Lezoko itsas bazterreko oroimena

PATRI URKIZU SARASUA

Lezo. Andres Parayueloren baraderoa.

Lezoko arraunlariak: Patti Urkizu (aita), Rafael Odriozola, Manuel Arrieta, Joxe Joakin Urkizu (osaba), XXX, Antonio Saizar, Euxebio Urkizu (osaba), XXX. Inaxio Larrea, Patxiku Salaberria, Manuel Saizar, Julian Garmendia, Joxe Luis Urretabizkaia, Joxe Manuel Salaberria.

Lezoko treineru honetan, ez dut lortu irakurtzea izena, arraunean egin zuten aitak, osaba Eusebio eta osaba Joxakinek (Torrejilgo Joakin, Iñaki eta beste arraunlari sonadunen aita). Garai hartan Jon Garbizu “Zubigar” olerkariaren arabera, baziren bi ontzi, gazteak eta zaharrak eratuak. Lehenbizikoek Isidoro Irastorza zeukaten patroi eta besteek Joxe Migel Salaberri. Batek San Pedrotarra zuen izena eta besteak Muskerra. Atzean ikusten diren pabeiloiak Andrés Parayuelo baratokiarenak ziren , geroago bertan Gineatik ekarritako zuhaitz enbor lodi eta luzeak egoten ziren lehortzen, almadiak bailirean ekartzen baitzituzten Pasaiako badian barrena honeraino.

Lezoko Arraunlarientzat

[…] Ontziyak ta ba-zuten bada beren ona eta txarra,
txar onek zuben (lengua bada) izena «San Pedrotarra»,
onen aldean askoz obea da beste ontzi: «Muskerra»
Oso ederki egin zenduten nere Lezo’tar maiteak,
kalterik beintzat ez dezute-ta ez batek eta ez besteak,
gañera beti lagun zerate bai zarrak eta gazteak.
Orain ederki danan artean diru orixe gastatu,
ori dalako onen-onena lagun artea agertu,
eta datozten urte askotan orlaxe bada jarraitu.

Jon Garbizu “Zubigar (Lezo 1893-Pasaia 1930)

Willy Koch (Solingen-Alemania 1879 – Donostia 1950) fotografoak ateratako argazkia Lezoko Gurutze Santuaren aurrean, eta Bartzelonan sariren bat irabazia 1947 inguruan. Belauniko aita kriseiluarekin, ezkerretik hasita hirugarrena, eta lehena osaba Eusebio arraunarekin otoitz egiten. Txuri-beltzezko irudiak oso gogoko zituen Willyk eta bere argazkiari halako isiltasun, iluntasun eta bake berezia ematen dio.

Ama Birjina Karmengoaren jaiko estropada aurretik Trintxerpen. Patroia: Juan Luis Urkizu. Joakin Urkizu, Arin eta Joseba Urkizu. Batela: Jaizkibel (1955?).

Patroia: Juan Luis Urkizu. Ondoren: Joakin Urkizu, Joxeba Urkizu eta Iñaki Urkizu (Dorrejilkoa) (1956). Estropada hasi aurretik.

Estropada irabazi eta gero. Juan Luis Urkizu kopa ezkerreko eskuan daramala. Ondoren Joakin Urkizu, Joseba Urkizu eta Iñaki Urkizu.

Iñaki anaiak Pasaiako badian arrapatutako andeja 1954. urte inguruan. Metro eta hirurogei zentimetro bai luze eta hogeita hamasei kilo pisatzen zuen. Makina bat indar eta tira-bira behar izan zituen batelaren barrenera pasatzeko arraia, errenditzeko, alajaina. Badakit La Voz de Españaren barrenean fotografia ere agertu zela Julen Arretxek aterata. Eta oroitzen naiz eskolatik seiretan atera eta etxeratzerakoan hemen denon poza. Tamalez, anaia Iñaki hogeita bederatzi urte zituenean Jaizkibelgo kostan itsasoak eraman zuen, lehorrean emaztea eta lau seme-alaba utzirik.

Eskuinetik ezkerrera: Iñaki Urkizu, arrantzalea, Marikrutx Urkizu Txapa fabrikatik atera berria, andexa 36 kilokoa, ama Maria Luisa Sarasua eta ni. (Fotografia: Julen Arretxe, Lezo 1954).

Kollo raketistari zorionak!

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

         Tximeleten gisara hegan egiteko ausardia izan zuen eta zuten emakume haiei guztiei

1917ko abenduaren 7an sortu zen Sorne Garbiñe Koldobike Gezala Sagarzazu Kale Nagusiko 19. zenbakian. Gurasoak, Indioneko Florencio “Pontxio” Gezala eta ama, berriz, Kabitte-Aundiko Barbara Sagarzazu zituen. Bederatzi anaia-arrebetan zazpigarrena zen Koldobike, aurretik Irene, Regino, Luis, Luke, Miren, Elixabete zituen eta bera baino gazteagoak, berriz, Polentzi eta Xabin.

