Emakume lezoarron jantziak

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Begi bistakoa da emakumeon jantziek azken mendeotan izan duten bilakaera nabarmena, aldaketa. Aipatu aldaketa industriagintzari lotua agertzen zaigu batez ere. Gazteek nekazaritzatik fabriketara jauzi egin zutenean hasi zen jantzien aldaketa, herrietako modaren eraginez, tradizioarekin hautsiz. Eta gazteak jantzi estiloz aldatzen ari ziren bitartean, helduek ohiko janzkerari jarraitzen zioten.

Beraz, nekazari mundua, hots, baserritarrak izan ziren gure kultur ohitura eta ondarearen zaindari, bereari eutsiz, eta galtzear ziren ohituren, nahiz baloreen zaindari bilakatu zirenak. Horri esker ezagutzen dugu gaur egun euskal jantzi tradizionala deritzoguna.

Horrela, gazteak jai egunetan edota okasio berezietan hasi ziren gurasoen antzinako jantziak janzten, baserritar petoak bailiran. Ez zuten mozorrotzeko asmoz egiten, beraien jatorria aldarrikatzeko baizik. Urteen poderioz, ohitura hedatu eta tradizio bilakatu zen. Harrezkero, ohikoa da Euskal Herriko hainbat festatan garai hartan bezala janztea edota erakusketak egitea gure jatorria aldarrikatuz.

Gaur arte iritsi zaigun jantzi tradizionala deritzoguna, beraz, arropa mota desberdinez osatua den arren, denak ere estiloz antzekotasun handikoak dira eta ezaugarri komunekoak. Emakumezkoen artean oinarrizko eta ezinbesteko osagarri dira gona luzea eta buruko zapia. Eta gizonezkoen artean, berriz, galtza luzeak, brusa edota alkandora eta buruan txapela. Eta bai emakumeek eta baita gizonek ere oinetan abarkak edota espartinak darabiltzate.

Esate baterako argi eta garbi ikus liteke Patxi Intxaurrandietak helarazitako Joven labriega de Lezo (Emakume gazte laborari lezoarra) grabatuaren argazkian.

Emakume gazte laborari lezoarra. Irudia: Gómez / fotografia: Patxi Intxaurrandieta.

Gómez da grabatuaren egilea, eta Juan Mañé y Flaquer-ek idatzitako El oasis, viaje al país de los fueros (1879) liburuan ikus daiteke. Eta gaurko gaiaz idazleak zer zioen jakin nahirik aipatu liburura jo eta hona hemen hitz gutxitan labur bilduta. Honela deskribatzen du Mañé y Flaquer idazleak aipatu liburuan:

Hogeita bost urteko gazte laborari lezoarra da irudikoa. Bere ezkonsaria (dotea) izango den zurimenta ehuntzeko lihoa iruteaz arduratu ohi da gehienetan. Zerbitzarien gisara orrazten du bere burua; ile txirikordatua bizkar gainera erortzen zaiola, eta, garondo paretik gora, burua, marra zuridun harizko zapi beltz batek estaltzen diola. Jaka edota hemen itsas blusa izenaz ezagutzen duguna ere zuria da. Sorbalda estaltzen dion zapia zetazkoa da, hori-laranxatua, orban biribil gorrixkekin. Soinekoa, berriz, perkalezkoa, txokolate kolorekoa, eta mantala, morea, marra zuriekin. Kolorezko artilez egindako bordatutxoa daramaten zapata itxurako espartin zuriak dauzka soinean.

Hori jakinik, emakume herritarrak animatu nahi nituzke, jantzi hori berreskuratu eta, aurrerantzean, herriko ekitaldietan (desfileetan, dantzan…) edota dantza-taldeak horrelako jantziez agertzera; inolako lotsarik gabe, herri bakoitzak bere jantziak dituelako eta horiek ere gure kulturaren eta ondarearen parte direlako.

Erramun Salaberria, Lopene baserriko semea

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Erramun Salaberria Lopetegi (Lezo, 1927-2019) jada 1568an aipatua den Lopene baserri zaharrean jaio zen, zeina Barunga baserriaren ondoan baitzegoen. Familiak ustiatzen zuen Lopeneko harrobia ere jaiotetxearen ondoan zegoen, hegoaldean. Aipatu bi baserriak Orbegozo lantegia eraikitzeko suntsitu zituzten 1960ko hamarkadan. Harrezkero Lopene baserri berrian eman zuen bizitza osoa.

