Bi hilabeteko haurraren biaje tristea Iruñera (1663)

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Lezoko neskatxa ezkongabe bat izan zitekeen ama. Eta herriko mutiko pobre bat aita, edo bertako jauntxo harroputza, apaiz integrista, edo aurreko urtean Gurutze Santuko elizan meza kantatua atera zuten soldaduetako bat. Auskalo! Plazer hartu ote zuten alde biek une batez bederen ala bortxaketa krudel bat besterik ez zen izan? Ezin jakin hori ere! Baina jakin badakigu, 1663an norbaitek ezkutuan haur jaio berri bat utzi zuela Gurutze Santuko elizan, zain zezaten. Eta bi hilabetez, herriko kargudunen aginduz, inude batek bularra eman eta zaindu egin zuela. Denbora hori pasa ondoren, ordea, tornuko haurrekin askotan gertatzen zen bezala, Iruñeko ospitaleko inklusarako bidean jarri zuten haur gaixoa. Francisco de Arbelaiz arduratu zen Lezotik Iruñerako biajeaz, zamari eta ostatuetako gastuetaz, inudearen laguntzarekin. Tamalez, haurra hil egin zen hirukotea Iruñera iritsi baino lehen. Eta bertako ospitalean lurperatu zuten azkenik.

Sekreta

Tornuko leihoaren aztarnak, Lezoko Gurutze Santuko elizan; 1675-1682ko handitze lanen garaikoa edo ondorengoa. Fotografia: Lander Zurutuza, 2022.

Aixtokiko harrizko aterpea

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Artzainen babesleku zaharra Aixtokin, edo ikazkinena, edo talaiariena (baleak, Frantzia iraultzailearen belaontziak…). Auskalo! Baina, 1865ean adibidez, soilik Lezoko artzainek hamasei artalde zituzten inguru horretako mortuetan. Maiz ahuldu egiten da oroimen historikoa, batez ere testuak urriak direnean eta belaunaldien arteko transmisioa kasik hutsaren hurrena. Bada, Jaizkibelgo itsas isurialdean zenbaezinak dira hori bezalako babeslekuak, ia beti eguteran eta itsas ekaitzei bizkar emanez. Asko laguntzen du bertako formazio geologikoak, itsas hondotik altxatutako hareharrizko plaka erraldoien ezaugarriek. Aixtokiko hau, alboko amildegiko zulo ikusgarri batean ezkutatuta dagoen putre kabitik metro gutxitara topatu dut gaur. Pareta aztarnarik ez du, horrelakoetan ohikoak badira ere, baina bai hargin mailuarenak barrukaldean, lurra berdindu eta leiho naturala zabaltzerakoan utzitakoak. Aldiz, baditu harrian grabatutako babes gurutzeak, ohikoak horiek ere, nola barruan hala kanpoan. Baina lehenengo aldia da ikatzez margotutako gurutzeak ere ikusi ditudala, gaurdaino iraun dutenak. Ondoan, amildegian sortutako erramu handi eta lerden bat ageri da. Ikuspegiak ederrak dira.

Otsoak eta azeriak Jaizkibelen

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Jaizkibelgo azeri disekatua, Elortegi baserrian. Fotografia: Lander Zurutuza, 2020.

Lezoko eta Pasai Donibaneko kontu liburu zaharretan bada albiste aski interesgarririk. Esate baterako, 1655ean otsoek kalte handiak eragin zituzten Jaizkibelen, maiz eraso eginez larrean zebiltzan abere taldeei; triskantzari bukaera emateko asmoz, Pasaiako kargudunek ehizaldi bat antolatu eta jende saldoa bidali zuten otsoak akabatzera, eta belloizko 24 erreal gastatu zituzten zeregin horretan. Bestalde, 1767ko egun batean gizon bat ibili zen Lezon barrena jendeari otsokume bat erakusten, eta Lezoko kargudunek belloizko bi errealeko saria eman zioten hura harrapatu izanagatik, halakoetan ohitura zen legez. Eta 1818an antzera, badirudi piztia hedatu samarra zegoela gurean, zeren eta lau gizon etorri baitziren, bakoitza bere kabuz, otso banarekin, Lezoko kargudunen eskutik saria jasotzera; belloizko bederatzi erreal guztira.

Alabaina, hemeretzigarren mende bukaerarako Jaizkibel egoera tamalgarrian zegoen. Eta 1891n Hondarribiko agintariak bederen oso kezkatuta zebiltzan: suteak ohikoak ziren; artaldeek gehiegizko presioa eragiten zuten landaredian; ote, iratze eta su egur mozketek ez zuten etenik… Mendia ez zen jada babesleku egokia otsoentzat, soildua zegoen neurri handi batean.

Azeriak hobeto egokitu dira ingurumenean gertatutako aldaketa sakonetara, bistan da.

Hala, 1845ean, azeriek eragindako kalteekin aztoratuta zebiltzan Lezoko eta Pasaiako artzainak, eta arazoari konponbidea aurkitzearren ekainaren batean hitzarmen bat egin zuten Bautista Escudero ehiztari oiartzuarrarekin, espezialista baitzen piztia horiek harrapatzen. Lezon batzartu ziren bi aldeak: batetik Jabier Isasa eta Lorenzo Garmendia artzain lezoarrak —beren eta Lezoko gainerako artzainen izenean—, baita Juan Ignazio Mendizabal eta Ignazio Ramon Irurueta artzain pasaitarrak ere —Pasaiakoen izenean—, eta bestetik Escudero bera, zeinak urtebeteren buruan bi udalerrietako azeri guztiak akabatzera behartu baitzuen bere burua. Halaber, urtebetea bukatu ondorengo hamabost egunetan artzainen batek azeriren bat sumatuz gero, hura ere ehizatu beharko zuen. Artzainek, ordainetan, jada emanak zizkioten hemeretzi artantxu edo ardi gazte, eta beren burua behartzen zuten hamar gehiago ematera urte eta hamabost eguneko epea bukatzen zenerako; hogeita bederatzi artantxu guztira.

Hogei urte geroago, 1865ean, Lezoko hamasei artalde zebiltzan Jaizkibelgo larreetan, bakoitza hirurogeita hamar bat ardiz osaturik. Oraindik ere, piztiek batez beste urtean bost ardi akabatzen zituzten artaldeko.

Jaizkibelgo toponimian ere utzi dute beren aztarna azeriek, besteak beste putreek edo azkonarrek egin bezala. Hondarribi aldeko leku izenen artean badira Azerioiana, Azeritoki, Azerizuloeta… Pasai Donibanen bada Azariondo izeneko paraje bat itsaslabarretatik gertu, Mitxitxolako kaskoaren mendebaldean. Azkenik, Lezon bada Azaritunbo izeneko mendi kasko bat (43º20’03.58”N 01º53’10.62”W), Mugitar eta Bigarren dorrearen artean.

Esan bezala, itxura guztien arabera azeri ugari dago gaur egun Jaizkibelen. Orain dela urte batzuk horietako batek Kaserna baserritik ahatea eraman zuen, goizean egun argiz gainera, eta bertako senar-emazteek ikusi ere egin zuten azeria soroan. Urdalamarta baserrikoek tarteka azeriren bat ikusten dute beren lurretan lanean dabiltzanean; orain dela aste gutxi azkenekoa.

Iraganean bezala etorkizunean ere jarrai bezate azeriek Jaizkibel mendian!

Garai bateko erromesaldiaren kronika

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

“Debotoen itzulera”. Fotografia: Lezoko Gurutze Doitsuari euskal-ereserkia, 1919.

Hemen doakizuen idatzitxoa Koldo Mitxelena Kulturunearen liburutegiko hemerotekan aurkitu nuen, eta lezoarron aipamena egiten duenez, Lezoko Portuaren leiho honetara ekartzea deliberatu dut.

Erromesaldiaz dioenaz oroituz, nire haurtzaroa datorkit burura eta urte gutxian Lezoko elizak izan duen izugarrizko aldaketa.

Oroitzen naiz gure haurtzaroan Gurutze Santuaren mirariekiko sinesgarritasun izugarriaz, eta elizako sakristia “mirariengatik” esker onezko koadroz eta oroigarriz beteta zegoela —batzuek urrezko belarri nahiz begi itxura zutenak sendatuaren izen-deiturekin—, ahaztu gabetanik, elizaren barneko paretetan zintzilik zeuden pipiak jandako eta denboraren poderioz hautsez betetako makulu zaharkitu haiek. Guztiak mirarien lekukotzen adierazle.

Gogoan ditut, halaber, urtean zehar izaten ziren erromesaldiak, Mixintxoak, bederatziurrenak eta abar, eta abar, izugarrizko jendetza mugituz eta Gurutze Santu “mirarigilearen” fama eta ospea munduan zehar hedatuz. Erromesaldi horietako batean gertatutakoa aipatzen da ondorengo artikuluan.

<<<<<<<<<<>>>>>>>>>>

[EL URUMEA aldizkaria (1879-1885) / Gipuzkoako ondasunen defendatzailea  / Sortzailea: Serafin Baroja / Zuzendaria: Ricardo Baroja]

 

EL URUMEA (1879-9-24)

Harpidedun batek eskatu digu lerrook sar ditzagun: … “Hil honen 21eko EL URUMEAren 74. zenbakia, nik biharamunean jaso ondoren irakurri baitut Lezoko erromesaldiaz dioena.

Zilegi bekit eliza hartan ikusi nuenaren aipamen labur bat egitea.

Elizan sartzea ezinezkoa zen, eta mukuru beteta zegoenez, aldare nagusiaren atzeko aldera eraman ninduten, bertatik, bi aldeetara dauden bi tribunekin bat egiten duen mailaditik Kristoak atabaka edota limosna-kutxatxoa duen oinetara iritsi ahal izateko.

Meza bukatu aurretik hauetako batean jarri nintzen, eta bukatu eta gero, sakristaua etorri zen aldare aurrera, gurutze bat eskuetan zekarrela, erromesek muin eman ziezaioten. Erromesek berehala gainezkatu zuten presbiterio osoa eta gurutzearen gainera erori zen jendetza hura guztia, sarri sakristauari gurutzea eskuetatik kentzeraino.

Ez dut sekula halako desordenurik ikusi eliza batean. Jendetza haren artean iruditu zitzaidan ikustea gizon batek nola lapurtu nahi zion emakume bati soinean zeraman tokilla. Desordenu hori ekidin zitekeen eskaileren oinetan burdin hesi baxu batek alboetan bi ate edukiko balitu jendea batetik sartzeko eta gurutzeari muin eman ondotik bestetik irteteko; edota alderantziz, sakristauak banan bana eman dezala muin ematera gurutzea, burdin hesiaren beste aldetik.

Ziurtatu didatenez elizaren atarian jasotako dirutza ongintzara bideratuko da, hau da, adineko eta ezindutako apaizei laguntzeko alegia”.

Jaizkibel ene bizipenetan

JOSEBA AURKENERENA BARANDIARAN

Txakillarri, Jaizkibelgo kostaldean. Fotografia: Lander Zurutuza, 2009.

Murrua itsaso aurrean, murru luze-luzea, naturak egindako horma, naturak maite duen bazterra, Pasai Donibane, Lezo, Hondarribia eta Irun gerizatzen dituena, hamaika txoko, hamaika xendra, gailurretako dorreak, itsas bazter ederrak, zaldiak, ardiak, betizuak eta ardiak larreetan, kaioak, antxetak eta pottorroak kantari hondarrezko haitzetan, haizeak hondar-harrietan landutako paisaiak, kontrabandisten bidexkak, baleazaleen talaiak, euskal piraten gordelekuak, Trapujale eta Marinazkaneren bizitoki magikoa, Zabarre adoretsuaren ibileren lekukoa, Allerruko Amonaren begiratokia, ametz basoak eta oihan beltzak, itturri fresko kantariak eta erreka garbi aratzak, artzain eta baserritarren lurra, arrantzaleendako lehen eta azken agurra.

Hori dena da niretzat Jaizkibel, mendi, baso, dorre eta babes, bakezko eta gerrazko garaien jakile, urrunerako itsasaldien oihartzun, kondairaz eta magiaz blaituriko mendi heze luzea, magaletan bizi direnentzat gerizpe eta aterpe, eguneroko bizimodu petralean beste errealitate baten seinale, itxaropen kabi eta bizi nahi duen Herri honen branka.

Jaizkibel izan dadila luzaz, izadia, irudimena eta magia uztartzen dituen mendia, gure esperantzen portu gotorra eta bizimodu aske baten iragan eta geroa.

Urruñan, 2020ko apirilaren 10ean.

(Nire konfinamendutik bihotzez egina)

Lander Zurutuza Sunsundegiren Lezoko Toponimia (Maiatz, 2019)

PATRI URKIZU SARASUA

Zabalenea (Lezo), 2019-X-26

Egunon denoi, (M. Lekuonari gertatua…)

Gaur aurkeztera nihoakizuen liburua, hain modu bikainean Lucien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeko zuzendariak argitaratua, Lezoko historiari eta hizkuntzari buruz egin den ikerketa lanik sakonena da.

Ez da soilik bertan Lezoko Toponimia aztertzen. Hitzaurrean bertako leku, etxe, erreka, zubi, iturri, gotorleku eta abarren izenak biltzea jotzen bada ere helburutzat. Ez da toponimiako liburu arrunta, askoz ere gehigo bada, alegia, esan nahi dut, hiztegi linguistiko eta historikoa ere badela. Leku, etxe eta abarren izenez aparte, bertan bizi izan ziren pertsonaien bizitza zertzeladak eta detaile ezezagun ugari ematen baitizkigu. Lezoko mugak historikoki eta mugarriak zehaztasunez kokatzeaz gain, noraino iristen zen Lezo eta Bizkai auzoa, eta adibidez Pasaiako mugetarik bat Puente de Aingeru zela.

Bostehun orridun liburu honen ekarpena ez da Lezoko historiari bakarrik mugatzen, zeren eta euskararen historiarentzat altxor handi bat baita, eta erreskate lan ikaragarria.

Lezo azala- - copia

Liburuaren azala, non Pedro Lekuona Sagardia agertzen baita.

Suertatu izan baitzait Frantzia eta Espainiako Unibertsitate ezberdinetako tesietan epai-mahaiko izatea iker lan anitz baino askoz ere sakonago, zehatzago, interesgarriago dela aitortu behar dut. Beraz, doctor cum laude, izendatzen dut Historian eta Filologian, Lander Zurutuza Sunsundegi, Lezoko Unibertsitatearen izenean, eta zilegi bekit hau egitea Bordele eta Madrideko Unibertsitatean 25 urtez irakasle izan nintzenez gero eta bertako Unibertsitateko lehen alkate demokratikoa.

Bazen garaia esango du norbaitek, baina egia esan lan eskergaitz honek ordu kontaezinak eta urteak ditu gordeak bere barnean. Sarreran dioenez, nire uste apalean laburxko aritu zaigu Lander, eta Bibliografian aipatzen digunez izan ditu eredu onak aurrean adibidez Anjel Mari Elortegik egindako lana Pasaiako Toponimiaz (1992), eta Joxe Jabier Furundarenak Hondarrabikoaz (2002). Hor dago ere Imanol Goikoetxeak eta Idurne Lekuonak burututako Oiartzungoaz (2007).

