskea Gipuzkoatik desagerrarazten. 1906ko abuztuaren 27ko beste zirkular batean, gogorarazten zaie alkateei eskean ibiltzeko baimena eman ahal zutela, baina bertakoei bakarrik. Aldundiaren iritziz, alkateek gehiegikeriatan erori ziren baimenak emateko orduan, eta zorrotzago ibiltzea eskatzen zien, bizio, alferkeria eta krimena ere karitatearekin ez nahasteko.

Antza denez, 1906an, alkate batzuk ez ziren 1889ko Lezoko alkatea bezain zorrotzak izan.

ERREFERENTZIAK

Eskalearen eskutitza ikus daiteke Lezoko Udal Artxibategian (LUA), SIG 07/09 paper-sortan.

Udalari laguntza eskaerak: LUA SIG 19/01ean

Garaiko Gipuzkoako sorosle-etxeko arautegia ikus daiteke www.memoriadigitalvasca.es/handle/10357/5062.

Ongintza sareari buruz: Jose Antonio Recondo, Medicina y Beneficencia: Guipúzcoa y Tolosa, siglos XII-XX. Área Larrondo Ilundain, 2008.

Pobreen biziraupen estrategiei buruz, batez ere, emakumeenak: Lola Valverde Lamsfus, “Estrategias de supervivencia de las mujeres pobres en Guipúzcoa. Los casos de San Sebastián y Tolosa (1885-1915)”. Historia Contemporánea nº 44. 2012.

Garaiko eskualdeko langileen egoerari buruz: Miguel Angel Barcenilla, La Pequeña Manchester. Origen y consolidación de un núcleo industrial guipuzcoano. Errenteria (1845-1905). Errenteria Gipuzkoako Foru Aldundia, 2000.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s