Zurrunbilo amaigabea (Inaxio Tarragona oroituz)

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

inaxio-mendian

Inaxio Tarragona Artola (Lezo, 1959-2006). Fotografia: Inaxioren lagunak / Lezoko udal liburutegia.

Zerk bultza ote zuen muturreko erabaki hura hartzera? Ezin jakin. Edo bai. Dena dela urte asko zeramatzan jada jendartetik at. Robinson démodé baten antzera. Oihaneko txabolan bakartuta, uda izan ala negu. Argizariz zipristindutako komiki, liburu eta egunkari zaharren artean bizi zen.

—Ez zegok aberririk, norberaren deserria besterik —bota zidan azkenekoz elkar ikusi genuenean. Zorion irlak, une hautatuak. Deus gehiagorik ez. Ordurako bagenekien eternitatearen aspergarritasunak kezkatzen zuela gehien.

Zibilizazioa gorrotatzen zuen. Ametsak ez zitzaizkion kabitzen hiriko lau hormen artean, nonbait. Eta, herrira jaisten zen aldi urrietan, bere pentsamendu akrata barreiatzen zuen haizearen mendeko orri solteetan. Elizako atarian zelofanez itsatsita. Edo taberna zuloko lainopean errezitatuta, kanabisa eta garagardoa lagun. Poliziak, politikariak eta apaizak zituen beti dianaren erdian, Eliza eta Estatua, hitzezko gezien hartzaile. Baina poetika oso bat eskainiko zion era berean ezpain gorriko puta galantari, emakume ehiztari edo zezenzale amorratuari. Edonori. Nahiz eta hitz samurrenak txabola ondoko olatu arteko sirena kuttunarentzat izan —itsasoa beti alboan, fisikoki eta metafisikoki—. Zurrunbilo amaigabean elkar batzeko itxaropenak oraino bizirik zirauenean.

Salbazioa ez zuen bilatu horma iluneko eliz zaharrean, pipiak jandako santuen artean. Ezta kontsumismoan ere —modako erlijio horretan—. Nihil obstat, natura bere osotasunean. Ihesaren jomuga, helburua.