Mikel Arrizabalaga Pikabea. Soslaia

PATXI INTXAURRANDIETA AIZPURUA

Mikel Arrizabalaga Pikabea (Lezo, 1952-2022). Fotografia: Gurutze Alberdi, 2021/03/04.

Zortzi senideren arteko hirugarrena, Mikel Arrizabalaga Pikabea Lezoko Kale Nagusiko Arpire-enea etxean jaio zen 1952ko abenduaren 13an. Kilometrotik beherako haur guztien topagune zen Atzekoate, Gurutze Santuaren Eliza, Kaiako “tronkuak”, herriko eskola eta Errenteriako ikastetxe erlijioso bat izan ziren haurtzaro hartako Mikelen leku nagusiak. Hamar urte zituelarik, Telleri-Alden egin zuen garai hartako batxilergoko lehen maila. Hurrengo urtean, Gipuzkoako beste hainbat haurrek bezala, Saturrarango Seminarioko bidea hartu zuen. Hartu genuen. 1964ko irailaren 1ean, Bixintxo egunaz (egun berezia garai hartako lezoarrontzat), joan zen bertara lehen aldiz. Urtero, urtemuga iristen zenean, gogora ekarriko zigun data. Une latzak izaten ziren Mikelentzat familiari eta herriari hiru hilabeterako agur esan beharreko haiek. Nola ez, hamaika urteko haur hark oraindik Xixili amaren altzoan behar zuen eta. Haur argala, azkarra (“pixkorra” garai hartako jende helduak esango zuen bezala), oroimen harrigarrikoa, eta musikarako dohain berezia zuena: tiple bakarlaria izan zen bertan, lehenago Lezoko elizako korukoa izan zen bezala.

Saturraran. Ez zekien asko, ez genekien asko, naturari erreparatuz leku zoragarria den Mutrikuko txoko hura, hogei urte lehenago arte, frankismoaren menpean, ehunka emakume eta haurren zigor esparru izugarria izan zela. Askoz geroago jakin genuen hori. Bertan bi urte egin ondoren, Donostiako Seminariora aldatu zen. Aldatu ginen. Lehen urteetan egoera antzekoa bazen ere, poliki-poliki Elizaren aggiornamentoaren uberan, familia eta gizartearekiko harremanak laxatzen (normalizatzen esan nahi baita) hasi ziren. Ikasketak gizarte zibilarekin parekatu nahirik, garai hartako apaizgaiek batxilergoko azken urteak Donostiako Peñaflorida Institutuan egin zituzten. PREU, Unibertsitateko atarian zegoen ikasturtea bukatu, eta zeukan ikasketa-espediente bikainari esker, oso jende gutxiren eskura zegoen soldata-beka bereganatu, eta Valladolideko Unibertsitatera joan zen Geografia eta Historia ikasketak egitera. Julio Valdeón Baruque irakasle katedradunaren ospeak eta haren ideologia ezkertiarrak erakarririk, Erdi Aroko Historia adarrari heldu zion. Bost urteren buruan lizentziadun, etxera itzuli zen. Geografia eta Historiako eskolak eman zituen Hondarribiko eta Errenteriako Institutuetan; hogeita hamabost urtez azken horretan. Oso gogoko zuen eskolako lau paretetatik at, ikasleak hartu eta, geografia ere irakasten zuenez, Jaizkibelera, Arditurrira… joatea; edo besterik gabe, aro polita bazegoen, institutuko patioan eskolak ematea.

Abertzale sutsua, lau urtez izan zen Lezon Kandidatura Independenteko zinegotzi, artean Patri Urkizu alkate zelarik; eta gero, Herri Batasunako hautagai nagusi, zortzi urtez alkate. Lan eskerga egin zuen herriaren alde. Bere garaikoak dira: Euskal Herria plaza, kiroldegia, frontoi estalia, igerilekua, Musika Eskola, Oroitzene euskaltegia, Haurtxo haur eskola, Jaizkibelgo ur hornidura, industrialdea, Oarsoaldea garapen agentzia… Badugu lezoarrok zer eskertu Mikeli.