Gauza jakina da euskaldunak denbora zaharretan batez ere idazki gutxi zutela euskaraz idatzi, baina ekintza handiko, kuraia izugarriko gizonak izan zirela, lekuko Elkano getariarra, lehena munduari bira ematen, hain era paregabean Elias Salaberria pintoreak, eta Lezoko seme zenak margotua El desembarco de Elcano deitu koadroan.

Bernat Etxepare behenafarra izan zen bere aldetik Betrand Leheteren laguntzaz 1545ean argitaratu zuena Bordelen lehen euskal liburua, Linguae Vasconum Primitiae. Euskaldunon lehen hasikinak. Baina dokumentu zaharragoak aztertzen baditugu hauek latinez, frantsesez, gaztelaniaz edo gaskoineraz idatzitakoak direla ohartuko gara, baina halere hauetan euskarazko izen ugari agertuko zaizkigu Euskal Herriko hizkuntzaren historia jakiteko lekuko guztiz interesgarriak direnak. Izendegi hori, lekuz-leku oso aberatsa da eta Lezori dagozkionak pazientzia eta arreta nekagaitzez jaso ditu eta artoski moldatu Lander Zurutuzak.

Sarreran esaten digunez Jaizkibelen Mugitarko aztarnategian aurkitu dituzte Goi Paleolitiko garaian erabilitako harrizko tresnak, bai eta Burdin Arokoak izan daitezkeen aztarnak, alegia inguru honetan garbi dagoela bazela jenderik.

Bestalde, ezaguna da euskararen lehen arrastoak erromatarren garaiko hilarrietan, inskripzioetan, iritsi zaizkigula euskararen lehen lekukotasunak, hala nola, andere, gizon, sembe, neskato, ume, gorri… hitzak.

Jauzi haundi bat eman behar dugu, ordea, erromatarren garaietatik X. mende erdiraino Donemiliagako euskal lehen esaldiak topatu arte, eta pixkat geroxeagokoak, XII. mendekoak dira Aimery Picaud Santiago bideko erromesak bildutako hitzak: urcia, andre Maria, ogi, ardum, aragi, arrain, etxe, jaona…, besteak beste. Eta bai Koldo Mitxelena hizkuntzalari errenteriarrak bere lan jakintsuetan, bai Jose Maria Lakarra historialari lizarratarrak bere Vasconia medieval. Historia y Filología (1957) dioskutenez erdi aroko agiriak, hala nola, Leire, Iratxe, Orreaga eta beste monastegiko paper zaharrak, jauregi, udaletxe eta beste erakundeetakoak oso lagungarriak ditugu.

Adibidez, Gonzalo Martinez-ek bere Guipúzcoa en los albores de su historia (1975) liburuan aipatzen du 1025eko dokumentu bat, non ageri zaigun un monasterio que llamaban Olazabal en Lezo. Baina, antza denez Salbatore izeneko monastegi hau Alzon zegoen eta ez Lezon. Irakurketa okerrak maiz ematen dira askotan agiri transkribitzaileen artean.

Dena den, esan dezakegu Lezori buruzko lehen albistea 1203koa dela, Alfontso VIak Gaztelako Palentzian sinatu zuen agiri batean ageri baita aipamena, non Hondarribiako hiriari ematen zitzaizkion Donostiako foruak eta Guillemum de Laçon et socios suos ut sint vestri vicini. Gillermo Lazongoa eta bere kideak auzotar eduki zitzaten.

Biarnotik zetorren Gillermo hau, eta dakigunez Nafarroako erregeek ezarri zituzten kostalde honetan gaskoinak portuetako gora-beherak, administrazio kontuak eramatearren.

Beti kezkatu izan dit Lezo hitzaren esanahiak, eta kontutan hartuta badela Pabe ondoan Lezons izeneko herri bat, hango etorkia edukiko zukeela Gillermok pentsatzeari zilegizko deritzot. Bi esanahi ezberdin edo eduki ditzakeela, hesi, lezoin ´seto, trinchera´ hitzekin edo, lakio, lazo-rekin, bada lac-, lakurekin eta lintzirin-ekin lotzen duenik, bai eta lazedemonioarrekin.

75316077_10221488026336294_3024197785781010432_n

Lucien Etxezaharreta, Lander Zurutuza eta Patri Urkizu liburuaren aurkezpenean. Fotografia: Jokin Mayo, 2019.

Hitzekin batera Zurutuzak 1374, eta 1399ko agiriak aurkezten dizkigu, non jada Laçon, Leço bilakatua den, baina 1455ean oraindik agiri batean la yglesia de Laçon aipatzen dela. Tartean baita ere …la casa de Gaviria e dende a la de Darieta.

Antza denez, baziren XV. mendean oraindik lazondarrak San Pedro aldean ere bizitzen Iago Irixoaren ikerketan azaltzen zaigunez.

Koldo Mitxelenak Apellidos Vascos (1953) liburuan Gabi ´martinete o maza de herrería´ dio dela, beraz eta –iri ´cerca´, Zubiri eta Zubiondo bezala, ferrola bat izango zen bertan. Darieta baserria (1397) (haritz askoren lekua?) lehenetarikoa izango da azaltzen eta XVIII mendeko dokumentu batek kontatzen digu, besteak beste, nola baserri horretan sagardoa saltzen zen eta edaten eta halako batean borroka bat sortu zela edaleen artean, ondorioz kartzelan bukatu zutelarik muturjoleak.

Darieta hitza eta lekuaren inguruan beste hitz multzo bat ere sortzen da: Darieta aieka (Mitxelenak zioenez Lezo eta Errenteri aldean bakarrik kontserbatu den gaskoin hitza), Darieta aundi, Darieta berri, Darieta-ko depositua, Darieta erreka, Darieta kaskoa, Darieta txiki, Darieta zarra, Darieta zokoa.

Bada beste baserri hitz bat ere bere muinean informazio handia daukana eta bilakera fonetiko bitxia izan duena: Agaramuntenea (1655) denboraren poderioz Amunttene (2000) bilakatu dena. Nork pentsa Agaramunt, Gramont iparraldeko noblearekin zerikusia zezakeenik? A- protetikoa (arruta, errota bezala) eta Ag-a-ramunt, -a- anatiptikoaz (giristino, garazi, bezala) eta -e epentetikoa. Hori da bokal erantsiak izendatzeko hizkuntzalariek darabiltzaten hitz tekniko zailak! Antoine de Gramont XVII. mendean Baionako Gobernadorea, Bidaxuneko jauregiko jauna, Nafarroa eta Biarnoko bizerregea, Louis XIV-aren adiskide zen, dakigun bezala eta Arnaud Oihenart historialari mauletarra (Notitia utriusque Vasconiae, 1638) izan zen bere jauregiko liburuzain. Bestalde hor daude kanta zahar haiek Berretetxen khantoria bezalakoak, agaramontesak eta beamontesen arteko borroka odoltsuen lekuko.

Aurki dezakegu liburuan ere frantsesek kastellanoekin Lezotik pasatzerakoan egin zituzten sarraskien aipamenak. Hala:

1515. urtean Darieta baserria erre zutela dio agiri batek.

1719an Agaramuntenek bazeukan bere lurretan harizti eder bat eta frantsesen inbasioaren ondorioz moztu egin zituzten haritzak.

1859an Kaserna baserria ageri zaigu jada, eta dakigunez hitz honek frantsesez kuartela esan nahi du, bertatik pasatu zirenaren seinale.

Gerrei buruzko berri ugari badatoz, noski, baina beste gai asko ere ageri dira oharretan. Adibidez, elizarekikoak aipatzen dituztenak. Nola abereak kaletik ibiltzen ziren eta noizpehinka zerriak ere sartzen ziren Gurutze Santuko basilikan. Kanposantua lekuz aldatzeari buruzko detaileak, serora eta apaizen gora-beherak, German de Ugarte (1534) inkisidorearenak…

Alabaina betidanik interesatu izan zaizkit batik bat itsasoarekin zerikusia duten hainbat eta hainbat albiste. Adibidez nola Jaume de Zamora (1568), erregeen Armadetako pilotu izan zena Felipe II-aren garaietan, Florida, Flandes, Ingalaterra, Eskozia eta Noruegan, hala nola Mediterraneoko kostetan ibilia zen eta Mareas, derrotas liburua argitaratu zuen. Tamalez aurkitu ahal izan ez duguna, pixkat lehentxeago Zamorano batek argitaratua, aldiz, bai. Nobela historiko baterako gai aparta.

Untziolak, itsasoko kapitanak, tenienteak, pilotuak, kortsariak ez ziren gutxi izan itsasora begira zegoen Lezon. Lezoko kaiatik, eta bereziki Port dela Borda deitutik atera izan baitziren mundu zabalera, mendez-mende.

Beste zenbait idazleren berri ere ez zaigu falta. Hala XVII. mendeko Lope de Isasti, Compendio Historial de la Muy Noble y Muy Leal provincia de Guipúzcoa, 1625. urtean idatzi eta 1850.ean argitaratua, zein garaiko historiaren iturri ezin agortua den. Hau eta Lezoko idazleak Historian mintzagai hartuz 2003ko abenduaren 12an hitzaldi bat eman nuen, Landerrek gonbidaturik. Isastiren liburuan beste gauza askoren artean esaldi famatu hura Ternuako salbaiak ere ikasi zutena aipatzen zaigu: Apaizak hobeto. Honen liburutegi aberatsa nonbait agertuko balitz benetan bitxi ederrak lekarzkiguke agian, Santxo de Elsoren Dotrina edo Erruanen plazaratutako Etxepareren bigarren edizio galduak bezalakoak…

Eta Frantzisko de Gainza (Lezo 1658 + Irun 1739) teologian doktorea, Irungo erretorea eta Lezon etxe zenbaiten jabe zenak Historia de la Universidad de Irún-Uranzu (Pamplona, Martin Francisco Picart 1738) argitaratu zuen, 1987an Irungo Udalak faksimilez berrargitaratu zuena. Etimologien garrantziez mintzatzen zen hasieran liburuan. Bere testamentuan ez zen ahaztu sorterriko bikarioez, zeren honela agintzen duen, dichas casas han de ser vicariales, que no las tiene la iglesia de Lezo (1733).

Arraitokia dela eta Juan Garbizu “Zubigar” gazterik hilaren poema bat ere agertzen digu non bertsoen bitartez modu finean hain ongi ezagutzen zituen parajeak adierazten dizkigun. (P. Urkizu & P. Intxaurrandieta, Garbizu anaiak, Lezoko udala 1991, 310.)

Herriko festen eta jokoen berri ematen digu behin baino gehiagotan. Adibidez pilota jokoa eraikitzearren izan ziren gorabeherak Goiko plaza, sarrerapean. Bertan zezenak ere toreatu zirelarik. Frontoiak iragarki bat izan zuen urte askotan eta ezagutu genuen gainera: Queda terminantemente prohibido jugar a la pelota o al balón en la Plaza de arriba, durante la celebración de los Oficios Divinos (1924). Antzara jokoaz, dantzez, kartaketan gertatutako eztabaidak (1751), bi idi eta bi behien arteko dema (1851), eta beste.

Krimen eta hilketa ixtorioak ere ez dira gutxi, hala nola Juanes de Salaberriaren hilketa (Lezokuak 2018), 1648an gertatua eta gero hain modu pollitean liburutto gisara argitaratu dutena Mikel Susperregiren hitzekin eta Lander Zurutuza beraren marrazkiekin hornituta.

Edota Gaintxurizketako lapurraren deskripzioa (1817):

[El] Director de Postas y Administrador de la de Irun Don Simon de Iriarte, el cual a distancia de cuatro pasos de la Cruz de Gaintxurizketa fue asaltado por un hombre armado de una carabina muy luciente y una pistola, su traje chaqueta parda y con un trapo o rodilla cubierto su rostro y la mayor parte del pecho, el cual aunque en mal castellano le exigió la bolsa y dinero…

DSCF9953 - copia

Lucien Etxezaharreta editorea, Lander Zurutuza autorea eta Patri Urkizu aurkezlea Gurutze Santuaren plazan, 2019ko urriaren 26ko bazkalondoan. Fotografia: Agustina Pontesta Garmendia.

Nire familiakoen berri bilatzen hasi eta hor aurkitu ditut ere hain ezagunak zaizkidan Olatzar (1568), Peliar (1568), eta Torrexil, Torrojil (1639), XVI. menderako jada eraikita zirenak. Azken honek Dorrejilko kanta (Kriselu 1977) poesia liburuttoa idatzarazi zidana. Eta izengoiti bezala batean baino gehiagotan entzun izan dut ere oi Txularran semia

Nire aitak etimologiak egiten hasi eta Mari Etxalarkotik zetorrela izengoitia, zioen. Bazuen ere idazteko grina eta bere bizitza bertsotan idazteaz aparte, eta neurri batean jaso nuena Zoazte hemendik (1995) nobelan, idatzi zuen angulero baten bizitza honela titulatu zuena: Polanxar. Toponimian etxe bezala ere ageri dena Pulancharranea (1876).

Beste albiste interesgarrien artean nesken eskolari buruzkoa dugu, esaten baitzaigu 1830eko agiri batean Rafaela de Arpide, 640 erreal urteko ordain sari ukanik erakusten ziela neskatilei irakurtzen, idazten, Kristau Doktrina, eta galtzerdiak konpontzen ere. Arpidenea etxearen armarria ere benetan ikusgarria da. Eta jada Joanes de Arpide delako bat agertzen zaigu 1568ko agiri batean.

Markesane toponimoak ere burura erakartzen dizkit hainbat kontu. Dakigunez leku hau Lezoandia deitu parajean dago eta bertan egindako indusketetan erromatar garaiko zeramika zati bat aurkitu da. Baina nik bakarrik dakit zenbat bilera egin behar izan genituen 79tik 83ko nire alkatetza garaian plazaondoan dagoen parke hori herriarena bilaka zedin, zeren lehenik Maria dela Concepción Narvaez de Águila, Kartagoko markesarena zena Atxa fabrikakoen jabeen eskuetara pasatu baitzen. Eta egokitu ondoren bertan ezarriarazi genuen puntalean topatu genuen eta XVII. mendekoa zitekeen ainguratzar handi bat, Lezoko historiaren sinbolotzat.

Gaintza eta Endara deituren armarri bateratua ere, gaur egun Kuartela bezala ezagutzen den etxekoa ikusgarria da. Eta armarri, moilak eta dorreoiez aparte baserri eta pertsonen fotografiak aberasten dute liburua. Kaserna baserriko Pedro Lekuona Sagardiarena, Gregorio Arruti Legorburu Bordatxo baserrikoa, Fernantxo Intxaurrandieta Aizpurua atzealdean bere jaiotetxe Maisukristobalena duela, Mikel Salaberria Kortabarria Martiskoneko baserrikoa, Joxe Garmendia Gaztelumendi, Urdalamarta baserrikoa, eta Maria Ezekiela Salaberria Etxabe Zabalenea etxe honetakoa hain zuzen, eta beste.

Elementu guzti hauek hornitzen dute bai antzinako agirien azterketa sakonak bai eta informanteen ezaguerek osatu diguten lan sakon eta oparo hau, fitxen hoztasunari ixtorio benetan interesgarri hitzari erantsiz, orduz pagatu ezinezkoa lana, neke handiz eta pazientzia handiagoz oratua.

