Aixtokiko harrizko aterpea

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Artzainen babesleku zaharra Aixtokin, edo ikazkinena, edo talaiariena (baleak, Frantzia iraultzailearen belaontziak…). Auskalo! Baina, 1865ean adibidez, soilik Lezoko artzainek hamasei artalde zituzten inguru horretako mortuetan. Maiz ahuldu egiten da oroimen historikoa, batez ere testuak urriak direnean eta belaunaldien arteko transmisioa kasik hutsaren hurrena. Bada, Jaizkibelgo itsas isurialdean zenbaezinak dira hori bezalako babeslekuak, ia beti eguteran eta itsas ekaitzei bizkar emanez. Asko laguntzen du bertako formazio geologikoak, itsas hondotik altxatutako hareharrizko plaka erraldoien ezaugarriek. Aixtokiko hau, alboko amildegiko zulo ikusgarri batean ezkutatuta dagoen putre kabitik metro gutxitara topatu dut gaur. Pareta aztarnarik ez du, horrelakoetan ohikoak badira ere, baina bai hargin mailuarenak barrukaldean, lurra berdindu eta leiho naturala zabaltzerakoan utzitakoak. Aldiz, baditu harrian grabatutako babes gurutzeak, ohikoak horiek ere, nola barruan hala kanpoan. Baina lehenengo aldia da ikatzez margotutako gurutzeak ere ikusi ditudala, gaurdaino iraun dutenak. Ondoan, amildegian sortutako erramu handi eta lerden bat ageri da. Ikuspegiak ederrak dira.

Otsoak eta azeriak Jaizkibelen

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Jaizkibelgo azeri disekatua, Elortegi baserrian. Fotografia: Lander Zurutuza, 2020.

Lezoko eta Pasai Donibaneko kontu liburu zaharretan bada albiste aski interesgarririk. Esate baterako, 1655ean otsoek kalte handiak eragin zituzten Jaizkibelen, maiz eraso eginez larrean zebiltzan abere taldeei; triskantzari bukaera emateko asmoz, Pasaiako kargudunek ehizaldi bat antolatu eta jende saldoa bidali zuten otsoak akabatzera, eta belloizko 24 erreal gastatu zituzten zeregin horretan. Bestalde, 1767ko egun batean gizon bat ibili zen Lezon barrena jendeari otsokume bat erakusten, eta Lezoko kargudunek belloizko bi errealeko saria eman zioten hura harrapatu izanagatik, halakoetan ohitura zen legez. Eta 1818an antzera, badirudi piztia hedatu samarra zegoela gurean, zeren eta lau gizon etorri baitziren, bakoitza bere kabuz, otso banarekin, Lezoko kargudunen eskutik saria jasotzera; belloizko bederatzi erreal guztira.

Alabaina, hemeretzigarren mende bukaerarako Jaizkibel egoera tamalgarrian zegoen. Eta 1891n Hondarribiko agintariak bederen oso kezkatuta zebiltzan: suteak ohikoak ziren; artaldeek gehiegizko presioa eragiten zuten landaredian; ote, iratze eta su egur mozketek ez zuten etenik… Mendia ez zen jada babesleku egokia otsoentzat, soildua zegoen neurri handi batean.

Azeriak hobeto egokitu dira ingurumenean gertatutako aldaketa sakonetara, bistan da.

Hala, 1845ean, azeriek eragindako kalteekin aztoratuta zebiltzan Lezoko eta Pasaiako artzainak, eta arazoari konponbidea aurkitzearren ekainaren batean hitzarmen bat egin zuten Bautista Escudero ehiztari oiartzuarrarekin, espezialista baitzen piztia horiek harrapatzen. Lezon batzartu ziren bi aldeak: batetik Jabier Isasa eta Lorenzo Garmendia artzain lezoarrak —beren eta Lezoko gainerako artzainen izenean—, baita Juan Ignazio Mendizabal eta Ignazio Ramon Irurueta artzain pasaitarrak ere —Pasaiakoen izenean—, eta bestetik Escudero bera, zeinak urtebeteren buruan bi udalerrietako azeri guztiak akabatzera behartu baitzuen bere burua. Halaber, urtebetea bukatu ondorengo hamabost egunetan artzainen batek azeriren bat sumatuz gero, hura ere ehizatu beharko zuen. Artzainek, ordainetan, jada emanak zizkioten hemeretzi artantxu edo ardi gazte, eta beren burua behartzen zuten hamar gehiago ematera urte eta hamabost eguneko epea bukatzen zenerako; hogeita bederatzi artantxu guztira.

Hogei urte geroago, 1865ean, Lezoko hamasei artalde zebiltzan Jaizkibelgo larreetan, bakoitza hirurogeita hamar bat ardiz osaturik. Oraindik ere, piztiek batez beste urtean bost ardi akabatzen zituzten artaldeko.

Jaizkibelgo toponimian ere utzi dute beren aztarna azeriek, besteak beste putreek edo azkonarrek egin bezala. Hondarribi aldeko leku izenen artean badira Azerioiana, Azeritoki, Azerizuloeta… Pasai Donibanen bada Azariondo izeneko paraje bat itsaslabarretatik gertu, Mitxitxolako kaskoaren mendebaldean. Azkenik, Lezon bada Azaritunbo izeneko mendi kasko bat (43º20’03.58”N 01º53’10.62”W), Mugitar eta Bigarren dorrearen artean.

Esan bezala, itxura guztien arabera azeri ugari dago gaur egun Jaizkibelen. Orain dela urte batzuk horietako batek Kaserna baserritik ahatea eraman zuen, goizean egun argiz gainera, eta bertako senar-emazteek ikusi ere egin zuten azeria soroan. Urdalamarta baserrikoek tarteka azeriren bat ikusten dute beren lurretan lanean dabiltzanean; orain dela aste gutxi azkenekoa.

Iraganean bezala etorkizunean ere jarrai bezate azeriek Jaizkibel mendian!