XABIER DORRONSORO AMIANO

Joxeba Garmendia Gaztelumendi (Lezo, 1933-2023), etxeko idi parearekin lanean. Fotografia: Lander Zurutuza, 2019/07/16.
Zail egiten zait une honetan sentitzen dudan guztia antolatzen, baina ahal dudan bezain zintzoen egiten saiatuko naiz. Izan ere, zu, izan zarena Lezorentzat…! Lezo baserritarra, Lezo itsastarra, Lezo kaletarra bizi eta maitatzen dugunok, uste dut, urte batzuen ondotik, ohartuko garela ixil askoan zer eman diguzun.
Jaizkibelen pare bat ordu baino gehiago pasatakoa naiz; nire amonaren lehengusu bazinen ere, urrun sentitzen zintudan, eta eguneroko tokatu beharrak elkar ezagutzera eraman gintuen. Ni goiko plazako probalekuko bizilaguna izateak, plazan ibiltzen zinela, zu mirestera eraman ninduen, probatan itzain zinela.
Plazak utzita zenituela, 2015ean, herriko baserritarren eguneko ferian jotako trumoi eta tximista egunak zure miatxua —bigantxa— izutu eta hura biltzen lagundu izanak, zu eta etxekoak ezagutzeko modua eman zidan; nik heldu eta plazara zintzo iritsi zen, baita Txerrimuñora, kamioia zain zen lekura ere.
Orduz gero, gazte arrogantziak utzi eta zure egunerokotasunari gehiago erreparatu nion, egunero herriko bizilagunei etxeko esnea saltzera jaitsi, ardi saldoa gobernatu, tomate denboran tomateak, gaztak egin eta saldu, sagar bikainak bildu, irasagarra, idiak uztartu eta belarretara edo iñorkiñetara joan —abereen azpitarako iratze edota ote sikua lezoarrez—… Jaizkibeldik, eta Jaizkibelgo biztanleentzat.
Herri–bideen arazoekin ere zurea tinko eta duintasunez defendatu zenuen, garairik gogorrenetan, eta baserritar eta laborariak zure inguruan biltzeko gaitasuna izan zenuen. Egiak bide bakarra duelako.
Bihotzez, eskerrak eman behar dizkizut, ikasgai guztiengatik; koherentziaz (lanean ere motor ibilgailurik gabe), lurretik eta lurrarentzako bizitzea zer den erakusteagatik, egiazko lera eta gainerako ohitura zaharrak egunero erakusteagatik, eguneroko lanak, txinaurri lanak bere fruituak ematen dituela erakusteagatik.
P.D.: Zaude lasai! Beste modu batera bada ere, etxekoengandik hasita, badira Lezon laborantzan, ganaduzaintzan eta sagardogintzan ongi dabiltzan familiak. Negu honetan Munttar negarrez ari da, zuk erakutsiarekin, maiatzeko belar punttak berriz ere badatoz, eroritako zuhaitza, berriz ere muskilduko da!