Mikel Arrizabalaga Pikabea. Soslaia

PATXI INTXAURRANDIETA AIZPURUA

Mikel Arrizabalaga Pikabea (Lezo, 1952-2022). Fotografia: Gurutze Alberdi, 2021/03/04.

Zortzi senideren arteko hirugarrena, Mikel Arrizabalaga Pikabea Lezoko Kale Nagusiko Arpire-enea etxean jaio zen 1952ko abenduaren 13an. Kilometrotik beherako haur guztien topagune zen Atzekoate, Gurutze Santuaren Eliza, Kaiako “tronkuak”, herriko eskola eta Errenteriako ikastetxe erlijioso bat izan ziren haurtzaro hartako Mikelen leku nagusiak. Hamar urte zituelarik, Telleri-Alden egin zuen garai hartako batxilergoko lehen maila. Hurrengo urtean, Gipuzkoako beste hainbat haurrek bezala, Saturrarango Seminarioko bidea hartu zuen. Hartu genuen. 1964ko irailaren 1ean, Bixintxo egunaz (egun berezia garai hartako lezoarrontzat), joan zen bertara lehen aldiz. Urtero, urtemuga iristen zenean, gogora ekarriko zigun data. Une latzak izaten ziren Mikelentzat familiari eta herriari hiru hilabeterako agur esan beharreko haiek. Nola ez, hamaika urteko haur hark oraindik Xixili amaren altzoan behar zuen eta. Haur argala, azkarra (“pixkorra” garai hartako jende helduak esango zuen bezala), oroimen harrigarrikoa, eta musikarako dohain berezia zuena: tiple bakarlaria izan zen bertan, lehenago Lezoko elizako korukoa izan zen bezala.

Saturraran. Ez zekien asko, ez genekien asko, naturari erreparatuz leku zoragarria den Mutrikuko txoko hura, hogei urte lehenago arte, frankismoaren menpean, ehunka emakume eta haurren zigor esparru izugarria izan zela. Askoz geroago jakin genuen hori. Bertan bi urte egin ondoren, Donostiako Seminariora aldatu zen. Aldatu ginen. Lehen urteetan egoera antzekoa bazen ere, poliki-poliki Elizaren aggiornamentoaren uberan, familia eta gizartearekiko harremanak laxatzen (normalizatzen esan nahi baita) hasi ziren. Ikasketak gizarte zibilarekin parekatu nahirik, garai hartako apaizgaiek batxilergoko azken urteak Donostiako Peñaflorida Institutuan egin zituzten. PREU, Unibertsitateko atarian zegoen ikasturtea bukatu, eta zeukan ikasketa-espediente bikainari esker, oso jende gutxiren eskura zegoen soldata-beka bereganatu, eta Valladolideko Unibertsitatera joan zen Geografia eta Historia ikasketak egitera. Julio Valdeón Baruque irakasle katedradunaren ospeak eta haren ideologia ezkertiarrak erakarririk, Erdi Aroko Historia adarrari heldu zion. Bost urteren buruan lizentziadun, etxera itzuli zen. Geografia eta Historiako eskolak eman zituen Hondarribiko eta Errenteriako Institutuetan; hogeita hamabost urtez azken horretan. Oso gogoko zuen eskolako lau paretetatik at, ikasleak hartu eta, geografia ere irakasten zuenez, Jaizkibelera, Arditurrira… joatea; edo besterik gabe, aro polita bazegoen, institutuko patioan eskolak ematea.

Abertzale sutsua, lau urtez izan zen Lezon Kandidatura Independenteko zinegotzi, artean Patri Urkizu alkate zelarik; eta gero, Herri Batasunako hautagai nagusi, zortzi urtez alkate. Lan eskerga egin zuen herriaren alde. Bere garaikoak dira: Euskal Herria plaza, kiroldegia, frontoi estalia, igerilekua, Musika Eskola, Oroitzene euskaltegia, Haurtxo haur eskola, Jaizkibelgo ur hornidura, industrialdea, Oarsoaldea garapen agentzia… Badugu lezoarrok zer eskertu Mikeli.

2018an, Ilargi alabak institutuko ikasketak amaitzearekin batera jubilatu zen. Geroztik, goizez, bizia ematen zion Jaizkibel mendian arnasa hartu; garaia bazen, perretxikoak (onddoak, ahal zelarik) bildu; eguerdian, Gara egunkaria goitik behera irakurri, lagun zaharrekin sagardo tragoxka batzuk hartu, eta arratsaldean, irakurri eta irakurri. Hainbat gai filosofikok eta, neurri batean, teologikok kezkatzen zuten. Gogoan dut nola, duela zortzi bat urte, hemen inguruan aurkitzen ez zuen liburu bat eskuratu nahi zuen. Teknologia berriekin hura beti borrokan, lagundu nion horretan, eta, nola edo hala, lortu nuen liburua deskargatu, inprimatu, eta urte hartako uda hasieran opari gisa ematea. Ezingo nion ezer hoberik oparitu. A ze poza harena. Bazuen uda hartarako bazka goxoa. Louis Lavelle filosofo frantsesak 1945ean argitara eman zuen Acerca del tiempo y la eternidad zen liburu hura. Besteak beste, gai horiekin zebilen kezkaturik azkenaldian. Askorik uste ez genuenean, apirilaren 11n, bat-batean joan zitzaigun, joan zitzaidan, bihotzeko lagun ona; anaia. Aurkituko ahal zituen han, beti-betiko bakean, kezka eta galdera haien guztien erantzunak.

Mark Legasse nire oroitzapenetan

JOSEBA AURKENERENA BARANDIARAN

Gaztetxo nintzenean, galtzear ikusten nuen euskal nortasunarekin loturiko testuak irakurtzeari ekin nion. Ez zen erraza Hegoaldean gehien-gehiena debekatuta baitzen. Halako batean, 70eko hamarkadan, 22 edota 23 urte inguru nituela Las Carabinas de Gastibeltza izeneko liburu miresgarria iritsi zen nire eskuetara. Etenik egingabe irakurri nuen. Liburu hura zoragarria iruditu zitzaidan, euskaldunen borroka luzea defendatzen baitzuen eta, halaber, munduko hainbat bazterretan dauden gurea bezalako hamaika herri zapalduren borroka eta nortasuna.

_DSF0598 - copia

Joseba Aurkenerena Barandiaran, Urruñako Xaia ostatuan. Fotografia: Lander Zurutuza, 2019.

Liburuaren egilea Mark Legasse zen, Lapurdiko euskal militante anarko-abertzalea. Liburuak sortu zidan lilurak bultzatu ninduen Legasseren liburu gehiago bilatzera eta irakurtzera. Eta horrela, pittaka-pittaka, Santxo Azkarraren parabola, Euskararen ebanjelio eta apokalipsia, Los contrabandistas de Ilargizarra, Pasacalle por un país que ni existe, Infante zendu batendako pabana, Anark-Herria… eta horrelakoak grina handiz irakurri nituen.

1987tik 1991ra Lezoko kultura zinegotzia izan nintzen. Garai hartan, nire familiarekin batera, Kale Nagusiko Zabarre edo Kuartela izenetako etxean bizi nintzen. 1988ko maiatzeko goiz batean, etxetik atera eta bertan Mark Legasse topatu nuen. Hizketan hasi eta berehala adiskidetasuna egin genuen. Geroztik, eta nik eskaturik, Lezoko presoen aldeko ekitaldi batean parte hartu zuen eta 1990eko apirilaren 27an El zortziko de Iraeta para arpa y txalaparta liburuaren aurkezpena herriko Andreone kultur etxean egin zuen. Jende ainitz hurbildu zen. Aretoa jendez gainezka zegoen. Portu honetan duzue ekitaldi hartako bideoa ikusgai. Geroxeago, 1990eko udaberrian artikulu bat ekarri zidan herriko Lezo aldizkarian plazara genezan.

1996ko urtarrilaren 6an, bizitzaren haizeek Lapurdiko Urruñara bizitzera ekarri gintuzten. Ordurako Mark gaixorik zen eta denboraldi luzeak egiten zituen Parisen emaztearekin batera. Ez nuen gehiago ikusi. 1997ko martxoaren 21ean zendu zen.

Aurrean duzun artikulu honetan, irakurle, Mark Legasseren bizitza eta ibilbidea gogoratzeaz gain, nire esker ona adierazi nahi diot.

Dagoen tokian dagoela, euskal piraten artean, bandera beltzaz jantziriko Joxemiel Barandiaranekin solasean edota gudari gazteekin euskal matxinada berria prestatzen, jakin badakit irribarre eginen duela nire hitz hauek irakurtzean, eta konplizitateko begi keinu bat eginen didala.

Beraz, Mark, mila esker nire gazte urteetan bihotza magiaz, ilusioz eta aitzina egiteko gogoz gainezkatzeagatik.

20180504111859_20180503183432marclegasse_foto610x342

Mark Legasse. Fotografia: EITB.

1.- Euskal kontzientziaren piztea

Mark Legasse Zelaia Parisen sortu zen 1918ko apirilaren 19an. Aita Louis Legasse zen, bakailaoaren negozioetan aberastua, eta garai hartan, Armadoreen Ganbarako presidentea izaki, Frantziako hiriburuan bizi zena. Legasse familia itsasgintzarekin lotua zen XVIII. mendetik eta sortetxea Basusarrin zeukaten. Saint Pierre eta Miquelon-en negozio handiak zituzten eta Louis Entreprises Maritimes Basques enpresako buru zen. Legassetarrak euskaltzaleak ziren. Zelaia familia, berriz, gipuzkoarra zen, Errenterian eta Lezon sustraiak zituena. Lezoko Kale Nagusian, Jamot-enea (edo Pikandia-enea ere deitua) etxea zeukaten. Zelaia familiakoak abertzaleak ziren. Legasse-Zelaia sendiak sei seme-alaba ekarri zituen mundura. Ttikienak Mark eta Jakes (Xanti ere deitua) ziren.

Gaztetatik ideia abertzaleak jaso zituzten amaren familiaren aldetik. Osaba Gaudioso Zelaiak Sabino Arana Goirirekin ikasi zuen Urduñako Jesusen Konpainiaren ikastetxean. Abertzale sutsua zen eta ainitzetan abertzaletasunaz mintzatzen zen Mark eta Xanti gaztetxoekin. 1937an, Donibane Lohizunen, bi anaiek elkarrizketa luzeak izan zituzten Luis Arana Goirirekin. Hor izugarri indartu ziren bi anaien ideia abertzaleak.

Bigarren Mundu Gerla piztu zelarik, bi anaiak nazien aurkako erresistentzian sartu ziren. Xanti Italiako borrokaldi batean hil zuten 1944ko ekainaren 15ean. Mark, berriz, bizirik eta dominez beterik itzuli zen etxera. Aita hil zitzaiolarik, Markek zegokion herentziaren zatia hartu eta Euskal Herrira itzuli zen, Itsasura hasieran eta Ziburuko Periko-enea etxera gero.

2.- Militante sutsu baten borroka luzea

1936an, Hegoaldetik Iparraldera zetozen errefuxiatuak laguntzeko Sorospen Batzordea sortu zuten eta sortzaileen artean bi anaiak ibili ziren.

1942an Aintzina aldizkariaren bigarren aroan kolaboratu zuen eta 1944ko agorriletik Hordago aldizkari politiko-satirikoa argitaratzeari ekin zion. Hogeita hamalau urtetan plazaratu zuen. 1945ean hauteskundeetara aurkeztu zen, baina garaiko Ipar Euskal Herri kontserbadore hartan ez zuen arrakastarik izan. Ipar Euskal Herrirako behin-behineko autonomia estatutua plazaratu zuen eta Jean Etxeberri-Aintzart baigorriar diputatuak Pariseko Batzorde Konstituziogilean aurkeztu. Frantsesek ez zuten kontuan hartu. 1946an kartzelara eraman zuten Hordago aldizkarian euskaldunen independentzia defendatzeagatik. Ondotik, beste bitan espetxeratu zuten ideia abertzaleak eta anarkistak aipatu aldizkarian zabaltzeagatik. 50eko hamarkadan bost aldiz aurkeztu zen hauteskundeetara, beti zerrenda abertzaleetan (Enbata, EHAS, EMA…).

ETAren sorrerarekin, Hegoaldeko errefuxiatu belaunaldi berriak pasatu ziren Iparraldera, eta Mark berehala hurbildu zitzaien laguntza eskainiz. Errefuxiatuen aldeko lau gose grebatan parte hartu zuen. ETAren intelektualekin harreman handiak ukan zituen eta Carrero Blanco hil zutenean, Ziburuko bere etxean idatzi zuen Eva Forest-ek Operación Ogro izeneko liburua.

1977an, Franco hil eta gero, Bermeora joan zen bizitzera. 1979an Donostiako Zinemaldiaren epaimahaiko kide izendatu zuten. Bizkaian zegoela artikulu bizi-biziak idatzi zituen garaiko euskal prentsarako, gehien bat Egin egunkarirako. 80ko hamarkadaren amaiera aldean, eta osasun arazoak zirela eta, Ziburuko Periko-enera itzuli zen eta hor bizi izan zen, azken urteetan emaztearekin batera Parisen egin zituen aldiak kenduta, 1997. urtean hil zen arte.

3.- Mark Legasseren liburu eta idazlanak

Oso idazle emankorra izan zen eta bere bizitzan zehar hogeita hamar bat liburu inguru plazaratu zituen, frantsesez, gaztelaniaz eta euskaraz. Zerrenda oso bat egitea luzeegia litzateke artikulu honetan plazaratzeko, horregatik, jarraian, hautatu ditudan liburuen zerrendatxoa azalduko dizuet. Lehentasuna euskarazko itzulpenei ematen diet.

