Aurkezpena

2014 12 20 Aizpea ostatua, LezoLezoko Portua blogaren sorrera 2014ko abenduaren 20an mamitu zen, Gurutze Santuaren plazako Aizpea ostatuan.

 

LEZOKO PORTUA

Denetik ikusitakoa da Jaizkibelen gerizpeko txoko goxo hau, denetik jasan eta pairatutakoa 800 urtetik gorako ibilbide oparoan. Denetik ikusitakoa eta denetik zuena: itsaso, itsaslabar, mendi, baso, zelai, hondartza, landa-eremu, ibai, lintzura, kultur eta arkitektura ondare, ontziolak, baserriak, kofradia, industria, portua, errotak, labe eta karobiak, artaldeak, sagardi bikainak, sagardotegiak, gobaralekuak, jauretxeak, elizak, hizkuntza eta hizkera berezkoa…

Behin udalerri beregain bihurtuta ere, historiaren gorabeherak eta gizakion grinak tarteko, kendu egin izan zaizkio era bateko eta besteko osagai eta atalak. Bote prontoan batzuk aipatzearren: gerora sortutako alboko herriren batek kasu, bere lur-eremua finkatzeko Lezori kendu zizkion lurrak. 1983an, itsasorako irteera edo pasabidea kendu edo eragotzi zioten. Eta, azken urteotan, herri izatearen harrotasuna kendu nahi digute bertako herritarroi, herri ikusezin edo mamu bihurtuz: mapatatik, kirol eta kultur gertakari handien ibilbideetatik desagerraraziz -herrian gertatzen direnak izanagatik-, edota aipatu gabe utziz, besterik, gabe. Ikusgarritasuna galtzen ari gara aspaldion, dagoeneko galdua ez badugu.

Lezoarrok izango dugu noski honen guztiaren erruaren parte, baina gure herria ez sentitzeraino eraman gaituzte asko eta asko. Ezuste gozoan geundela, lokartu antzean geratu gara eta orratz zorrotz mingotsez erasanda ere minik ez sentitzera iritsi gara. Lezok minik ez egitera iritsi gara, hitz bitan esateko: ez maitatzera.

Lezok ordea, badu bizia oraindik, gizon-emakume tematiz osatutako jendarte aberatsa du. Badu gazte jende gartsurik eta bere nortasunari eta herritartasunari uko egiteko inola ere prest ez dagoen herritarrik. Zientoka dira urtean zehar antolatzen eta gauzatzen, edota gorpuzten diren ekitaldi, jai, ekimen, egitasmo eta ekintzak. Era guztietakoak. Horiek gure herrian eta herritik kanpora hobeki “saltzen” ikasi behar dugu. Balioa eman behar diogun eta herriaren mesederako abian jarri behar dugun ondare ikaragarriaren jabe gara: kultur, natura eta giza ondarea.

Herriko, portu birtuala izateko bokazioa du beraz, blog honek. Lezoren gaineko zeinahi gai, jakingarri, anekdota, dokumentu -idatzi zein grafiko- “lehorreratzeko”, herriratzeko portua izan nahi duena. Irekia duzue bidea eta irekia duzue zuentzako kaia. Nork bere hondar-alea jar dezan gonbita egin nahi dizuegu lerro hauen bidez. Ezagutzen ez dena ez omen da maitatzen eta beraz, ezagutzetik, ezagutzera ematetik hasi beharko dugu, maitatzera iristeko eta garenaz harro sentitzeko.

Eta gaia, itsasoa bezain zabala duzue: Lezo. 

Eman diezaiogun guk geronek berezkoa duen balioa, ze arraio!

4 thoughts on “Aurkezpena

  1. Zorionak egitasmoaren bultzatzaileei! Egitasmo interesgarria izan daiteke dudarik ez, lezoarren herriarekiko atxikimendua lantzeko. Halere, bide horretan, eginiko aurkezpenak jendea erakartzeko baino, uxatzeko arriskua ez ote duen kezka sortu zait. Ondorengo paragrafoaz ari naiz zehazki:

    ‘Lezoarrok izango dugu noski honen guztiaren erruaren parte, baina gure herria ez sentitzeraino eraman gaituzte asko eta asko. Ezuste gozoan geundela, lokartu antzean geratu gara eta orratz zorrotz mingotsez erasanda ere minik ez sentitzera iritsi gara. Lezok minik ez egitera iritsi gara, hitz bitan esateko: ez maitatzera.’

    Euskalgintzaren bilakaera hurbiletik ezagutzen duzuenez, aski ongi jakingo duzue jendeari ‘ez duzue erabiltzen’ edo ‘egin euskaraz!’ esateak ezer gutxi laguntzen duela euskararen erabilera areagotzen. Nekez aldatzen baitira jarrerak, inori ezer aurpegiratuz. Bada, ez dut uste egitasmo honen aurkezpenean, Lezo ez dugula maitatzen modu kategorikoan baieztatzeak, Lezo maitatzen hasteko bide eraginkorrena dakarrenik. Eraginkorra ez izateaz gain, ez dut uste zuzena denik, baina, ikerketarik ezean, pertzepzioen eztabaida antzuetan sar gaitezke. Edozein kasutan, jendea bere bizitokia ez maitatzera iritsi bada, hori zergatik gertatu den aztertu beharko litzateke. Egitasmo honek badu hortan zer ekarria.

    Kontuak kontu, lezoarroi utzikeria salaketak bideratzea edo aurpegiratzea, esan bezala, uste dut ez dela ez egokia, ez eta eraginkorra ere. Hortaz, aurkezpenaren zati hori kendu edo birmoldatzea proposatuko nizueke.

    Horrela, piper eta gatzarekin hasi dadin martxan blog berri hau 😉

    Animo!!!

    Atsegin dut

  2. Ongi etorria asmo berri honi! Hasteko eta behin, iradokizuna bidali nahi dizuet. Nabari zaizue jende gaztea zaretela asmo honen bultzatzaileak, lezoar helduok sekula ez genukeelako erabiliko Lezoko portua , KAIA baizik. Bi hitzon adiera erabat desberdina delako guretzat. PORTUA gune itxia izan da beti eta KAIA aldiz, jolastokia, lantokia,… enfin, irekia eta denon erabilgarri. Eta gainera, Lezok sekula ez duelako izan portua gaur arte kaia baizik, kaialdea, … ea., ea.
    Gogora arazi nahi nizueke lezoarron igerileku, igandetako jolastoki, gure aisialdiaren lekuko puntaleko tronkoak eta bertako hondartza, kaian zeudela eta ez portuan; nahiz eta bertara hurbiltzeko Achak zuen Aserraderoa deitzen genion zerreria eta bertako txirbilezko mendixketatik pasa behar izaten genuen. Denak kabitzen ginen. Eta urrutira joan gabe oraindik Donostiako kaian argi eta garbi ikus daitezke haur eta gaztetxoak uretan igerian eta ondoan arrainketariak, arrantzaleak euren langintzan, denentzat dago tokia. Eta Antxoko Portuan berriz, noiz ikusi dituzue haur eta gaztetxoak igerian, jolasten edota herritarrak bertatik paseatzen? Inoiz ez. Portua eremu itxia izan delako beti. Horretarako adibideak soberan.
    Sinonimoak inoiz ez dira berdinak izaten eta diferentzian dago aberastasuna. Biba zuek!

    Atsegin dut

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.