Garai bateko erromesaldiaren kronika

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

“Debotoen itzulera”. Fotografia: Lezoko Gurutze Doitsuari euskal-ereserkia, 1919.

Hemen doakizuen idatzitxoa Koldo Mitxelena Kulturunearen liburutegiko hemerotekan aurkitu nuen, eta lezoarron aipamena egiten duenez, Lezoko Portuaren leiho honetara ekartzea deliberatu dut.

Erromesaldiaz dioenaz oroituz, nire haurtzaroa datorkit burura eta urte gutxian Lezoko elizak izan duen izugarrizko aldaketa.

Oroitzen naiz gure haurtzaroan Gurutze Santuaren mirariekiko sinesgarritasun izugarriaz, eta elizako sakristia “mirariengatik” esker onezko koadroz eta oroigarriz beteta zegoela —batzuek urrezko belarri nahiz begi itxura zutenak sendatuaren izen-deiturekin—, ahaztu gabetanik, elizaren barneko paretetan zintzilik zeuden pipiak jandako eta denboraren poderioz hautsez betetako makulu zaharkitu haiek. Guztiak mirarien lekukotzen adierazle.

Gogoan ditut, halaber, urtean zehar izaten ziren erromesaldiak, Mixintxoak, bederatziurrenak eta abar, eta abar, izugarrizko jendetza mugituz eta Gurutze Santu “mirarigilearen” fama eta ospea munduan zehar hedatuz. Erromesaldi horietako batean gertatutakoa aipatzen da ondorengo artikuluan.

<<<<<<<<<<>>>>>>>>>>

[EL URUMEA aldizkaria (1879-1885) / Gipuzkoako ondasunen defendatzailea  / Sortzailea: Serafin Baroja / Zuzendaria: Ricardo Baroja]

 

EL URUMEA (1879-9-24)

Harpidedun batek eskatu digu lerrook sar ditzagun: … “Hil honen 21eko EL URUMEAren 74. zenbakia, nik biharamunean jaso ondoren irakurri baitut Lezoko erromesaldiaz dioena.

Zilegi bekit eliza hartan ikusi nuenaren aipamen labur bat egitea.

Elizan sartzea ezinezkoa zen, eta mukuru beteta zegoenez, aldare nagusiaren atzeko aldera eraman ninduten, bertatik, bi aldeetara dauden bi tribunekin bat egiten duen mailaditik Kristoak atabaka edota limosna-kutxatxoa duen oinetara iritsi ahal izateko.

Meza bukatu aurretik hauetako batean jarri nintzen, eta bukatu eta gero, sakristaua etorri zen aldare aurrera, gurutze bat eskuetan zekarrela, erromesek muin eman ziezaioten. Erromesek berehala gainezkatu zuten presbiterio osoa eta gurutzearen gainera erori zen jendetza hura guztia, sarri sakristauari gurutzea eskuetatik kentzeraino.

Ez dut sekula halako desordenurik ikusi eliza batean. Jendetza haren artean iruditu zitzaidan ikustea gizon batek nola lapurtu nahi zion emakume bati soinean zeraman tokilla. Desordenu hori ekidin zitekeen eskaileren oinetan burdin hesi baxu batek alboetan bi ate edukiko balitu jendea batetik sartzeko eta gurutzeari muin eman ondotik bestetik irteteko; edota alderantziz, sakristauak banan bana eman dezala muin ematera gurutzea, burdin hesiaren beste aldetik.

Ziurtatu didatenez elizaren atarian jasotako dirutza ongintzara bideratuko da, hau da, adineko eta ezindutako apaizei laguntzeko alegia”.

Zeramikazko Gurutze Santua Madrilen

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Madrilgo “Calle del Arenal” izeneko kalean dago Manuel de Gaviria markesaren etxea izandako Gaviria jauregia. Egun, arte erakusketak egiteko erabiltzen da, pintura erakusketak egiteko batik bat; eduki ere hamahiru areto ditu horretarako prestatuta.

PALACIO DE GAVIRIA in Centro District in Madrid (Spain). Built in 1847.

Gaviria jauregia, Madrilen. Fotografia: Wikipedia / Luis García, 2015.

XIX. mendeko etxetzar hori ezaguna da, orobat, bere sabai eta hormetako freskoengatik, eta zeramika aberatsa duelako bere baitan.

Zeramikazko ondare aberats horren artean, Sevillako Triana auzoko zeramika lantegietako batean —Manuel Rodríguez Pérez de Tudelaren lantegian— egindako Lezoko Gurutze Santuaren irudi bikaina ikus daiteke.

lezo05

Fotografia: Manuel Pablo Rodríguez Rodríguez.