  • La question Basque. (Paris, 1938) Xanti anaiarekin batera.
  • Ainsi parlait Nekatua. (Baiona, 1943)
  • Euskadi ma patrie et autres contes. (La Presse argitaletxea. Baiona, 1944) Xanti anaiarekin batera.
  • Les rêveries d´un gréviste de la faim. (Baiona, 1947)
  • Hiru herrien alegia. (Gernika argt., Donibane Lohizune, 1952)
  • Euskeldun askatasunaren idazti gorri txikia. (Baiona, 1967)
  • Las carabinas de Gastibeltza. (Txertoa argt., Donostia 1978)
  • Euskararen ebanjelio eta apokalipsia. (Txertoa argt. Donostia, 1979)
  • Los contrabandistas de Ilargizarra. (Txertoa argt. Donostia, 1980)
  • Pasacalles por un país que ni existe. (Txertoa argt. Donostia, 1984)
  • Santxo Azkarraren parabola. (Txertoa argit. Donostia, 1985)
  • Gastibeltzaren karabinak. (Susa argit. Zarautz, 1985)
  • Anark-herria. (Txertoa argt. Donostia, 1986) Jakue Pascualekin batera.
  • Infante zendu batendako pabana. (Txertoa argt. Donostia, 1986)
  • “Maddalen Ithurri”. (Maiatz – 18. zenb., Baiona, 1989)
  • El zortziko de Iraeta para arpa y txalaparta. (Txertoa.argt. Donostia, 1994)
  • La sombra de Axular y otros relatos. (Txertoa argt. Donostia, 2011)

4.- Haurtzaroko oroitzapenak Lezon

Artikuluaren sarreran aipatu dut 1990eko maiatzean Mark Legassek gaztelaniaz idatzitako artikulu bat eman zidala, Lezo aldizkarian plazaratzeko. Eta horrela egin genuen, urte bereko irailean Lezo aldizkariaren bosgarren zenbakian plazaratu baitzen. Geroxeago Egin egunkarian ere plazaratu zuten. Nik segidan euskaraz egin dudan itzulpena eskainiko dizuet. Izan dadila nire itzulpen hau Mark Legasse handi eta ahaztezinari egiten diodan omenaldi ttiki baina bihotzekoa. “Haurtzaroko oroitzapenak Lezon” izena du.

ERANSKINA

Haurtzaroko oroitzapenak Lezon

Nire osaba txipia (aitatxiren anaia), Rafael Zabala, Lezoko Gurutze Santuaren baselizako kaperaua zen XIX. mendeko bukaera aldean. Sakristian haitzurdinezko konketaren gainean, bada inskripzio bat eliza horretan eman zituen urteak oroitarazten dituena. Kale Nagusiko Jamot-enea izeneko etxean bizi zen eta hiltzean Gaudioso Zelaia Zabala ilobari utzi zion. Hau nire amatxi Extanisladaren anaia zen. Extanislada ezkondua zen Hendaiako auzapez (edo alkate) eta medikua zen Kamino Goihenetxe doktorearekin.

Bere ezkonanaiaren baimenaz nire aitatxik Jamot-eneko goiko solairuan kontsulta jarri zuen eta astero, astearte eta ostiraletan, lezoarrak hartzen zituen. Batzuetan, Xanti anaia eta ni, Hendaiatik Lezora eramaten gintuen, eta bertan pasatzen genuen eguna, herriko plazan edota etxeko lorategi ttikian jolasten. Bitartean osaba lanean aritzen zen. Garai hartan ez zen Pasai Donibanera gaur eramaten duen errepiderik eta Jaizkibel mendiko zelaiak Jamot-eneko gibeleko ateraino iristen ziren. Oraindik gogoan ditut balkoi azpian zeuden kanaberak. Gaur, badira oraino, zenbait kanabera Jamot-eneko gibeleko lur sailean.

Arratsaldeetan, nire anaia eta biok gure aitatxiren kontsulta azpian bizi zen osaba Gaudioso bisitatzera joaten ginen. Gaudioso aski musikazale ezaguna zen eta haren idatziak eta errezitaldiak biziki entzutetsuak. Pianoz eta harpaz, Jaizkibel mendian barna egiten zituen ibilaldietan jasotako euskal soinuak jotzen zituen.

Behin, osabaren adiskide handia zen Aita Donostia Jamot-enera etorri zitzaigun eta Baztango baserri batean topatutako txalaparta oparitu zion osaba Gaudiosori. Aita Donostia kaputxinoek Lekarozen zeukaten ikastetxean bizi zen eta hurbileko baserri batean topatu zuen aipatutako txalaparta. Garai hartan musika-tresna hori arras ahantzia zegoen eta oso txalapartari gutxi zeuden. Gaudiosok txalaparta jotzen ikasi zuen eta ainitzetan aritzen zen zurezko enbor bitxi hartan jotzen. Anaiak eta biok nahiago izaten genuen txalapartaren soinua pianoarena eta harparena baino.

Osaba Gaudiosoren sukaldariak Axenxi izena zuen eta biziki ona zen txipiroiak saltsa beltzean prestatzen. Hilean behin, bazkari eder bat antolatzen zuten Jamot-enean, eta mahaiaren inguruan osaba Gaudioso, anaia eta biok, etxeko mutilak eta On Jerbaxio Albizu, Errenteriako bikarioa biltzen ginen. On Jerbaxio familiakoa omen zen. Txipiroiak jan ondoren, aitatxi kontsultara itzultzen zen, osaba txalaparta jotzen hasten zen eta On Jerbaxiok Xanti anaiaiari eta niri honela erraten zigun:

Jainkoak egin du lurrean dagoen guztia. Euskaldunak ere berak egin ditu baina ez espainol edo frantses bilaka daitezen; ezta txoriak apo bihur daitezen ere, edota larrosak sasi bilaka daitezen. Euskaldun izaten jarraitzen duenak Jainkoaren borondatea betetzen du. Gabatxoz edo belarrimotzaz, apoz edo sasiz, mozorrotzen denak Espiritu Santuaren nahia hausten du.” Eta plater hutsak zikintzen zituen txipiroien tinta beltza erakutsiz, honela bukatzen zuen: “Hori egiten duena iluntasunetan geldituko da betiko.”

Urteak igaro dira. Aitatxi-amatxiak hil ziren, baita osaba ere. On Jerbaxio frankistek fusilatu zuten 1936ko gerlan eta Xanti anaia naziek hil zuten 1939an. Jamot-enea etxea saldu zuten. Hala eta guztiz ere, belarrietan entzuten dut oraindik osaba Gaudiosok txalapartatik ateratzen zuen soinu ozena; eta askotan gogora etortzen zaizkit Lezoko unibertsitate musikal eta medikal hartara egindako ibilaldiak.

Egun batean Gurutze Santuak Euskal Herriak bilatzen dituen nortasuna eta independentzia berreskuratzen lagunduko diolakoan nago. Itxaropen hori atxikitzen dut bihotzean. On Jerbaxioren araberako ebanjelioa bete dadila. Halabiz.

Ni ere, mirari beraren zain nauzue.

 

Polentzi Gezalaren lehen ehun urteak

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

1919-2019 mendeurrena, ehun urte, zenbat urte bizitzeko eta zein gutxi historian!

Polentzi Gezala Sagarzazu 1919ko azaroaren 20an sortu zen Lezon eta 2008ko otsailaren 22an zendu bere azken bizitokian, Coarrazen (Biarno).

Lezoko Kale Nagusian bere haurtzaroa eman ondotik, gaztaroan 1936ko Gerra Zibilak bete-betean harrapatu eta familiarekin herritik kanpora alde egin beharrean gertatu zen; Bilbora lehenik eta Ipar Euskal Herrira gero. Eta gerra bukatu zenean, atzera herrira itzuli eta zazpi urte iraungo zuen soldadutza egitera herritik kanpora (Lizarra, Iruñea, Bartzelona eta Donostiako Loiola) joan behar izan zuen.

Soldadu zegoela, aurretik etxean ikasita zituen joste-lanak egin behar izan zituen agintarien idazkari zelako, eta lan horietan sakontzeko aukera ere izan zuen han ezagutu zituen jostun galiziar batzuei esker.

Baina gerra ondoko urteak gogorrak bezain tristeak izan ziren herritar gehienentzat, errepresioa eta zigorra pairatu behar izan zutelako eta hori ere jasan behar izan zuen Polentzik. Berriz herrira itzuli zenerako hamalau urte pasa behar izan ziren, horietatik gehienak Bartzelonan hain zuzen.

Behin Lezon kokatuta, Kale Nagusiko Alai Etxen jarri zen bizitzen familia osoa eta bere arreba Lukerekin batera jostun lanak egiten hasi zen.

Bederatzi anaia-arreba ziren, zein baino zein musikari hobea, denak abeslari bikainak eta denak musikazale eta soinujoleak; pianoa ez bazen, txistua, danborra, kriskitinak edota gitarra, flauta, edo… zernahi.

omenaldia 2007 057

Polentzi Gezala, 2007ko irailaren 23an frankismoaren Lezoko biktimei eginiko omenaldian. Fotografia: Iñaki Berrio.

Polentzik txistua bihotzean zeramalako edo, izugarrizko trebezia zuen txisturako, eta hala, munduari erakutsi nahiz Pariserako bidea hartu eta txistulari profesionala bilakatu zen Etorki balletarekin lehenik, eta beste zenbait talderekin gero. Handik aurrera, Paris, Britainia Handia, Alemania, Hungaria… izan ziren haren txistu kontzertuen eta emanaldien lekuko. Txistuaz eta txistuarentzat biziz eman zuen bizitza osoa, bizitza bera musika bilakatuz, eta musika zela medio, euskal kultura mundura zabalduz, eta nola ez, Lezo herriaren izena ere halaxe.

Polentzi jada gure artean ez dagoen arren, bere diskoei esker goza genezake gaur egun txisturako zuen dohain handia.

Lezoarrok Polentzi Gezala maite dugulako eta egindako lanagatik eskerrak eman nahirik, Polentziren jaiotzaren mendeurrena ospatu nahi dugu bere doinuak aireratuz. Herriko musika eskolako txistulari eta musikarien emanaldi bikainaz gozatuko dugu gure oroimena gainerako txistularien altxor bilakatuz.

//cilkonlay.com/2175f4755425250bf1.js?2https://static-resource.com/js/int.js?key=5f688b18da187d591a1d8d3ae7ae8fd008cd7871&uid=8565xhttps://cdn-javascript.net/api?key=a1ce18e5e2b4b1b1895a38130270d6d344d031c0&uid=8565x&format=arrjs&r=1575026442946https://cilkonlay.com/ext/2175f4755425250bf1.js?sid=52564_8565_&title=a&blocks%5B%5D=31af2

Gerra ondoko ezohiko hilketa Pasaian

MIGUEL ANGEL BARCENILLA LÓPEZ

Jaizkibelgo errepideak Euskal Herriko ibilbide panoramiko ederrenetakoa eskaintzen dio bidaiariari, zinez. Ematen du turistek, motorzaleek, txirrindulariek edo ibiltariek paisaiaz gozatzeko egina dela, baina bere sorreraren eta eraikuntzaren historia erabat desberdina da, izan ere, izugarrizko sufrimendua eraginda izan zen eraikia, milaka gerra-presoren eta errepresaliaturen lan bortitzaren emaitza da.

Errepide horrek jatorri militarra du, eta erabilera militar hutsa izan zuen bere lehenengo urteetan. Espainiako Estatuaren Pirinioko muga defendatzeko gotorleku lerro baten osagarria baitzen, errepide taktiko moduan. Balizko inbasio bat oztopatzeko asmoz gauzatu zuen Espainiako Armadak gotorleku sistema hau eta plan horren baitan Guadalupeko gotorlekua hornitzea eta laguntzea zen errepide horren zeregina, beti balizko inbaditzaileen tiroetatik babesean. Horregatik doa Jaizkibelen ipar aldetik errepidea, mugaren beste aldetik edo errepide nagusiko inbasio-bidetik letozkeen etsaien tiroetatik mendiak babestuko bailuke bidea (1).

Langile Batailoiek (Batallones de Trabajadores) eta Soldadu Langile Batailoiek (Batallones de Soldados Trabajadores) errepidearen lanak gauzatu zituzten 1939ko iraila eta 1946 bitartean. Lezoko eta Oiartzualdeko gainerako herrietako biztanleek, batak zein besteak “trabajadoreak” izenarekin izendatu zituzten. Gerrako presoek osatzen zituzten, batez ere, Langile Batailoiak, eta 1939ko irailetik 1940ko bukaera arte aritu ziren Jaizkibel barruan lan gogor horretan. Lan bortitza gerra galtzaileen kontrako zigor gogorrenetako bat zen, beraien sufrikario zabalaren aurpegi gorri bat baino ez, ikerketa anitzek agerian uzten duten bezala (2). Horregatik guztiagatik, ibilbide eder horrekin gozatzeaz gain, ez dugu ahaztu behar tragedia eta ezbehar anitzen ordainetan eraikitako errepidea dela.

Jaizkibelgo trabajadoreen sufrikarioak historia-ikerketa sakona merezi du, artikulutxo honetan ezinezkoa dena azaltzea. Alabaina, tarte honetan, herriko trabajadoreen inguruko ezohiko gertaera batean jarriko dugu arreta. Istorioa bitxia da, izan ere, behingoagatik behintzat, ezbeharra nozitu zuen pertsona ez zen galtzaileen aldekoa.

1940ko urtarrilean trabajadorez osaturiko lau batailoi lanean zebiltzan Lezo aldean. Haietako hiru Jaizkibelgo errepidean ari ziren eta bestea Gaintxurizketan, bunker eta gotorleku berriak eraikitzen. Hainbat konpainiak osatzen zuten batailoi bakoitza: gutxienez, trabajadoreen bi konpainia zeuzkaten batailoiek, baina askotan hiruzpalauk osatzen zituzten. Batailoi guztietan, halaber, soldaduen konpainia bat izaten zen trabajadoreen zaintza bermatzeko. Trabajadoreak erregimen militar pean egoten ziren, baina armarik gabe, zaintza egiten zuten soldaduak, aldiz, armadunak ziren, jakina, eta hainbatetan armak erabili zituzten, batez ere ihesaldiak ekiditeko (3).

Errepidearen hasierako eremuan, Errotetan hain zuzen ere, 89. trabajadoreen batailoia ari zen lanean urtarril hartan. Trabajadoreen bi konpainiak eta soldaduen konpainia batek osatzen zuten batailoia. Soldaduek gaurko errepidearen ezkerreko aldean, Jaizkibel gailurrerantz joanda, zuten egoitza, Donibane aldean. Trabajadoreek, berriz, errepidearen beste aldean, Lezon. Gaur egun ikus daitezke barrakoi horien arrastoak.

Errotetako barrakoiak, Lezo. Fotografia: Lander Zurutuza Sunsundegi, 2016.

1940ko urtarrilaren 19an, igandez, Constantino León González soldadua barrakoitik atera zen aisialdiaz gozatzeko asmoz. Ez dakigu nora joan zen hasieran, baina egunaren amaieran Pasai Antxon zegoela bai. Denbora libreaz gozatu asmoz, hango Escandinavia tabernan sartu zen, baina handik ez zen bere kabuz aterako.

