JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA
Fabian Iparragirre Manzisidor* Pasai Donibanen sortu zen 1917ko urtarrilaren 20an. Bizi balitz, beraz, 98 urte beteko lituzke gaur. Tamalez, ordea, Fabi, herrian hala esaten genion, hilberri dugu, 2014ko abenduaren 6an zendu baitzen.
Sortzez sanjuandarra bazen ere, 1948an Juanita Herrera lezoarrarekin ezkondu eta, geroztik, herrian bizi izan zen. 1936ko altxamendu frankistak eta ondoko gudak 19 urterekin harrapatu zuen, kintatara deitua izateko bezperatan.
Hala, hobe beharrez, lagun batek gomendatuta, San Andres batailoian sartu zen zapadore, erretagoardian lubakiak eta logistika lanak egiteko, eta ahal zen neurrian, frontea saihesteko. Denbora batez horretan jardun ondotik, beste sanjuandar batekin topo egin eta harekin batera Amaiur batailoian sartzea erabaki zuen. Amaiur batailoiko Jaizkibel konpainian, hain zuzen ere, Murua kapitain beasaindarraren aginduetara. Amaiurrekin hiru hilabete pasatxo egin zituen Fabik gudako frontean borrokan, harik eta Santoñan preso erori zen arte.
Handik aurrera, Fabik frankismoaren mendekua pairatu zuen; kartzelaldiarekin, trabajadore gisa eginarazi zioten esklabutza lanarekin (Zaragoza, Biscarrués, Sariñena, Almancillas eta Andaluzia), jazarpenarekin eta urtetako kontrolarekin.
Lezok gizon handi bat galdu du; duintasun eredu bikaina eta zintzotasuna zeriona. Historiaren zati handi bat joan da Fabirekin. Gu guztioi dagokigu orain bere oroimenari eta bere irakaspenari eustea. Agur eta ohore, Fabi!
* Fabiren ibilien berri gehiago nahi duenak Zigortuak ilunpetik argitara liburura jo dezake.