JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA
Egutegiak edota kalendarioak protagonista diren egunak dira, horratik, bizi ditugun hauek. Orria pasa, tolestu nahiz erauzteko garaia; hilabetea eta urtea ere aldatu dela adieraziko digu, laster, gelan, sukaldean, lantokian edo heian zintzilik dugunak.
2018ko orrietara pasa aurretik, ordea, aurtengoak ia oharkabean bete duen urteurren bat aipatu nahi dut lezoar nortasunaren kaiera honetan. Arantzazuko Amaren Egutegiak 70 urte borobil egin ditu gure etxe xokoetan; 1947. urtea izan baitzen lauki luze mardul baten forman eman zuen aurreneko urtea. Egunez eguneko egutegia da Arantzazukoa. Eguna pasa ahala, orria erauzi behar izaten den horietakoa. Egun bakoitzak, hau da, orri bakoitzak informazio berezia ekarri ohi du. Atzealdean, txisteren bat edo kontakizun xelebreren bat izaten du gehienetan. Batzuetan, hango edo hemengo bitxikeriaren bat, jakingarriren bat edota pertsonaia ezagunen baten soslaia ere igual. Jakina, egutegi erlijiosoa izanik, igandeetako orrien atzealdean urteko zenbatgarren igandea den eta liturgiako kontuak ekarri ohi ditu. Aurrealdean, berriz, eguneko santuak zein diren eta egunari loturiko esaeraren bat ere bai. Igande eta jaiegunetako zenbakiak, bistan da, gorriz markatuta adierazten ditu. Gure etxean aitona-amonen garaian sartu zen eta oraintsu arte urteroko usadioa izan da, eguberri sasoian, “tako” berria erosi eta harentzat propio egindako egurrezko euskarrian jartzearena.
Arantzazuko fraide frantziskotarrek argitaratzen dute urtero, hutsik egin gabe, eta 1980az geroztik, anaia Jose Luis Zurutuza arduratzen da egiteko horretaz. Orain bizpahiru aste Berria egunkarian kezka agertu zuen Zurutuzak egutegiaren etorkizunari buruz, eta zera zioen, eurak (frantziskotarrak) joatean —desagertzean edo hiltzean, ulertu nuen nik—, ongi legokeela elkarte edo dena delako laiko batek hartzea egutegiarekin jarraitzeko ardura. Izan ere, dezenteko lana izan behar du urtero, orriz orri, egutegi hori apailatzea.
Egutegiaren joan-etorri hauek guztiak tarte honetan azaltzeko arrazoi nagusia, hala ere, egutegi horrek gure herriarekin duen zeharkako lotura da. Arantzazuko Amaren Egutegian urteko egun gailen edo garrantzitsuak —erlijioarekin loturiko jai egunak kasu honetan— egokitzen den santuaren irudiarekin, hobeto esanda, marrazkiarekin agertu ohi dira. Hala, garai bateko ospearen eta garrantziaren erakusle, irailaren 14a, Lezoko Gurutze Santuaren irudiarekin ageri da oraindik ere, egun gailen gisa, jai eguna Euskal Herri osoan ez izan arren. Irailaren 14ko orriak janzten dituen irudia garai bateko estanpa zaharretako irudia da; ez 1985etik hona ezagutzen dugun irudi berrituarena alegia.