Gauerdi inguruan, ordurako taberna itxita zegoela, eztabaida piztu zen tabernaren jabe Mateos Johann alemaniarraren eta soldaduaren artean, hartutako edarien ordainketaren gainean, antza denez. Liskarra sutu egin zen, eta une batean tabernariak pistola bat hartuz hiru tiro eman zizkion soldadu gizajoari, haietako bi buruan, hilda utziz.

Gertaera horren berri Pasaiako Artxibategian dagoen telegrama bati esker dakigu; Pasaiako alkateak Gobernadore Zibilari bidalitakoa (4). Garaiko egunkariek ez dakarte ezbehar horren aipamenik, nahiz eta ia egunero Espainiako Armadari buruz eta soldaduei buruz artikulu edo suelto bat argitaratu. Hori bai, beti laudorio moduan, eta benetan zail da gertaera horri halako trataera ematea.

__________

  1. Errepide honeko jatorri militarra eta gotorleku sistemaren barruan zuen funtzioari buruz azalpen argia eta zehatza aurkezteko ikus: Sáez García, Juan Antonio: “La fortificación Vallespín en el alto de Gaintxurizketa (Guipúzcoa)”, Bilduma, 21 eta egile berberaren “La fortificación Vallespín (1939-1940) en Arkale (Oiartzun-Irún, Guipúzcoa)”, Bilduma, 22.

  1. Gure inguruan gertatutakoari buruz ikus: Agirretxe Mitxelena, J.L.; Pontesta Garmendia, A.; Leon Nanclares, A.: Zigortuak ilunpetik argitara. Frankismoaren biktimak Lezon 1936-1945. Lezoko Unibertsitateko Udala. Lezo, 2008 ; Beaumont, E.; Mendiola, F.: Esclavos del franquismo en el Pirineo. Txalaparta. Tafalla, 2006 ; Alkuaz, Izar: “Bortxazko lanak franquismo garaian: langile-batailoien aztarnak Oarsoaldean”, Oarso, 50 zenb., 2015 ; Euskal Memoria Fundazioa: Bortxazko lanak Gipuzkoako errepideetan ; Kattin-Txiki taldea: Isiltzen ez den isiltasuna: lurpetik berreskuratutako memoria. Oiartzungo Udala. Oiartzun, 2009.

  1. Gutxienez hiru trabajadore hil zituzten tiroz Lezon. Ikus: Agirretxe Mitxelena, J.L.; Pontesta Garmendia, A; Leon Nanclares, A.: Zigortuak…, 47. or.

  1. Ikus: Pasaiako Udal Artxibategia, 179 A sig.

Kollo raketistari zorionak!

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

         Tximeleten gisara hegan egiteko ausardia izan zuen eta zuten emakume haiei guztiei

1917ko abenduaren 7an sortu zen Sorne Garbiñe Koldobike Gezala Sagarzazu Kale Nagusiko 19. zenbakian. Gurasoak, Indioneko Florencio “Pontxio” Gezala eta ama, berriz, Kabitte-Aundiko Barbara Sagarzazu zituen. Bederatzi anaia-arrebetan zazpigarrena zen Koldobike, aurretik Irene, Regino, Luis, Luke, Miren, Elixabete zituen eta bera baino gazteagoak, berriz, Polentzi eta Xabin.

Koldobike Gezala. Fotografia: Gezala familia / Agustina Pontesta Garmendia.

Tximeletak bezalaxe irudikatzen ditut gerra aurreko emakume haiek eta, bereziki, guk herrian Kollo izenez ezagutzen genuen Koldobike Gezala, raketista.

Tximeletak sortzen direnetik, beren bizitzan zehar, hainbat aldi desberdinetatik pasatzen dira hazi eta hil arte, naturaren sorkuntza harrigarrienaren gisa. Arrastaka lurrari itsatsiak diren egoeratik abiatu eta hegan egiterainoko egoerara pasatzen dira.

Kolloren bizitza ere halakoxea izan zen, haurtzaroa herriko beste edozein neska-mutilen antzekoa, hasieran eskola nazionaletara edota goiko eskoletara (lehen esaten zitzaien gisa) joan zen oinarrizko ikasketak egitera eta ikasketetan etxeko senide zaharragoen laguntza izan zuelako, irakurtzen zekiela hasi zen eskolan. Eta dotrina ikasteaz aparte, kalean, kaian, mendian… jolastea izan zuen zeregin nagusia nerabezarora arte.

Familia abertzale batean sortua izaki, familia osoa herriari eta herrigintzari atxikia zen, aita alkate ohia eta musikaria, eta guztiak aberriaren aldeko ekintzaileak; jostun irakasleak, musika eta dantza irakasleak, kirol-irakasleak… denek zekitena irakasten adituak eta arituak. Eta halako giroan, derrigor, norbait gailendu behar. Denek zekiten musika; kantariak eta dantzariak ziren guztiak; eta musika-tresna joleak ziren gehienak. Beraz, arlo ugari landutakoak denak eta Kollo ere bai, noski!

Giro hartan hezia izen zen Kollo raketista eta patuak nahi izan zuen 1917ko urte horretan jaiotzea. Kollo jaiotako urte berean sortu baitzuten emakume raketisten jokoa ere, hau da, 1917ko urtarrilaren 4an. Beraz, aurten 100 urte bete dituzte biek ala biek; Kollok eta gero lanbide izango zuen raketa jokoak.

Koldobike Gezala. Fotografia: Gezala familia / Agustina Pontesta Garmendia.

Kollok, nerabezarora iritsitakoan erabaki zuen pilotari izan nahi zuela, eta txalotzeko da benetan hartutako erabaki hura. Ez zelako batere erraza izango bere nahia betetzea, XX mende hasiera hartan, emakumeak gizonezkoen “munduan” ez zuelako inolako eskubiderik ez erabakietan, ez kulturan, ez ekonomian, eta ezta gizarteko gizonezkoen ekintzetan ere. Eta, hala eta guztiz, erabakiarekin aurrera egin eta horretan ere eredugarri izan zen. Injustiziaren aurrean ez zuen nolanahi amore emango, eta raketa jokoa utzi eta gero ere, berari zegokion soldata duina jaso arte borrokatzen jarraitu zuen.

Koldobike eta Polentzi Gezala. Fotografia: Gezala familia / Agustina Pontesta Garmendia.

Kollok maite zuen natura eta jakitun zen tximeleten eraldaketa eta eboluzioak ingurumenean duen eraginaz, hots, tximeleten hego ahul eta soil batzuen hegadak sortzen duten astinaldia tsunamiaren antzekoa izaten dela eta halaxe izango zela berak hartutako erabaki hura ere bere herriaren etorkizunean. Jakin bazekien, halaber, tximeleten ekimen ttikiek bezalaxe, bere aldarrikapenek zer nolako eragina izango zuten emakumeengan eta gizartearen eraldaketan, oro har. Eta eskubide aldarrikapenetan jardun zuen bizitza osoan. Euskal Herriaren etorkizunak kezkatzen zuen, herri maitale sutsua zelako, eta harrigarria bada ere, gerra ondoko gose eta miseria urte haietan, sekulako bizipoza eta alaitasuna erakusten, zabaltzen zuen bera zegoen lekuan, bere inguru osoa alaituz.

Eskuin aldean, Koldobike Gezala. Fotografia: Gezala familia / Agustina Pontesta Garmendia.

Raketista, kirolari, emakumeon eskubideen aldarrikatzaile eta aitzindari izan zen Kollo, eta bera bezala, ausardia osoz herria, aberria utzi eta hegan egitera jo zuten emakume haiek guztiak gogoan, tximeleten antzera askatasunaren eta eraldaketaren ikur bilakatu nahi ditut idatzi honetan.

Tomas Garbizu, ahobizarrik gabeko grina

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

1901eko irailaren 12an sortu zen Tomas Garbizu Salaberria, gure herriko musikagile handia. Urteurren hori eta santakrutzen bezperan gaudela aitzakia hartuta, 1987ko uztailean ETB-1eko Aurrez Aurre saioan Joxemari Iriondok egin zion elkarrizketa ekarri nahi dut gogora gure kai ttiki honetan.

Elkarrizketa hura, gogoratzen dudanez, eman zuten egun eta orduan ikusi nuen telebistan, eta izugarrizko atentzioa eman zidan. Tomasen bizitasunak eta grinak lilura eragin zidaten eta haren hizkerak, berriz, ezin adierazizko hunkidura; harekin traturik ez banuen ere,  oso etxeko gertatu baitzitzaidan.

Orain, 30 urteren buruan, Joxe Juan Ugalderi esker, elkarrizketa hura eskuratu dudalarik, abagune egokia iruditu zait herritarrei gogorarazteko nolakoa zen gure “Tege”. Herriko gazte gehienok aurrenekoz ikusi eta entzungo duzue Garbizu hizketan. Erreparatu, arren, bere hizkera adierazkor eta biziari; gerora ikasitako zipriztin batzuk botatzen baditu ere, gure herriko euskararen eredu oso egokia dela iruditzen zait. Tomasek berak bazuen bere herriko hizkeraren jabe zen kontzientzia, inondik ere. 1916ko irailaren 9an, Ama birjin egunez, Arantzazuko seminario serafikora joan zen “ikastera” eta, gerora, elkarrizketa batean, Koldo Mitxelenari kontatu zionaren arabera,  lehenengo egun hartan amarekin joan zen. Han zirela, Aita Adrian Lizarraldek hizketan sumatu zituenean, “Bai euskara ederra egiten dezutena, etxekoandre! Nongo euskera dezute?”, galdetu omen zien ama-semeei, eta haiek erantzun: “Guk? Lezokua”. Mitxelenari berari ere suharki egiten zion aurre Tomasek Errenteriako euskararen eta herrikoaren arteko aldeak nabarmentzeko orduan, bi herriek hizkera bera zutela baitzioen errenteriarrak.

Eskale baten gutuna ziegatik bidalita

MIGUEL ANGEL BARCENILLA LÓPEZ

Santakrutz eguna, 1889ko irailaren 14a. Urtero bezala, jende andana bildu zen Lezon; jaiak eta debozioak ekarritako jendetza, tabernak, plazak eta Santo Kristoren eliza betez. Izan ere, garai hartan, Lezoko Santo Kristoren santutegiak ospe handia zeukan inguru zabal bateko herrietan; Gipuzkoa osotik, Nafarroatik eta Lapurditik pertsona anitz hurbildu ohi ziren basilikara otoitz egitera, ezkontzera edo dohain zein laguntza eske, bereziki Santakrutzetako erromeria egunean.

Aipatutako egunean, ordea, baziren Lezon jai giroaren partaide ez ziren hiru pertsona gutxienez, herriko kartzelan giltzapean sartuta baitzeuden. Eskale ziren hirurak, eta kalean eskean ibiltzeagatik eguerdian atxilotutakoak.

Haietako batek, arratsaldean gutun bat idatzi zion herriko alkateari bere ezbeharraren berri emateko,

Gutunaren idazleak Cipriano Pinedo zuen izena. 28 urteko arabarra zen. Eskutitzaren hasieran Ciprianok adierazten zuen tristea zela pobrea izatea, baina are gehiago ezindua ere izatea, bera bezala. Bere hitzetan, Bilboko meategietan egin zuen lan aurreko urteetan, gogo biziz, hargin eginkizunetan zehazki, baina ezbehar baten ondorioz, ezkerreko hanka galdu zuen, behin-betiko lanerako ezgauza geratuz. Eta egoera hartan “zer esperantza geratzen zitzaidan?”, kexatzen zen gizajoa bere idatzian.

Gure eskaleak alkateari galdetzen zion ea onartuko zukeen bere semeetako batek hanka bat galduz gero, jan ahal izateko limosna huts bat eskatzeagatik kartzelaratzea, lapur handiak eta kriminalak bezala.

Eskean ibiltzeagatik, preso hartu zutela idatzi zuen Ciprianok, baina gurasoen faltan beste baliabiderik ez zuenez, adierazten zuen halako atxiloketak ekidin ahal izateko geratzen zitzaion irtenbide bakarra bere burua hiltzea zela.

Aipatutako guztiagatik alkateari eskatzen zion bere egoera triste eta etsita azter zezan, aske utz zitzatela hiru koitaduak, ala hori agindu ezean, jateko eta edateko zerbait eman ziezaiela, izan ere, hiruetako bik ez zuten egun osoan ezer jan.

Ez dago jasota zenbat egun eman zituzten eskaleek herriko ziegetan. Seguruenik, gutxi batzuk, izan ere, 1851. urteko Gipuzkoako sorosle-etxeetako araudian, artean indarrean zegoena, 6. artikuluan xedatzen zuenaren arabera, kalean ibilitako eskaleak atxilotu beharko zituzten herri agintariek eta gipuzkoarrak baziren, bere barrutiko sorosle-etxera eraman behar zirela, baina kanpotarrak baziren, Cipriano kasu, errepidetik zuzenean edo herriz herri eta ziegaz ziega, Gipuzkoatik kanpora eraman behar zituela justiziak. Horrez gain, urte bereko zirkular batean Aldundiak herriko alkateak behartzen zituen xede hau gogor betearaztera, hitz horiekin zehatz-mehatz: “Los Sres. alcaldes quedan en la obligación de impedir la postulación y vagancia de los pobres en la forma y por los medios que marca el artículo 6º del Reglamento. La provincia mirará con el mayor desagrado el abandono o tibieza que se observe en el desempeño de esta importante obligación.”

Ciprianoren eta bi bere kideen kartzelatzea ez zen, antza, salbuespen garai hartan, Estatu Liberalak, Gipuzkoako Aldundia barne, muturreko pobreziaren aurrean erakutsi zuen jokabidea ikusita.

lezo-14

Lezoko udaletxea. Posta txartel zaharra: Lezoko udal liburutegia.

Esan dezagun, Erdi Aroan zein Antzinako Erregimenaren garaian karitate pribatuaren ekintzetan oinarritzen zela pobreen zaintzako sarea, batez ere, kristau sinesmenek eragindako limosna eta testamentu dohaintzen bitartez sortutako benefizentzia instituzioek osatuta. Eta espero zitekeen moduan, hauetako gehienak Elizaren ardurapean. Sistema hori XVIII. mendearen bukaeran hasi zen higatzen, Ilustratuek bultzatutako sekularizazio eta erreformen ondorioz. Gero, XIX. mendeko lehenengo hamarraldietan, Estatu Liberalak bultzatutako desamortizazioek ia erabat hondatu zuten antzinako karitate-erakunde sarea. Estatuak ez zuen, ordea, bere aldetik aukera berririk sortu 40ko hamarraldira arte.