Bukatzeko hauxe esan nahiko nuke. Alegia, oinarritzat hartuta datu harrobi hau badutela Lezoko hizkuntzalarigai eta historiagilegai gazteek beren ikerketa edo tesilanak burutzeko nora jo, informazio iturri paregabea baita hau. Halere nik uste dut Lezoko Udaletxeak berak, zentzuduna eta eskeronekoa balitz, hitz lauz jarraiako Lezoko Historia idaztea enkargatu beharko liokeela berari. Nor da, bada, Lander Zurutuza baino jakintsuago Lezoko historian eta egokiagorik?

Aski dut. Milesker arretagatik.

 

Erramun Salaberria, Lopene baserriko semea

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Erramun Salaberria Lopetegi (Lezo, 1927-2019) jada 1568an aipatua den Lopene baserri zaharrean jaio zen, zeina Barunga baserriaren ondoan baitzegoen. Familiak ustiatzen zuen Lopeneko harrobia ere jaiotetxearen ondoan zegoen, hegoaldean. Aipatu bi baserriak Orbegozo lantegia eraikitzeko suntsitu zituzten 1960ko hamarkadan. Harrezkero Lopene baserri berrian eman zuen bizitza osoa.

Erramun Salaberria Lopetegi, Lopene baserrian. Fotografia: Lander Zurutuza Sunsundegi, 2012.

Erramun gaur egun galzorian den belaunaldi bateko partaidea izan zen, euskara hutsez mintzatu eta nekazaritzatik bizi zen jendarte batekoa, zeina industriak, eliza katolikoak eta gerra zibilak markatu baitzuen. Atsegina zen tratuan, eta maiz hitz egiten genuen elkarrekin 1996an haren auzokide bilakatu nintzenez geroztik. Plazer handi bat zen. Oso informatzaile ona izan zen gainera nire Lezoko leku izenen bilketa lanerako.

Jarraian duzu 2013ko apirilaren 13an Lopenen bertan eskaini zidan elkarrizketa:

Gerra ondoko ezohiko hilketa Pasaian

MIGUEL ANGEL BARCENILLA LÓPEZ

Jaizkibelgo errepideak Euskal Herriko ibilbide panoramiko ederrenetakoa eskaintzen dio bidaiariari, zinez. Ematen du turistek, motorzaleek, txirrindulariek edo ibiltariek paisaiaz gozatzeko egina dela, baina bere sorreraren eta eraikuntzaren historia erabat desberdina da, izan ere, izugarrizko sufrimendua eraginda izan zen eraikia, milaka gerra-presoren eta errepresaliaturen lan bortitzaren emaitza da.

Errepide horrek jatorri militarra du, eta erabilera militar hutsa izan zuen bere lehenengo urteetan. Espainiako Estatuaren Pirinioko muga defendatzeko gotorleku lerro baten osagarria baitzen, errepide taktiko moduan. Balizko inbasio bat oztopatzeko asmoz gauzatu zuen Espainiako Armadak gotorleku sistema hau eta plan horren baitan Guadalupeko gotorlekua hornitzea eta laguntzea zen errepide horren zeregina, beti balizko inbaditzaileen tiroetatik babesean. Horregatik doa Jaizkibelen ipar aldetik errepidea, mugaren beste aldetik edo errepide nagusiko inbasio-bidetik letozkeen etsaien tiroetatik mendiak babestuko bailuke bidea (1).

Langile Batailoiek (Batallones de Trabajadores) eta Soldadu Langile Batailoiek (Batallones de Soldados Trabajadores) errepidearen lanak gauzatu zituzten 1939ko iraila eta 1946 bitartean. Lezoko eta Oiartzualdeko gainerako herrietako biztanleek, batak zein besteak “trabajadoreak” izenarekin izendatu zituzten. Gerrako presoek osatzen zituzten, batez ere, Langile Batailoiak, eta 1939ko irailetik 1940ko bukaera arte aritu ziren Jaizkibel barruan lan gogor horretan. Lan bortitza gerra galtzaileen kontrako zigor gogorrenetako bat zen, beraien sufrikario zabalaren aurpegi gorri bat baino ez, ikerketa anitzek agerian uzten duten bezala (2). Horregatik guztiagatik, ibilbide eder horrekin gozatzeaz gain, ez dugu ahaztu behar tragedia eta ezbehar anitzen ordainetan eraikitako errepidea dela.

Jaizkibelgo trabajadoreen sufrikarioak historia-ikerketa sakona merezi du, artikulutxo honetan ezinezkoa dena azaltzea. Alabaina, tarte honetan, herriko trabajadoreen inguruko ezohiko gertaera batean jarriko dugu arreta. Istorioa bitxia da, izan ere, behingoagatik behintzat, ezbeharra nozitu zuen pertsona ez zen galtzaileen aldekoa.

1940ko urtarrilean trabajadorez osaturiko lau batailoi lanean zebiltzan Lezo aldean. Haietako hiru Jaizkibelgo errepidean ari ziren eta bestea Gaintxurizketan, bunker eta gotorleku berriak eraikitzen. Hainbat konpainiak osatzen zuten batailoi bakoitza: gutxienez, trabajadoreen bi konpainia zeuzkaten batailoiek, baina askotan hiruzpalauk osatzen zituzten. Batailoi guztietan, halaber, soldaduen konpainia bat izaten zen trabajadoreen zaintza bermatzeko. Trabajadoreak erregimen militar pean egoten ziren, baina armarik gabe, zaintza egiten zuten soldaduak, aldiz, armadunak ziren, jakina, eta hainbatetan armak erabili zituzten, batez ere ihesaldiak ekiditeko (3).

Errepidearen hasierako eremuan, Errotetan hain zuzen ere, 89. trabajadoreen batailoia ari zen lanean urtarril hartan. Trabajadoreen bi konpainiak eta soldaduen konpainia batek osatzen zuten batailoia. Soldaduek gaurko errepidearen ezkerreko aldean, Jaizkibel gailurrerantz joanda, zuten egoitza, Donibane aldean. Trabajadoreek, berriz, errepidearen beste aldean, Lezon. Gaur egun ikus daitezke barrakoi horien arrastoak.

Errotetako barrakoiak, Lezo. Fotografia: Lander Zurutuza Sunsundegi, 2016.

1940ko urtarrilaren 19an, igandez, Constantino León González soldadua barrakoitik atera zen aisialdiaz gozatzeko asmoz. Ez dakigu nora joan zen hasieran, baina egunaren amaieran Pasai Antxon zegoela bai. Denbora libreaz gozatu asmoz, hango Escandinavia tabernan sartu zen, baina handik ez zen bere kabuz aterako.

Gauerdi inguruan, ordurako taberna itxita zegoela, eztabaida piztu zen tabernaren jabe Mateos Johann alemaniarraren eta soldaduaren artean, hartutako edarien ordainketaren gainean, antza denez. Liskarra sutu egin zen, eta une batean tabernariak pistola bat hartuz hiru tiro eman zizkion soldadu gizajoari, haietako bi buruan, hilda utziz.

Gertaera horren berri Pasaiako Artxibategian dagoen telegrama bati esker dakigu; Pasaiako alkateak Gobernadore Zibilari bidalitakoa (4). Garaiko egunkariek ez dakarte ezbehar horren aipamenik, nahiz eta ia egunero Espainiako Armadari buruz eta soldaduei buruz artikulu edo suelto bat argitaratu. Hori bai, beti laudorio moduan, eta benetan zail da gertaera horri halako trataera ematea.

__________

  1. Errepide honeko jatorri militarra eta gotorleku sistemaren barruan zuen funtzioari buruz azalpen argia eta zehatza aurkezteko ikus: Sáez García, Juan Antonio: “La fortificación Vallespín en el alto de Gaintxurizketa (Guipúzcoa)”, Bilduma, 21 eta egile berberaren “La fortificación Vallespín (1939-1940) en Arkale (Oiartzun-Irún, Guipúzcoa)”, Bilduma, 22.

  1. Gure inguruan gertatutakoari buruz ikus: Agirretxe Mitxelena, J.L.; Pontesta Garmendia, A.; Leon Nanclares, A.: Zigortuak ilunpetik argitara. Frankismoaren biktimak Lezon 1936-1945. Lezoko Unibertsitateko Udala. Lezo, 2008 ; Beaumont, E.; Mendiola, F.: Esclavos del franquismo en el Pirineo. Txalaparta. Tafalla, 2006 ; Alkuaz, Izar: “Bortxazko lanak franquismo garaian: langile-batailoien aztarnak Oarsoaldean”, Oarso, 50 zenb., 2015 ; Euskal Memoria Fundazioa: Bortxazko lanak Gipuzkoako errepideetan ; Kattin-Txiki taldea: Isiltzen ez den isiltasuna: lurpetik berreskuratutako memoria. Oiartzungo Udala. Oiartzun, 2009.

  1. Gutxienez hiru trabajadore hil zituzten tiroz Lezon. Ikus: Agirretxe Mitxelena, J.L.; Pontesta Garmendia, A; Leon Nanclares, A.: Zigortuak…, 47. or.

  1. Ikus: Pasaiako Udal Artxibategia, 179 A sig.

Gaintxurizketako gurutzea

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Garai batean bazen gurutze bat Gaintxurizketako kaskoan, bidegurutze bakartietan ohikoa zen legez. 1744an gurutze hura desagertu egin zen, baina Lezoko kargudun eta herritarrek berehala erabaki zuten harrizko berri bat egin eta aurrekoaren leku berean jartzea. XIXgarren mendeko lehendabiziko hamarkadetan —Gaintxurizketako benta eraiki gabe zegoenean—, oraindik ere, gurutzea erreferentzia puntu bat zen bidean gora eta behera pasatzen ziren mandazain, soldadu eta bidaiari arrotzentzat. Leku hura jende eta ondasun askoren pasabidea zen, baina inguruko baserrietatik urruti xamar zegoenez lapurretak ere egiten ziren bertan.

Gaintxurizketako gurutzea. Marrazkia: Lander Zurutuza Sunsundegi (2018).

Lezoarrentzat zen, ordea, Gaintxurizketako gurutzea zerbait berezia eta propioa. Lezoko San Juan Bataiatzailearen parrokiako barrutia, ekialdetik, bertaraino hedatzen zen, eta noski baita herriko kargudunen autoritatea ere.

Hala, urtero, San Marko egunez —hau da, apirilaren 25ean— lezoarrek elizako kabildoarekin batera prozesioa egiten zuten Gaintxurizketako gurutzeraino, bidean zehar letaniak kantatuz, gero han bertan guztiek otordu bat egiten zutelarik. XVII, XVIII eta XIXgarren mendeetan baditugu tradizio horren aztarnak, baina litekeena da zaharragoa izatea. 1714an, adibidez, kontzejuak San Markoren erretaula bat erosi zuen Gaintxurizketako prozesiorako, hamabost erreal ordainduta.

Olibet gaileta lantegia

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

1886an eraiki zuten Euskal Herrian gaileta-lantegi hau Olibet familiaren gidaritzapean; “La Ibérica, Gran Manufactura Española de Bizcochos de Lujo y Galletas” izenez lehendabizikoz, eta, gero, Galletas Olibet bezala ezagunagoa izango zena.

Lezoko tren geltokiaren ondoan kokatua, Errenteriako lurretan, 3.500 metro karratu zituen eraikinak. Kokapen ezin hobea zuen, leku estrategikoa alegia. Izan ere, gailetak egiteko ia glutenik gabeko irin almidoiduna Gaztelatik trenez ekartzen zutenez, bertatik bertara jasotzeko primerako aukera zuten, eta gainera, beste edozein azukre baino kalitate hobekoa zen Cubako kanabera-azukrea oso modu egokian lortzen zuelako Pasaiako portutik. Azkenik, inguruko baserrietako esnea lortzea ere oso erraza gertatzen zitzaien.

Osagaiak kalitatez ezin hobeak eta esku-eskura izanik, lantegiak derrigor arrakasta izan behar! Beraz, gaileta onaren sekretua bere osagaietan zetzan: irina, azukrea, gurina, esnea, arrautza gorringoa eta banillarik onenen hautuan, alegia.

Eta zein zen hurrengo urratsa? Bada, gaileta egiteko ore leun eta garbia egitea. Horretarako lehen urratsa osagai guztiak galdaratzar ikaragarrietan irabiatu eta mekanikoki ijezkailutik (laminadora) bitan pasa eta gero, zikinkeria guztiak kendu eta elaboraziorako prest utzi ondotik, arrabol edo zilindroen artetik pasatzen zen eta arrabolen tarteen araberakoa izan ohi zen gailetaren lodiera edota garaiera ere. Gaileten elaborazioari edota irudiari kalte egingo ziokeen zernahi atxikidura saihesteko trokelera iritsi aurretik, oreak, automatikoki, amaierarik gabeko oihaletan jarraitzen zuen azukrez hautseztatu ahal izateko. Hori egin ondotik, ijeztutako (laminatutako) orearen gainean trokelek markatzen zuten gailetak azkenean hartuko zuen forma. Gero orearen ebakinak kentzen zituzten, eta horrela jada, gaileta prest uzten zuten bere egosketarako. Eta azkenik, kate luzeen gaineko erretiluetan sartzen ziren labean beti ere hozberoaren araberako abiaduran: zenbat eta berotasun handiagoa labean, orduan eta abiadura handiagoa. Hamalau edota hamabost metroko labeak ziren eta hiru minutu aski izaten ziren gailetak egosteko.

Behin egosita, orgatxoetan jarri eta hozten ziren bitartean igogailuetan sartu eta sailkatze-gelara eramaten ziren emakumeen esku uzteko (gehienetan emakumeak izaten baitziren lan hori egiten zutenak). Pisatu eta paketeak egin ondotik, kaleratzeko eta saltzeko prest uzten zituzten.

Mota askotako gailetak ekoizten ziren, formaz desberdinak asko eta asko, besteak pisuz, beste batzuk zaporez, eta abar. XX. mendeko lehen hamarraldietan bost tona gaileta egitera iritsi omen ziren. Gaileten artean ospetsuenak edota gehien egiten zirenak gurinezko petits-beurre; anbrosiak eta kremaz beteriko gaufretteak, eta horiekin batera eguneroko ogia. Horiek gutxi baziren, azken urteetan Kiss gozokiak ere ezagutu genituen, txikleak bailiran, bigun-bigunak eta koloretakoak. Bai goxoak!

Eta gailetak ekoizten zihoazen heinean, arrakastaz batera langileria ere handituz zihoan, Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo, eta Pasaiako gizon eta emakume taldea osatuz, berrehun langile (gizon eta emakume) izatera ailegatu izan ziren eta Euskal Herritik kanpora ere lantegi berriak ireki zituen Olibet enpresak.

Beraz, gure herritar askoren lanbidea gailetak egitearena izan zen, gizon-emakume askoren ogibidea eta haien artean gure amarena ere bai. Hari esker ikasi izan ditut hainbeste istorio eta Olibet lantegiaren azken denboraldian bertan lan egin zuten lezoar askoren izenak. (Argazkian agertzen diren lezoarrak: Paulita Agiriano, Estefania Askasibar, Mª Luisa Askasibar, Arantxa Bengoetxea, Anastaxi Berasarte, Karmen Berasarte, Rexu Cobos, Euxebio Erzilbengoa, Elena Garmendia, Irene Irastorza, Antonia Izeta, Juanito Orgilles, Patxiku Narbarte, Pilar Narbarte, Estefania Nieto, Maria Olasagasti Nieto, Maria Olasagasti Olaizola, Frantxiska Pikabea, Juana Salaberria, Migel Salaberria, Pepita Salaberria, Mikaela Sarasola, Kristina Taberna, Joxepa Treku, Rafaela Zumeta, besteak beste.)