2018an, Ilargi alabak institutuko ikasketak amaitzearekin batera jubilatu zen. Geroztik, goizez, bizia ematen zion Jaizkibel mendian arnasa hartu; garaia bazen, perretxikoak (onddoak, ahal zelarik) bildu; eguerdian, Gara egunkaria goitik behera irakurri, lagun zaharrekin sagardo tragoxka batzuk hartu, eta arratsaldean, irakurri eta irakurri. Hainbat gai filosofikok eta, neurri batean, teologikok kezkatzen zuten. Gogoan dut nola, duela zortzi bat urte, hemen inguruan aurkitzen ez zuen liburu bat eskuratu nahi zuen. Teknologia berriekin hura beti borrokan, lagundu nion horretan, eta, nola edo hala, lortu nuen liburua deskargatu, inprimatu, eta urte hartako uda hasieran opari gisa ematea. Ezingo nion ezer hoberik oparitu. A ze poza harena. Bazuen uda hartarako bazka goxoa. Louis Lavelle filosofo frantsesak 1945ean argitara eman zuen Acerca del tiempo y la eternidad zen liburu hura. Besteak beste, gai horiekin zebilen kezkaturik azkenaldian. Askorik uste ez genuenean, apirilaren 11n, bat-batean joan zitzaigun, joan zitzaidan, bihotzeko lagun ona; anaia. Aurkituko ahal zituen han, beti-betiko bakean, kezka eta galdera haien guztien erantzunak.

Lezoko oroitzapenak

ESTEBAN IRUSTA MALLEA

Lezoko nire oroitzapenak aspaldikoak dira, 1970eko hamarkadan Lezoko Guraso Elkartearen irakasle izan nintzenekoak; eta gauza asko ahaztuak ditut. Ziur nago, izan nituen ikasleek nik baino hobeto gogoratuko dituztela orduko kontuak. Gazte izatearen abantailak dira.

Esteban Irusta Mallea irakasle ohia. Fotografia: Lander Zurutuza Sunsundegi, 2019.

Gaurko garaiekin alderatuz garai oso desberdinak ziren. Francoren agintaldia azkeneko urteetan zegoen, eta egoera politiko berri baten esperantza bizi-bizi zegoen. Askatasunaren gose-egarria handia zen Espainiako Estatuan, eta nola ez, Euskal Herrian. Euskal kultura, euskara batez ere, egoera penagarrian zegoen. Gure hizkuntza irakastea, debekatuta zegoenez, euskara hilzorian zegoen. 40 urtetan, belaunaldi guztiek ikasketak espainieraz egin behar izan genituen. Euskal Herrian ez zegoen unibertsitate publikorik, eta kanpora joateak koste handia zekarren. Batxilergoko institutuak ere bakan batzuk ziren. Ondorioz, aberatsen familiakoek bakarrik egin ahal izaten zituzten unibertsitateko ikasketak. Euskal Herriak unibertsitaterik ez izatea, historikoki Espainiako agintarien erabaki politikoa izan zen. Euskal kulturaren ukapena, Francoren agintalditik at, oso urrutitik zetorren. Guk ukapen luze horren azken urteak bizi izan genituen.

Euskal kulturak, nolabait esatearren, elizgizonei esker eutsi zion seminario eta komentuetan. Euren artean  nagusi ziren euskaldunak, eta bakoitzaren iritzi edo jarrera politikoaz aparte, euskal kultura landu zuten ia bakarrak eurak ziren. Eta lege zibilez ezin zenez, elizaren izenean sortu ziren lehenengo ikastolak. Beste ikastetxe askok, aurreko pausoak eman zituzten, gero ikastola bihurtzeko. Giro hartan, Don Doroteo Esnaola apaizak sortu zuen Lezoko Guraso Elkartearen eskola, beste pertsona askoren laguntzaz, jakina, bertan batxilerra egin nahi zutenei bidea emanez.

Guraso Elkartea eskolaren egoitza izan zen Aizepe etxea. Fotografia: Lander Zurutuza Sunsundegi, 2019.