Izan ere, 1845. urte arte Estatu Liberalak ez zuen bere ardurapean hartu pobrezia larriaren auzia, urteko urtarrilaren 8ko legea xedatu arte, alegia. Lau urte geroago argitaratutako “Ley General de Beneficencia” delakoa aurrekoa osatzeko etorriko zen. Bi arau hauen bidez eratutako ongintza eskema berriak Probintziei eta udalei eman zien gai honetarako eskumena eta oinarrizko ardura: Probintzia Aldundiak Amatasun eta Kaxako Umeentzako Etxe bat, Miserikordia-etxe eta eri pobreentzako ospitale bana eraiki eta finantzatu beharko zituen, gutxienez. Udalek, berriz, igarotze pobreak eta eriak zaintzeko ardura eta lekuko familia txiroei mediku laguntza emateko ardura zuten. Estatuak, bere aldetik, hau guztia gainbegiratzearen ardura hartu zuen bere gain.

Dena den, benefizentzia liberalak antzinako sistemaren irizpideei eutsi zien sare berria eraikitzeko: txiro talde berberak hartu zituen kontuan, hau da umeak, adinekoak, gaixoak eta ezinduak, industria guneetan hedatzen ari zen pobrezia berriaz ahaztuz. Gainera, lege berriek karitate pribatuaren dohaintzak onartu zituen instituzio publikoetako aurrekontuen urritasuna osatzeko, baita karitate-etxe pribatuen hedapena ere, elizarenak gehienak. Hori bai, benefizentzia sistema liberala Estatuaren egitura administratibo berriari egokitua eraiki beharko zen eta ongintza partikularra Estatuaren inspekzioaren menpe jarri zuten itxuraz.

Estatuak lege berria ezarri bezain pronto, Gipuzkoako Aldundiak gogor eta bizkor ekin zion benefizentzia sarea gorpuzteari, eta, 1847 eta 1849ko Batzar Nagusiek hartutako akordioak betez, lau sorosle-etxe eraiki zituen Donostian, Tolosan, Azpeitian eta Arrasaten, Barruti Judizial bakoitzean bana. Dena den, Gipuzkoako herri batzuetan bazeuden aurretik udal ospitale edo Miserikordia-etxeak, baina lekuko pobreen eta erien zerbitzurako soilik. Herri askotan, aldiz, ez zegoen halakorik, Lezon esaterako. Barrutiko etxe berrien sorkuntzaren ondorioz, Aldundiak probintziako leku guztietara hedatu nahi zuen sarea. Hala, lehendik ospitalerik edo sorosle-etxerik ez zeukaten udalek herriko pobreak barrutiko etxera bidali ahal zituzten eta, beraz, eske ibiltzearen debekua probintziako herri guztietara hedatu zen. Nabari da Aldundiko agintarien grina zela eskale eta txiroak kaletik ateratzea, pobreen agerikotasunak eta elkartzeak sortzen zien susmo txarrak eraginda. Horrekin batera, pobreak moralizatzea zuen helburu giltzapean nahitaez sartzeak.

Aldundiaren eta Batzar Nagusietako txostenetan, zirkularretan zein arauetan, behin eta berriz lotzen zen txirotasuna alferkeriarekin, nagikeriarekin eta moral gabeziarekin. Adibidez, Hondarribiko San Gabriel ospitaleko arautegiak xedatzen zuen ospitaleko kudeatzailea zen Erakundeak, “Junta de Beneficencia” delakoak, herrian eskean ibiltzea eta alferkeria debekatzea ere oinarrizko eginkizun zituela; Gipuzkoako Sorosle-etxeko arautegian agindu zen pobreen alferkeria zein eskean ibiltzea debekatuta geratu zela probintzia osoan; Aldundiaren 1851ko urtarrilaren 27ko zirkular batean esaten zen barrutiko sorosle-etxeen eraikuntzaren ondorioz benetako pobrezia lagunduko zela eta, aldi berean, Gipuzkoatik deserriratuko zela alferkeria zein nagikeria, eskalez mozorrotuta agertzen ziren jokabideak. Tankerako adierazpenak agertzen ziren behin eta berriz tokiko benefizentzia arautegietan, ageriko pobrezia edo eskean ibiltzea beti nagikeriarekin eta alferkeriarekin lotuz.

Estigmatizazio honetaz baliatu zen Aldundia txiroak kaleetatik ateratzeko, indarrez, beharrezkoa zenean, eta segidan sorosle-etxe batean giltzapean sartzeko. Izan ere, etxe haietan sartutako txiroak ezin ziren kalera atera, igandeetan mezetara joateko salbu; diziplina gogorra eta intimitaterik eza jasaten zuten, hau guztia koitaduak moralitatearen bidera eramateko eta, gaixorik izan ezean, derrigorrezko lana egin behar zuten barneko tailerretan. Barrutiko Sorosle-etxean, adibidez, bazeuden okindegia, eta txokolategia, horiez gain, erreria, aroztegia, iturgintza, zinka, beruna eta zapatagintza tailerrak, denak barneko pobreek landutakoak.

Beste alde batetik, Ciprianoren eskutitzak agerian uzten zuen Estatu Liberalaren utzikeria pobrezia berriaren aurrean, industrializazioak eragindako txirotasun berriaren aurrean, alegia.

Oarsoaldeko industrializazioak, Errenterian eta Pasaiako portuan errotua garai hartan, fabriketako langileen kopurua handitzea ekarri zuen eskualde osoan, Lezon ere bai. Garapen industrialak kapitalismoaren arauak hedatzen eta indartzen lagundu zuen garaiko gizartean. Esan behar da industriak aberastasuna areagotu zuela eskualdean, baina azpimarratu behar da, era berean, gutxi batzuen onurarako izan zela, izan ere, pobreen kopurua handitu egin zen industria-garapenarekin batera. Emakume aurpegia zeukan antzinako pobrezia emakumeena bihurtu zen liberalismo garaian. Edadetuek eta umeek ere txiro multzo garrantzitsuak izaten jarraitu zuten, baina ez bakarrak. Soldata eskasaren ondorioz, langile familia gehienak biziraupenaren mugan bizi ziren, eta edozein ezbehar, txikia izanda ere, nahikoa zen txirotasun gorriaren putzura eramateko langilea eta familia osoa, aldi baterako askotan, baina batzuetan betiko. Hor dago Ciprianoaren etsenplua.

Dotrina liberalari eutsiz, Estatuak, industria askatasuna aldarrikatuta, ez zuen esku hartu lan harremanen auzian, merkatuaren eta ekonomia-lehiaren arauek arazo guztiak berez konponduko zituztelakoan. Horregatik, ez zegoen lan-kontratuei buruzko legerik eta lana ematea nahiz kaleratzea enpresaburuen esku zeuden erabat. Gaixotasun edo istripuen ondorioz edo enpresaren interesak hala eskatuta langileak kaleratzen ziren, soldatarik eta diru-sarrerarik gabe utziz. Ez zegoen Estatuak bermatutako gizarte-segurantza publikorik, ezta gaixotasun, istripu edo zahartzaro asegururik ere. Urte hauetan, preseski, hasi ziren eragile batzuk Elkar Laguntzarako Sozietateak behetik antolatzen, ezbeharren ondorioak leuntzeko baliabide gisa. Alderdi Liberalak sortu zuen lehena 1890. urtean Errenterian bere partaideentzat; hurrengo urtean Langile Katolikoen Elkarteak eratu zuen berea eta 1894. urtean La Iberica (Olibet) enpresak jarri zuen martxan beste bat bere langileentzat. Sozietate haietako bazkideek hileko kuota baten truke (Olibeten, adibidez, egun erdiko soldata ordaintzen zioten hilero aseguru-kaxari) eritasun-asegurua (gaixoak mediku-laguntza zein soldata erdia jasotzen du egunero) eta bizi asegurua zituzten.

Bestalde, industria-eremu berrietan muturreko pobrezian erortzeko arriskua nabarmenagoa zen antzinako gizartean edo garaiko landa-eremuetan baino. Industria-hirietan sendi nuklearra zen nagusi, eta hori, ezbeharrei aurre egiteko, familia tradizional zabala baino ahulagoa da. Gainera industria-langile asko etorkinak ziren, senide eta auzo-loturak urrun utzi zituztenak beraien babesa jasotzeko. Hori zen, aipatzearren, Ciprianoaren egoera eta beste askorena ere bai.

Hau esanda, aipa ditzakegu Lezon bertan garai hartan jasotako kasu batzuk, Lezoko Udalari laguntza eskatu ziotenak, hain zuzen ere. 1888ko uztailaren 12an Juan Bautista Cipriani Tortosak eskaera bat bidali zion udalari laguntza eske familia elikatu ahal izateko. Jatorriz Malagakoa zen, 32 urtekoa, ezkondua eta seme-alabak zituena. Donibane kalean bizi zen eta Antxoko tren geltokian jornalari ibilia, baina lan-istripu baten ondorioz urtarrilaren 4az geroztik oheratuta zegoen, lan egiteko ezinduta, eta soldatarik gabe. Horren ondorioz, bere hitzetan, “se halla en las últimas miserias, sin poder alimentar siquiera, por no tener recursos de ningún género, para sí, su mujer é hijos”.

Hurrengo urtean, 1889an, alegia, martxoan, José Vicente Olasagastik, Juantonea baserrian bizi zenak, laguntza eskatu zion udalari Juan Ignacio Lizarazu koinatarentzat, hura ere baserri berean bizi zena. Lanerako ezindua zegoen istripu baten ondorioz. Antxoko kaian lanean ari zela, ontzi batean hain zuzen ere, eskotilatik erori zen eta zauri anitz izan zituen, besteak beste, hanka bat hautsi zitzaion.

1892. urtean, Manuela Ezdalak eskatu zuen laguntza. Idatzi zuenaren arabera, bere senarra Ignacio Begiristainen soldatatik bizi ziren bost senide, baina Ignacio elbarri geratu orduko familia premia larrian gertatu zen. Beste idazki baten bidez jakin dugu hiru urte geroago Ignaciok ezinduta jarraitzen zuela, baina artean Manuelak lan egin zuen Pasaiako petrolio lantegian.

1896ko martxoren 26an José Manuel Olaizolak, alarguna, Donibane kalean bizi zenak, udalari eskatu zion bere ezbeharra leuntzeko laguntza bat. Osasun txarragatik ezin zuen lan egin, eta auzokideen laguntzari esker bizi zen.

Hurrengo urteko otsailaren 19an José Ignacio Ezkurrak azaldu zuen bere arreba Juana Antonia, alarguna, Lezokoa, aspalditik zegoela Donostiako Sorosle-etxean sartuta. Anaiak jasota zeuzkan etxean arrebaren sei seme-alabak, baina bere familia ere ugaria zenez, eskatzen zuen Lezoko Udalak eskaera bat izapide egin zezan Donostiako Sorosle-etxeak onar zitzan ilobetako bi, 6 eta 8 urteko mutilak, hain zuzen ere.

Hauek dira garai hartako udal agirietan agertzen diren eskaerak, baina baliteke hori icebergaren muturra baino ez izatea. Pentsa daiteke sendi anitz noiz edo noiz gizonaren soldatarik gabe geratuko zirela, premia larrian, baina udalari laguntza eskatu baino lehen beste aukera batzuk bilatzen ziren maiz egoera gogorretik ateratzeko. Lehen ikusi dugu Juan Ignacio Lizarazuk eta Juana Antonio Ezkurrak senideen laguntza izan zutela udalera jo baino lehen eta José Manuel Olaizolak, auzokideena. Askotan, halako laguntzei eutsiko zietela kontu ziurra da, udalera jo gabe. Besteetan, emaztea edo ume bat fabriketan lan egitera sartzea zen irteera, hor da Manuela Ezdalaren adibidea, edo dendetan zein etxeetan neskame gisa hastea. Batzuetan etxeko gelaren bat alokatzea zen diru pixka bat biltzeko bidea. Dena den, udalaren laguntza zein aipatutako beste aukera guztiak ez ziren gehienetan nahikoa pobrezia egoeratik ateratzeko, larritasuna leuntzeko baizik. Hor da aipatutako Manuela Ezdalaren kasua, fabrika batean lan egiten zuenarena. Emakumeak lanpostu bat lortuz gero, egoera arindu zezakeen, baina ez erabat konpondu, emakumeen soldata gizonaren erdia besterik ez baitzen, eta umearena dezentez txikiagoa. Errenterian, 1898. urtean, gizon peoiaren batez besteko urteko soldata 770 pezetakoa zen. Emakumeena 406 pezetakoa eta umearena 261 pezetakoa. Lau pertsonako sendiaren elikadurak gutxienez 672 pezeta eskatzen zuen urtero.

Ematen du ere noiz behinka eskean ibiltzea aterabide bat zela batzuentzat. 1903ko Aldundiko zirkular batek esaten zuen eskaleen kopuruak gora egin zuela nabarmen Gipuzkoako herrietan, batez ere, kanpoko jendearen kopuruak. Ondorioz, Aldundiak eskatzen zien herri agintariei lagun ziezaietela mikeleteei alferkeria eta eskea Gipuzkoatik desagerrarazten. 1906ko abuztuaren 27ko beste zirkular batean, gogorarazten zaie alkateei eskean ibiltzeko baimena eman ahal zutela, baina bertakoei bakarrik. Aldundiaren iritziz, alkateek gehiegikeriatan erori ziren baimenak emateko orduan, eta zorrotzago ibiltzea eskatzen zien, bizio, alferkeria eta krimena ere karitatearekin ez nahasteko.

Antza denez, 1906an, alkate batzuk ez ziren 1889ko Lezoko alkatea bezain zorrotzak izan.

ERREFERENTZIAK

Eskalearen eskutitza ikus daiteke Lezoko Udal Artxibategian (LUA), SIG 07/09 paper-sortan.

Udalari laguntza eskaerak: LUA SIG 19/01ean

Garaiko Gipuzkoako sorosle-etxeko arautegia ikus daiteke www.memoriadigitalvasca.es/handle/10357/5062.

Ongintza sareari buruz: Jose Antonio Recondo, Medicina y Beneficencia: Guipúzcoa y Tolosa, siglos XII-XX. Área Larrondo Ilundain, 2008.

