JOSEBA AURKENERENA BARANDIARAN
Murrua itsaso aurrean, murru luze-luzea, naturak egindako horma, naturak maite duen bazterra, Pasai Donibane, Lezo, Hondarribia eta Irun gerizatzen dituena, hamaika txoko, hamaika xendra, gailurretako dorreak, itsas bazter ederrak, zaldiak, ardiak, betizuak eta ardiak larreetan, kaioak, antxetak eta pottorroak kantari hondarrezko haitzetan, haizeak hondar-harrietan landutako paisaiak, kontrabandisten bidexkak, baleazaleen talaiak, euskal piraten gordelekuak, Trapujale eta Marinazkaneren bizitoki magikoa, Zabarre adoretsuaren ibileren lekukoa, Allerruko Amonaren begiratokia, ametz basoak eta oihan beltzak, itturri fresko kantariak eta erreka garbi aratzak, artzain eta baserritarren lurra, arrantzaleendako lehen eta azken agurra.
Hori dena da niretzat Jaizkibel, mendi, baso, dorre eta babes, bakezko eta gerrazko garaien jakile, urrunerako itsasaldien oihartzun, kondairaz eta magiaz blaituriko mendi heze luzea, magaletan bizi direnentzat gerizpe eta aterpe, eguneroko bizimodu petralean beste errealitate baten seinale, itxaropen kabi eta bizi nahi duen Herri honen branka.
Jaizkibel izan dadila luzaz, izadia, irudimena eta magia uztartzen dituen mendia, gure esperantzen portu gotorra eta bizimodu aske baten iragan eta geroa.
Urruñan, 2020ko apirilaren 10ean.
(Nire konfinamendutik bihotzez egina)