DSC04594

Fabrikaren eta pintorearen izenak ageri diren sinaduraren xehetasuna. Fotografia: Manuel Pablo Rodríguez Rodríguez.

Hiru metroko altuera duen zeramikazko erretaula zoragarri hori 1920 aldera egina da eta pintorea, berriz, José Macías Macías delako bat izan zen, firman ageri denetik jakin ahal izan dugunez.

Manuel Pablo Rodríguez sevillarrari esker jakin dugu zeramika lan eder honen berri. Iaz Gaviria jauregira eginiko bisita batean ikusi zuen eta argazkiak egin zizkion. Oarsoaldearen Turismo Sailera helarazi ditu orain argazkiak. Eskerrik asko sevillar prestu horri!

 

 

Arantzazuko egutegia eta Gurutze Santua

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Egutegiak edota kalendarioak protagonista diren egunak dira, horratik, bizi ditugun hauek. Orria pasa, tolestu nahiz erauzteko garaia; hilabetea eta urtea ere aldatu dela adieraziko digu, laster, gelan, sukaldean, lantokian edo heian zintzilik dugunak.

2018ko orrietara pasa aurretik, ordea, aurtengoak ia oharkabean bete duen urteurren bat aipatu nahi dut lezoar nortasunaren kaiera honetan. Arantzazuko Amaren Egutegiak 70 urte borobil egin ditu gure etxe xokoetan; 1947. urtea izan baitzen lauki luze mardul baten forman eman zuen aurreneko urtea. Egunez eguneko egutegia da Arantzazukoa. Eguna pasa ahala, orria erauzi behar izaten den horietakoa. Egun bakoitzak, hau da, orri bakoitzak informazio berezia ekarri ohi du. Atzealdean, txisteren bat edo kontakizun xelebreren bat izaten du gehienetan. Batzuetan, hango edo hemengo bitxikeriaren bat, jakingarriren bat edota pertsonaia ezagunen baten soslaia ere igual. Jakina, egutegi erlijiosoa izanik, igandeetako orrien atzealdean urteko zenbatgarren igandea den eta liturgiako kontuak ekarri ohi ditu. Aurrealdean, berriz, eguneko santuak zein diren eta egunari loturiko esaeraren bat ere bai. Igande eta jaiegunetako zenbakiak, bistan da, gorriz markatuta adierazten ditu. Gure etxean aitona-amonen garaian sartu zen eta oraintsu arte urteroko usadioa izan da, eguberri sasoian, “tako” berria erosi eta harentzat propio egindako egurrezko euskarrian jartzearena.

Arantzazuko Amaren Egutegiko orriak. Iturria: Joxe Luix Agirretxe Mitxelenaren artxiboa.

Arantzazuko fraide frantziskotarrek argitaratzen dute urtero, hutsik egin gabe, eta 1980az geroztik, anaia Jose Luis Zurutuza arduratzen da egiteko horretaz. Orain bizpahiru aste Berria egunkarian kezka agertu zuen Zurutuzak egutegiaren etorkizunari buruz, eta zera zioen, eurak (frantziskotarrak) joatean —desagertzean edo hiltzean, ulertu nuen nik—, ongi legokeela elkarte edo dena delako laiko batek hartzea egutegiarekin jarraitzeko ardura. Izan ere, dezenteko lana izan behar du urtero, orriz orri, egutegi hori apailatzea.

Egutegiaren joan-etorri hauek guztiak tarte honetan azaltzeko arrazoi nagusia, hala ere, egutegi horrek gure herriarekin duen zeharkako lotura da. Arantzazuko Amaren Egutegian urteko egun gailen edo garrantzitsuak —erlijioarekin loturiko jai egunak kasu honetan— egokitzen den santuaren irudiarekin, hobeto esanda, marrazkiarekin agertu ohi dira. Hala, garai bateko ospearen eta garrantziaren erakusle, irailaren 14a, Lezoko Gurutze Santuaren irudiarekin ageri da oraindik ere, egun gailen gisa, jai eguna Euskal Herri osoan ez izan arren. Irailaren 14ko orriak janzten dituen irudia garai bateko estanpa zaharretako irudia da; ez 1985etik hona ezagutzen dugun irudi berrituarena alegia.

Lezoko Gurutze Santuaren irudiak. Ezker aldean, estanpa zaharra; eskuin aldean, egutegiko orria. Iturria: Joxe Luix Agirretxe Mitxelenaren artxiboa.