Erramun Salaberria Lopetegi, Lopene baserrian. Fotografia: Lander Zurutuza Sunsundegi, 2012.

Erramun gaur egun galzorian den belaunaldi bateko partaidea izan zen, euskara hutsez mintzatu eta nekazaritzatik bizi zen jendarte batekoa, zeina industriak, eliza katolikoak eta gerra zibilak markatu baitzuen. Atsegina zen tratuan, eta maiz hitz egiten genuen elkarrekin 1996an haren auzokide bilakatu nintzenez geroztik. Plazer handi bat zen. Oso informatzaile ona izan zen gainera nire Lezoko leku izenen bilketa lanerako.

Jarraian duzu 2013ko apirilaren 13an Lopenen bertan eskaini zidan elkarrizketa:

Kollo raketistari zorionak!

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

         Tximeleten gisara hegan egiteko ausardia izan zuen eta zuten emakume haiei guztiei

1917ko abenduaren 7an sortu zen Sorne Garbiñe Koldobike Gezala Sagarzazu Kale Nagusiko 19. zenbakian. Gurasoak, Indioneko Florencio “Pontxio” Gezala eta ama, berriz, Kabitte-Aundiko Barbara Sagarzazu zituen. Bederatzi anaia-arrebetan zazpigarrena zen Koldobike, aurretik Irene, Regino, Luis, Luke, Miren, Elixabete zituen eta bera baino gazteagoak, berriz, Polentzi eta Xabin.

Koldobike Gezala. Fotografia: Gezala familia / Agustina Pontesta Garmendia.

Tximeletak bezalaxe irudikatzen ditut gerra aurreko emakume haiek eta, bereziki, guk herrian Kollo izenez ezagutzen genuen Koldobike Gezala, raketista.

Tximeletak sortzen direnetik, beren bizitzan zehar, hainbat aldi desberdinetatik pasatzen dira hazi eta hil arte, naturaren sorkuntza harrigarrienaren gisa. Arrastaka lurrari itsatsiak diren egoeratik abiatu eta hegan egiterainoko egoerara pasatzen dira.

Kolloren bizitza ere halakoxea izan zen, haurtzaroa herriko beste edozein neska-mutilen antzekoa, hasieran eskola nazionaletara edota goiko eskoletara (lehen esaten zitzaien gisa) joan zen oinarrizko ikasketak egitera eta ikasketetan etxeko senide zaharragoen laguntza izan zuelako, irakurtzen zekiela hasi zen eskolan. Eta dotrina ikasteaz aparte, kalean, kaian, mendian… jolastea izan zuen zeregin nagusia nerabezarora arte.

Familia abertzale batean sortua izaki, familia osoa herriari eta herrigintzari atxikia zen, aita alkate ohia eta musikaria, eta guztiak aberriaren aldeko ekintzaileak; jostun irakasleak, musika eta dantza irakasleak, kirol-irakasleak… denek zekitena irakasten adituak eta arituak. Eta halako giroan, derrigor, norbait gailendu behar. Denek zekiten musika; kantariak eta dantzariak ziren guztiak; eta musika-tresna joleak ziren gehienak. Beraz, arlo ugari landutakoak denak eta Kollo ere bai, noski!

Giro hartan hezia izen zen Kollo raketista eta patuak nahi izan zuen 1917ko urte horretan jaiotzea. Kollo jaiotako urte berean sortu baitzuten emakume raketisten jokoa ere, hau da, 1917ko urtarrilaren 4an. Beraz, aurten 100 urte bete dituzte biek ala biek; Kollok eta gero lanbide izango zuen raketa jokoak.

Koldobike Gezala. Fotografia: Gezala familia / Agustina Pontesta Garmendia.

Kollok, nerabezarora iritsitakoan erabaki zuen pilotari izan nahi zuela, eta txalotzeko da benetan hartutako erabaki hura. Ez zelako batere erraza izango bere nahia betetzea, XX mende hasiera hartan, emakumeak gizonezkoen “munduan” ez zuelako inolako eskubiderik ez erabakietan, ez kulturan, ez ekonomian, eta ezta gizarteko gizonezkoen ekintzetan ere. Eta, hala eta guztiz, erabakiarekin aurrera egin eta horretan ere eredugarri izan zen. Injustiziaren aurrean ez zuen nolanahi amore emango, eta raketa jokoa utzi eta gero ere, berari zegokion soldata duina jaso arte borrokatzen jarraitu zuen.

