Aixtokiko harrizko aterpea

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Artzainen babesleku zaharra Aixtokin, edo ikazkinena, edo talaiariena (baleak, Frantzia iraultzailearen belaontziak…). Auskalo! Baina, 1865ean adibidez, soilik Lezoko artzainek hamasei artalde zituzten inguru horretako mortuetan. Maiz ahuldu egiten da oroimen historikoa, batez ere testuak urriak direnean eta belaunaldien arteko transmisioa kasik hutsaren hurrena. Bada, Jaizkibelgo itsas isurialdean zenbaezinak dira hori bezalako babeslekuak, ia beti eguteran eta itsas ekaitzei bizkar emanez. Asko laguntzen du bertako formazio geologikoak, itsas hondotik altxatutako hareharrizko plaka erraldoien ezaugarriek. Aixtokiko hau, alboko amildegiko zulo ikusgarri batean ezkutatuta dagoen putre kabitik metro gutxitara topatu dut gaur. Pareta aztarnarik ez du, horrelakoetan ohikoak badira ere, baina bai hargin mailuarenak barrukaldean, lurra berdindu eta leiho naturala zabaltzerakoan utzitakoak. Aldiz, baditu harrian grabatutako babes gurutzeak, ohikoak horiek ere, nola barruan hala kanpoan. Baina lehenengo aldia da ikatzez margotutako gurutzeak ere ikusi ditudala, gaurdaino iraun dutenak. Ondoan, amildegian sortutako erramu handi eta lerden bat ageri da. Ikuspegiak ederrak dira.

Zeramikazko Gurutze Santua Madrilen

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Madrilgo “Calle del Arenal” izeneko kalean dago Manuel de Gaviria markesaren etxea izandako Gaviria jauregia. Egun, arte erakusketak egiteko erabiltzen da, pintura erakusketak egiteko batik bat; eduki ere hamahiru areto ditu horretarako prestatuta.

PALACIO DE GAVIRIA in Centro District in Madrid (Spain). Built in 1847.

Gaviria jauregia, Madrilen. Fotografia: Wikipedia / Luis García, 2015.

XIX. mendeko etxetzar hori ezaguna da, orobat, bere sabai eta hormetako freskoengatik, eta zeramika aberatsa duelako bere baitan.

Zeramikazko ondare aberats horren artean, Sevillako Triana auzoko zeramika lantegietako batean —Manuel Rodríguez Pérez de Tudelaren lantegian— egindako Lezoko Gurutze Santuaren irudi bikaina ikus daiteke.

lezo05

Fotografia: Manuel Pablo Rodríguez Rodríguez.

DSC04594

Fabrikaren eta pintorearen izenak ageri diren sinaduraren xehetasuna. Fotografia: Manuel Pablo Rodríguez Rodríguez.

Hiru metroko altuera duen zeramikazko erretaula zoragarri hori 1920 aldera egina da eta pintorea, berriz, José Macías Macías delako bat izan zen, firman ageri denetik jakin ahal izan dugunez.

Manuel Pablo Rodríguez sevillarrari esker jakin dugu zeramika lan eder honen berri. Iaz Gaviria jauregira eginiko bisita batean ikusi zuen eta argazkiak egin zizkion. Oarsoaldearen Turismo Sailera helarazi ditu orain argazkiak. Eskerrik asko sevillar prestu horri!

 

 

Arantzazuko egutegia eta Gurutze Santua

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Egutegiak edota kalendarioak protagonista diren egunak dira, horratik, bizi ditugun hauek. Orria pasa, tolestu nahiz erauzteko garaia; hilabetea eta urtea ere aldatu dela adieraziko digu, laster, gelan, sukaldean, lantokian edo heian zintzilik dugunak.

