Lezoko ikuspegia, 1914 (Juan Chicoy)

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

12389668144_bb52b22365_o

“Vista de Lezo, Colección Guipúzcoa”. Fotografia: Juan Chicoy Arreceigor, 1914 / Ricardo Sanz Cortiella.

Beste kanpotar askok bezala Juan Chicoy Arreceigorrek (1873-1959) Donostian igaro zuen 1914ko udaldia —Lehen Mundu Gerra hasi zeneko hura—, familiarteko giro lasai eta patxadatsuan. Udatiar guretzat ezezagun hura lanbidez ogasuneko funtzionarioa zen, baina bazuen zaletasun handi bat: argazkigintza. Hala abuztuko egun haietan Donostiako bazter eta hondartzak fotografiatzeaz gain inguruetako herriak ere bisitatu zituen, tartean Lezo, beti ere objektibo bikoitzeko punta-puntako kamera aldean zuela. Ordukoa dugu noski gaurkoan gure blogera ekarri dugun Vista de Lezo, 1914 eder hori (kristalezko plaka estereoskopikoa, 13 x 6 zm.).

Chicoyren argazki hori eta bilduma bereko gainerako guztiak (Colección Guipúzcoa) Lleidako Unibertsitateko irakasle Ricardo Sanz Cortiellak eskuratu zituen oinordetzan, Concha Chicoy Arreceigor birramona eta Juan anai-arrebak baitziren. Ricardo da hain zuzen ere altxor txiki hori kontserbatu, digitalizatu eta Interneten jarri duena guztion gozagarri.

Lezoko argazki zaharra Errenteria aldetik aterea dago, Komentukasko ingurutik. Aurrez-aurre irudiari xarma berezia ematen dion trena ageri da, eta trenbidearen bestaldean Real Compañía Asturiana de Minas-ek 1894an eraiki zuen Altzateko pintura fabrika zaharra —Fábrica de Albayalde y Minio—. Herriko kaskoari dagokionean Kale Nagusia eta San Juan kalea atzeman daitezke, gutxi gehiago, Goiko eliza eta haren inguruko etxeak: Pildainenea, Xolenea, Bikarioenea… Andreonea bakartuta ageri da, atzean Kabite baserria eta ondoan Olaso baserriaren hondakinak dituela. Irudiaren atzeko aldean Olazar baserria ikus daiteke, eta ia zuhaitzik gabeko Jaizkibel mendia.