Emakume lezoarron jantziak

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Begi bistakoa da emakumeon jantziek azken mendeotan izan duten bilakaera nabarmena, aldaketa. Aipatu aldaketa industriagintzari lotua agertzen zaigu batez ere. Gazteek nekazaritzatik fabriketara jauzi egin zutenean hasi zen jantzien aldaketa, herrietako modaren eraginez, tradizioarekin hautsiz. Eta gazteak jantzi estiloz aldatzen ari ziren bitartean, helduek ohiko janzkerari jarraitzen zioten.

Beraz, nekazari mundua, hots, baserritarrak izan ziren gure kultur ohitura eta ondarearen zaindari, bereari eutsiz, eta galtzear ziren ohituren, nahiz baloreen zaindari bilakatu zirenak. Horri esker ezagutzen dugu gaur egun euskal jantzi tradizionala deritzoguna.

Horrela, gazteak jai egunetan edota okasio berezietan hasi ziren gurasoen antzinako jantziak janzten, baserritar petoak bailiran. Ez zuten mozorrotzeko asmoz egiten, beraien jatorria aldarrikatzeko baizik. Urteen poderioz, ohitura hedatu eta tradizio bilakatu zen. Harrezkero, ohikoa da Euskal Herriko hainbat festatan garai hartan bezala janztea edota erakusketak egitea gure jatorria aldarrikatuz.

Gaur arte iritsi zaigun jantzi tradizionala deritzoguna, beraz, arropa mota desberdinez osatua den arren, denak ere estiloz antzekotasun handikoak dira eta ezaugarri komunekoak. Emakumezkoen artean oinarrizko eta ezinbesteko osagarri dira gona luzea eta buruko zapia. Eta gizonezkoen artean, berriz, galtza luzeak, brusa edota alkandora eta buruan txapela. Eta bai emakumeek eta baita gizonek ere oinetan abarkak edota espartinak darabiltzate.

Esate baterako argi eta garbi ikus liteke Patxi Intxaurrandietak helarazitako Joven labriega de Lezo (Emakume gazte laborari lezoarra) grabatuaren argazkian.

Emakume gazte laborari lezoarra. Irudia: Gómez / fotografia: Patxi Intxaurrandieta.

Gómez da grabatuaren egilea, eta Juan Mañé y Flaquer-ek idatzitako El oasis, viaje al país de los fueros (1879) liburuan ikus daiteke. Eta gaurko gaiaz idazleak zer zioen jakin nahirik aipatu liburura jo eta hona hemen hitz gutxitan labur bilduta. Honela deskribatzen du Mañé y Flaquer idazleak aipatu liburuan:

Hogeita bost urteko gazte laborari lezoarra da irudikoa. Bere ezkonsaria (dotea) izango den zurimenta ehuntzeko lihoa iruteaz arduratu ohi da gehienetan. Zerbitzarien gisara orrazten du bere burua; ile txirikordatua bizkar gainera erortzen zaiola, eta, garondo paretik gora, burua, marra zuridun harizko zapi beltz batek estaltzen diola. Jaka edota hemen itsas blusa izenaz ezagutzen duguna ere zuria da. Sorbalda estaltzen dion zapia zetazkoa da, hori-laranxatua, orban biribil gorrixkekin. Soinekoa, berriz, perkalezkoa, txokolate kolorekoa, eta mantala, morea, marra zuriekin. Kolorezko artilez egindako bordatutxoa daramaten zapata itxurako espartin zuriak dauzka soinean.

Hori jakinik, emakume herritarrak animatu nahi nituzke, jantzi hori berreskuratu eta, aurrerantzean, herriko ekitaldietan (desfileetan, dantzan…) edota dantza-taldeak horrelako jantziez agertzera; inolako lotsarik gabe, herri bakoitzak bere jantziak dituelako eta horiek ere gure kulturaren eta ondarearen parte direlako.

Advertisements