Olibeteko kideak. Fotografia: Eugenio Figurski / Agustina Pontesta Garmendiaren artxiboa.

Olibet lantegia hirurogeiko hamarraldian itxi zen arte udatiarren bisitez gain, gu haurron bisitak ere jasan behar izaten zituen, gaileta zatiak edota hautsitakoak eta Kiss gozokien bila joaten baikinen Errenteriako mojen eta fraideen eskoletan ikasten genuenok eskolarako bidean. Sos batzuen truke eskuratzen genituen batzuetan eta beste zenbaitetan, ezagunen batekin topo egiteko zortea izanez gero, dohainik!. Beraz, guretzat ere eguna gozo-gozo hasteko modua izaten zen hura. Maite genituen Olibeteko litxarkeriak! Nola ahaztuko dugu bada gure haurtzaro eta nerabezaroa gozatzen lagundu zigun lantegia!

Hala ere, lantegia itxi arren, bizirik jarraitzen zuten bertako langileak urtero elkartzen ziren bazkari baten inguruan, kontu kontari aritzeko eta gaztaroa oroitzeko. Zoritxarrez, aspaldi utzi zioten elkarretaratzeari, egun oso bakanak izango baitira bizirik egoteko zortea dutenak. Beude Olibetekin batera gure oroimenean guztiak.

Olibeteko kideen zerrenda (1), Elena Garmendia Pikabearen arabera. Iturria: Agustina Pontesta Garmendiaren artxiboa.

Olibeteko kideen zerrenda (2), Elena Garmendia Pikabearen arabera. Iturria: Agustina Pontesta Garmendiaren artxiboa.

Olibeteko kideen zerrenda (eta 3), Elena Garmendia Pikabearen arabera. Iturria: Agustina Pontesta Garmendiaren artxiboa.

Bordalabordako biltegiko lapurreta

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

1

1777ko abuztuaren 14tik 15erako gauean ezezagun batzuk leihatila bat bortxatu eta Bordalabordako biltegian sartu ziren, Bordandia etxearen aurreko aldean Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiak zeukan instalazioan. Lehenago Lezoko Errege Ontziolak egon ziren bertan, baina 1770ean Pasai Donibane jabetu zen inguru guzti horretaz.

Manuel de Suertegarai zen Bordalabordako biltegiko zaintzailea. Eta Eugenio de Egiazabal lezoarra haren laguntzailea azken hamabi urteetan. Ondo zaindutako katu batzuk arduratzen ziren saguak eta arratoiak uxatzeaz.

Abuztuaren 15eko goizean Maria Josefa de Galardi Bordalabordako biltegira joan zen katuei jaten ematera. Eta ikusi zuen leihatila bat irekita zegoela, eta sumatu barrenean biltegiratutako gaien artean bazegoela gorabeheraren bat. Eugenio de Egiazabal ohartarazi zuen. Eta honek, bertara joan eta bazterrak miatu ondoren, gauza hauen falta nabaritu zuen:
– manta batzuk (ontzietako gaixotegian erabiltzen zirenak; arruntak baino handiagoak),
– itsasoko bizkotxoz betetako zakuak,
– olio pizarraren bat,
– eta koltxoiak.

1777an Manuel Antonio de Echanique izan zen Lezoko errejidore nagusia, herriko agintari gorena. Eta, abuztuaren 23an, Bordalabordako biltegian gertatutakoaren berri izan zuen Manuel de Suertegaraik bidalitako gutun baten bidez. Zaintzaileak erregutzen zion, era berean, errudunen aztarnak bila zitzan. Eta berehala, ikerketa handirik egin gabe, berri susmagarriak iritsi zitzaizkion. Eta, haiei jarraiki, abuztuaren 24an Maintzine baserrira joan zen gainerako errejidoreekin batera.

2

Ezker aldean, behean: Bordalaborda; eskuin aldean, goian: Bekoerrota (“Molino”) / “Plano de la ría y puerto de los Pasages, y de las poblaciones situadas en su costa según se hallaban en el año de 1760” (xehetasuna). Iturria: Lezoko Udal Liburutegia.

Abuztuaren 14tik 15erako gauean hiru gizon bildu ziren Lezoko ontziralekuan. Juanes de Inchaurrandieta zen bat, hogeita hamar urtekoa, garai batean Bordalabordako biltegian lan egindakoa, zeinak batel bat prestatua baitzeukan bertan, leherkari batekin hornitua. Esteban eta Juan Cruz de Zubizarreta ziren beste biak, aita-semeak. Denak laborariak.

Hirurak batelean sartu, badiako uretan barneratu eta Bordalabordan lehorreratu ziren. Ondoren Juanesek bertako biltegiko leihatila bat leherrarazi zuen. Handik sartu eta leiho handiago bat ireki zuen, Juan Cruz gaztea ere barrura sar zedin. Juanesek zaku, manta eta bestelako gaiak hartu eta Juan Cruzi pasa zizkion. Honek, bere aldetik, kanpoko aldean zain zegoen Estebani.

Ondoren, lapurtutako guztia batelean zamatu eta Lezoko errota ingurura eraman zuten, hau da, Bekoerrota ingurura. Eta handik, bizkarrean hartuta, beren etxeetara, eguna argitu baino lehen. Juanesek olioz betetako ontzi bat eta bizkotxoz betetako hiru zaku eraman zituen Maintzine baserrira. Esteban eta Juan Cruzek lau manta eta bizkotxoz betetako bost zaku Babilonia baserrira. Olioa eta mantak beste batean banatzea adostu zuten. Koltxoirik ez zuten lapurtu.

3

Abuztuaren 24ko arratsaldean Manuel Antonio de Echanique, Lezoko gainerako errejidoreak, Eugenio de Egiazabal eta beste bi herritar Maintzine baserrian sartu ziren. Hutsik aurkitu zuten, une horretan Juanes de Inchaurrandieta —bertako maizterra— kanpoan baitzegoen. Halere, etxea goitik behera arakatu zuten, eta Bordalabordako biltegitik desagertutako bi zaku aurkitu zituzten bertan. Haiek hartu eta herrigunera eraman zituzten. Juanes, gaueko zortzietan agertu zen errejidore nagusiaren aurrean. Lapurreta gauzatu zutenetako bat zela aitortu zion eta, bide batez, Babilonia baserriko Esteban eta Juan Cruz de Zubizarreta salatu zituen.

Gauzak horrela, errejidore guztiak eta zenbait herritar Babilonia baserrira joan ziren. Juan Cruz eta haren ama Maria Egipciaca de Aristizabal bertan zeuden, baina Esteban —baten aita eta bestearen senarra— ihes egina zen ordurako. Etxe barrua arakatu zuten emaitzarik gabe. Baina kanpoan, sasi artean eta artasoroetan ezkutatuta, Bordalabordako biltegitik desagertutako bost zaku eta lau mantak aurkitu zituzten, eta olioa gordetzeko ontzitxo bat. Guztia bildu eta herrigunera eraman zuten. Eta Juanes, Juan Cruz eta Maria Egipciaca (olioaren erdia berak ekarri zuen Juanesen etxetik) herriko kartzelan sartu zituzten.

Matias Pastor zen Hondarribiko aguazil eta kartzelazaina. Eta berak eraman zituen hirurak Lezoko kartzelatik Hondarribikora.

1777an Francisco Javier de Sanzetenea izan zen Hondarribiko alkate eta epailea. Eta azaroaren 12an eman zuen auzi honetako epaia. Juanes, Esteban —auzi ihesean— eta Juan Cruzentzat hiru urteko zigorra, Iruñeko presondegian. Maria Egipciacarentzat bi urteko zigorra, Tolosako kartzelan. Ondasun guztiak enbargatu zizkieten arren, bestalde, auziaren gastuak ezin izan zituzten ordaindu.

(Iturria: Hondarribiko Udal Agiritegia, E/7/II/48/15)

Eskale baten gutuna ziegatik bidalita

MIGUEL ANGEL BARCENILLA LÓPEZ

Santakrutz eguna, 1889ko irailaren 14a. Urtero bezala, jende andana bildu zen Lezon; jaiak eta debozioak ekarritako jendetza, tabernak, plazak eta Santo Kristoren eliza betez. Izan ere, garai hartan, Lezoko Santo Kristoren santutegiak ospe handia zeukan inguru zabal bateko herrietan; Gipuzkoa osotik, Nafarroatik eta Lapurditik pertsona anitz hurbildu ohi ziren basilikara otoitz egitera, ezkontzera edo dohain zein laguntza eske, bereziki Santakrutzetako erromeria egunean.

Aipatutako egunean, ordea, baziren Lezon jai giroaren partaide ez ziren hiru pertsona gutxienez, herriko kartzelan giltzapean sartuta baitzeuden. Eskale ziren hirurak, eta kalean eskean ibiltzeagatik eguerdian atxilotutakoak.

Haietako batek, arratsaldean gutun bat idatzi zion herriko alkateari bere ezbeharraren berri emateko,

Gutunaren idazleak Cipriano Pinedo zuen izena. 28 urteko arabarra zen. Eskutitzaren hasieran Ciprianok adierazten zuen tristea zela pobrea izatea, baina are gehiago ezindua ere izatea, bera bezala. Bere hitzetan, Bilboko meategietan egin zuen lan aurreko urteetan, gogo biziz, hargin eginkizunetan zehazki, baina ezbehar baten ondorioz, ezkerreko hanka galdu zuen, behin-betiko lanerako ezgauza geratuz. Eta egoera hartan “zer esperantza geratzen zitzaidan?”, kexatzen zen gizajoa bere idatzian.

Gure eskaleak alkateari galdetzen zion ea onartuko zukeen bere semeetako batek hanka bat galduz gero, jan ahal izateko limosna huts bat eskatzeagatik kartzelaratzea, lapur handiak eta kriminalak bezala.

Eskean ibiltzeagatik, preso hartu zutela idatzi zuen Ciprianok, baina gurasoen faltan beste baliabiderik ez zuenez, adierazten zuen halako atxiloketak ekidin ahal izateko geratzen zitzaion irtenbide bakarra bere burua hiltzea zela.

Aipatutako guztiagatik alkateari eskatzen zion bere egoera triste eta etsita azter zezan, aske utz zitzatela hiru koitaduak, ala hori agindu ezean, jateko eta edateko zerbait eman ziezaiela, izan ere, hiruetako bik ez zuten egun osoan ezer jan.

Ez dago jasota zenbat egun eman zituzten eskaleek herriko ziegetan. Seguruenik, gutxi batzuk, izan ere, 1851. urteko Gipuzkoako sorosle-etxeetako araudian, artean indarrean zegoena, 6. artikuluan xedatzen zuenaren arabera, kalean ibilitako eskaleak atxilotu beharko zituzten herri agintariek eta gipuzkoarrak baziren, bere barrutiko sorosle-etxera eraman behar zirela, baina kanpotarrak baziren, Cipriano kasu, errepidetik zuzenean edo herriz herri eta ziegaz ziega, Gipuzkoatik kanpora eraman behar zituela justiziak. Horrez gain, urte bereko zirkular batean Aldundiak herriko alkateak behartzen zituen xede hau gogor betearaztera, hitz horiekin zehatz-mehatz: “Los Sres. alcaldes quedan en la obligación de impedir la postulación y vagancia de los pobres en la forma y por los medios que marca el artículo 6º del Reglamento. La provincia mirará con el mayor desagrado el abandono o tibieza que se observe en el desempeño de esta importante obligación.”

Ciprianoren eta bi bere kideen kartzelatzea ez zen, antza, salbuespen garai hartan, Estatu Liberalak, Gipuzkoako Aldundia barne, muturreko pobreziaren aurrean erakutsi zuen jokabidea ikusita.

lezo-14

Lezoko udaletxea. Posta txartel zaharra: Lezoko udal liburutegia.

Esan dezagun, Erdi Aroan zein Antzinako Erregimenaren garaian karitate pribatuaren ekintzetan oinarritzen zela pobreen zaintzako sarea, batez ere, kristau sinesmenek eragindako limosna eta testamentu dohaintzen bitartez sortutako benefizentzia instituzioek osatuta. Eta espero zitekeen moduan, hauetako gehienak Elizaren ardurapean. Sistema hori XVIII. mendearen bukaeran hasi zen higatzen, Ilustratuek bultzatutako sekularizazio eta erreformen ondorioz. Gero, XIX. mendeko lehenengo hamarraldietan, Estatu Liberalak bultzatutako desamortizazioek ia erabat hondatu zuten antzinako karitate-erakunde sarea. Estatuak ez zuen, ordea, bere aldetik aukera berririk sortu 40ko hamarraldira arte.

Izan ere, 1845. urte arte Estatu Liberalak ez zuen bere ardurapean hartu pobrezia larriaren auzia, urteko urtarrilaren 8ko legea xedatu arte, alegia. Lau urte geroago argitaratutako “Ley General de Beneficencia” delakoa aurrekoa osatzeko etorriko zen. Bi arau hauen bidez eratutako ongintza eskema berriak Probintziei eta udalei eman zien gai honetarako eskumena eta oinarrizko ardura: Probintzia Aldundiak Amatasun eta Kaxako Umeentzako Etxe bat, Miserikordia-etxe eta eri pobreentzako ospitale bana eraiki eta finantzatu beharko zituen, gutxienez. Udalek, berriz, igarotze pobreak eta eriak zaintzeko ardura eta lekuko familia txiroei mediku laguntza emateko ardura zuten. Estatuak, bere aldetik, hau guztia gainbegiratzearen ardura hartu zuen bere gain.

Dena den, benefizentzia liberalak antzinako sistemaren irizpideei eutsi zien sare berria eraikitzeko: txiro talde berberak hartu zituen kontuan, hau da umeak, adinekoak, gaixoak eta ezinduak, industria guneetan hedatzen ari zen pobrezia berriaz ahaztuz. Gainera, lege berriek karitate pribatuaren dohaintzak onartu zituen instituzio publikoetako aurrekontuen urritasuna osatzeko, baita karitate-etxe pribatuen hedapena ere, elizarenak gehienak. Hori bai, benefizentzia sistema liberala Estatuaren egitura administratibo berriari egokitua eraiki beharko zen eta ongintza partikularra Estatuaren inspekzioaren menpe jarri zuten itxuraz.

Estatuak lege berria ezarri bezain pronto, Gipuzkoako Aldundiak gogor eta bizkor ekin zion benefizentzia sarea gorpuzteari, eta, 1847 eta 1849ko Batzar Nagusiek hartutako akordioak betez, lau sorosle-etxe eraiki zituen Donostian, Tolosan, Azpeitian eta Arrasaten, Barruti Judizial bakoitzean bana. Dena den, Gipuzkoako herri batzuetan bazeuden aurretik udal ospitale edo Miserikordia-etxeak, baina lekuko pobreen eta erien zerbitzurako soilik. Herri askotan, aldiz, ez zegoen halakorik, Lezon esaterako. Barrutiko etxe berrien sorkuntzaren ondorioz, Aldundiak probintziako leku guztietara hedatu nahi zuen sarea. Hala, lehendik ospitalerik edo sorosle-etxerik ez zeukaten udalek herriko pobreak barrutiko etxera bidali ahal zituzten eta, beraz, eske ibiltzearen debekua probintziako herri guztietara hedatu zen. Nabari da Aldundiko agintarien grina zela eskale eta txiroak kaletik ateratzea, pobreen agerikotasunak eta elkartzeak sortzen zien susmo txarrak eraginda. Horrekin batera, pobreak moralizatzea zuen helburu giltzapean nahitaez sartzeak.