Koldobike eta Polentzi Gezala. Fotografia: Gezala familia / Agustina Pontesta Garmendia.

Kollok maite zuen natura eta jakitun zen tximeleten eraldaketa eta eboluzioak ingurumenean duen eraginaz, hots, tximeleten hego ahul eta soil batzuen hegadak sortzen duten astinaldia tsunamiaren antzekoa izaten dela eta halaxe izango zela berak hartutako erabaki hura ere bere herriaren etorkizunean. Jakin bazekien, halaber, tximeleten ekimen ttikiek bezalaxe, bere aldarrikapenek zer nolako eragina izango zuten emakumeengan eta gizartearen eraldaketan, oro har. Eta eskubide aldarrikapenetan jardun zuen bizitza osoan. Euskal Herriaren etorkizunak kezkatzen zuen, herri maitale sutsua zelako, eta harrigarria bada ere, gerra ondoko gose eta miseria urte haietan, sekulako bizipoza eta alaitasuna erakusten, zabaltzen zuen bera zegoen lekuan, bere inguru osoa alaituz.

Eskuin aldean, Koldobike Gezala. Fotografia: Gezala familia / Agustina Pontesta Garmendia.

Raketista, kirolari, emakumeon eskubideen aldarrikatzaile eta aitzindari izan zen Kollo, eta bera bezala, ausardia osoz herria, aberria utzi eta hegan egitera jo zuten emakume haiek guztiak gogoan, tximeleten antzera askatasunaren eta eraldaketaren ikur bilakatu nahi ditut idatzi honetan.

Olibet gaileta lantegia

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

1886an eraiki zuten Euskal Herrian gaileta-lantegi hau Olibet familiaren gidaritzapean; “La Ibérica, Gran Manufactura Española de Bizcochos de Lujo y Galletas” izenez lehendabizikoz, eta, gero, Galletas Olibet bezala ezagunagoa izango zena.

Lezoko tren geltokiaren ondoan kokatua, Errenteriako lurretan, 3.500 metro karratu zituen eraikinak. Kokapen ezin hobea zuen, leku estrategikoa alegia. Izan ere, gailetak egiteko ia glutenik gabeko irin almidoiduna Gaztelatik trenez ekartzen zutenez, bertatik bertara jasotzeko primerako aukera zuten, eta gainera, beste edozein azukre baino kalitate hobekoa zen Cubako kanabera-azukrea oso modu egokian lortzen zuelako Pasaiako portutik. Azkenik, inguruko baserrietako esnea lortzea ere oso erraza gertatzen zitzaien.

Osagaiak kalitatez ezin hobeak eta esku-eskura izanik, lantegiak derrigor arrakasta izan behar! Beraz, gaileta onaren sekretua bere osagaietan zetzan: irina, azukrea, gurina, esnea, arrautza gorringoa eta banillarik onenen hautuan, alegia.

Eta zein zen hurrengo urratsa? Bada, gaileta egiteko ore leun eta garbia egitea. Horretarako lehen urratsa osagai guztiak galdaratzar ikaragarrietan irabiatu eta mekanikoki ijezkailutik (laminadora) bitan pasa eta gero, zikinkeria guztiak kendu eta elaboraziorako prest utzi ondotik, arrabol edo zilindroen artetik pasatzen zen eta arrabolen tarteen araberakoa izan ohi zen gailetaren lodiera edota garaiera ere. Gaileten elaborazioari edota irudiari kalte egingo ziokeen zernahi atxikidura saihesteko trokelera iritsi aurretik, oreak, automatikoki, amaierarik gabeko oihaletan jarraitzen zuen azukrez hautseztatu ahal izateko. Hori egin ondotik, ijeztutako (laminatutako) orearen gainean trokelek markatzen zuten gailetak azkenean hartuko zuen forma. Gero orearen ebakinak kentzen zituzten, eta horrela jada, gaileta prest uzten zuten bere egosketarako. Eta azkenik, kate luzeen gaineko erretiluetan sartzen ziren labean beti ere hozberoaren araberako abiaduran: zenbat eta berotasun handiagoa labean, orduan eta abiadura handiagoa. Hamalau edota hamabost metroko labeak ziren eta hiru minutu aski izaten ziren gailetak egosteko.

Behin egosita, orgatxoetan jarri eta hozten ziren bitartean igogailuetan sartu eta sailkatze-gelara eramaten ziren emakumeen esku uzteko (gehienetan emakumeak izaten baitziren lan hori egiten zutenak). Pisatu eta paketeak egin ondotik, kaleratzeko eta saltzeko prest uzten zituzten.

