Lurra ondartu

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Bada gure herrian —Lezotik kanpoko inoren ahotan ez baitut inoiz entzun— aspalditik txundituta, xoratuta naukan esamolde bat, bai bere erabilera murritz eta mugatuagatik, bai bere jatorri ilunagatik; “lurra ondartu”, alegia.

Gure herriko hiztunik zaharrenei entzun izan diet beti; gure aitona-amonei, gurasoei eta gure etxepeko bizilagun zaharrenei. Bizilagunei diot, izan ere, bere erabilera testuingurua, gehienetan, sotoa eta hango eskailerak txandaka garbitu behar ziren unea izaten zen.

Alaietxek eta herriko gune historikoko etxe gehienek zurezko egitura zuten eta dute, haritz egurrez eginikoa ia denek. Ondorioz, etxeetako zorua eta sotoko zoru nahiz eskailerak ere material berekoak ziren. Egun, erratza eta fregona pasa eta berehala garbitzen ditugu, makurka eta postura txarretan ibili gabetanik. Gure aitona-amonen garaian, ordea, —amonenean, batik bat— egurrezko zorua eta eskailerak lurrean bi belaunen gainean jarri eta zurda gogorreko eskuila batez arraskatuz, eskuz garbitzen ziren. Ohiko kontua zen, beraz, etxe barnean, edota sotoan, ama edo amona edo emakume bizilaguna postura ezeroso eta txarrean, ur baldea eta xaboia bertan zituela, zorua garbitzen ikustea.

Alaietxeko eskailerak. Fotografia: Joxe Luix Agirretxe, 2017.

Lan bereziki nekosoa zela esan gabe doa. Lan zaila; aurrena eskuila uretan eta xaboietan blaitu eta, ondotik, lurra harekin gogor igurzten zuten erantsitako zikinkeria libratzeko, hartara, nahi zen garbitasun maila lortzeko. Oraindik ere aurki daitezkeen garai bateko xaboi-kozkor handi haiekin —Lagarto eta haietakoekin— egiten zuten xaboi-ura gainera. Lixiba pixka bat ere eransten ziotela uste dut. Eskuak gomazko eskularruekin babestu, makurtu eta ekin. Xaboiaz eta urez ongi igurtzi ondotik, trapu lehor batez xukatzen zuten ahalik eta ur gehiena. Gero, ateak eta leihoak zabalik utzi eta berez sikatzen zen garbitutako azalera.

Lana bukatuta, emakumea altxatzen zenean, belaunak, gerria eta lepoaldea arrunt minbera izaten zituen, eta oinaze keinuak izaten ziren aurrenekoak behintzat; gero, irribarrea, lan gogorra amaitu izanaren duintasunezko irribarrea.

Lan gogor hari esaten zitzaion lurra ondartzea. “—Zeñi tokatzen tzaio asti ontan sotoko lurra ondartzia? Goiko Irenei?” bezalako esaerak ohiko ziren gure etxeetan 70-80ko hamarraldietan, eta aurrekoetan, zer esanik ez.

Esamoldearen erabilera oso murritza eta testuinguru oso mugatukoa zen, eta jatorria, berriz, batzuetan garbitzea tokatzen zen zorua bezain iluna. Izan ere, nik behintzat, ez dut inongo hiztegitan aurkitu, saiatu naizen arren. Arestian esan bezala, gainera, egingo nuke ez diodala lezoar ez den inori inoiz aditu. Beraz, harrigarri bada ere, Lezon bakarrik erabiltzen zen edo haren erabilera berantiarrena gure herrian izan zuen esamolde baten aurrean egon gintezke. Kontraste eta ikerketa handirik egin gabe diot hori, horrek duen hanka sartzeko arrisku guztiarekin. Baina erratzeko beldur handirik gabe, esan nezake, erabilera murritz eta mugatuko esamoldea zela “Lurra ondartu”.

Nik ezagutu ez badut ere, badirudi, aipatu hamarraldietatik atzerago joz, Jaizkibelgo hondar-harri zatiak erabiltzen zituztela egurrezko zorua arraskatu eta erantsitako zikinkeria erauzteko, gantzak eta orban zailak, adibidez. Lantegi hark hondarra barreiatzen zuen zoruan eta, beraz, hortixe balizko jatorrietako bat. Kontu jakina da, halaber, itsasontzietako egurrezko zoruak garbitzeko ere hondarra erabili ohi zela, kraka erauzteko modurik eraginkorrena hura zela iritzita. Horratx, beste balizko jatorri bat, baina hortik aurrera, kieto! galderak eta ziurgabetasuna baino ez. Hiztegien hertsikeriatatik ihes egin zuen eta gure irudimena hauspotzen duen esamolde magiko eta xoragarria gure herriko euskararen ondarean.

Advertisements

One thought on “Lurra ondartu

  1. Errenteria aldean, esamolde hori bera entzuna diet gure etxean amona zenari eta amari. Ospakizun edo jaiegun bereziak hurbiltzen zirenetan, garbiketa sakonagoa egiten zen etxean, eta lanetako bat lurra hondartzea izaten zen: zuk ondo diozun moduan eskuila uretan eta xaboietan blaitu eta lurra harekin gogor igurzten zuten erantsitako zikinkeria libratzeko.
    Hiztegietan ez dut topatu, baina Literatura Unibertsala saileko “Maitea” liburuan, (Anton Garikanoren itzulpena) hauxe agertzen da, 237. orrian:

    Belauniko aritu zen lurra hondartzen, Denver atzetik zuela zapi lehorrarekin, eta orduan agertu zen Maitea:
    –Zertarako dira hauek?
    Belauniko, hondartzeko eskuila eskuetan zuela, begiratu zion neskari eta hark erakusten zizkion patinei.

    https://books.google.es/books?id=zuh5n511P9AC&pg=PA237&lpg=PA237&dq=%22lurra+hondartzen%22&source=bl&ots=n-pz7oJqke&sig=dAWFjibuRLPOLi3SLQUtRqKYivs&hl=eu&sa=X&ved=0ahUKEwitkLKGwLbTAhWkA8AKHaTfDNU4ChDoAQgNMAE#v=onepage&q=%22lurra%20hondartzen%22&f=false

    Atsegin dut

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s