Aldundiaren eta Batzar Nagusietako txostenetan, zirkularretan zein arauetan, behin eta berriz lotzen zen txirotasuna alferkeriarekin, nagikeriarekin eta moral gabeziarekin. Adibidez, Hondarribiko San Gabriel ospitaleko arautegiak xedatzen zuen ospitaleko kudeatzailea zen Erakundeak, “Junta de Beneficencia” delakoak, herrian eskean ibiltzea eta alferkeria debekatzea ere oinarrizko eginkizun zituela; Gipuzkoako Sorosle-etxeko arautegian agindu zen pobreen alferkeria zein eskean ibiltzea debekatuta geratu zela probintzia osoan; Aldundiaren 1851ko urtarrilaren 27ko zirkular batean esaten zen barrutiko sorosle-etxeen eraikuntzaren ondorioz benetako pobrezia lagunduko zela eta, aldi berean, Gipuzkoatik deserriratuko zela alferkeria zein nagikeria, eskalez mozorrotuta agertzen ziren jokabideak. Tankerako adierazpenak agertzen ziren behin eta berriz tokiko benefizentzia arautegietan, ageriko pobrezia edo eskean ibiltzea beti nagikeriarekin eta alferkeriarekin lotuz.

Estigmatizazio honetaz baliatu zen Aldundia txiroak kaleetatik ateratzeko, indarrez, beharrezkoa zenean, eta segidan sorosle-etxe batean giltzapean sartzeko. Izan ere, etxe haietan sartutako txiroak ezin ziren kalera atera, igandeetan mezetara joateko salbu; diziplina gogorra eta intimitaterik eza jasaten zuten, hau guztia koitaduak moralitatearen bidera eramateko eta, gaixorik izan ezean, derrigorrezko lana egin behar zuten barneko tailerretan. Barrutiko Sorosle-etxean, adibidez, bazeuden okindegia, eta txokolategia, horiez gain, erreria, aroztegia, iturgintza, zinka, beruna eta zapatagintza tailerrak, denak barneko pobreek landutakoak.

Beste alde batetik, Ciprianoren eskutitzak agerian uzten zuen Estatu Liberalaren utzikeria pobrezia berriaren aurrean, industrializazioak eragindako txirotasun berriaren aurrean, alegia.

Oarsoaldeko industrializazioak, Errenterian eta Pasaiako portuan errotua garai hartan, fabriketako langileen kopurua handitzea ekarri zuen eskualde osoan, Lezon ere bai. Garapen industrialak kapitalismoaren arauak hedatzen eta indartzen lagundu zuen garaiko gizartean. Esan behar da industriak aberastasuna areagotu zuela eskualdean, baina azpimarratu behar da, era berean, gutxi batzuen onurarako izan zela, izan ere, pobreen kopurua handitu egin zen industria-garapenarekin batera. Emakume aurpegia zeukan antzinako pobrezia emakumeena bihurtu zen liberalismo garaian. Edadetuek eta umeek ere txiro multzo garrantzitsuak izaten jarraitu zuten, baina ez bakarrak. Soldata eskasaren ondorioz, langile familia gehienak biziraupenaren mugan bizi ziren, eta edozein ezbehar, txikia izanda ere, nahikoa zen txirotasun gorriaren putzura eramateko langilea eta familia osoa, aldi baterako askotan, baina batzuetan betiko. Hor dago Ciprianoaren etsenplua.

Dotrina liberalari eutsiz, Estatuak, industria askatasuna aldarrikatuta, ez zuen esku hartu lan harremanen auzian, merkatuaren eta ekonomia-lehiaren arauek arazo guztiak berez konponduko zituztelakoan. Horregatik, ez zegoen lan-kontratuei buruzko legerik eta lana ematea nahiz kaleratzea enpresaburuen esku zeuden erabat. Gaixotasun edo istripuen ondorioz edo enpresaren interesak hala eskatuta langileak kaleratzen ziren, soldatarik eta diru-sarrerarik gabe utziz. Ez zegoen Estatuak bermatutako gizarte-segurantza publikorik, ezta gaixotasun, istripu edo zahartzaro asegururik ere. Urte hauetan, preseski, hasi ziren eragile batzuk Elkar Laguntzarako Sozietateak behetik antolatzen, ezbeharren ondorioak leuntzeko baliabide gisa. Alderdi Liberalak sortu zuen lehena 1890. urtean Errenterian bere partaideentzat; hurrengo urtean Langile Katolikoen Elkarteak eratu zuen berea eta 1894. urtean La Iberica (Olibet) enpresak jarri zuen martxan beste bat bere langileentzat. Sozietate haietako bazkideek hileko kuota baten truke (Olibeten, adibidez, egun erdiko soldata ordaintzen zioten hilero aseguru-kaxari) eritasun-asegurua (gaixoak mediku-laguntza zein soldata erdia jasotzen du egunero) eta bizi asegurua zituzten.

Bestalde, industria-eremu berrietan muturreko pobrezian erortzeko arriskua nabarmenagoa zen antzinako gizartean edo garaiko landa-eremuetan baino. Industria-hirietan sendi nuklearra zen nagusi, eta hori, ezbeharrei aurre egiteko, familia tradizional zabala baino ahulagoa da. Gainera industria-langile asko etorkinak ziren, senide eta auzo-loturak urrun utzi zituztenak beraien babesa jasotzeko. Hori zen, aipatzearren, Ciprianoaren egoera eta beste askorena ere bai.

Hau esanda, aipa ditzakegu Lezon bertan garai hartan jasotako kasu batzuk, Lezoko Udalari laguntza eskatu ziotenak, hain zuzen ere. 1888ko uztailaren 12an Juan Bautista Cipriani Tortosak eskaera bat bidali zion udalari laguntza eske familia elikatu ahal izateko. Jatorriz Malagakoa zen, 32 urtekoa, ezkondua eta seme-alabak zituena. Donibane kalean bizi zen eta Antxoko tren geltokian jornalari ibilia, baina lan-istripu baten ondorioz urtarrilaren 4az geroztik oheratuta zegoen, lan egiteko ezinduta, eta soldatarik gabe. Horren ondorioz, bere hitzetan, “se halla en las últimas miserias, sin poder alimentar siquiera, por no tener recursos de ningún género, para sí, su mujer é hijos”.

Hurrengo urtean, 1889an, alegia, martxoan, José Vicente Olasagastik, Juantonea baserrian bizi zenak, laguntza eskatu zion udalari Juan Ignacio Lizarazu koinatarentzat, hura ere baserri berean bizi zena. Lanerako ezindua zegoen istripu baten ondorioz. Antxoko kaian lanean ari zela, ontzi batean hain zuzen ere, eskotilatik erori zen eta zauri anitz izan zituen, besteak beste, hanka bat hautsi zitzaion.

1892. urtean, Manuela Ezdalak eskatu zuen laguntza. Idatzi zuenaren arabera, bere senarra Ignacio Begiristainen soldatatik bizi ziren bost senide, baina Ignacio elbarri geratu orduko familia premia larrian gertatu zen. Beste idazki baten bidez jakin dugu hiru urte geroago Ignaciok ezinduta jarraitzen zuela, baina artean Manuelak lan egin zuen Pasaiako petrolio lantegian.

1896ko martxoren 26an José Manuel Olaizolak, alarguna, Donibane kalean bizi zenak, udalari eskatu zion bere ezbeharra leuntzeko laguntza bat. Osasun txarragatik ezin zuen lan egin, eta auzokideen laguntzari esker bizi zen.

Hurrengo urteko otsailaren 19an José Ignacio Ezkurrak azaldu zuen bere arreba Juana Antonia, alarguna, Lezokoa, aspalditik zegoela Donostiako Sorosle-etxean sartuta. Anaiak jasota zeuzkan etxean arrebaren sei seme-alabak, baina bere familia ere ugaria zenez, eskatzen zuen Lezoko Udalak eskaera bat izapide egin zezan Donostiako Sorosle-etxeak onar zitzan ilobetako bi, 6 eta 8 urteko mutilak, hain zuzen ere.

Hauek dira garai hartako udal agirietan agertzen diren eskaerak, baina baliteke hori icebergaren muturra baino ez izatea. Pentsa daiteke sendi anitz noiz edo noiz gizonaren soldatarik gabe geratuko zirela, premia larrian, baina udalari laguntza eskatu baino lehen beste aukera batzuk bilatzen ziren maiz egoera gogorretik ateratzeko. Lehen ikusi dugu Juan Ignacio Lizarazuk eta Juana Antonio Ezkurrak senideen laguntza izan zutela udalera jo baino lehen eta José Manuel Olaizolak, auzokideena. Askotan, halako laguntzei eutsiko zietela kontu ziurra da, udalera jo gabe. Besteetan, emaztea edo ume bat fabriketan lan egitera sartzea zen irteera, hor da Manuela Ezdalaren adibidea, edo dendetan zein etxeetan neskame gisa hastea. Batzuetan etxeko gelaren bat alokatzea zen diru pixka bat biltzeko bidea. Dena den, udalaren laguntza zein aipatutako beste aukera guztiak ez ziren gehienetan nahikoa pobrezia egoeratik ateratzeko, larritasuna leuntzeko baizik. Hor da aipatutako Manuela Ezdalaren kasua, fabrika batean lan egiten zuenarena. Emakumeak lanpostu bat lortuz gero, egoera arindu zezakeen, baina ez erabat konpondu, emakumeen soldata gizonaren erdia besterik ez baitzen, eta umearena dezentez txikiagoa. Errenterian, 1898. urtean, gizon peoiaren batez besteko urteko soldata 770 pezetakoa zen. Emakumeena 406 pezetakoa eta umearena 261 pezetakoa. Lau pertsonako sendiaren elikadurak gutxienez 672 pezeta eskatzen zuen urtero.

Ematen du ere noiz behinka eskean ibiltzea aterabide bat zela batzuentzat. 1903ko Aldundiko zirkular batek esaten zuen eskaleen kopuruak gora egin zuela nabarmen Gipuzkoako herrietan, batez ere, kanpoko jendearen kopuruak. Ondorioz, Aldundiak eskatzen zien herri agintariei lagun ziezaietela mikeleteei alferkeria eta eskea Gipuzkoatik desagerrarazten. 1906ko abuztuaren 27ko beste zirkular batean, gogorarazten zaie alkateei eskean ibiltzeko baimena eman ahal zutela, baina bertakoei bakarrik. Aldundiaren iritziz, alkateek gehiegikeriatan erori ziren baimenak emateko orduan, eta zorrotzago ibiltzea eskatzen zien, bizio, alferkeria eta krimena ere karitatearekin ez nahasteko.

Antza denez, 1906an, alkate batzuk ez ziren 1889ko Lezoko alkatea bezain zorrotzak izan.

ERREFERENTZIAK

Eskalearen eskutitza ikus daiteke Lezoko Udal Artxibategian (LUA), SIG 07/09 paper-sortan.

Udalari laguntza eskaerak: LUA SIG 19/01ean

Garaiko Gipuzkoako sorosle-etxeko arautegia ikus daiteke www.memoriadigitalvasca.es/handle/10357/5062.

Ongintza sareari buruz: Jose Antonio Recondo, Medicina y Beneficencia: Guipúzcoa y Tolosa, siglos XII-XX. Área Larrondo Ilundain, 2008.

Pobreen biziraupen estrategiei buruz, batez ere, emakumeenak: Lola Valverde Lamsfus, “Estrategias de supervivencia de las mujeres pobres en Guipúzcoa. Los casos de San Sebastián y Tolosa (1885-1915)”. Historia Contemporánea nº 44. 2012.

Garaiko eskualdeko langileen egoerari buruz: Miguel Angel Barcenilla, La Pequeña Manchester. Origen y consolidación de un núcleo industrial guipuzcoano. Errenteria (1845-1905). Errenteria Gipuzkoako Foru Aldundia, 2000.

1793 eta 1872 urteen artean Lapurdiko muga aldeko herrietara bizitzera joandako mutil lezoarrak

JOSEBA AURKENERENA BARANDIARAN

Aurten, 2016ko martxoan, Lapurdi 1609 elkarteak Xabier Elosegi ikerlari baionarraren Gure erroen bila izeneko liburu interesgarria plazaratu eta zabaldu zuen. Frantzian 1789an piztu zen iraultza burges odoltsuak biziki ondorio lazgarriak ekarri zituen Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetara: bertako foruen gainbehera, euskararen bazterketa, balore tradizionalen suntsitzea, Lapurdiko zenbait herriren deportazioa, hilketa ikaragarriak, lapurreta handiak… Horiek guztiek bertako biztanleria izugarri izutu zuten eta gazte askok, gehien bat mutilek, Ameriketara edo Hegoaldera joateari ekin zioten. Ameriketarako bidea lagun zahar era ezaguna zen ordurako Ipar Euskal Herriko gazteentzat, eta iraultzak eta iraultzaren ondorengo urte gogorrek ozeanoaz beste aldera joateko joera areagotu zuten.

Horiek horrela, zenbait herritan, mutil gazteen kopurua izugarri urritu zen, eta ohiko herri lanbideetan hutsune nabarmenak sortu ziren.

Xabier Elosegik, artxiboetan egindako ikerketen bidez, ondotxo erakutsi digu Gipuzkoako eta Nafarroako muga aldeko mutil franko Lapurdiko muga aldeko herrietara ezkondu zirela edota haietara joan zirela bizitzera, eta, halaber, lanbide tradizionaletan sorturiko hutsuneak bete zituztela. Gehien-gehienak nekazari, itsasgizon, hargin, arotz, espartingile, ehule edota errotari aritu ziren.

Gaur egun, Hego Lapurdiko herrietan ohiko diren abizen asko, iraultzaren ondorengo urteetan Hegoaldetik Iparraldera joandako mutilenak dira. Horixe da aipatu dudan ikerlariak aztertu duena. Horretarako bataio, jaiotza eta ezkontza agiriak miatu eta ikertu ditu, mutilen ezkontzen nondik norakoak ongi aztertuz. Neskak ez ditu ikertu, ez baitzuten abizena pasatzen.

Guk orain, Hego Lapurdiko Hendaia, Biriatu, Ziburu, Urruña, Azkaine, Sara, Senpere eta Ainhoa herrietara ezkondutako mutil lezoarren izen-deiturak eta gainerako zehazkizunak aipatuko ditugu.

Orotara, 1793tik 1872ra, Hegoaldeko 896 mutil izan ziren aipatu herrietara bizitzera joan zirenak. Irundik 158, Beratik 91, Hondarribitik 68, Oiartzundik 59, Etxalartik 52, Arantzatik 51, Zugarramurditik 37, Urdazubitik 34, Donostiatik 25, Lesakatik 22… eta Lezotik 22. Hogeita bi horietatik 2 Biriatura ezkondu ziren, 9 Ziburura, 7 Urruñara, 1 Azkainera, 2 Sarara, 1 Ainhoara eta bat ere ez Hendaiara eta Senperera.

