Takili-Takulu

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Egun, Jaixkipe txaranga dugu herrian, eta hark alaitzen dizkigu bere musikaz herriko jaiak eta ospakizunak, kirol garaipenak edota pintxo-potea. Oraingo gazteek Jaixkipe osatu duten antzera, garai bateko gazte talde batek Takili-Takulu fanfarea sortu zuen herrian.

Logoa. Joxe Luix Agirretxe Mitxelenaren artxiboa.

70eko hamarraldiaren amaieratik hasi eta 80ko hamarraldi osoan, fanfareen edo txarangen loraldia edo sukarraldia gertatu zen Euskal Herrian. Gipuzkoan, bederen, joera hura izugarria izan zen; kasik herri eta auzo bakoitzak bazuen bere fanfarea. Oso ezagun egin ziren haietako batzuk, eta urte luzez iraun zuten gainera. Batzuk gaurdaino iritsi dira, Los Inkansables eta Pasai, esate baterako. Beste asko, ordea, loraldia apaltzeaz batera, desagertu egin ziren. Oso ohikoa zen jaien egitarauetan txarangaz alaituriko dianak edota sokamuturrak aurkitzea. Izen ugari ziren batean eta bestean zebiltzanak: Kilikariak, Tirri-Tarra, Intxaurrondotarrak… Lehiaketak eta topaketak ere egiten zituzten aldian-aldian.

Egia esateko, arrakasta handiko formula bihurtu ziren txarangak, fanfareak, fanfarreak edota fanfarriak, hala esaten baitzitzaien, lekuaren arabera. Izan ere, modako kantuak edo irratietan boladan zeuden abesti eta doinuak musika tresna horiekin jotzeko moldatzen zituzten, gutxien usteko zenuen hura ere bai. Edozein ospakizun alaitzeko dohaina zuten, baina, batez ere, iragarri gabeko ospakizunak edo ezustean gertatzen zirenak; kiroletako garaipenak, urteurrenak, gertaera politikoen ingurukoak eta abar.

Musika banda haien ezaugarrietako bat euren herriaren izena zabaltzeko egiten zuten ahalegina zela esango nuke. Talde gehienek ikur edo estandarte moduko bat eramaten zuten. Aurretik joaten zen lagun batek eusten zuena, eta, haietan, taldearen izenarekin eta irudiarekin batera herriaren edo auzoaren izena eraman ohi zuten, harrotasunez.

Hasieran esan dugun moduan, Lezok ere izan zuen bere fanfarea aldi gogoangarri hartan: Takili-Takulu fanfarea, eta herriaren izena Euskal Herriko eta atzerriko hainbat lekutara eraman zuen musika noten laguntzaz.

Lezoko La Orquídea tabernaren ondoan. Fotografia: Joxe Mikel Garmendia Etxandiren artxiboa.

Takili-Takulu herriko txistulari taldetik sortu zen 1980an. Musikaren alorrean, txistuaz gain, gauza gehiago egin nahia eta beharra sentitu zuten garaiko gazteek. Ez zen orduan herrian ez musika bandarik, ez bestelakorik musikaren alorrean. Bai, ordea, musika zaletasuna eta musikari ugari. Hala, txistulari batzuek akordeoia jotzen ere bazekitela aprobetxatuz, eta horiek txirulekin konbinatuz, emanaldi batzuk egin zituzten, herrian aurrena, eta Oiartzunen eta Irunen segidan. Handik hurrena, txistulari taldearen diruarekin bonboa, kaxa, bonbardinoa eta txindatak erosi zituzten eta jende gehiago sartu zen taldean. 1981eko udaran, tronpetak, klarineteak, saxofoiak eta abar erosi zituztela kontatu zuen Joxemi Garmendiak 1984an, “Aske” aldizkarian, eta santakrutzetarako jotzen ikasteko erronka jarri zietela beren buruei. 1981eko santakrutzetan mariñel kapelu txuriarekin, elastiko horiarekin, mahoizko galtzekin eta espartin beltzekin jantzita kaleratu ziren eta harrera ezin hobea izan zuten herritarren aldetik. Lezoarrak pozik ziren, inguruko beste herri eta auzoek bezala txaranga bat zuelako gure herriak ere.

Takili-Takulu izenak ez zuen esanahirik, hoskidetzaz eta hitz-jokoaz landa; eta jakin ahal izan dudanez, aukeratzeko orduan, lehia izan zuen Takili Takulu Klik aldaerarekin.

Iraun zuen urteetan —1986an desegin zen— jende asko sartu eta atera zen Takili-Takulutik, 50 lagunetik gora bai. Musikari haietatik batzuk ikasten aritu ziren taldean eta ez ziren inoiz jendaurrera atera.

Lezoko Gurutze Santuaren plazan. Fotografia: Joxe Mikel Garmendia Etxandiren artxiboa.

Asanblada moduan funtzionatzen zuen txarangak, erabakiak-eta berdinen artean hartuz, baina talde ttiki bat arduratzen zen kontratuak, erosketak eta zuzendaritza lana egiteaz. Irabazten zutena arropa berriak egiteko edota musika tresnak erosteko nahiz konpontzeko erabiltzen zuten. Behin izan zuten, antza, diru laguntza bat udaletxetik etorria; Patri Urkizuren udal gobernuak (1979-1983) emana, eta beste batean, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu zuen Takili-Takulu diru pizar batekin. Gainerakoan, eurek irabazten zutenarekin moldatu ziren taldeak iraun zuen bitartean. Entseguak, leku egokiagorik ezean, Aserraderos de Lezo enpresaren lokaletan egiten zituzten, kanpotik ederki entzuteko moduan.

Senpereko Herri Urratsen. Fotografia: Joxe Mikel Garmendia Etxandiren artxiboa.

Azken urteetan jendea urritzen hasi zen fanfarean. Lehengoek edo arituek uzten zuten eta ez zen jendea berritzen. Gero eta hobeto jotzen zuten eta jendeak uste omen zuen behar-beharrezkoa zela solfeoa jakitea taldean aritzeko, baina solfeorik ez zekien jendea ere hartzen zuten Takili-Takulun; gogoa eta konpromiso pixka bat ziren eskatzen zituzten ezaugarriak.