ESTEBAN IRUSTA MALLEA
Lezoko nire oroitzapenak aspaldikoak dira, 1970eko hamarkadan Lezoko Guraso Elkartearen irakasle izan nintzenekoak; eta gauza asko ahaztuak ditut. Ziur nago, izan nituen ikasleek nik baino hobeto gogoratuko dituztela orduko kontuak. Gazte izatearen abantailak dira.
Gaurko garaiekin alderatuz garai oso desberdinak ziren. Francoren agintaldia azkeneko urteetan zegoen, eta egoera politiko berri baten esperantza bizi-bizi zegoen. Askatasunaren gose-egarria handia zen Espainiako Estatuan, eta nola ez, Euskal Herrian. Euskal kultura, euskara batez ere, egoera penagarrian zegoen. Gure hizkuntza irakastea, debekatuta zegoenez, euskara hilzorian zegoen. 40 urtetan, belaunaldi guztiek ikasketak espainieraz egin behar izan genituen. Euskal Herrian ez zegoen unibertsitate publikorik, eta kanpora joateak koste handia zekarren. Batxilergoko institutuak ere bakan batzuk ziren. Ondorioz, aberatsen familiakoek bakarrik egin ahal izaten zituzten unibertsitateko ikasketak. Euskal Herriak unibertsitaterik ez izatea, historikoki Espainiako agintarien erabaki politikoa izan zen. Euskal kulturaren ukapena, Francoren agintalditik at, oso urrutitik zetorren. Guk ukapen luze horren azken urteak bizi izan genituen.
Euskal kulturak, nolabait esatearren, elizgizonei esker eutsi zion seminario eta komentuetan. Euren artean nagusi ziren euskaldunak, eta bakoitzaren iritzi edo jarrera politikoaz aparte, euskal kultura landu zuten ia bakarrak eurak ziren. Eta lege zibilez ezin zenez, elizaren izenean sortu ziren lehenengo ikastolak. Beste ikastetxe askok, aurreko pausoak eman zituzten, gero ikastola bihurtzeko. Giro hartan, Don Doroteo Esnaola apaizak sortu zuen Lezoko Guraso Elkartearen eskola, beste pertsona askoren laguntzaz, jakina, bertan batxilerra egin nahi zutenei bidea emanez.

Guraso Elkartea eskolaren egoitza izan zen Aizepe etxea. Fotografia: Lander Zurutuza Sunsundegi, 2019.
Ni, martxan zegoela sartu nintzen, baina badakit zenbat buruhauste, kezka eta ardura izango zituzten ikastetxea aurrera eramateko. Garai haietan, oraindik ez zen Eusko Jaurlaritzarik, ez herritarrek aukeratutako beste instituziorik. Erakunde guztiak Espainiak jarritakoak ziren. Ikastetxearen baldintzak ez ziren oso egokiak, gaur ezagutzen ditugunekin parekatuz. Baina ilusioak eta egoera hobetzeko asmoak handiak ziren. Horretarako, irakasleok ere saiatu ginen ikastaro bereziak eginez, geure euskara maila hobetzen eta tituluak lortzen; Txillardegik, Patxi Altunak, Patxi Goenagak eta abarrek ematen zituztenetan parte hartuz. Bitartean, hauek eta beste asko euskarazko testu liburuak egiten ari ziren. Dena egiteko zegoen, bai politikan, bai irakaskuntzan. Gaurko egoera ez da nahi genukeena, baina ordukoarekin ezin da konparatu.
1936-1939ko gerrak moztu zuen lehenagotik zetorren euskal kulturaren mugimendua, eta euskarak 40 urteko basamortu kulturala pasa ondoren, jende askoren lanari esker, gaur beste panorama bat daukagu. Arriskuak ez dira desagertu, eta garai haietako jendearen espiritu berbera beharrezkoa da oraindik euskal kultura goi mailan izan nahi badugu.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiot nire ikasle ohi Lander Zurutuzari, lerro hauek idazteko aukera eman didalako, eta aldi berean, Lezoko Guraso Elkartean parte hartu zuten guraso eta laguntzaile guztiei. Gogora ekarri nahi ditut, baita irakaskide eta ikasle izandako guztiak ere, nire bizitzako parte ahaztezina direlako.