LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI
Lezoko neskatxa ezkongabe bat izan zitekeen ama. Eta herriko mutiko pobre bat aita, edo bertako jauntxo harroputza, apaiz integrista, edo aurreko urtean Gurutze Santuko elizan meza kantatua atera zuten soldaduetako bat. Auskalo! Plazer hartu ote zuten alde biek une batez bederen ala bortxaketa krudel bat besterik ez zen izan? Ezin jakin hori ere! Baina jakin badakigu, 1663an norbaitek ezkutuan haur jaio berri bat utzi zuela Gurutze Santuko elizan, zain zezaten. Eta bi hilabetez, herriko kargudunen aginduz, inude batek bularra eman eta zaindu egin zuela. Denbora hori pasa ondoren, ordea, tornuko haurrekin askotan gertatzen zen bezala, Iruñeko ospitaleko inklusarako bidean jarri zuten haur gaixoa. Francisco de Arbelaiz arduratu zen Lezotik Iruñerako biajeaz, zamari eta ostatuetako gastuetaz, inudearen laguntzarekin. Tamalez, haurra hil egin zen hirukotea Iruñera iritsi baino lehen. Eta bertako ospitalean lurperatu zuten azkenik.