Martzelino Legorburu “Argiñene” bertsolaria

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

L1240723

Martzelino Legorburu, Argiñene baserriko atarian (Lezo). Fotografia: Lander Zurutuza, 2013.

Gaintxurizketa auzoko Argiñene baserriko seme Martzelino Legorburu Manterola (Lezo, 1933-2014) orain urte bete hil zen, 2014ko abuztuaren 10ean. Eskola zaharreko bertsolaria izaki —Xanti Zabala baino bederatzi urte zaharragoa zen—, inor gutxik ezagutzen zuen hark bezain ondo bertsolaritzak XX. mendean Lezon egindako bidea.

2013ko abenduaren 26an, artean alargundu berria zela, etxeko ateak ireki zizkigun ohiko prestutasunez —urte batzuk lehenago ere, gure eskariz, bere bertsopaper bildumaren kopia bat jarri zuen udal liburutegiaren esku—. Neguko ilunabar hartan Argiñeneko epelean izan genuen elkarrizketa duzu jarraian:

 

Xanti Zabalak 7. Korrikari jarriak

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Xanti Zabala "Lexo" (2004/11/04)

Xanti Zabala bertsolaria, Andreone etxearen ondoan (Lezo). Fotografia: Lander Zurutuza, 2004.

Ondoko bertso hauek Xanti Zabala “Lexo”k bota zituen 7. Korrikaren herriko aurkezpen ekitaldian. 1991ko martxo hasiera zen, udaberri gose zen negu hondarreko arratsalde hotza. Korrikaren aurkezpen hura egiteko ohorea Imanol Esnaolak eta biok izan genuen; Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian izan zen, eta gogoan dut herritar mordoxka elkartu ginena.

Hartarako pentsatuta zegoen unean, tinko eta indartsu ekin zion “Lexo”k, “Espainian behera” doinuan, hiru ahapaldi hauek kantatzeari. Nago, jendeari barneraino iritsi zitzaizkiola egoki harilkatu eta trinkotutako bertso horietako hitz eta arrazoiak. Niri behintzat, buruan iltzatuta geratu zitzaizkidan eta, hurrengo egunean-edo, badaezpada, paperera eraman nituen. Paper hura galdua dut aspaldi, bertso haien oroimena, aldiz, bizi-bizi dut, edukiz eta doinuz, gogo-bihotzetan.

Egun biribila iruditu zait gaurkoa bertso hauek argitara ateratzeko -ez baitira, nik dakidala, oraindik inon jaso-;  udaberriz, Xanti zendu zitzaigula hiru urte bete diren eguna, 19. Korrika Euskal Herriko bazterrak taupada berriz itzartzen ari denekoa eta Lezoko lur maiteak ere, Gaintxurizketa –Gaintxurizketa, Xanti!– gainetik abiatuta, ferekatuko dituenekoa.

Doinua: Espainian behera

Euskal Herria dugu
euskaldunon herri,
hemen ez da izango
ez duenik berri.
Hizkuntza neguan da,
noizko udaberri?
Hargatikan gabiltza
korri eta korri;
indarra eman nahirik
gure hizkuntz horri. (ber.)

Gaixo ikusitzen dut
eta nahiko grabe.
Hainbat etsai badauka
ez da nobedade.
Izan nahi badugu
hizkuntzan berjabe,
saiatu behar dugu
gogor eta trebe.
Euskal Herria zer da
euskararik gabe? (ber.)

Euskara bultzatzeko
sortu zen AEK,
nonbait hasia zela
ikusiz atzeka.
Euskaldun finak bere
alde behar neka,
bihotzean eduki
salbatzeko irrika.
Beraz, gora AEK
ta gora Korrika. (ber.)

Xanti Zabala “Lexo”