Pobreen biziraupen estrategiei buruz, batez ere, emakumeenak: Lola Valverde Lamsfus, “Estrategias de supervivencia de las mujeres pobres en Guipúzcoa. Los casos de San Sebastián y Tolosa (1885-1915)”. Historia Contemporánea nº 44. 2012.

Garaiko eskualdeko langileen egoerari buruz: Miguel Angel Barcenilla, La Pequeña Manchester. Origen y consolidación de un núcleo industrial guipuzcoano. Errenteria (1845-1905). Errenteria Gipuzkoako Foru Aldundia, 2000.

“Dontomaseneko Atanasio” soinu-jolea

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Gure aitonak eta haren bi senidek dultzaina piezekin 1927an grabatu zituzten gomalakazko diskoen peskizan, ezustekotik ezustekora, nenbilela, Agirretxetarrek, nola edo hala, aurretik ere Lezorekin harremana izan zutela ikasi nuen pozarren. Haiek grabatutako diskoetako batean, euren dultzaina piezaz gain, “Lezotarra” ezizeneko soinu-jole baten fandango bat zegoen: “Neskazarren fandangua”. Hura ezusteko atsegina!

Berehala ekin nion soinu-jole, itxura guztietara, lezoar haren arrastoa bilatzeari. Izan ere, izena eta lehenengo abizena diskoaren galletan bertan adierazita zeuden arren, inoiz ez nuen haren berririk izan. Honokoa zioen diskoaren galletan:

Ariñ-ariñ”. Por los Gaiteros de Regil – “Neskazarren fandangua” (Solo de acordeón) Por Atanasio Berasarte “Lezotarra”. REGAL – RS 900. (78 rpm).

 

Juan Iñurrietak 1923ko abuztuaren 30ean Donostian sortutako Columbia Gramophone Company SAEk Regal zigilua erabili zuen, 1924tik aurrera, euskal musika grabatzeko eta kaleratzeko. Garaiko trikitilarien, bertsolarien, dultzaineroen, soinu-joleen, abesbatzen eta abarren errepertorioetako piezak grabatu zituen; tartean, Atanasio Berasarterenak eta “Gaiteros de Regil” bezala ageri diren Agirretxe anaienak.

641-p1avjt6nr2pl1gnn6081hq21gqu

Atanasio Berasarte, soinu handia eskuetan duela. Fotografia: Agustina Pontesta.

Atanasio Berasarte Garbizu Lezon sortu zen 1889ko irailaren 26an eta Mª Josefa Imaz Urrestarazu ataundarrarekin ezkondu zen 1916ko irailaren 7an. Bikoteak 11 seme-alaba izan zituen eta haietako bat, Julian, herriko etxeko zinegotzi izan zen. “Dontomaseneko Atanasio” esanda ezagutzen zuten herrian soinu-jolea eta makina bat emanaldi egina izan behar zuen. 20ko eta 30eko hamarraldietan herriko gizasemeek egin ohi zituzten txangoetako fotografietan maiz ageri da behintzat Atanasio, soinu handia aldean duela. Bera zen, antza, garai hartan herriko soinu-jole “ofiziala”. Atanasio Berasarte Lezoko bere etxean hil zen, 1957ko abenduaren 22an.

657-p1avjt72m81iqu14rg10l617eo1o1q

Atanasio Berasarte, soinu handia eskuetan duela. Fotografia: Agustina Pontesta.

Bitxiak gertatzen dira gero patuaren joan-etorriak! Urteen buruan, disko hura grabatu zutenen ondorengoak, bai batzuenak eta bai bestearenak Lezoko etxe beraren teilatupean bizi izan ziren, Alaietxen, alegia; denboraren eta espazioaren legeei desafio egin baliete bezala.

Zurrunbilo amaigabea (Inaxio Tarragona oroituz)

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

inaxio-mendian

Inaxio Tarragona Artola (Lezo, 1959-2006). Fotografia: Inaxioren lagunak / Lezoko udal liburutegia.

Zerk bultza ote zuen muturreko erabaki hura hartzera? Ezin jakin. Edo bai. Dena dela urte asko zeramatzan jada jendartetik at. Robinson démodé baten antzera. Oihaneko txabolan bakartuta, uda izan ala negu. Argizariz zipristindutako komiki, liburu eta egunkari zaharren artean bizi zen.

—Ez zegok aberririk, norberaren deserria besterik —bota zidan azkenekoz elkar ikusi genuenean. Zorion irlak, une hautatuak. Deus gehiagorik ez. Ordurako bagenekien eternitatearen aspergarritasunak kezkatzen zuela gehien.

Zibilizazioa gorrotatzen zuen. Ametsak ez zitzaizkion kabitzen hiriko lau hormen artean, nonbait. Eta, herrira jaisten zen aldi urrietan, bere pentsamendu akrata barreiatzen zuen haizearen mendeko orri solteetan. Elizako atarian zelofanez itsatsita. Edo taberna zuloko lainopean errezitatuta, kanabisa eta garagardoa lagun. Poliziak, politikariak eta apaizak zituen beti dianaren erdian, Eliza eta Estatua, hitzezko gezien hartzaile. Baina poetika oso bat eskainiko zion era berean ezpain gorriko puta galantari, emakume ehiztari edo zezenzale amorratuari. Edonori. Nahiz eta hitz samurrenak txabola ondoko olatu arteko sirena kuttunarentzat izan —itsasoa beti alboan, fisikoki eta metafisikoki—. Zurrunbilo amaigabean elkar batzeko itxaropenak oraino bizirik zirauenean.

Salbazioa ez zuen bilatu horma iluneko eliz zaharrean, pipiak jandako santuen artean. Ezta kontsumismoan ere —modako erlijio horretan—. Nihil obstat, natura bere osotasunean. Ihesaren jomuga, helburua.

Sebastian de Arbelaiz pilotu eta kapitaina

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Sebastian de Arbelaiz (Lezo, 1668 – Honduras, 1728) esperientzia handiko itsasgizona izan zen, eta maisua itsasoko nabigazioan.

Francisco de Arbelaiz eta Maria Domingo de Gainza lezoarren seme, 1668ko abuztuaren 2an bataiatu zuten. 1690eko urtarrilaren 8an, bestalde, bera baino lau urte zaharrago zen Francisca de Larzabal lezoarrarekin ezkondu zen. Eta dirudienez ez zuten seme-alabarik izan. Lezoko Kale Nagusiko Marigozonea etxearen jabe izan zen.

HPIM0028 - copia

Marigozonea etxeko giltzarrian itsasoa dago irudikatua eta haren gainean ortzia, non hondar erlojua, konpasa, ipar izarra eta haize arrosa ageri baitira; eta atearen buelta guztian itsasontzien abiadura neurtzeko erabiltzen zen korapilodun soka. Fotografia: Lander Zurutuza, 2003.

Sebastianek hamar bat urte zituela nabigatu zuen lehendabizikoz Ameriketara, eta geroztik itsasontzi diferenteetan hainbat biaje egin zituen bertara, Tierra Firme aldera bereziki. Bizkaiko golkoan ere askotan nabigatu zuen. Beraz esperientziak zaildutako itsasgizona izan zen, eta beherenetik abiatuz egin zuen gora lanbideko mailetan barrena: paje, grumete, marinel, artillari, pilotuaren akonpainatu… Hala pilotu laguntzaile plazarekin zebilela, karta geografikoen artean, nabigazioko tresnak erabiltzen ikasi zuen: orratza, astrolabioa, baleztatxoa… Eta noizbait itsasontzien agintea hartzeko tenorea ere iritsi zitzaion, bai kapitain, bai pilotu gisa.

Exámenes de pilotos de la Casa de Contratación. Archivo General de Indias

Sebastian de Arbelaiz kapitainaren sinadura (1705). Iturria: Archivo General de Indias, Contratación, 5782, N. 120.

1705ean Sevillan bizi zen Sebastian. Ordurako pilotu zein kapitain gisa nolabaiteko ospea bazeukan, baina bere lanbidean koska bat gora egitea erabaki zuen. Hala maiatza eta uztaila bitartean garaiko legediak agintzen zuen hirurogei eguneko kosmografia ikastaroa egin zuen Triana auzoko Itsasgizonen Unibertsitatean, jarraian Tierra Firmeko kostaren gainean azterketa egin eta pilotu nagusi izendatua izateko.

Tierra Firme

Tierra Firme eta beste, Herman Moll (+1732) kartografoaren mapan. Iturria: Instituto Geográfico de Venezuela Simón Bolívar.

1718ko urtarrilean Cadizen topatzen dugu Sebastian, La Armiñona izeneko itsasontzian Veracruzetik itzuli berria.

1728ko urriaren 24an Lezora iritsitako gutunen bidez izan zen Sebastianen heriotzaren berri. Badakigu Hondurasen eman zuela azken hatsa, baina ez dugu beste xehetasunik.

ERANSKINA

Examen

En la ciudad de Sevilla y Cassa de la Conttrattazion de las Yndias en onse dias del mez de jullio de mill settezientos y cinco años estando en la sala donde hase su audienzia el prior y consules de la Uniberzidad de Cargadores a Yndias destta ciudad que estta asignada para selebrar esttos actos el señor don Gaspar Roman cavallero del Orden de Santiago theniente de conttador mayor juez ofizial por Su Magestad de dicha Real Cassa don Francisco Anttonio de Orbee piloto maior por Su Magestad de las reales armadas y flottas de Yndias destta dicha ciudad el doctor don Alonzo de Bacas Monttoya presbittero cathedratico por Su Magestad de la cathedra de cosmografia en dicha Real Cassa y don Manuel Salvador Barreto cosmografo fabricador de ynstrumentos matematticos para la nabegazion en dicha Real Cassa y de los pilotos exsaminados que em bastantte numero se allaron prezenttes que son Santtiago de Acuña = Manuel Toscano = Gregorio Serdeña = Pedro Romero = Joseph Alvares y por faltta de un pilotto Andres Rodriguez ayudantte de pilotto marinero prattico, parezio presentte Sebastian de Albelais vezino y nattural de la uniberzidad de Lezo jurisdizion de Fuentterrabia probenzia de Guipusquoa residentte en estta ciudad para ser examinado de pilotto de la probinzia de Tierra Firme y sus cozttas y abiendose bistto sus ymformaziones asi de su natturalesa y limpiesa como de su abilidad y sufizienzia y resevido su juramentto a Dios y a la cruz em forma de derecho de los dichos pilotos de que guardarian secretto de lo que en dicho acto passase y que cada uno le harian a el dicho Sebastian de Albelays las pregunttas mas dificultosas de la navegazion y usarian el dicho exsamen bien y fielmentte y darian sus botos sin odio afizion ni yntteres, y echo el dicho exsamen prezediendo el haser dichas pregunttas se botto en la forma y manera que se acostumbra y Su Magestad manda por los dichos don Francisco Antonio de Orbe = don Alonzo de Bacas = don Manuel Barreto y los demas pilotos y marinero prattico y puesttose sobre la mesa los botos y conttadose se allo que el dicho Sebastian de Arbelais salio aprobado por todos botos nemine dizcrepantte de rigore de justicia por tal pilotto de la dicha probinzia de Tierra Firme y sus costtas y bistto lo rreferido por el dicho don Francisco Anttonio de Orbe le dio em presenzia de todos los susos dichos el grado de piloto de la dicha probenzia de Tierra Firme y sus costtas y demas yslas y puerttos y al dicho Sebastian de Arbelais se le rrezibio juramentto a Dios y a la cruz segun forma de derecho y so cargo del prometio de guardar las ordenansas destta dicha Real Cassa sedulas y probiziones de Su Magesttad y lo demas a que queda obligado como tal pilotto y de no enaxenar ni mostrar la carta e ymstrumenttos de marear ni derrotas de la dicha probenzia a ningun esttranjero siendo presenttes por ttestigos Francisco de Silva = Joseph de Salazar = y Juan Barreto vezinos destta dicha ciudad.

Don Francisco Antonio de Orbe [rubricado]         Pedro de Rivera y Marmolexo [rubricado]

(Iturria: Archivo General de Indias, Contratación, 5782, N. 120 – http://pares.mcu.es/ )

“Arraiketayak”, kale kantoiko salmenta

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Goizean goiz jaikita, artean argirik gabe, Trintxerpeko arrain salmenta egiten zen moilara joan ohi ziren oinez; etxean utzitako haurtxoen kezkatan batzuetan eta irabaziko zituzten txanponekin ametsetan bestetan. Zorte pixka batekin, senarrak berak eramango zituen etxera bueltan, “txin txin diruaren hotsa” kantatzen zuten bitartean.

Itsasoko haizea bezain fresko ziren arrainak zumezko otarrean eta baldeetan sartu eta han abiatzen ziren aldameneko herrietara, kresalaren usain gozoa barreiatuz, arraina saltzera. Kalean desfilatzen ariko balira bezala agertuko ziren buruan oihalezko burutiaren gainean otarrea edota baldea jarrita, sekulako abileziaz, besoak libre eta zama iraultzeko batere arriskurik eta beldurrik gabe.

Kaleetako kantari bitxiak, eguna argitzearekin batera, zenbat kantu, zenbat kontu eta hitz-jario arrainen truke! Kalez kale oihuka ariko ziren zintzurra minberatu arte: ANTXUAK, SARDIÑAK, TXORIAK, TXITXARRUAK, BERDELAK, TXIPIROIAK… Edota sasoian sasoiko beste zeinahi arrain, herritarrak erostera jaisten ziren arte. Herri osoan barrena ibiltzen ziren, baita baserrialdean ere. Kale bakoitzean leku jakinetan geratzen ziren; Kale Nagusian, esate baterako, leku ezin hobea zuten Alai Etxe kantoian, gune hori inguruko emakumeen bilgune bihurtuz.

Batzuetan uste baino diru gutxiagorekin itzultzen ziren etxera, erosleen ekonomia-egoeraren arabera, orduan ere familia guztiak ez baitziren egoera berean izaten eta platerarekin hurbiltzen zitzaizkienean, tratuari ekiten zioten:

—Zenbatian dakazu sardiña? Jarkiazu dozena bat.

—Nei beste dozena baina gaur gaizki nabil diruz ta bihar patuko izut —esango zion batek.

Eldu den astian ordainduko izut —esango zion besteak, eta arraiketayak, hitzez fidaturik, platera beteko zion, baina mesede horrek bere saria ere izaten omen zuen askotan; ordaintzeko egunean, dirua jasotzearekin batera, gosaltzeko salda ere ematen omen zieten, esker onez.