Gehienak neska lapurtarrekin ezkondu baziren ere, izan ziren Hegoaldeko neskekin ezkondu eta, emaztearekin batera, Lapurdiko herrietara bizitzera joan zirenak.

Hainbat familiatan bi eta hiru seme ezkondu ziren Lapurdiko herri horietara. Martikorena-Danbolena familiatik mutil bat Biriatura ezkondu zen, beste bat Ziburura eta hirugarren bat Urruñara. Intxaurrandieta-Pikabea familiatik bat Ziburura eta beste bat Urruñara. Zunzundegi-Sistiaga familiatik bat Ziburura eta beste bat Sarara. Agirre-Gamon familiatik hiru anaia Ziburura ezkondu ziren. Eta Otegi-Galartza familiatik bi seme Urruñara eta hirugarren bat Azkainera.

Baina ikus ditzagun jarraian mutil lezoarrei herriz herri dagozkien zehazkizunak (izen-deiturak / jaiotze data / ezkontze data / aitaren izena / amaren izena / emaztearen izen-deiturak).

BIRIATURA:

Jose Antonio Martikorena Danbolena. 1820-03-21 / 1853-11-02 / Juan Cruz / Francisca / Marianne Iputxa.

Jose Gregorio Ibarluzea Bereziarte. 1815-05-09 / 1857-11-04 / Miguel Ignacio / Ramona / Françoise Solaberrieta.

ZIBURURA:

Jose Rafael Antonio Zunzundegi Sistiaga. 1791-02-24 / 1833-02-06 / Juan Ignacio / Maria Cruz / Jeanne Mendiburu.

Jose Ramon de la Torre Etxanike. 1814-12-20 / 1838-05-29 / Jose / Maria / Marie Zelhai.

Juan Bautista Agirre Gamon. 1807-09-04 / 1844-02-07 / Jose Agustin / Agustina Antonia / Marie Xurito.

Francisco Andres Agirre Gamon. 1809-11-30 / 1844-11-28 / Jose Agustin / Agustina Antonia / Marie Duperou.

Ignacio Maria Agirre Gamon. 1815-07-27 / 1845-01-08 / Jose Agustin / Agustina Antonia / Hondarribiko Cleta Zozaia.

Pedro Jose Letamendia Aizkorreta. 1810-02-22 / 1846-01-21 / Atanasio / Manuela / Marie Baptiste Etxeberri.

Jose Agustin Martiarena Martierena. 1818-08-04 / 1856-04-16 / ? / Francisca / Hondarribiko Manuela Valentina Ubera.

Juan Jose Gabarain Intxaurrandieta. 1807-09-08 / 1860-04-18 / Cipriano Antonio / Maria Martina / Marie Dagerre.

Nicolas Martin Intxaurrandieta Pikabea. 1872-08-06 / 1898-12-20 / Juan / Josefa Ignacia / Marie Harretxe.

AZKAINERA:

Rafael Ignacio Mam. Otegi Galartza. 1793-05-12 / 1827-02-27 / Miguel Ignacio / Maria Dominica / Zugarramurdiko Felipa Tomasa Etxabe.

URRUÑARA:

Juan Intxaurrandieta Amezketa. 1748-02-10 / 1809-08-23 / Antonio / Rafaela / Marie Berhueta.

Rafael Ignacio Otegi Galartza. 1791-10-24 / 1812-11-25 / Miguel Ignacio / Maria Dominica / Oiartzungo Maria Fernanda Igiñiz.

Narciso Salaberria Yarza. 1778-04-29 / 1815-01-31 / Juan Antonio / Magdalena / Gratianne Murgiant.

Manuel Ignacio Intxaurrandieta Pikabea. 1777-07-24 / 1816-01-17 / Juan / Josefa Ignacia / Marie Hegigorri.

Jose Maria Prudencio Otegi Galartza. 1791-04-09 / 1840-11-11 / Miguel Ignacio / Maria Dominica / Berako Maria Josefa Irazoki.

Jose Santos Martikorena Danbolena. 1824-12-18 / 1849-04-17 / Juan Cruz / Francisca / Oiartzungo Maria Josefa Landa.

Santiago Maria Martikorena Danbolena. 1819-09-15 / 1849-06-27 / Juan Cruz / Francisca / Aranoko Francisca Egimendia.

SARARA:

Miguel Ignacio Zunzundegi Sistiaga. 1795-07-25 / 1821-02-14 / Juan Ignacio / Maria Cruz / Zestoako Josefa Ignacia Etxabe.

Manuel Joaquin Garbizu Urbieta. 1815-12-01 / 1848-10-18 / Luis / Maria / Jeanne Darraioagerre.

AINHOARA:

Juan Francisco Arana Zubillaga. 1734-12-07 / 1807-10-30 / Juan Antonio / Maria Micaela / Marie Goienetxe.

DSC08380

Liburuaren azala. Fotografia: Lapurdi 1609 elkartea.

DSC08381

Liburuaren kontrazala. Fotografia: Lapurdi 1609 elkartea.

Sebastian de Arbelaiz pilotu eta kapitaina

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Sebastian de Arbelaiz (Lezo, 1668 – Honduras, 1728) esperientzia handiko itsasgizona izan zen, eta maisua itsasoko nabigazioan.

Francisco de Arbelaiz eta Maria Domingo de Gainza lezoarren seme, 1668ko abuztuaren 2an bataiatu zuten. 1690eko urtarrilaren 8an, bestalde, bera baino lau urte zaharrago zen Francisca de Larzabal lezoarrarekin ezkondu zen. Eta dirudienez ez zuten seme-alabarik izan. Lezoko Kale Nagusiko Marigozonea etxearen jabe izan zen.

HPIM0028 - copia

Marigozonea etxeko giltzarrian itsasoa dago irudikatua eta haren gainean ortzia, non hondar erlojua, konpasa, ipar izarra eta haize arrosa ageri baitira; eta atearen buelta guztian itsasontzien abiadura neurtzeko erabiltzen zen korapilodun soka. Fotografia: Lander Zurutuza, 2003.

Sebastianek hamar bat urte zituela nabigatu zuen lehendabizikoz Ameriketara, eta geroztik itsasontzi diferenteetan hainbat biaje egin zituen bertara, Tierra Firme aldera bereziki. Bizkaiko golkoan ere askotan nabigatu zuen. Beraz esperientziak zaildutako itsasgizona izan zen, eta beherenetik abiatuz egin zuen gora lanbideko mailetan barrena: paje, grumete, marinel, artillari, pilotuaren akonpainatu… Hala pilotu laguntzaile plazarekin zebilela, karta geografikoen artean, nabigazioko tresnak erabiltzen ikasi zuen: orratza, astrolabioa, baleztatxoa… Eta noizbait itsasontzien agintea hartzeko tenorea ere iritsi zitzaion, bai kapitain, bai pilotu gisa.

Exámenes de pilotos de la Casa de Contratación. Archivo General de Indias

Sebastian de Arbelaiz kapitainaren sinadura (1705). Iturria: Archivo General de Indias, Contratación, 5782, N. 120.

1705ean Sevillan bizi zen Sebastian. Ordurako pilotu zein kapitain gisa nolabaiteko ospea bazeukan, baina bere lanbidean koska bat gora egitea erabaki zuen. Hala maiatza eta uztaila bitartean garaiko legediak agintzen zuen hirurogei eguneko kosmografia ikastaroa egin zuen Triana auzoko Itsasgizonen Unibertsitatean, jarraian Tierra Firmeko kostaren gainean azterketa egin eta pilotu nagusi izendatua izateko.

Tierra Firme

Tierra Firme eta beste, Herman Moll (+1732) kartografoaren mapan. Iturria: Instituto Geográfico de Venezuela Simón Bolívar.

1718ko urtarrilean Cadizen topatzen dugu Sebastian, La Armiñona izeneko itsasontzian Veracruzetik itzuli berria.

1728ko urriaren 24an Lezora iritsitako gutunen bidez izan zen Sebastianen heriotzaren berri. Badakigu Hondurasen eman zuela azken hatsa, baina ez dugu beste xehetasunik.

ERANSKINA

Examen

En la ciudad de Sevilla y Cassa de la Conttrattazion de las Yndias en onse dias del mez de jullio de mill settezientos y cinco años estando en la sala donde hase su audienzia el prior y consules de la Uniberzidad de Cargadores a Yndias destta ciudad que estta asignada para selebrar esttos actos el señor don Gaspar Roman cavallero del Orden de Santiago theniente de conttador mayor juez ofizial por Su Magestad de dicha Real Cassa don Francisco Anttonio de Orbee piloto maior por Su Magestad de las reales armadas y flottas de Yndias destta dicha ciudad el doctor don Alonzo de Bacas Monttoya presbittero cathedratico por Su Magestad de la cathedra de cosmografia en dicha Real Cassa y don Manuel Salvador Barreto cosmografo fabricador de ynstrumentos matematticos para la nabegazion en dicha Real Cassa y de los pilotos exsaminados que em bastantte numero se allaron prezenttes que son Santtiago de Acuña = Manuel Toscano = Gregorio Serdeña = Pedro Romero = Joseph Alvares y por faltta de un pilotto Andres Rodriguez ayudantte de pilotto marinero prattico, parezio presentte Sebastian de Albelais vezino y nattural de la uniberzidad de Lezo jurisdizion de Fuentterrabia probenzia de Guipusquoa residentte en estta ciudad para ser examinado de pilotto de la probinzia de Tierra Firme y sus cozttas y abiendose bistto sus ymformaziones asi de su natturalesa y limpiesa como de su abilidad y sufizienzia y resevido su juramentto a Dios y a la cruz em forma de derecho de los dichos pilotos de que guardarian secretto de lo que en dicho acto passase y que cada uno le harian a el dicho Sebastian de Albelays las pregunttas mas dificultosas de la navegazion y usarian el dicho exsamen bien y fielmentte y darian sus botos sin odio afizion ni yntteres, y echo el dicho exsamen prezediendo el haser dichas pregunttas se botto en la forma y manera que se acostumbra y Su Magestad manda por los dichos don Francisco Antonio de Orbe = don Alonzo de Bacas = don Manuel Barreto y los demas pilotos y marinero prattico y puesttose sobre la mesa los botos y conttadose se allo que el dicho Sebastian de Arbelais salio aprobado por todos botos nemine dizcrepantte de rigore de justicia por tal pilotto de la dicha probinzia de Tierra Firme y sus costtas y bistto lo rreferido por el dicho don Francisco Anttonio de Orbe le dio em presenzia de todos los susos dichos el grado de piloto de la dicha probenzia de Tierra Firme y sus costtas y demas yslas y puerttos y al dicho Sebastian de Arbelais se le rrezibio juramentto a Dios y a la cruz segun forma de derecho y so cargo del prometio de guardar las ordenansas destta dicha Real Cassa sedulas y probiziones de Su Magesttad y lo demas a que queda obligado como tal pilotto y de no enaxenar ni mostrar la carta e ymstrumenttos de marear ni derrotas de la dicha probenzia a ningun esttranjero siendo presenttes por ttestigos Francisco de Silva = Joseph de Salazar = y Juan Barreto vezinos destta dicha ciudad.

Don Francisco Antonio de Orbe [rubricado]         Pedro de Rivera y Marmolexo [rubricado]

(Iturria: Archivo General de Indias, Contratación, 5782, N. 120 – http://pares.mcu.es/ )

“Arraiketayak”, kale kantoiko salmenta

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Goizean goiz jaikita, artean argirik gabe, Trintxerpeko arrain salmenta egiten zen moilara joan ohi ziren oinez; etxean utzitako haurtxoen kezkatan batzuetan eta irabaziko zituzten txanponekin ametsetan bestetan. Zorte pixka batekin, senarrak berak eramango zituen etxera bueltan, “txin txin diruaren hotsa” kantatzen zuten bitartean.

Itsasoko haizea bezain fresko ziren arrainak zumezko otarrean eta baldeetan sartu eta han abiatzen ziren aldameneko herrietara, kresalaren usain gozoa barreiatuz, arraina saltzera. Kalean desfilatzen ariko balira bezala agertuko ziren buruan oihalezko burutiaren gainean otarrea edota baldea jarrita, sekulako abileziaz, besoak libre eta zama iraultzeko batere arriskurik eta beldurrik gabe.

Kaleetako kantari bitxiak, eguna argitzearekin batera, zenbat kantu, zenbat kontu eta hitz-jario arrainen truke! Kalez kale oihuka ariko ziren zintzurra minberatu arte: ANTXUAK, SARDIÑAK, TXORIAK, TXITXARRUAK, BERDELAK, TXIPIROIAK… Edota sasoian sasoiko beste zeinahi arrain, herritarrak erostera jaisten ziren arte. Herri osoan barrena ibiltzen ziren, baita baserrialdean ere. Kale bakoitzean leku jakinetan geratzen ziren; Kale Nagusian, esate baterako, leku ezin hobea zuten Alai Etxe kantoian, gune hori inguruko emakumeen bilgune bihurtuz.

Batzuetan uste baino diru gutxiagorekin itzultzen ziren etxera, erosleen ekonomia-egoeraren arabera, orduan ere familia guztiak ez baitziren egoera berean izaten eta platerarekin hurbiltzen zitzaizkienean, tratuari ekiten zioten:

—Zenbatian dakazu sardiña? Jarkiazu dozena bat.

—Nei beste dozena baina gaur gaizki nabil diruz ta bihar patuko izut —esango zion batek.

Eldu den astian ordainduko izut —esango zion besteak, eta arraiketayak, hitzez fidaturik, platera beteko zion, baina mesede horrek bere saria ere izaten omen zuen askotan; ordaintzeko egunean, dirua jasotzearekin batera, gosaltzeko salda ere ematen omen zieten, esker onez.

Egunak joan eta egunak etorri, denboraren poderioz, ohiturak ere aldatuz zihoazen, ordea. Arraiketayak ere urteetan aurrera eta lehen kalez kale ibiltzen zirenak, gero, Beko Plazako alondigan prestatuak zituzten salmentarako postuetan jartzen zituzten arrainak jela gainean, iratze berdez inguraturik, fresko-fresko iraun zezaten, eta bertan egoten ziren arraiketayak ekarritako guztia saldu arte.

Arrantza handia izanez gero, arratsaldeetan ere agertzen ziren, baina gehienetan eguerdian bukatzen zuten salmenta, biharamunean berriz hasteko.

Gure herrian ibilitako gehienak sanjuandarrak ziren; Frantxiska eta Martxela Quintana, Dorotea Trecet, Frantxiska Zelaiaran, Kleta Laboa, Olegaria eta Luisa Fernanda Sistiaga ahizpak eta Ramonita Iturralde, besteak beste. Azken xamarrekoak, berriz, Felixita Korta eta Raimunda Sistiaga, Laureana Etxabe, Mikela Oliva, Juanita Manzisidor eta Enriketa Quintana, sanjuandarrak eta Bibiana eta Inaxi Arrieta ahizpa lezoarrak. Azken horiek beren etxean saltzen zuten arraina, Donibane kaleko 1. zenbakia duen Etxetxikin, alegia.