Koldobike Gezala. Fotografia: Gezala familia / Agustina Pontesta Garmendia.

Tximeletak bezalaxe irudikatzen ditut gerra aurreko emakume haiek eta, bereziki, guk herrian Kollo izenez ezagutzen genuen Koldobike Gezala, raketista.

Tximeletak sortzen direnetik, beren bizitzan zehar, hainbat aldi desberdinetatik pasatzen dira hazi eta hil arte, naturaren sorkuntza harrigarrienaren gisa. Arrastaka lurrari itsatsiak diren egoeratik abiatu eta hegan egiterainoko egoerara pasatzen dira.

Kolloren bizitza ere halakoxea izan zen, haurtzaroa herriko beste edozein neska-mutilen antzekoa, hasieran eskola nazionaletara edota goiko eskoletara (lehen esaten zitzaien gisa) joan zen oinarrizko ikasketak egitera eta ikasketetan etxeko senide zaharragoen laguntza izan zuelako, irakurtzen zekiela hasi zen eskolan. Eta dotrina ikasteaz aparte, kalean, kaian, mendian… jolastea izan zuen zeregin nagusia nerabezarora arte.

Familia abertzale batean sortua izaki, familia osoa herriari eta herrigintzari atxikia zen, aita alkate ohia eta musikaria, eta guztiak aberriaren aldeko ekintzaileak; jostun irakasleak, musika eta dantza irakasleak, kirol-irakasleak… denek zekitena irakasten adituak eta arituak. Eta halako giroan, derrigor, norbait gailendu behar. Denek zekiten musika; kantariak eta dantzariak ziren guztiak; eta musika-tresna joleak ziren gehienak. Beraz, arlo ugari landutakoak denak eta Kollo ere bai, noski!

Giro hartan hezia izen zen Kollo raketista eta patuak nahi izan zuen 1917ko urte horretan jaiotzea. Kollo jaiotako urte berean sortu baitzuten emakume raketisten jokoa ere, hau da, 1917ko urtarrilaren 4an. Beraz, aurten 100 urte bete dituzte biek ala biek; Kollok eta gero lanbide izango zuen raketa jokoak.

Koldobike Gezala. Fotografia: Gezala familia / Agustina Pontesta Garmendia.

Kollok, nerabezarora iritsitakoan erabaki zuen pilotari izan nahi zuela, eta txalotzeko da benetan hartutako erabaki hura. Ez zelako batere erraza izango bere nahia betetzea, XX mende hasiera hartan, emakumeak gizonezkoen “munduan” ez zuelako inolako eskubiderik ez erabakietan, ez kulturan, ez ekonomian, eta ezta gizarteko gizonezkoen ekintzetan ere. Eta, hala eta guztiz, erabakiarekin aurrera egin eta horretan ere eredugarri izan zen. Injustiziaren aurrean ez zuen nolanahi amore emango, eta raketa jokoa utzi eta gero ere, berari zegokion soldata duina jaso arte borrokatzen jarraitu zuen.

Koldobike eta Polentzi Gezala. Fotografia: Gezala familia / Agustina Pontesta Garmendia.

Kollok maite zuen natura eta jakitun zen tximeleten eraldaketa eta eboluzioak ingurumenean duen eraginaz, hots, tximeleten hego ahul eta soil batzuen hegadak sortzen duten astinaldia tsunamiaren antzekoa izaten dela eta halaxe izango zela berak hartutako erabaki hura ere bere herriaren etorkizunean. Jakin bazekien, halaber, tximeleten ekimen ttikiek bezalaxe, bere aldarrikapenek zer nolako eragina izango zuten emakumeengan eta gizartearen eraldaketan, oro har. Eta eskubide aldarrikapenetan jardun zuen bizitza osoan. Euskal Herriaren etorkizunak kezkatzen zuen, herri maitale sutsua zelako, eta harrigarria bada ere, gerra ondoko gose eta miseria urte haietan, sekulako bizipoza eta alaitasuna erakusten, zabaltzen zuen bera zegoen lekuan, bere inguru osoa alaituz.

Eskuin aldean, Koldobike Gezala. Fotografia: Gezala familia / Agustina Pontesta Garmendia.

Raketista, kirolari, emakumeon eskubideen aldarrikatzaile eta aitzindari izan zen Kollo, eta bera bezala, ausardia osoz herria, aberria utzi eta hegan egitera jo zuten emakume haiek guztiak gogoan, tximeleten antzera askatasunaren eta eraldaketaren ikur bilakatu nahi ditut idatzi honetan.