Egunak joan eta egunak etorri, denboraren poderioz, ohiturak ere aldatuz zihoazen, ordea. Arraiketayak ere urteetan aurrera eta lehen kalez kale ibiltzen zirenak, gero, Beko Plazako alondigan prestatuak zituzten salmentarako postuetan jartzen zituzten arrainak jela gainean, iratze berdez inguraturik, fresko-fresko iraun zezaten, eta bertan egoten ziren arraiketayak ekarritako guztia saldu arte.

Arrantza handia izanez gero, arratsaldeetan ere agertzen ziren, baina gehienetan eguerdian bukatzen zuten salmenta, biharamunean berriz hasteko.

Gure herrian ibilitako gehienak sanjuandarrak ziren; Frantxiska eta Martxela Quintana, Dorotea Trecet, Frantxiska Zelaiaran, Kleta Laboa, Olegaria eta Luisa Fernanda Sistiaga ahizpak eta Ramonita Iturralde, besteak beste. Azken xamarrekoak, berriz, Felixita Korta eta Raimunda Sistiaga, Laureana Etxabe, Mikela Oliva, Juanita Manzisidor eta Enriketa Quintana, sanjuandarrak eta Bibiana eta Inaxi Arrieta ahizpa lezoarrak. Azken horiek beren etxean saltzen zuten arraina, Donibane kaleko 1. zenbakia duen Etxetxikin, alegia.

DSC00480 Laureana Etxabe arraisaltzailea, Pasai Donibane

Laureana Etxabe. Fotografia: Miren Salaberria Etxabe.

Honen guztiaren lekukotza garbia utzi digu Miren Salaberriak Laureana Etxabe zenaren alabak, berarekin izandako solasaldian.

DSC00565 Miren Salaberria Etxabe (Pasai Donibane, 1932)

Miren Salaberria Etxabe. Fotografia: Lezoko udal liburutegia, 2016.

Miren Salaberria Etxabe (Pasai Donibane, 1932), sanjuandarra izanagatik, aitari esker, lezoar ere sentitzen omen da. Aita lezoarra zuelako, batetik, eta Kale Nagusiko Zabalaenea edo Kuartela deritzogun etxean bizitakoa delako, bestetik.

Miren gaztetxo zela, aitak istripua izan eta besoa galdu zuen, lanerako ezindua geratuz, inolako soldatarik gabe. Orduan, amak egin behar izan zion aurre familiaren ekonomia-sustenguari, kanpoan lan izugarria eginez; arrain saltzen, eskabetxerian, bakailaotan eta etxez etxeko garbiketa lanetan, besteak beste.

Miseria gorria bizi arren, umore handikoa eta egun bakoitzari aurre egiteko gaitasuna zuen emakumea omen zen bere ama, eta horregatik oso ondo ulertzen omen zuen arraina erosteko xentimorik ez zuen bezeroa, berak ere egoera bera bizi zuelako eta noizbait ordainduko zion esperantzaz, lasai asko ematen omen zien eskatutakoa.

Mirenek oso ongi gogoratzen ditu jendeak zorretan utzitako xoxak eskuratzeko, amarekin egindako ibilaldiak. Ondo gogoan du Kale Nagusitik barrena nola etortzen ziren igandero Lezora, eta baserrietara joateko ere herria zeharkatu behar izaten zutela, orduan ez zegoelako egungo Jaizkibel hiribidea, horren lekuan dena belardia eta sagardia baitzen. Eta baserrietan gehienbat, zorrak ordaintzeaz gain, gosari txikia ere ematen omen zieten, salda eta arrautza egosia gehienetan.

Eta hainbeste lan egin ondotik, erretiroa hartzearekin batera, soldata ere bertan behera geratu zitzaion eta alabei esker bizitu zen, laurogeita lau urterekin hil zen arte. Bizitzan zorte handirik izan gabe.

Enriketa Quintana

Enriketa Quintana, erdian. Fotografia: Jose Angel Gaztañaga Quintana.

Eta, bitartean, herria handituz zihoan heinean eskaria ere handitzen ari zenez, arrainak saltzeko leku finkoak irekitzen hasi ziren herriko kaleetan, arrain mota ugari eta kopuru handiak saltzen zituzten arrandegiak eta haiei aurre egitea ezinezkoa zitzaienez, ordurako bakantzen hasiak ziren arraiketayak desagertu egin ziren gure kaleetatik.

Lope Martinez Isastiren atsotitzak eta beste

JOSEBA AURKENERENA BARANDIARAN

Lope Martinez Isasti Lezoko semea zen, zenbait ikertzaileren ustez 1560an sortua. Badira datu hau ziurtzat ematen ez dutenak eta 1570ean sortu zela diotenak. Haren familia ondoko Errenteriatik etorria zen eta Lezoaundia izeneko etxe noblean bizi ziren. Leinu handiko sendia zen. Familia honetakoak izan ziren Onofre Nagusia —Loperen aita—, Ofizio Santuko kidea eta Administrazio Publikoko kargudun izan zena; Onofre Ttikia, Santiagoren Ordenako zalduna, Erregearen ontzi eta galeoietarako hornidura eta materialen gordelari eta zaindari; eta Joanes Pasaiako, Errege Ontzigintzako komisarioa izan zena.

Lopek ez zuen familiatik zetorkion ontzigintzarako bidea hartu, eta apaiztu egin zen. Apaiz ikasketak bururatu zituen eta teologian doktore egin ondoren, Lezoko San Joan Bataiatzailearen Parrokiako presbitero izatera iritsi zen. Luma arloan ere ospetsu izan zen. Bi liburu idatzi zituen, biak gaztelaniaz.

Fotografia: Lezoko Portua.

Lope de Isasti. Fotografia: Lezoko Portua.

Lope Martinez Isastiren lehenengo liburuak Compendio historial de la M.N. y M.L. provincia de Guipuzkoa izena du eta 1625. urtean idatzi bazuen ere ez zuten 1850. urtera arte argitaratu. Biziki liburu mardul eta oparoa. Historiaren aldetik, hutsune nabarmenak dituen arren, datu interesgarriak eskaintzen dizkiguna, eta hortxe, era guztietako gertakizun historikoen artean, euskarazko atsotitz bilduma eder bat topa dezakegu. Osora 85 atsotitz.

Bigarren liburua oso bestelakoa da eta Inkisizioak eskaturik, Euskal Herriko sorginez egindako txostena da. Relación que hizo el Doctor D. Lope Martinez de Isasti, presbítero y beneficiado de Lezo, que es en Guipuzcoa, acerca de las maléficas de Cantabria, por mandato del Señor Inquisidor Campofrío de Madrid izenaz bataiatu zuena. 1618an idatzi zuen eta gaur Madrileko Liburutegi Nazionalean daukate gordeta.

Liburu horretan, inolako kutsu historikorik gabe eta errealitateari muzin eginez, haren belarrietara iritsitako txutxu-mutxuen eta kontu xelebreen erlazioa eta azalpenak egiten ditu. Liburuan esaten duenez, Lezoko Gurutze Sainduak sendatzen omen zituen aztikeria eta sorginkeriatan ibiltzen zirenen arima galduak, hala eta guztiz ere, barkamena ez zitzaion aski iruditzen, eta txostenean zehar, behin eta berriz, eskatzen du Inkisizioaren su garbitzailea. De Lancre hiltzaileak Lapurdin egindakoa eredu gisa harturik, gauza bera eskatu zuen Gipuzkoarako.

Zorionez, ez du ematen garaiko agintari erlijiosoek jaramon handirik egin ziotenik. Txostena guztiz txepel eta funsgabea da, egilearen fanatismoaren berri garbia ematen diguna. Haren ustez, Gipuzkoa galbidean zegoen, sinesmen zaharrak eta sorginkeria arrunt hedatuta baitzeuden, eta horregatik inkisidoreen lana eskatu zuen gipuzkoarren arimak infernuko garretan ez zitezen betiko gal.

Lope Martinez Isastik egin digun ekarpen ederrena, zalantzarik gabe, lehen aipatu dugun 85 atsotitz biltzen dituen bilduma da, lehen liburuaren barruan plazaratu zuena. Horixe izanen da orain lerro hauetara, gaurko grafiaz idatzirik, ekarriko duguna.

1.- Haitzean jaioak haitzera nahi.

2.- Agoa (burdinazko masa goria) bero deino salda.

3.- Alaba gaizki ezkondua etxera bihur.

4.- Alperrik nekatu baino, hobe da geldirik egon.

5.- Amorezko ezkontzea, dolorezko bizitzea.

6.- Amuarraina amutik eta arkumea larrutik.

7.- Haritz eroriari orok egur.

8.- Hartu-emanak du gustua.

9.- Asko daki zaharrak, erakutsi beharrak.

10.- Atean uso, etxean otso, hala bizitzen gaizto.

11.- Aukeraren maukera, azkenean okerra.

12.- Balizko olak burdina gutxi.

13.- Batek mila balio eta milak batere ez.

14.- Behar-egile gaiztoa, erakusle on.

15.- Beharrik ihesi Castrora, han ere beharrik asko da.

16.- Begiak buruan jakintsuak eta eroak oinetan.

17.- Behiak on du larrea, hobeago jabea.

18.- Buztana lastozkoa duena, suaren beldur.

19.- Zahietan zuhur eta irinetan ero.

20.- Kartari karta eta burdinari dirua.

21.- Txindurriari ateratzen zaizkionean hegoak, galdu ohi ditu gorputza eta besoak.

22.- Zura beherago, harra barrenago.

23.- Dakienak lan egin dezake, ez dakiena leher daiteke.

24.- Darraionarentzat da ehiza.

25.- Diru gabeko handitasuna, su gabeko bartzuna.

26.- Ezin egina harria baino gogorrago, harriari mailuaz ere baledeko.

27.- Egokia hartzari zetazko beloa.

28.- Egiok egileari eta emaiok emaileari.

29.- Eliza zegienak aldarea, aldarea zegienak abadea.

30.- Erle joanak eztirik ez.

31.- Herrik bere lege, etxek bere ohitura.

32.- Errota onari bihia.

33.- Eskeak solasa galdu.

34.- Bakea ez da diruz erosia.

35.- Gauza gordea, urre gorri.

36.- Gauza zaharra, bera larra.

37.- Gaizki jan eta gaizki lan.

38.- Gogoa mihiak salatu.

39.- Gorrak hitz gaitzari lehia.

40.- Goiz gorri euri dadin. Arrats gori eguraldi.

41.- Gorrotoa bilau huts.

42.- Gero dioenak bego dio.

43.- Gezurra esan nuen Getarian, ni etxean eta hura atarian.

44.- Gibelerako on dena, barerako gaizto.

45.- Gure zaioak irin eske.

46.- Izan bagara, gerra huts.

47.- Etxean ogia ezin jan eta Arangurenen artoa.

48.- Idiak erausi beharrean, gurdiak orru.

49.- Hildakoak agindu zuen, biziak bere nahia.

50.- Hiltze ona merkaduria.

51.- Ilunpeetako jostea, argitako lotsa.

52.- Irabaziak oinak arin.

53.- Itsasoko legeak, onak on eta gaiztoa neurri gabea.

54.- Itsuen herrian, okerrak errege.

55.- Lagunaren behiak errape luze.

56.- Larrutik hedea.

57.- Lehen hila, lehen hoztua.

58.- Hitz-motelak beti hitz nahi.

59.- Nolako elizalde, halako abade.

60.- Nola soinu, hala dantza.

61.- Nolako nobia, halako habia.

62.- Nola denbora, hala solasa.

63.- Nor bere denborarako, arbia abendurako.

64.- A zer zelaia, jana ez balego.

65.- Odolak su gabe diraki.

66.- Ola olagizonarentzat eta barka barka-maisuarentzat.

67.- Olatik berri onik ez.

68.- Oihan orotan otso bana.

69.- Ontzia galduz gero, guztiok pilotu.

70.- Zakurrik ez den lekuan, azeria errege.

71.- Ororen ardia otsoak jan.

72.- Okin berriak bahe zuri.

73.- Otsoa atari ondoan.

74.- Otsoaren ahotik mokadu bat ere on.

75.- Otsoa ardien zain.

76.- Pagatzaile gaiztoarentzat olo.

77.- Saltzen dabilena, galtzen dabil.

78.- Sugea hil arren, sugekumeak bizi.

79.- Lana trebeziak garai.

80.- Unaiak haserretu zirenean azaldu ziren gaztak.

81.- Urte gaiztoa, okin hots.

82.- Urrutiko herria, lehena egia.

83.- Ur joanari presarik egin ez.

84.- Uretara maiz doan txarroa, laster da hautsi.

85.- Usoak joanda, sarea gora.

Lope Martinez Isastik atsotitz hauek bildu eta idatzi zituenez geroztik hiru mende luze igaro diren arren, esan dezakegu, okertzeko bat ere beldurrik gabe, ez dutela inolako gaurkotasunik galdu.

Atsotitzak 01

Atsotitzak (1). Fotografia: Lezoko Portua.

Atsotitzak 02

Atsotitzak (2). Fotografia: Lezoko Portua.

Atsotitzak 03

Atsotitzak (eta 3). Fotografia: Lezoko Portua.

Mark Legasse irakaslea bere unibertsitatean

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Mark Legasse idazle anarko-abertzalea Parisen sortu zen 1918ko apirilaren 19an, baina, bai amaren, bai aitaren aldetik ere euskal jatorrikoa izaki, ttikitatik hartu zuen haiengandik euskal grina. Hala, Euskal Herri burujabeko subditutzat izan zuen beti bere burua, bi estatu bortitzek hezur-muineraino menderatua duten herria dela ederki zekien arren.

Rafael Zabala, Marken birraitonaren anaia, Gurutze Santuaren elizako kapellaua izan zen XIX. mendearen bukaera aldera, eta Kale Nagusiko Jamotenea etxea zuen bizitoki. Hark, hiltzean, Gaudioso Zelaia ilobari utzi zion etxea, oso-osorik. Gaudioso Zelaia Marken amonaren anaia zen, Estanislada Zelaiaren anaia. Estanisladaren senarra, Marken aitona, berriz, Hendaiako alkatea eta medikua zen eta koinatu Gaudiosori Jamotenean astean bitan kontsulta irekitzeko baimena galdetu zion. Etxearen azkeneko solairuan jarri zuen, beraz, kontsulta Kamino Goienetxek eta beheko solairuan Gaudioso bera bizi zen hain gustuko zituen musika tresnen artean; arpa, pianoa eta Aita Donostiak bertara etorri eta oparitutako txalaparta baztandarra, besteak beste. Aitzakia horrekin, familia Lapurdin zenetan, bederen, Mark eta Jakes “Xanti” Legasse anaiak astero etorri ohi ziren Lezora eta herriko plazan jarduten omen ziren jolasean.