DSC00480 Laureana Etxabe arraisaltzailea, Pasai Donibane

Laureana Etxabe. Fotografia: Miren Salaberria Etxabe.

Honen guztiaren lekukotza garbia utzi digu Miren Salaberriak Laureana Etxabe zenaren alabak, berarekin izandako solasaldian.

DSC00565 Miren Salaberria Etxabe (Pasai Donibane, 1932)

Miren Salaberria Etxabe. Fotografia: Lezoko udal liburutegia, 2016.

Miren Salaberria Etxabe (Pasai Donibane, 1932), sanjuandarra izanagatik, aitari esker, lezoar ere sentitzen omen da. Aita lezoarra zuelako, batetik, eta Kale Nagusiko Zabalaenea edo Kuartela deritzogun etxean bizitakoa delako, bestetik.

Miren gaztetxo zela, aitak istripua izan eta besoa galdu zuen, lanerako ezindua geratuz, inolako soldatarik gabe. Orduan, amak egin behar izan zion aurre familiaren ekonomia-sustenguari, kanpoan lan izugarria eginez; arrain saltzen, eskabetxerian, bakailaotan eta etxez etxeko garbiketa lanetan, besteak beste.

Miseria gorria bizi arren, umore handikoa eta egun bakoitzari aurre egiteko gaitasuna zuen emakumea omen zen bere ama, eta horregatik oso ondo ulertzen omen zuen arraina erosteko xentimorik ez zuen bezeroa, berak ere egoera bera bizi zuelako eta noizbait ordainduko zion esperantzaz, lasai asko ematen omen zien eskatutakoa.

Mirenek oso ongi gogoratzen ditu jendeak zorretan utzitako xoxak eskuratzeko, amarekin egindako ibilaldiak. Ondo gogoan du Kale Nagusitik barrena nola etortzen ziren igandero Lezora, eta baserrietara joateko ere herria zeharkatu behar izaten zutela, orduan ez zegoelako egungo Jaizkibel hiribidea, horren lekuan dena belardia eta sagardia baitzen. Eta baserrietan gehienbat, zorrak ordaintzeaz gain, gosari txikia ere ematen omen zieten, salda eta arrautza egosia gehienetan.

Eta hainbeste lan egin ondotik, erretiroa hartzearekin batera, soldata ere bertan behera geratu zitzaion eta alabei esker bizitu zen, laurogeita lau urterekin hil zen arte. Bizitzan zorte handirik izan gabe.

Enriketa Quintana

Enriketa Quintana, erdian. Fotografia: Jose Angel Gaztañaga Quintana.

Eta, bitartean, herria handituz zihoan heinean eskaria ere handitzen ari zenez, arrainak saltzeko leku finkoak irekitzen hasi ziren herriko kaleetan, arrain mota ugari eta kopuru handiak saltzen zituzten arrandegiak eta haiei aurre egitea ezinezkoa zitzaienez, ordurako bakantzen hasiak ziren arraiketayak desagertu egin ziren gure kaleetatik.

Lope Martinez Isastiren atsotitzak eta beste

JOSEBA AURKENERENA BARANDIARAN

Lope Martinez Isasti Lezoko semea zen, zenbait ikertzaileren ustez 1560an sortua. Badira datu hau ziurtzat ematen ez dutenak eta 1570ean sortu zela diotenak. Haren familia ondoko Errenteriatik etorria zen eta Lezoaundia izeneko etxe noblean bizi ziren. Leinu handiko sendia zen. Familia honetakoak izan ziren Onofre Nagusia —Loperen aita—, Ofizio Santuko kidea eta Administrazio Publikoko kargudun izan zena; Onofre Ttikia, Santiagoren Ordenako zalduna, Erregearen ontzi eta galeoietarako hornidura eta materialen gordelari eta zaindari; eta Joanes Pasaiako, Errege Ontzigintzako komisarioa izan zena.

Lopek ez zuen familiatik zetorkion ontzigintzarako bidea hartu, eta apaiztu egin zen. Apaiz ikasketak bururatu zituen eta teologian doktore egin ondoren, Lezoko San Joan Bataiatzailearen Parrokiako presbitero izatera iritsi zen. Luma arloan ere ospetsu izan zen. Bi liburu idatzi zituen, biak gaztelaniaz.

Fotografia: Lezoko Portua.

Lope de Isasti. Fotografia: Lezoko Portua.

Lope Martinez Isastiren lehenengo liburuak Compendio historial de la M.N. y M.L. provincia de Guipuzkoa izena du eta 1625. urtean idatzi bazuen ere ez zuten 1850. urtera arte argitaratu. Biziki liburu mardul eta oparoa. Historiaren aldetik, hutsune nabarmenak dituen arren, datu interesgarriak eskaintzen dizkiguna, eta hortxe, era guztietako gertakizun historikoen artean, euskarazko atsotitz bilduma eder bat topa dezakegu. Osora 85 atsotitz.

Bigarren liburua oso bestelakoa da eta Inkisizioak eskaturik, Euskal Herriko sorginez egindako txostena da. Relación que hizo el Doctor D. Lope Martinez de Isasti, presbítero y beneficiado de Lezo, que es en Guipuzcoa, acerca de las maléficas de Cantabria, por mandato del Señor Inquisidor Campofrío de Madrid izenaz bataiatu zuena. 1618an idatzi zuen eta gaur Madrileko Liburutegi Nazionalean daukate gordeta.

Liburu horretan, inolako kutsu historikorik gabe eta errealitateari muzin eginez, haren belarrietara iritsitako txutxu-mutxuen eta kontu xelebreen erlazioa eta azalpenak egiten ditu. Liburuan esaten duenez, Lezoko Gurutze Sainduak sendatzen omen zituen aztikeria eta sorginkeriatan ibiltzen zirenen arima galduak, hala eta guztiz ere, barkamena ez zitzaion aski iruditzen, eta txostenean zehar, behin eta berriz, eskatzen du Inkisizioaren su garbitzailea. De Lancre hiltzaileak Lapurdin egindakoa eredu gisa harturik, gauza bera eskatu zuen Gipuzkoarako.

Zorionez, ez du ematen garaiko agintari erlijiosoek jaramon handirik egin ziotenik. Txostena guztiz txepel eta funsgabea da, egilearen fanatismoaren berri garbia ematen diguna. Haren ustez, Gipuzkoa galbidean zegoen, sinesmen zaharrak eta sorginkeria arrunt hedatuta baitzeuden, eta horregatik inkisidoreen lana eskatu zuen gipuzkoarren arimak infernuko garretan ez zitezen betiko gal.

Lope Martinez Isastik egin digun ekarpen ederrena, zalantzarik gabe, lehen aipatu dugun 85 atsotitz biltzen dituen bilduma da, lehen liburuaren barruan plazaratu zuena. Horixe izanen da orain lerro hauetara, gaurko grafiaz idatzirik, ekarriko duguna.

1.- Haitzean jaioak haitzera nahi.

2.- Agoa (burdinazko masa goria) bero deino salda.

3.- Alaba gaizki ezkondua etxera bihur.

4.- Alperrik nekatu baino, hobe da geldirik egon.

5.- Amorezko ezkontzea, dolorezko bizitzea.

6.- Amuarraina amutik eta arkumea larrutik.

7.- Haritz eroriari orok egur.

8.- Hartu-emanak du gustua.

9.- Asko daki zaharrak, erakutsi beharrak.

10.- Atean uso, etxean otso, hala bizitzen gaizto.

11.- Aukeraren maukera, azkenean okerra.

12.- Balizko olak burdina gutxi.

13.- Batek mila balio eta milak batere ez.

14.- Behar-egile gaiztoa, erakusle on.

15.- Beharrik ihesi Castrora, han ere beharrik asko da.

16.- Begiak buruan jakintsuak eta eroak oinetan.

17.- Behiak on du larrea, hobeago jabea.

18.- Buztana lastozkoa duena, suaren beldur.

19.- Zahietan zuhur eta irinetan ero.

20.- Kartari karta eta burdinari dirua.

21.- Txindurriari ateratzen zaizkionean hegoak, galdu ohi ditu gorputza eta besoak.

22.- Zura beherago, harra barrenago.

23.- Dakienak lan egin dezake, ez dakiena leher daiteke.

24.- Darraionarentzat da ehiza.

25.- Diru gabeko handitasuna, su gabeko bartzuna.

26.- Ezin egina harria baino gogorrago, harriari mailuaz ere baledeko.

27.- Egokia hartzari zetazko beloa.

28.- Egiok egileari eta emaiok emaileari.

29.- Eliza zegienak aldarea, aldarea zegienak abadea.

30.- Erle joanak eztirik ez.

31.- Herrik bere lege, etxek bere ohitura.

32.- Errota onari bihia.

33.- Eskeak solasa galdu.

34.- Bakea ez da diruz erosia.

35.- Gauza gordea, urre gorri.

36.- Gauza zaharra, bera larra.

37.- Gaizki jan eta gaizki lan.

38.- Gogoa mihiak salatu.

39.- Gorrak hitz gaitzari lehia.

40.- Goiz gorri euri dadin. Arrats gori eguraldi.

41.- Gorrotoa bilau huts.

42.- Gero dioenak bego dio.

43.- Gezurra esan nuen Getarian, ni etxean eta hura atarian.

44.- Gibelerako on dena, barerako gaizto.

45.- Gure zaioak irin eske.

46.- Izan bagara, gerra huts.

47.- Etxean ogia ezin jan eta Arangurenen artoa.

48.- Idiak erausi beharrean, gurdiak orru.

49.- Hildakoak agindu zuen, biziak bere nahia.

50.- Hiltze ona merkaduria.

51.- Ilunpeetako jostea, argitako lotsa.

52.- Irabaziak oinak arin.

53.- Itsasoko legeak, onak on eta gaiztoa neurri gabea.

54.- Itsuen herrian, okerrak errege.

55.- Lagunaren behiak errape luze.

56.- Larrutik hedea.

57.- Lehen hila, lehen hoztua.

58.- Hitz-motelak beti hitz nahi.

59.- Nolako elizalde, halako abade.

60.- Nola soinu, hala dantza.

61.- Nolako nobia, halako habia.

62.- Nola denbora, hala solasa.

63.- Nor bere denborarako, arbia abendurako.

64.- A zer zelaia, jana ez balego.

65.- Odolak su gabe diraki.

66.- Ola olagizonarentzat eta barka barka-maisuarentzat.

67.- Olatik berri onik ez.

68.- Oihan orotan otso bana.

69.- Ontzia galduz gero, guztiok pilotu.

70.- Zakurrik ez den lekuan, azeria errege.

71.- Ororen ardia otsoak jan.

72.- Okin berriak bahe zuri.

73.- Otsoa atari ondoan.

74.- Otsoaren ahotik mokadu bat ere on.

75.- Otsoa ardien zain.

76.- Pagatzaile gaiztoarentzat olo.

77.- Saltzen dabilena, galtzen dabil.

78.- Sugea hil arren, sugekumeak bizi.

79.- Lana trebeziak garai.

80.- Unaiak haserretu zirenean azaldu ziren gaztak.

81.- Urte gaiztoa, okin hots.

82.- Urrutiko herria, lehena egia.

83.- Ur joanari presarik egin ez.

84.- Uretara maiz doan txarroa, laster da hautsi.

85.- Usoak joanda, sarea gora.

Lope Martinez Isastik atsotitz hauek bildu eta idatzi zituenez geroztik hiru mende luze igaro diren arren, esan dezakegu, okertzeko bat ere beldurrik gabe, ez dutela inolako gaurkotasunik galdu.

Atsotitzak 01

Atsotitzak (1). Fotografia: Lezoko Portua.

Atsotitzak 02

Atsotitzak (2). Fotografia: Lezoko Portua.

Atsotitzak 03

Atsotitzak (eta 3). Fotografia: Lezoko Portua.

Hamasei arrantzale hil ziren Lezon (1816-1817)

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Jaizkibel 2009 06 01 115

Erantzingo badia (Hondarribia), Jaizkibelgo kostaldean. Fotografia: Lander Zurutuza, 2009.

Soldadu frantsesek lehendabizi (1813) eta ingelesek gero (1814) herritik alde egin ondoren, trajeria latza gertatu zen berriro ere Lezon. Hamasei marinel hil ziren, urte erdiko tarte laburrean izandako bi istriputan.

1816ko abenduaren 10ean iritsi zen Lezora lehendabizikoaren berri, “udararik gabeko urte” zail hartan. Lantxa berean zihoazen bertako bederatzi arrantzale ito ziren Hondarribiko barran: Juan Antonio Etxegarai (Lezo, 1762) —Clara Toledotxipiren senarra—, Josef Gabriel Etxegarai —hemezortzi urteko ezkongabea—, Juan Bautista Etxegarai —hamasei urteko ezkongabea—, Gregorio Alzelai —berrogeita hemezortzi urtekoa, Maria Josefa Etxeberriaren senarra—, Josef Fermin Alzelai —hogeita zortzi urtekoa, Maria Magdalena Kamioren senarra—, Rafael Alzelai —hogeita lau urteko ezkongabea—, Manuel Kamio —hogeita zazpi urteko ezkongabea—, Manuel Burutarain —hogeita bost urtekoa, Josefa Antonia Irurueta batelariaren senarra—, eta Juan Josef Agirre —hemezortzi urteko ezkongabea— .

Bigarren ezbeharra 1817ko ekainaren 21ean gertatu zen. Egun hartan ekaitz handi bat izan zen kostaldean, zeinak lantxa bat hondoratu baitzuen Hendaia inguruan. Bertan herriko zazpi arrantzale ito ziren: Francisco Martierena (Lezo, 1758) —Gabriela Telletxearen senarra—, aurrekoaren seme Ramon Francisco Martierena —hogeita sei urteko ezkongabea—, Juan Josef Ollo (Lezo, 1771) —Rafaela Olaziregiren senarra—, aurrekoaren seme Josef Manuel Ollo —hamasei urteko ezkongabea—, Atanasio Letemendia —berrogeita bi urtekoa, Manuela Aizkorretaren senarra—, aurrekoaren seme Josef Miguel Letemendia —hamahiru urtekoa—, eta Martin Josef Alzelai —berrogeita hamalau urtekoa, Josefa Lujanbioren senarra—. Bestalde, Juan Bautista Ulazia bizirik atera zen, baina itsasoko lanetarako ezindua.

“Esneketayak”, Olazarko Poloni

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Desagertzear diren lanbide eta jarduerekin dokumentalak egiteko joera aski zabaldua dago gure Euskal Herri honetan. Ez litzateke, berez, joera txarra bizibide edota bizimodu bat betiko galtzen ari den seinale tristea ez balitz. Ziurrenik, ordea, hala izan behar duelako gertatuko da hori. Gizakiaren eboluzioaren, bilakaeraren halabeharrez, noski. Ordaindu beharreko zorra. Zenbat gauza ez ote dira galdu historiaren joanean, hurrena zetorrenaren gurpilak harrapatuta… Lezon esneketan aritzen ziren esneketariak dira horietako bat. Eguraldi euritsuak etxezuloan errendituta, lozorroan nengoela, Olazar baserriko Poloni Sistiaga Garmendia (1921-1991) etorri zait gogora; gure familia esnez hornitzen zuen emakume langile eta atsegina.

