Joxemielen txapela eta Grimau

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Historia bera bezain luzea eta anitza du ibilbidea guk ezagutzen dugun txapelak. Bistan da txapela sortu eta euskal identitatearen ikur bilakatu artean urte luzeak joan direla bien bitartean haren hedapena ere zabalduz.

Gaur egun, haren erabilera bigarren mailan geratu den arren, oraindik goren mailako errekonozimendu sozial handia du. Ikusi besterik ez dago edozein arlotako ekitaldi edo lehiaketaren irabazleen garaikur gisa, irabazle dela adierazteko, txapeldun dela esaten dugu.

Halaber, kirol elkarteetako kideen artean partaidetasun edo talde identitatearen ikur gisa erabili ohi izan da askotan.

Gauza bera herriak bere ordezkari edota agintari bati ematen dionean… Beste zenbaitetan, berriz, bisitari ospetsuekiko ongi-etorria adierazteko erabiltzen denean ere txapela ematen diogu begirune eta errespetuzko ikur gisa.

Alabaina, heldu diezaiogun idatzi honen izenburuari.

Joxemiel Treku Azkue, abertzale lezoarra, gerra garaian eta gerra ondoko urteetan, frankismo garaian, zigortua eta kartzelaratua izan zen behin baino gehiagotan beste asko bezala.

Atxilo-aldi horietako batean, Julian Grimau Garcia espainiar politikari komunistarekin elkartzea tokatu zitzaion kartzela berean. Egunak joan eta egunak etorri, elkar ezagutzeko parada izan zuten, antza.

Epaiketa egin zioten agintari frankistek eta orduan hain erraz kondenatzen zuten heriotza zigorrera kondenatu zuten hura ere, eta 1963ko apirilaren 20an fusilatu zuten 52 urte zituela, Carabancheleko tiro poligonoan.

Fusilatu behar zuten goizean Joxemiel Trekuk bere euskal txapela jarri zion buru gainean. Zerk bultzatu ote zuen, ordea, Joxemiel, Grimau fusilatzera zeramatela bere txapela buruan jartzera? Zein emozio nagusitu ote zitzaion? Begirunea, errespetua, euskal herritarren ikurra, duintasuna, zintzotasuna… zer sentimendu adierazi nahi zuen?

Seguru nago. Joxemielentzako gauzarik handiena, adierazgarririk handiena eta bera bezalako abertzale batek duintasunez eramaten zuen Euskal Herriko ikurra zela txapela!

Joxemielen txapela, euskal abertzale baten txapela, historiaz, tradizioz betetako txapela hura baino opari handiagorik! Ezinezkoa.

Eta apirilaren 20 hartako goizaldean, pelotoiko tenientearen bi tirok egin zuten 27 balak aurrez egin ezin izan zutena, berunezko keak bakarrik desagerrarazi zituen Grimau eta Joxemielen txapela.

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.