Ni, martxan zegoela sartu nintzen, baina badakit zenbat buruhauste, kezka eta ardura izango zituzten ikastetxea aurrera eramateko. Garai haietan, oraindik ez zen Eusko Jaurlaritzarik, ez herritarrek aukeratutako beste instituziorik. Erakunde guztiak Espainiak jarritakoak ziren. Ikastetxearen baldintzak ez ziren oso egokiak, gaur ezagutzen ditugunekin parekatuz. Baina ilusioak eta egoera hobetzeko asmoak handiak ziren. Horretarako, irakasleok ere saiatu ginen ikastaro bereziak eginez, geure euskara maila hobetzen eta tituluak lortzen; Txillardegik, Patxi Altunak, Patxi Goenagak eta abarrek ematen zituztenetan parte hartuz. Bitartean, hauek eta beste asko euskarazko testu liburuak egiten ari ziren. Dena egiteko zegoen, bai politikan, bai irakaskuntzan. Gaurko egoera ez da nahi genukeena, baina ordukoarekin ezin da konparatu.

1936-1939ko gerrak moztu zuen lehenagotik zetorren euskal kulturaren mugimendua, eta euskarak 40 urteko basamortu kulturala pasa ondoren, jende askoren lanari esker, gaur beste panorama bat daukagu. Arriskuak ez dira desagertu, eta garai haietako jendearen espiritu berbera beharrezkoa da oraindik euskal kultura goi mailan izan nahi badugu.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiot nire ikasle ohi Lander Zurutuzari, lerro hauek idazteko aukera eman didalako, eta aldi berean, Lezoko Guraso Elkartean parte hartu zuten guraso eta laguntzaile guztiei. Gogora ekarri nahi ditut, baita irakaskide eta ikasle izandako guztiak ere, nire bizitzako parte ahaztezina direlako.

XX. mende hasierako andereño ezezaguna

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Herriko beste emakume argi bat aipatzeko eta haren lana goraipatzeko okasio ederra sortu zait 1960ko hamarkadako Zeruko Argia aldizkariaren zenbakiak aztertzen ari naizela. Aldizkari horren garai hartako zenbakietan, astero-astero, gure herriari buruzko kronikak agertzen zirela ohartu naiz.

Kronika horietan herriko gorabeheren berri ematen zaigu, hala nola, kultur emanaldiak, herritarren kezkak eta abar. Eta horiek denak herritarrek idatziak izaten ziren, nahiz eta horretarako ezizenak edota izengoitiak erabili: Karlos Mekolalde “Txori bat”, Anastasio Zapirain, Joxe Zuloaga, Garbizutarrak, Joanito Berasarte, Kepa Garbizu “Sistiaganeko Pello” eta nor den ez dakigun “Gorosti” delako bat ere bai…

1968ko urtarrilaren 21eko Zeruko Argian (255. zenb.) “Gorosti” ezizenaz sinatzen zuen herritarrak, Ikastolaren berri ematerakoan, maixtra lanetan ibilitako herriko bi emakumeren izenak ematen dizkigu: Bonifazia Azkue Legorburu eta Agustina Lizarazu Larburu.

Eta honela dio “Gorosti”k: “…adin edo urteetan aurrera goazenok Lezo ontan ezagutu izan ditugu umetxoentzako bi ikastola: Agustina Lizarazu batean, Bonifazia Azkue bestean…”

Agustina Lizarazu maixtraren berri jakin bagenekien, baina Bonifazia Azkue ezezaguna genuen arrontean, lanbide horretan.

Zoritxarrez, denborak gure aurka jokatu du, eta ez dugu datu askorik Bonifazia Azkue Legorburu nor izan zen jakiteko. Erregistro Zibileko liburuetan agertzen denez, 1888ko maiatzaren 13an jaiotako lezoarra zen, eta Francisco Estanislao Sagarzazu hondarribiarrarekin ezkondu ondotik lau seme-alabaren ama (Victoria-Severiana, Brigida, Sebastiana eta Jose Maria). Iturri beraren arabera, 1921eko abenduaren 14an zendu zen. Bizialdi laburreko emakumea izan zen beraz, hogeita hamahiru urterekin hil baitzen.

Gaur egun gure artean bizi den bere biloba Karmele Zulaika Sagarzazurengana jo dut eta honek aditzera eman didanez, bere ama Xeberianari entzutez omen daki zerbait baina deus gutxi.

Hortik aurrera ez dakigu deus askorik egungo adineko herritarrek ere ez baitute emakume haren ezagutzarik.

Dena den, herriko historiari eta euskarazko irakaskuntzari dagokionez, kontuan hartzeko berria dela iruditzen zait. Ea inork argi gehiago ekar dezakeen emakume lezoar ekintzaile horri buruz.