Bordalabordako biltegiko lapurreta

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

1

1777ko abuztuaren 14tik 15erako gauean ezezagun batzuk leihatila bat bortxatu eta Bordalabordako biltegian sartu ziren, Bordandia etxearen aurreko aldean Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiak zeukan instalazioan. Lehenago Lezoko Errege Ontziolak egon ziren bertan, baina 1770ean Pasai Donibane jabetu zen inguru guzti horretaz.

Manuel de Suertegarai zen Bordalabordako biltegiko zaintzailea. Eta Eugenio de Egiazabal lezoarra haren laguntzailea azken hamabi urteetan. Ondo zaindutako katu batzuk arduratzen ziren saguak eta arratoiak uxatzeaz.

Abuztuaren 15eko goizean Maria Josefa de Galardi Bordalabordako biltegira joan zen katuei jaten ematera. Eta ikusi zuen leihatila bat irekita zegoela, eta sumatu barrenean biltegiratutako gaien artean bazegoela gorabeheraren bat. Eugenio de Egiazabal ohartarazi zuen. Eta honek, bertara joan eta bazterrak miatu ondoren, gauza hauen falta nabaritu zuen:
– manta batzuk (ontzietako gaixotegian erabiltzen zirenak; arruntak baino handiagoak),
– itsasoko bizkotxoz betetako zakuak,
– olio pizarraren bat,
– eta koltxoiak.

1777an Manuel Antonio de Echanique izan zen Lezoko errejidore nagusia, herriko agintari gorena. Eta, abuztuaren 23an, Bordalabordako biltegian gertatutakoaren berri izan zuen Manuel de Suertegaraik bidalitako gutun baten bidez. Zaintzaileak erregutzen zion, era berean, errudunen aztarnak bila zitzan. Eta berehala, ikerketa handirik egin gabe, berri susmagarriak iritsi zitzaizkion. Eta, haiei jarraiki, abuztuaren 24an Maintzine baserrira joan zen gainerako errejidoreekin batera.

2

Ezker aldean, behean: Bordalaborda; eskuin aldean, goian: Bekoerrota (“Molino”) / “Plano de la ría y puerto de los Pasages, y de las poblaciones situadas en su costa según se hallaban en el año de 1760” (xehetasuna). Iturria: Lezoko Udal Liburutegia.

Abuztuaren 14tik 15erako gauean hiru gizon bildu ziren Lezoko ontziralekuan. Juanes de Inchaurrandieta zen bat, hogeita hamar urtekoa, garai batean Bordalabordako biltegian lan egindakoa, zeinak batel bat prestatua baitzeukan bertan, leherkari batekin hornitua. Esteban eta Juan Cruz de Zubizarreta ziren beste biak, aita-semeak. Denak laborariak.

Hirurak batelean sartu, badiako uretan barneratu eta Bordalabordan lehorreratu ziren. Ondoren Juanesek bertako biltegiko leihatila bat leherrarazi zuen. Handik sartu eta leiho handiago bat ireki zuen, Juan Cruz gaztea ere barrura sar zedin. Juanesek zaku, manta eta bestelako gaiak hartu eta Juan Cruzi pasa zizkion. Honek, bere aldetik, kanpoko aldean zain zegoen Estebani.

Ondoren, lapurtutako guztia batelean zamatu eta Lezoko errota ingurura eraman zuten, hau da, Bekoerrota ingurura. Eta handik, bizkarrean hartuta, beren etxeetara, eguna argitu baino lehen. Juanesek olioz betetako ontzi bat eta bizkotxoz betetako hiru zaku eraman zituen Maintzine baserrira. Esteban eta Juan Cruzek lau manta eta bizkotxoz betetako bost zaku Babilonia baserrira. Olioa eta mantak beste batean banatzea adostu zuten. Koltxoirik ez zuten lapurtu.

3

Abuztuaren 24ko arratsaldean Manuel Antonio de Echanique, Lezoko gainerako errejidoreak, Eugenio de Egiazabal eta beste bi herritar Maintzine baserrian sartu ziren. Hutsik aurkitu zuten, une horretan Juanes de Inchaurrandieta —bertako maizterra— kanpoan baitzegoen. Halere, etxea goitik behera arakatu zuten, eta Bordalabordako biltegitik desagertutako bi zaku aurkitu zituzten bertan. Haiek hartu eta herrigunera eraman zituzten. Juanes, gaueko zortzietan agertu zen errejidore nagusiaren aurrean. Lapurreta gauzatu zutenetako bat zela aitortu zion eta, bide batez, Babilonia baserriko Esteban eta Juan Cruz de Zubizarreta salatu zituen.

Gauzak horrela, errejidore guztiak eta zenbait herritar Babilonia baserrira joan ziren. Juan Cruz eta haren ama Maria Egipciaca de Aristizabal bertan zeuden, baina Esteban —baten aita eta bestearen senarra— ihes egina zen ordurako. Etxe barrua arakatu zuten emaitzarik gabe. Baina kanpoan, sasi artean eta artasoroetan ezkutatuta, Bordalabordako biltegitik desagertutako bost zaku eta lau mantak aurkitu zituzten, eta olioa gordetzeko ontzitxo bat. Guztia bildu eta herrigunera eraman zuten. Eta Juanes, Juan Cruz eta Maria Egipciaca (olioaren erdia berak ekarri zuen Juanesen etxetik) herriko kartzelan sartu zituzten.

Matias Pastor zen Hondarribiko aguazil eta kartzelazaina. Eta berak eraman zituen hirurak Lezoko kartzelatik Hondarribikora.

1777an Francisco Javier de Sanzetenea izan zen Hondarribiko alkate eta epailea. Eta azaroaren 12an eman zuen auzi honetako epaia. Juanes, Esteban —auzi ihesean— eta Juan Cruzentzat hiru urteko zigorra, Iruñeko presondegian. Maria Egipciacarentzat bi urteko zigorra, Tolosako kartzelan. Ondasun guztiak enbargatu zizkieten arren, bestalde, auziaren gastuak ezin izan zituzten ordaindu.

(Iturria: Hondarribiko Udal Agiritegia, E/7/II/48/15)