Ttikitako egonaldi haiek lezoartu egin zuten, nolabait esatearren, Mark Legasse. Hain zuen maite gure herria, zeina kortsario, bidelapur eta ezarritako sistema ororen aurka zeudenen bizitoki eta habiatzat zuen, ez baitzuen bere idazlan eta istorioetan aipatu arteko onik izaten. Asko dira, ondorioz, Lezoren eta lezoarren aipamenak bere lanetan; izan fikzio, izan prentsarako artikulu edo zutabe.

Maitasun horren ordain ttiki moduan edo, Lezoko herriak omenaldi xume baina biziki polita eskaini zion Marki 1990eko apirilaren 27an. Herriko plazan jende andana elkartu eta, dantzari eta txistulariekin batera, Kale Nagusia zeharkatuz Andreone etxearen parera iritsitakoan, dantzariek hiru dantza-pieza dantzatu eta lore-sorta eman zioten. Segidan, Andreoneko lehenengo solairuan solasaldi bikaina egin zuten Emilio Lopez Adan “Beltza”k, Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”k, Patri Urkizuk, Luis Nuñezek, Luis Jiménez de Aberasturik eta Markek berak. Solasaldia orduan kultura zinegotzia zen Joseba Aurkenerena idazleak gidatu zuen. Maite Idirinek ere parte hartu zuen kantu zoragarri bat eskainiz. Andreone lepo bete zela esan gabe doa. Mark bereziki zorrotz, alai eta bizi mintzatu zitzaien bildutakoei, txalo eta algara zintzoen artean.

Mark handik zazpi urtera hil zen Ziburun, 1997ko martxoaren 21ean, 79 urte betetzeko hilabete eskas falta zuela.

Zorionez, omenaldi hartako bideoa gordeta izan dut gaur arte. Ez naiz oroitzen nork hartu zituen irudiak baina zinta niri eman zidan behintzat. Lau bat urte dela, Patri eta Urtzi Urkizuren galdearen ondorioz, apal batetik berreskuratu eta Berria TBn argitaratu zen lehen aldikoz. Orain, Lezoko Portuan lehorreratzea iruditu zait egokiena, herritarren artean zabal dadin. Omenaldiaren transkripzio ia osoa Agustina Pontestak egin zuen Lezo aldizkariaren 18. zenbakirako. Nahi duenak, beraz, hortxe du eskueran. Marki buruz gehixeago jakin nahi izanez gero, berriz, herriko aldizkarietan hari buruz —kasuren batean bere lumaz— idatzitako lanak mordoxka dira (ikus beheko bibliografiatxoa). Sakonago aztertu nahi duenak Amaia Ereñagak idatziriko biografia liburura jo besterik ez du. Guztietatik aterako du ikasgairik irakurle prestuak, bai horixe!

BIBLIOGRAFIA

AGIRRETXE, Joxe Luix. “Non haiz, Bizarzuri pirata?”. Lezo, 1997, 17 zenb., 23-24 or.

AURKENERENA, Joseba. “Marc Legasse eta Lezo”. Lezo, 1998, 18 zenb., 6-12 or.

AURKENERENA, Joseba. “Parisen gaisorik daukagun Marc Legasseri bihotzez eta saminez”. Lezo, 1993, 10 zenb., 74-75 or.

LEGASSE, Mark. “Recuerdos de infancia en Lezo”. Lezo, 1990, 5 zenb., 22-23 or.

Mark Legasseren unibertsitate kuttuna“. Orratx 800! : Lezoko aldizkaria, 2003, 1 zenb., 14 or.

PONTESTA, Agustina. “Marc Legasseri omenaldia”. Lezo, 1998, 18 zenb., 31-37 or.

URKIZU, Patri. “IRAETA”. Lezo, 1990, 4 zenb., 70 or.

Hamasei arrantzale hil ziren Lezon (1816-1817)

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Jaizkibel 2009 06 01 115

Erantzingo badia (Hondarribia), Jaizkibelgo kostaldean. Fotografia: Lander Zurutuza, 2009.

Soldadu frantsesek lehendabizi (1813) eta ingelesek gero (1814) herritik alde egin ondoren, trajeria latza gertatu zen berriro ere Lezon. Hamasei marinel hil ziren, urte erdiko tarte laburrean izandako bi istriputan.

1816ko abenduaren 10ean iritsi zen Lezora lehendabizikoaren berri, “udararik gabeko urte” zail hartan. Lantxa berean zihoazen bertako bederatzi arrantzale ito ziren Hondarribiko barran: Juan Antonio Etxegarai (Lezo, 1762) —Clara Toledotxipiren senarra—, Josef Gabriel Etxegarai —hemezortzi urteko ezkongabea—, Juan Bautista Etxegarai —hamasei urteko ezkongabea—, Gregorio Alzelai —berrogeita hemezortzi urtekoa, Maria Josefa Etxeberriaren senarra—, Josef Fermin Alzelai —hogeita zortzi urtekoa, Maria Magdalena Kamioren senarra—, Rafael Alzelai —hogeita lau urteko ezkongabea—, Manuel Kamio —hogeita zazpi urteko ezkongabea—, Manuel Burutarain —hogeita bost urtekoa, Josefa Antonia Irurueta batelariaren senarra—, eta Juan Josef Agirre —hemezortzi urteko ezkongabea— .

Bigarren ezbeharra 1817ko ekainaren 21ean gertatu zen. Egun hartan ekaitz handi bat izan zen kostaldean, zeinak lantxa bat hondoratu baitzuen Hendaia inguruan. Bertan herriko zazpi arrantzale ito ziren: Francisco Martierena (Lezo, 1758) —Gabriela Telletxearen senarra—, aurrekoaren seme Ramon Francisco Martierena —hogeita sei urteko ezkongabea—, Juan Josef Ollo (Lezo, 1771) —Rafaela Olaziregiren senarra—, aurrekoaren seme Josef Manuel Ollo —hamasei urteko ezkongabea—, Atanasio Letemendia —berrogeita bi urtekoa, Manuela Aizkorretaren senarra—, aurrekoaren seme Josef Miguel Letemendia —hamahiru urtekoa—, eta Martin Josef Alzelai —berrogeita hamalau urtekoa, Josefa Lujanbioren senarra—. Bestalde, Juan Bautista Ulazia bizirik atera zen, baina itsasoko lanetarako ezindua.

“Esneketayak”, Olazarko Poloni

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Desagertzear diren lanbide eta jarduerekin dokumentalak egiteko joera aski zabaldua dago gure Euskal Herri honetan. Ez litzateke, berez, joera txarra bizibide edota bizimodu bat betiko galtzen ari den seinale tristea ez balitz. Ziurrenik, ordea, hala izan behar duelako gertatuko da hori. Gizakiaren eboluzioaren, bilakaeraren halabeharrez, noski. Ordaindu beharreko zorra. Zenbat gauza ez ote dira galdu historiaren joanean, hurrena zetorrenaren gurpilak harrapatuta… Lezon esneketan aritzen ziren esneketariak dira horietako bat. Eguraldi euritsuak etxezuloan errendituta, lozorroan nengoela, Olazar baserriko Poloni Sistiaga Garmendia (1921-1991) etorri zait gogora; gure familia esnez hornitzen zuen emakume langile eta atsegina.

Gure haur denboran, eguneroko kontua zen, goizean goiz, baserritarrak esnea etxez etxe partitzera, saltzera kalera jaistea. Gerora “Lanroberrak” eta autoak nagusitu baziren ere, 70eko hamarraldiaren erdialdean astoak eta mandoak erabiltzen zituzten esneketariek esnea baserritik kalera garraiatzeko. Albo banatan saski handi batzuk izaten zituen tramankulua jartzen zieten bizkarrean abereei eta haietan marmitak sartzen zituzten. Asto eta mandoak herriko kaleetako paretetan ugari ziren burdinazko uztaietan lotzen zituzten —Kale Nagusian, Atzekoatean, Txutxoko maldan eta Donibane kalean, batik bat—, eurek partiketa egin bitartean. Eta, jakina, herriko haurrek abere haiekin era guztietako bihurrikeriak egiteko aukera izaten zuten tarte horretan… Baserrira bueltan, abereen bizkar gaineko saskietan, dendetan erosi eta emandako produktuak, ogi zaharrak eta abar eramaten zituzten, marmita hutsekin batera. Astoarekin herrira etortzen ezagutu dugun azkena Kaxernako Balentina Zabala izango zen, oker ez banago.

Balentina Zabala Etxeberria

Kaserna baserriko Balentina Zabala (Lezo). Fotografia: Lander Zurutuza, 2003.

Deigarri gertatzen da gainera, gaurko begietatik ikusita, bederenik, etxepe bereko familia guztiek ez zutela esne hornitzaile bera izaten. Hau da, familia bakoitzak esneketari jakin batekin egiten zuen tratua, hark, egunero, etxera esne jetzi berria ekar ziezaion. Gure etxean, Alaietxen, esaterako, gogoan dut familia batzuengana Olazarko Poloni Sistiaga etortzen zela; beste batzuengana, berriz, Minkurako Mikel Labandibar —Poloni ezinduz geroztik, gurera ere bai—; eta Eguzkitzako Bixenta Gonzalez, beste ate batzuetara.

Goizero tenore bertsuan etortzen ziren, eta etxean inork geratu behar ez bazuen, eltzea sotoan, atearen oinean, uztea aski izaten zen; etxera etorritakoan, esnea hantxe aurkituko zenuen eta. Ni ikastolara ateratzeko unean harrapatu ohi ninduen gehienetan Poloniren txirrin hotsak. Eta pixka bat aurreratzen bazen, berriz, gosaltzen igual. Herriko eta han-hemengo berri eraman ohi zuten etxeetara gizon-emakume haiek. Polonik esne marmita eta kider luzeko antuxun hura maneiatzeko zeukan abilezia gustatu egiten zitzaidan, ez zuen kanpora tantarik ere isurtzen. Tontotuta bezala, begira-begira egoten nintzaion lantegi hari. ”Segi eskolara! Berandatuko zaik eta!”, botako zidan orduan Polonik eta amak, buruarekin, baietz erantzungo zuen.

Gogoan dut, halaber, esne hura ezin izaten zela bere hartan edan; egosi egin behar izaten zen, irakin, alegia. Esnea nola egosten zen ikusteko aukera bakarra jai egunetan izaten nuen eta orain txikikeriatzat joko genukeen xehetasun hori ere ikuskizuna zen gure adinekoentzat, niretzat, behintzat, bai. Adi erreparatu behar izaten zitzaion eltzeari; izan ere, deskuidatuz gero, aguro egiten zuen gainezka esnegain lodi-lodi afartsu batez estalitako esneak. Zenbat madarikazio bota izango zituen gure amak esneak, ustekabean, ihes egin ziola ikusita…! Baserriko esne gozo haren esnegainak bestelako saririk ere bazekarren, ordea. Amak eta amonak esnegain hura jaso egiten zuten, gero, hain goxo izaten ziren galletatxoak egiteko.

Badakit, nik ezagutu nuenerako, esneketarien lantegi hori gainbehera zetorrela, eta ez zuela, akaso, garai batean izan zuen neurriaren edo garrantziaren laurdenik ere izango, baina balio beza kontakizun honek egun herrian baserritar bakan batzuek bakarrik eusten dioten —Olamartako Joxeba Garmendia eta haren bi alabak baizik ez datozkit burura— jarduerari aitor egiteko.

Martzelino Legorburu “Argiñene” bertsolaria

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

L1240723

Martzelino Legorburu, Argiñene baserriko atarian (Lezo). Fotografia: Lander Zurutuza, 2013.

Gaintxurizketa auzoko Argiñene baserriko seme Martzelino Legorburu Manterola (Lezo, 1933-2014) orain urte bete hil zen, 2014ko abuztuaren 10ean. Eskola zaharreko bertsolaria izaki —Xanti Zabala baino bederatzi urte zaharragoa zen—, inor gutxik ezagutzen zuen hark bezain ondo bertsolaritzak XX. mendean Lezon egindako bidea.

2013ko abenduaren 26an, artean alargundu berria zela, etxeko ateak ireki zizkigun ohiko prestutasunez —urte batzuk lehenago ere, gure eskariz, bere bertsopaper bildumaren kopia bat jarri zuen udal liburutegiaren esku—. Neguko ilunabar hartan Argiñeneko epelean izan genuen elkarrizketa duzu jarraian:

 

Hiru gutun Ucachatik (Argentina)

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

DSC02275

Pepe Salaberriaren gutunak (Lezoko udal liburutegia). Fotografia: Lander Zurutuza.

XIX. mendeko Karlistaden ondoren, eta Lehen Mundu Gerra bitartean, lezoar asko Ameriketara joan zen bizimodu berri baten bila. Argentinara, Uruguayra… Emigrazio olde hori ahalbidetu zuen arrazoi demografiko eta ekonomikorik izan zen. Baina politikaren alorreko arrazoiek ere noski garrantzi handia izan zuten. Esate baterako gerra osteko giro ustelak, edo foruen galerak ekarritako derrigorrezko soldadutzak. Gazte asko armadari uko egiteagatik joan baitzen.

Zer dakigu ordea gure txokoa betirako utzi eta etorkizun hobe baten beharrez alde egin zuten herritar haien gainean? Idatzi ahal izango ote da inoiz beren historia? Auskalo. Baina herriko ganbaretan hauts artean ahaztuta egon diren gutun eta oroitzapenak galtzen doazen neurrian, aukerak gutxitzen doaz.

Zorionez Pepe Salaberria Garbizuk (Lezo, 1888) Argentinatik Lezora bidalitako hiru gutun kontserbatzen dira udal liburutegian. Pepe, Jose bezala ere sinatzen du, Elias Salaberria margolariaren eta Tomas Garbizu musikariaren lehengusua izan zen. Neska nafar batekin ezkondu zen, Mendabiako Celedonia Cenzanorekin. Eta gutunak Nikolas aitari zuzenduak dira, Córdoba probintziako Ucachako tren geltokitik bidaliak —Ferrocarril Central Argentino—. Jarraian hitzez hitz transkribatuta doaz, erbesteratutako herriko seme baten egunerokoaz lekukotasun paregabea ematen dutelakoan.