Gure haur denboran, eguneroko kontua zen, goizean goiz, baserritarrak esnea etxez etxe partitzera, saltzera kalera jaistea. Gerora “Lanroberrak” eta autoak nagusitu baziren ere, 70eko hamarraldiaren erdialdean astoak eta mandoak erabiltzen zituzten esneketariek esnea baserritik kalera garraiatzeko. Albo banatan saski handi batzuk izaten zituen tramankulua jartzen zieten bizkarrean abereei eta haietan marmitak sartzen zituzten. Asto eta mandoak herriko kaleetako paretetan ugari ziren burdinazko uztaietan lotzen zituzten —Kale Nagusian, Atzekoatean, Txutxoko maldan eta Donibane kalean, batik bat—, eurek partiketa egin bitartean. Eta, jakina, herriko haurrek abere haiekin era guztietako bihurrikeriak egiteko aukera izaten zuten tarte horretan… Baserrira bueltan, abereen bizkar gaineko saskietan, dendetan erosi eta emandako produktuak, ogi zaharrak eta abar eramaten zituzten, marmita hutsekin batera. Astoarekin herrira etortzen ezagutu dugun azkena Kaxernako Balentina Zabala izango zen, oker ez banago.

Balentina Zabala Etxeberria

Kaserna baserriko Balentina Zabala (Lezo). Fotografia: Lander Zurutuza, 2003.

Deigarri gertatzen da gainera, gaurko begietatik ikusita, bederenik, etxepe bereko familia guztiek ez zutela esne hornitzaile bera izaten. Hau da, familia bakoitzak esneketari jakin batekin egiten zuen tratua, hark, egunero, etxera esne jetzi berria ekar ziezaion. Gure etxean, Alaietxen, esaterako, gogoan dut familia batzuengana Olazarko Poloni Sistiaga etortzen zela; beste batzuengana, berriz, Minkurako Mikel Labandibar —Poloni ezinduz geroztik, gurera ere bai—; eta Eguzkitzako Bixenta Gonzalez, beste ate batzuetara.

Goizero tenore bertsuan etortzen ziren, eta etxean inork geratu behar ez bazuen, eltzea sotoan, atearen oinean, uztea aski izaten zen; etxera etorritakoan, esnea hantxe aurkituko zenuen eta. Ni ikastolara ateratzeko unean harrapatu ohi ninduen gehienetan Poloniren txirrin hotsak. Eta pixka bat aurreratzen bazen, berriz, gosaltzen igual. Herriko eta han-hemengo berri eraman ohi zuten etxeetara gizon-emakume haiek. Polonik esne marmita eta kider luzeko antuxun hura maneiatzeko zeukan abilezia gustatu egiten zitzaidan, ez zuen kanpora tantarik ere isurtzen. Tontotuta bezala, begira-begira egoten nintzaion lantegi hari. ”Segi eskolara! Berandatuko zaik eta!”, botako zidan orduan Polonik eta amak, buruarekin, baietz erantzungo zuen.

Gogoan dut, halaber, esne hura ezin izaten zela bere hartan edan; egosi egin behar izaten zen, irakin, alegia. Esnea nola egosten zen ikusteko aukera bakarra jai egunetan izaten nuen eta orain txikikeriatzat joko genukeen xehetasun hori ere ikuskizuna zen gure adinekoentzat, niretzat, behintzat, bai. Adi erreparatu behar izaten zitzaion eltzeari; izan ere, deskuidatuz gero, aguro egiten zuen gainezka esnegain lodi-lodi afartsu batez estalitako esneak. Zenbat madarikazio bota izango zituen gure amak esneak, ustekabean, ihes egin ziola ikusita…! Baserriko esne gozo haren esnegainak bestelako saririk ere bazekarren, ordea. Amak eta amonak esnegain hura jaso egiten zuten, gero, hain goxo izaten ziren galletatxoak egiteko.

Badakit, nik ezagutu nuenerako, esneketarien lantegi hori gainbehera zetorrela, eta ez zuela, akaso, garai batean izan zuen neurriaren edo garrantziaren laurdenik ere izango, baina balio beza kontakizun honek egun herrian baserritar bakan batzuek bakarrik eusten dioten —Olamartako Joxeba Garmendia eta haren bi alabak baizik ez datozkit burura— jarduerari aitor egiteko.

Hiru gutun Ucachatik (Argentina)

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

DSC02275

Pepe Salaberriaren gutunak (Lezoko udal liburutegia). Fotografia: Lander Zurutuza.

XIX. mendeko Karlistaden ondoren, eta Lehen Mundu Gerra bitartean, lezoar asko Ameriketara joan zen bizimodu berri baten bila. Argentinara, Uruguayra… Emigrazio olde hori ahalbidetu zuen arrazoi demografiko eta ekonomikorik izan zen. Baina politikaren alorreko arrazoiek ere noski garrantzi handia izan zuten. Esate baterako gerra osteko giro ustelak, edo foruen galerak ekarritako derrigorrezko soldadutzak. Gazte asko armadari uko egiteagatik joan baitzen.

Zer dakigu ordea gure txokoa betirako utzi eta etorkizun hobe baten beharrez alde egin zuten herritar haien gainean? Idatzi ahal izango ote da inoiz beren historia? Auskalo. Baina herriko ganbaretan hauts artean ahaztuta egon diren gutun eta oroitzapenak galtzen doazen neurrian, aukerak gutxitzen doaz.

Zorionez Pepe Salaberria Garbizuk (Lezo, 1888) Argentinatik Lezora bidalitako hiru gutun kontserbatzen dira udal liburutegian. Pepe, Jose bezala ere sinatzen du, Elias Salaberria margolariaren eta Tomas Garbizu musikariaren lehengusua izan zen. Neska nafar batekin ezkondu zen, Mendabiako Celedonia Cenzanorekin. Eta gutunak Nikolas aitari zuzenduak dira, Córdoba probintziako Ucachako tren geltokitik bidaliak —Ferrocarril Central Argentino—. Jarraian hitzez hitz transkribatuta doaz, erbesteratutako herriko seme baten egunerokoaz lekukotasun paregabea ematen dutelakoan.

ERANSKINA

1.

Ucacha, 22 Febrero de 1912
F.C.C.A.

Querido padre: He recibido su carta de fecha 26 del mes pasado, donde me dice que todos siguen bien, pues me alegro mucho, como tambien yo estoy gozando una buena salud mejor dicho mejor que nunca.

Veo en el segundo párrafo de la carta que Ud esta bastante disgustado por causa que yo anteriormente le he escrito diciendo que no me escribia Ud, pues le advierto que me estraña muchisimo al ver que Ud ha tomado tan apecho, por lo que le pido disculpa, porque veo segun Ud que yo he cometido una falta, cuando yo no soy nadie para hacer las observaciones a Ud.

Tambien me dice que Ud me ha escrito respecto á los derechos de la sidra que pague yo aqui y como tambien me dice que los documentos que yo le remití están en la casa consistorial pues le digo francamente que yo no acuerdo haber recibido esas cartas donde Ud me dice haberme mandado, no hay que ver que si hubiera recibido ó llegado á mi poder, no sería tan niño para escribirle yo reclamando me pusiera al corriente de esto.

Me dice en la carta que era probable la ida de alguno de mis patrones á esa, pues en el mes de Mayo sale D. Damian y su Sra con la hijita, que ya tiene ganas de conocer a Ud. la Sra, con lo que agradeceria cumplieran como siempre.

Padre Ud. no le diga nada á D. Damian que nosotros estamos por quedar con la casa, pues yo creo que el le esplique algo.

Dele Ud muchos recuerdos á todos por mi parte y queda su hijo que les quiere.

Nada se respecto al paradero del tio Jose Ramon.

Pepe Salaverria [rubricado]

__________

2.

Ucacha, 26 Junio de 1913
F.C.C.A.

Querido padre: Me extraña muchísimo que no reciba cartas de Ud pues hace 3 semanas que no llega ninguna á mi poder cuando he recibido los periodicos como de costumbre, pero creo estarán buenos pues nosotros tambien nos hallamos buenos y mas el chiquilin que está más gordo y mas bonito todos los dias.

Yo en una de mis anteriores le desia respecto á mi hermano Manuel si le queria mandar aqui, en lugar de mandar al Servicio pues como el tiene una buena letra podria estar junto con migo y aprender bien en los libros.

Padre ahora que están en el verano ? por que no me ma[nda] una fotografia de todos Uds y sino de Ud solo que tengo ganas de […] pues me acuerdo hace mucho que Ud y la hermana de dijeron en una carta que me mandarian.

Como ahora tenemos balance voy á ver si puedo ir á retratarme para mandar á Ud juntamente con el chiquitin que creo quedarán aturdidos.

Padre que me dice Ud de la escopeta cual deseosa estoy de verla pues no tengo con que ir á cazar, de manera que espero apure el envio con algun conocido.

En la primera carta que me escriba me mandará la direccion del tio Jose Ramon y del primo Fulgencio, pues ignoro el paradero de dichos Sres y me gustaria tener cartas de uno y de otro.

Como viene el tren no tengo tiempo suficiente para poder escribir mas y con muchos recuerdos para todos Uds de nuestra parte queda su hijo que les quiere.

J. Salaveria [rubricado]

__________

3.

Ucacha, 12 Noviembre de 1913
F.C.C.A.

Querido padre: Varias cartas han llegado á mi poder que á las cuales no he contestado, pero veo que están todos buenos pues tambien nosotros nos hallamos con una perfeta salud.

Padre cierto es que he estado no se cuantos meses sin haber escrito ni siquiera una carta, pues tienen muchisima razon de reclamarme, pero les advierto que hace cosa de un mes he estado encamado unos 15 dias con un refrio y toz, que el Dr. se asusto por primera vez, pero ahora ando muy bien con los medicamentos que tomo que por cierto me cuestan bastante, pero no importa.

Son efectos de la pelota, pues como los domin[gos] jugamos entre paisanos, me resulto que me sudé y me […] tomando viento fresco, pero ahora no quiero jugar mas, primero porque mis patrones no me dejan, ni tampoco el Dr. y despues dejo por lo que pudiera venir mas tarde.

Hace unos dias me mandaron el tio José Ramon y el primo Fulgencio, un amigo de ellos á visitarme, pues segun este Sr. los dos se encuentran muy bien, pues voy á ver si les puedo traer para unos dias á mi casa.

Este año tenemos una cosecha atroz como pocos años aunque ha llevado una buena parte la piedra, pero no por eso nos podemos quejar, pues con todo esto tendremos mas el año pasado.

Veo que en las cartas que me mandan me están reclamando el retrato del niño, pues ahi les mando para que le vean, no puede decir que no es la cara de los Salaverrias, pues me acuerdo de mi hermano Mateo que es muy parecido en todo, de manera que espero me contesten cuantos presisan en esa para mandar hacer mas, pues aqui me han sacado unos cuantos, porque toda la gente esta admirado del niño, principalmente las patronas de casa.

El retrato que está sentado Uds dirán que ese defecto que tiene en los costados sera alguna enfermedad, pues es un error del fotógrafo al retocar, pues les aseguro que está muy bien.

Padre lo que Ud debiera de hacer decir al primo Elias que me haga uno á lapiz un poco grande de cualquiera de los dos, pues quisiera poner en el comedor, de manera que creo me lo hará esto el primo, pues despues me arreglaré yo.

Referente á nuestra fotografia no les mando por cuanto que salimos mal despues de haber gastado, bastante plata, pues de rabia las rompí, de manera que en la primera ocasion hare sacar y les remitiré.

Padre veo que la hermana Agustina despues de haber operado sigue mucho mejor, con lo que me alegro mucho, basta que siga asi de lo de mas no importa este año se arreglará todo.

Respecto al niño se ven pocos tan buenos pues en los 6 ½ meses que tiene he visto llorar pocas veces, pues con toda la gente anda bien riendose á carcajadas.

Si Ud viera padre cuando le están bañando todos los dias desde que nacio, los gritos que pega de contento en el agua, pues nosotros muchas veces decimos si ahora le viera mi padre y mis hermanos, que contentos estarian.

Padre que me dice del tio Manuel, pues cuanto recibi la carta del tio donde me decia que la tia Estanislada tuvo un hijo hermosisimo, y que los dos se encontraban bien, pues mucho nos hemos alegrado con la noticia nueva.

Yo creo que estará enojado el tio por motivo que hace 2 años lo menos que no le escribo, pues tiene muchisima razon, pero ahora estos dias le escribiré dando la enhorabuena.

Con muchos recuerdos de nuestra parte quedan sus hijos y nieto.

J. Salaverria [rubricado]

Rdo. el 4 Diciembre 1913

Manuela Arrieta batelaria

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Garai batean badia gurutzatzea zen Lezotik Donostiara joateko modurik erosoena, batez ere zamaren bat garraiatu behar zenean. Alegia, herriko ontziralekuko batelariren baten ontzian Herreraraino nabigatzea, gero handik aurrera goiti-beheiti lehorretik jarraitzeko. Oinez ere joan zitekeen Errenteriako galtzadatik, baina aukeran luzeagoa zen bidea.

Kaputxinoen komentuko fraideak ere batelarien zerbitzuaz baliatzen ziren predikatzera zetozenean. Hala, jaiegun seinalatuetan —1633ko Santakrutz egunean, esate baterako— herriko kargudunek Matxingotik Lezorako pasaia ordaintzen zieten, soldata eta bazkariaz gain.

Lezoko ontziralekura iristen zen bidaiariari zegokion batelari guztien artetik bat aukeratzea. Hauek oihuka hasten ziren maiz iritsi berria erakarri nahian, sesioan. Inoiz konpainiak ere eratzen zituzten, negozioan bakarka zebiltzanak baztertzeko asmoz.

Manuela Arrieta (Manuela Josefa, bataio agiriaren arabera) herriko azken batelarietako bat izan zen. 1799ko maiatzaren 24an jaio zen Lezon. Aita, Josef Andres Arrieta (Lezo, 1773), arrantzalea zuen. Eta ama, Magdalena Gabirondo (Alkiza, 1773), batelaria. Bost senideren artean zaharrena zen.

Espainiako zein atzerriko tropak ere baliatzen ziren batelarien zerbitzuaz —Hirurteko Liberalaren (1820-1823) azken aldean, esate baterako—. Hala, 1822an Josefa Antonia Irurueta batelariak (Lezo, 1793) Valençay-ko infanteria erregimentuko berrogeita hamar militar eraman zituen Lezotik Herrerako ontziralekura —16 errealeko irabazia—, eta Magdalena Gabirondo eta familiakoek erregimentu bereko beste berrogeita bi lagun —12 erreal—. Magdalena Gabirondok halaber sei biaje egin zituen Herrerara militarrekin —22 erreal—, hamar biaje Donostiatik Frantziarako korreoaren eskoltarekin —40 erreal—, eta hamaika biaje Herrerara eskolta berdinarekin —44 erreal—.

1823an Manuela Arrietak sei biaje egin zituen gutxienez Lezotik Herrerara, Frantziatik Donostiarako korreoa eta haren eskolta garraiatzen. Ceferina Fernandez batelariak ere (Lezo, 1794) egin zuen inoiz zerbitzu hori berbera.

1824ko maiatzaren 20an Manuela Arrietak sasiko alaba bat izan zuen: izen bereko Manuela Josefa Arrieta.