2018ko orrietara pasa aurretik, ordea, aurtengoak ia oharkabean bete duen urteurren bat aipatu nahi dut lezoar nortasunaren kaiera honetan. Arantzazuko Amaren Egutegiak 70 urte borobil egin ditu gure etxe xokoetan; 1947. urtea izan baitzen lauki luze mardul baten forman eman zuen aurreneko urtea. Egunez eguneko egutegia da Arantzazukoa. Eguna pasa ahala, orria erauzi behar izaten den horietakoa. Egun bakoitzak, hau da, orri bakoitzak informazio berezia ekarri ohi du. Atzealdean, txisteren bat edo kontakizun xelebreren bat izaten du gehienetan. Batzuetan, hango edo hemengo bitxikeriaren bat, jakingarriren bat edota pertsonaia ezagunen baten soslaia ere igual. Jakina, egutegi erlijiosoa izanik, igandeetako orrien atzealdean urteko zenbatgarren igandea den eta liturgiako kontuak ekarri ohi ditu. Aurrealdean, berriz, eguneko santuak zein diren eta egunari loturiko esaeraren bat ere bai. Igande eta jaiegunetako zenbakiak, bistan da, gorriz markatuta adierazten ditu. Gure etxean aitona-amonen garaian sartu zen eta oraintsu arte urteroko usadioa izan da, eguberri sasoian, “tako” berria erosi eta harentzat propio egindako egurrezko euskarrian jartzearena.

Arantzazuko Amaren Egutegiko orriak. Iturria: Joxe Luix Agirretxe Mitxelenaren artxiboa.

Arantzazuko fraide frantziskotarrek argitaratzen dute urtero, hutsik egin gabe, eta 1980az geroztik, anaia Jose Luis Zurutuza arduratzen da egiteko horretaz. Orain bizpahiru aste Berria egunkarian kezka agertu zuen Zurutuzak egutegiaren etorkizunari buruz, eta zera zioen, eurak (frantziskotarrak) joatean —desagertzean edo hiltzean, ulertu nuen nik—, ongi legokeela elkarte edo dena delako laiko batek hartzea egutegiarekin jarraitzeko ardura. Izan ere, dezenteko lana izan behar du urtero, orriz orri, egutegi hori apailatzea.

Egutegiaren joan-etorri hauek guztiak tarte honetan azaltzeko arrazoi nagusia, hala ere, egutegi horrek gure herriarekin duen zeharkako lotura da. Arantzazuko Amaren Egutegian urteko egun gailen edo garrantzitsuak —erlijioarekin loturiko jai egunak kasu honetan— egokitzen den santuaren irudiarekin, hobeto esanda, marrazkiarekin agertu ohi dira. Hala, garai bateko ospearen eta garrantziaren erakusle, irailaren 14a, Lezoko Gurutze Santuaren irudiarekin ageri da oraindik ere, egun gailen gisa, jai eguna Euskal Herri osoan ez izan arren. Irailaren 14ko orriak janzten dituen irudia garai bateko estanpa zaharretako irudia da; ez 1985etik hona ezagutzen dugun irudi berrituarena alegia.

Lezoko Gurutze Santuaren irudiak. Ezker aldean, estanpa zaharra; eskuin aldean, egutegiko orria. Iturria: Joxe Luix Agirretxe Mitxelenaren artxiboa.

Espainiako II. Errepublikako 500 pezetakoa

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Espainiako II. Errepublikak Euskal Herriarekin izan zituen loturak aspalditik ditugu ezagunak. Lotura sendo eta izatez erabakigarri diruditenak batzuk, Eibarko herriak duena kasu, eta, axalekoagoak, ezkutuan edo oharkabean igaro direnak beste batzuk, gure herriak izan zuena, esate baterako.

1931ko apirilaren 14an aldarrikatutako Errepublika berriak lehen diru jaulkitzea egin zuen hil bereko 25ean, San Marko egunez, alegia. Jaulki zituen diru-paperen artean, 500 pezetako billeteari erreparatzen badiogu, gure herriarekin lotura zuzena duela ohartuko gara. Bai, halaxe da. 500 pezetako hark Juan Sebastian Elcano itsasgizon getariar handiaren irudia zeraman aurreko aldean. Atzeko aldean, berriz, Elias Salaberria pintorearen lan baten irudia zeraman; “La ofrenda de Elcano” margolanaren irudia, hain zuzen ere.

DSC02264

Fotografia: Lezoko Portua.

DSC02265

Fotografia: Lezoko Portua.

Elias Salaberriak 1922an egin zuen “La ofrenda de Elcano” izeneko lana, getariarraren balentriaren 400. urteurrena betetzen zela gogorarazteko.

Historiako pasarte honek, besteak beste, garai hartan pintore lezoarrak zuen aitortzaren eta itzalaren berri ematen digu, goreneko mailan zegoen haren ibilbidea, bistan denez.

Horratx, zeharkakoa bada ere, gure herriaren eta Espainiako II. Errepublikaren arteko lotura “ekonomikoa”.