ERANSKINA

1.

Ucacha, 22 Febrero de 1912
F.C.C.A.

Querido padre: He recibido su carta de fecha 26 del mes pasado, donde me dice que todos siguen bien, pues me alegro mucho, como tambien yo estoy gozando una buena salud mejor dicho mejor que nunca.

Veo en el segundo párrafo de la carta que Ud esta bastante disgustado por causa que yo anteriormente le he escrito diciendo que no me escribia Ud, pues le advierto que me estraña muchisimo al ver que Ud ha tomado tan apecho, por lo que le pido disculpa, porque veo segun Ud que yo he cometido una falta, cuando yo no soy nadie para hacer las observaciones a Ud.

Tambien me dice que Ud me ha escrito respecto á los derechos de la sidra que pague yo aqui y como tambien me dice que los documentos que yo le remití están en la casa consistorial pues le digo francamente que yo no acuerdo haber recibido esas cartas donde Ud me dice haberme mandado, no hay que ver que si hubiera recibido ó llegado á mi poder, no sería tan niño para escribirle yo reclamando me pusiera al corriente de esto.

Me dice en la carta que era probable la ida de alguno de mis patrones á esa, pues en el mes de Mayo sale D. Damian y su Sra con la hijita, que ya tiene ganas de conocer a Ud. la Sra, con lo que agradeceria cumplieran como siempre.

Padre Ud. no le diga nada á D. Damian que nosotros estamos por quedar con la casa, pues yo creo que el le esplique algo.

Dele Ud muchos recuerdos á todos por mi parte y queda su hijo que les quiere.

Nada se respecto al paradero del tio Jose Ramon.

Pepe Salaverria [rubricado]

__________

2.

Ucacha, 26 Junio de 1913
F.C.C.A.

Querido padre: Me extraña muchísimo que no reciba cartas de Ud pues hace 3 semanas que no llega ninguna á mi poder cuando he recibido los periodicos como de costumbre, pero creo estarán buenos pues nosotros tambien nos hallamos buenos y mas el chiquilin que está más gordo y mas bonito todos los dias.

Yo en una de mis anteriores le desia respecto á mi hermano Manuel si le queria mandar aqui, en lugar de mandar al Servicio pues como el tiene una buena letra podria estar junto con migo y aprender bien en los libros.

Padre ahora que están en el verano ? por que no me ma[nda] una fotografia de todos Uds y sino de Ud solo que tengo ganas de […] pues me acuerdo hace mucho que Ud y la hermana de dijeron en una carta que me mandarian.

Como ahora tenemos balance voy á ver si puedo ir á retratarme para mandar á Ud juntamente con el chiquitin que creo quedarán aturdidos.

Padre que me dice Ud de la escopeta cual deseosa estoy de verla pues no tengo con que ir á cazar, de manera que espero apure el envio con algun conocido.

En la primera carta que me escriba me mandará la direccion del tio Jose Ramon y del primo Fulgencio, pues ignoro el paradero de dichos Sres y me gustaria tener cartas de uno y de otro.

Como viene el tren no tengo tiempo suficiente para poder escribir mas y con muchos recuerdos para todos Uds de nuestra parte queda su hijo que les quiere.

J. Salaveria [rubricado]

__________

3.

Ucacha, 12 Noviembre de 1913
F.C.C.A.

Querido padre: Varias cartas han llegado á mi poder que á las cuales no he contestado, pero veo que están todos buenos pues tambien nosotros nos hallamos con una perfeta salud.

Padre cierto es que he estado no se cuantos meses sin haber escrito ni siquiera una carta, pues tienen muchisima razon de reclamarme, pero les advierto que hace cosa de un mes he estado encamado unos 15 dias con un refrio y toz, que el Dr. se asusto por primera vez, pero ahora ando muy bien con los medicamentos que tomo que por cierto me cuestan bastante, pero no importa.

Son efectos de la pelota, pues como los domin[gos] jugamos entre paisanos, me resulto que me sudé y me […] tomando viento fresco, pero ahora no quiero jugar mas, primero porque mis patrones no me dejan, ni tampoco el Dr. y despues dejo por lo que pudiera venir mas tarde.

Hace unos dias me mandaron el tio José Ramon y el primo Fulgencio, un amigo de ellos á visitarme, pues segun este Sr. los dos se encuentran muy bien, pues voy á ver si les puedo traer para unos dias á mi casa.

Este año tenemos una cosecha atroz como pocos años aunque ha llevado una buena parte la piedra, pero no por eso nos podemos quejar, pues con todo esto tendremos mas el año pasado.

Veo que en las cartas que me mandan me están reclamando el retrato del niño, pues ahi les mando para que le vean, no puede decir que no es la cara de los Salaverrias, pues me acuerdo de mi hermano Mateo que es muy parecido en todo, de manera que espero me contesten cuantos presisan en esa para mandar hacer mas, pues aqui me han sacado unos cuantos, porque toda la gente esta admirado del niño, principalmente las patronas de casa.

El retrato que está sentado Uds dirán que ese defecto que tiene en los costados sera alguna enfermedad, pues es un error del fotógrafo al retocar, pues les aseguro que está muy bien.

Padre lo que Ud debiera de hacer decir al primo Elias que me haga uno á lapiz un poco grande de cualquiera de los dos, pues quisiera poner en el comedor, de manera que creo me lo hará esto el primo, pues despues me arreglaré yo.

Referente á nuestra fotografia no les mando por cuanto que salimos mal despues de haber gastado, bastante plata, pues de rabia las rompí, de manera que en la primera ocasion hare sacar y les remitiré.

Padre veo que la hermana Agustina despues de haber operado sigue mucho mejor, con lo que me alegro mucho, basta que siga asi de lo de mas no importa este año se arreglará todo.

Respecto al niño se ven pocos tan buenos pues en los 6 ½ meses que tiene he visto llorar pocas veces, pues con toda la gente anda bien riendose á carcajadas.

Si Ud viera padre cuando le están bañando todos los dias desde que nacio, los gritos que pega de contento en el agua, pues nosotros muchas veces decimos si ahora le viera mi padre y mis hermanos, que contentos estarian.

Padre que me dice del tio Manuel, pues cuanto recibi la carta del tio donde me decia que la tia Estanislada tuvo un hijo hermosisimo, y que los dos se encontraban bien, pues mucho nos hemos alegrado con la noticia nueva.

Yo creo que estará enojado el tio por motivo que hace 2 años lo menos que no le escribo, pues tiene muchisima razon, pero ahora estos dias le escribiré dando la enhorabuena.

Con muchos recuerdos de nuestra parte quedan sus hijos y nieto.

J. Salaverria [rubricado]

Rdo. el 4 Diciembre 1913

XX. mende hasierako andereño ezezaguna

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Herriko beste emakume argi bat aipatzeko eta haren lana goraipatzeko okasio ederra sortu zait 1960ko hamarkadako Zeruko Argia aldizkariaren zenbakiak aztertzen ari naizela. Aldizkari horren garai hartako zenbakietan, astero-astero, gure herriari buruzko kronikak agertzen zirela ohartu naiz.

Kronika horietan herriko gorabeheren berri ematen zaigu, hala nola, kultur emanaldiak, herritarren kezkak eta abar. Eta horiek denak herritarrek idatziak izaten ziren, nahiz eta horretarako ezizenak edota izengoitiak erabili: Karlos Mekolalde “Txori bat”, Anastasio Zapirain, Joxe Zuloaga, Garbizutarrak, Joanito Berasarte, Kepa Garbizu “Sistiaganeko Pello” eta nor den ez dakigun “Gorosti” delako bat ere bai…

1968ko urtarrilaren 21eko Zeruko Argian (255. zenb.) “Gorosti” ezizenaz sinatzen zuen herritarrak, Ikastolaren berri ematerakoan, maixtra lanetan ibilitako herriko bi emakumeren izenak ematen dizkigu: Bonifazia Azkue Legorburu eta Agustina Lizarazu Larburu.

Eta honela dio “Gorosti”k: “…adin edo urteetan aurrera goazenok Lezo ontan ezagutu izan ditugu umetxoentzako bi ikastola: Agustina Lizarazu batean, Bonifazia Azkue bestean…”

Agustina Lizarazu maixtraren berri jakin bagenekien, baina Bonifazia Azkue ezezaguna genuen arrontean, lanbide horretan.

Zoritxarrez, denborak gure aurka jokatu du, eta ez dugu datu askorik Bonifazia Azkue Legorburu nor izan zen jakiteko. Erregistro Zibileko liburuetan agertzen denez, 1888ko maiatzaren 13an jaiotako lezoarra zen, eta Francisco Estanislao Sagarzazu hondarribiarrarekin ezkondu ondotik lau seme-alabaren ama (Victoria-Severiana, Brigida, Sebastiana eta Jose Maria). Iturri beraren arabera, 1921eko abenduaren 14an zendu zen. Bizialdi laburreko emakumea izan zen beraz, hogeita hamahiru urterekin hil baitzen.

Gaur egun gure artean bizi den bere biloba Karmele Zulaika Sagarzazurengana jo dut eta honek aditzera eman didanez, bere ama Xeberianari entzutez omen daki zerbait baina deus gutxi.

Hortik aurrera ez dakigu deus askorik egungo adineko herritarrek ere ez baitute emakume haren ezagutzarik.

Dena den, herriko historiari eta euskarazko irakaskuntzari dagokionez, kontuan hartzeko berria dela iruditzen zait. Ea inork argi gehiago ekar dezakeen emakume lezoar ekintzaile horri buruz.

Manuela Arrieta batelaria

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Garai batean badia gurutzatzea zen Lezotik Donostiara joateko modurik erosoena, batez ere zamaren bat garraiatu behar zenean. Alegia, herriko ontziralekuko batelariren baten ontzian Herreraraino nabigatzea, gero handik aurrera goiti-beheiti lehorretik jarraitzeko. Oinez ere joan zitekeen Errenteriako galtzadatik, baina aukeran luzeagoa zen bidea.

Kaputxinoen komentuko fraideak ere batelarien zerbitzuaz baliatzen ziren predikatzera zetozenean. Hala, jaiegun seinalatuetan —1633ko Santakrutz egunean, esate baterako— herriko kargudunek Matxingotik Lezorako pasaia ordaintzen zieten, soldata eta bazkariaz gain.

Lezoko ontziralekura iristen zen bidaiariari zegokion batelari guztien artetik bat aukeratzea. Hauek oihuka hasten ziren maiz iritsi berria erakarri nahian, sesioan. Inoiz konpainiak ere eratzen zituzten, negozioan bakarka zebiltzanak baztertzeko asmoz.

Manuela Arrieta (Manuela Josefa, bataio agiriaren arabera) herriko azken batelarietako bat izan zen. 1799ko maiatzaren 24an jaio zen Lezon. Aita, Josef Andres Arrieta (Lezo, 1773), arrantzalea zuen. Eta ama, Magdalena Gabirondo (Alkiza, 1773), batelaria. Bost senideren artean zaharrena zen.

Espainiako zein atzerriko tropak ere baliatzen ziren batelarien zerbitzuaz —Hirurteko Liberalaren (1820-1823) azken aldean, esate baterako—. Hala, 1822an Josefa Antonia Irurueta batelariak (Lezo, 1793) Valençay-ko infanteria erregimentuko berrogeita hamar militar eraman zituen Lezotik Herrerako ontziralekura —16 errealeko irabazia—, eta Magdalena Gabirondo eta familiakoek erregimentu bereko beste berrogeita bi lagun —12 erreal—. Magdalena Gabirondok halaber sei biaje egin zituen Herrerara militarrekin —22 erreal—, hamar biaje Donostiatik Frantziarako korreoaren eskoltarekin —40 erreal—, eta hamaika biaje Herrerara eskolta berdinarekin —44 erreal—.

1823an Manuela Arrietak sei biaje egin zituen gutxienez Lezotik Herrerara, Frantziatik Donostiarako korreoa eta haren eskolta garraiatzen. Ceferina Fernandez batelariak ere (Lezo, 1794) egin zuen inoiz zerbitzu hori berbera.

1824ko maiatzaren 20an Manuela Arrietak sasiko alaba bat izan zuen: izen bereko Manuela Josefa Arrieta.

Fabi Iparragirre, 36ko gerrako gudaria

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Fabian Iparraguirre Mancisidor

Fabian Iparragirre. Fotografia: Agustina Pontesta, 2007.

Fabian Iparragirre Manzisidor* Pasai Donibanen sortu zen 1917ko urtarrilaren 20an. Bizi balitz, beraz, 98 urte beteko lituzke gaur. Tamalez, ordea, Fabi, herrian hala esaten genion, hilberri dugu, 2014ko abenduaren 6an zendu baitzen.

Sortzez sanjuandarra bazen ere, 1948an Juanita Herrera lezoarrarekin ezkondu eta, geroztik, herrian bizi izan zen. 1936ko altxamendu frankistak eta ondoko gudak 19 urterekin harrapatu zuen, kintatara deitua izateko bezperatan.

Hala, hobe beharrez, lagun batek gomendatuta, San Andres batailoian sartu zen zapadore, erretagoardian lubakiak eta logistika lanak egiteko, eta ahal zen neurrian, frontea saihesteko. Denbora batez horretan jardun ondotik, beste sanjuandar batekin topo egin eta harekin batera Amaiur batailoian sartzea erabaki zuen. Amaiur batailoiko Jaizkibel konpainian, hain zuzen ere, Murua kapitain beasaindarraren aginduetara. Amaiurrekin hiru hilabete pasatxo egin zituen Fabik gudako frontean borrokan, harik eta Santoñan preso erori zen arte.

Handik aurrera, Fabik frankismoaren mendekua pairatu zuen; kartzelaldiarekin, trabajadore gisa eginarazi zioten esklabutza lanarekin (Zaragoza, Biscarrués, Sariñena, Almancillas eta Andaluzia), jazarpenarekin eta urtetako kontrolarekin.

Lezok gizon handi bat galdu du; duintasun eredu bikaina eta zintzotasuna zeriona. Historiaren zati handi bat joan da Fabirekin. Gu guztioi dagokigu orain bere oroimenari eta bere irakaspenari eustea. Agur eta ohore, Fabi!

* Fabiren ibilien berri gehiago nahi duenak Zigortuak ilunpetik argitara liburura jo dezake.