Mota askotako gailetak ekoizten ziren, formaz desberdinak asko eta asko, besteak pisuz, beste batzuk zaporez, eta abar. XX. mendeko lehen hamarraldietan bost tona gaileta egitera iritsi omen ziren. Gaileten artean ospetsuenak edota gehien egiten zirenak gurinezko petits-beurre; anbrosiak eta kremaz beteriko gaufretteak, eta horiekin batera eguneroko ogia. Horiek gutxi baziren, azken urteetan Kiss gozokiak ere ezagutu genituen, txikleak bailiran, bigun-bigunak eta koloretakoak. Bai goxoak!

Eta gailetak ekoizten zihoazen heinean, arrakastaz batera langileria ere handituz zihoan, Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo, eta Pasaiako gizon eta emakume taldea osatuz, berrehun langile (gizon eta emakume) izatera ailegatu izan ziren eta Euskal Herritik kanpora ere lantegi berriak ireki zituen Olibet enpresak.

Beraz, gure herritar askoren lanbidea gailetak egitearena izan zen, gizon-emakume askoren ogibidea eta haien artean gure amarena ere bai. Hari esker ikasi izan ditut hainbeste istorio eta Olibet lantegiaren azken denboraldian bertan lan egin zuten lezoar askoren izenak. (Argazkian agertzen diren lezoarrak: Paulita Agiriano, Estefania Askasibar, Mª Luisa Askasibar, Arantxa Bengoetxea, Anastaxi Berasarte, Karmen Berasarte, Rexu Cobos, Euxebio Erzilbengoa, Elena Garmendia, Irene Irastorza, Antonia Izeta, Juanito Orgilles, Patxiku Narbarte, Pilar Narbarte, Estefania Nieto, Maria Olasagasti Nieto, Maria Olasagasti Olaizola, Frantxiska Pikabea, Juana Salaberria, Migel Salaberria, Pepita Salaberria, Mikaela Sarasola, Kristina Taberna, Joxepa Treku, Rafaela Zumeta, besteak beste.)

Olibeteko kideak. Fotografia: Eugenio Figurski / Agustina Pontesta Garmendiaren artxiboa.

Olibet lantegia hirurogeiko hamarraldian itxi zen arte udatiarren bisitez gain, gu haurron bisitak ere jasan behar izaten zituen, gaileta zatiak edota hautsitakoak eta Kiss gozokien bila joaten baikinen Errenteriako mojen eta fraideen eskoletan ikasten genuenok eskolarako bidean. Sos batzuen truke eskuratzen genituen batzuetan eta beste zenbaitetan, ezagunen batekin topo egiteko zortea izanez gero, dohainik!. Beraz, guretzat ere eguna gozo-gozo hasteko modua izaten zen hura. Maite genituen Olibeteko litxarkeriak! Nola ahaztuko dugu bada gure haurtzaro eta nerabezaroa gozatzen lagundu zigun lantegia!

Hala ere, lantegia itxi arren, bizirik jarraitzen zuten bertako langileak urtero elkartzen ziren bazkari baten inguruan, kontu kontari aritzeko eta gaztaroa oroitzeko. Zoritxarrez, aspaldi utzi zioten elkarretaratzeari, egun oso bakanak izango baitira bizirik egoteko zortea dutenak. Beude Olibetekin batera gure oroimenean guztiak.

Olibeteko kideen zerrenda (1), Elena Garmendia Pikabearen arabera. Iturria: Agustina Pontesta Garmendiaren artxiboa.

Olibeteko kideen zerrenda (2), Elena Garmendia Pikabearen arabera. Iturria: Agustina Pontesta Garmendiaren artxiboa.

Olibeteko kideen zerrenda (eta 3), Elena Garmendia Pikabearen arabera. Iturria: Agustina Pontesta Garmendiaren artxiboa.

Zubitxoko labaderoa

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Antzinako argazkiez dakigu gure herri-gunearen ekialdea urez blai zegoela; Jaizkibeldik jaisten ziren Iparragirre erreka, Maintzine erreka… denak Zubitxo errekara zihoazela, gero, Arraitokitik barrena kaira bideratzeko. Nonahi zeuden, beraz, arroilak, errekatxoak, sagardiz, belardiz eta baratzez inguraturik.

Postal zaharra Zubitxo

Zubitxoko erreka. Posta txartel zaharra: Mari Jose Intxaurrandieta / Lezoko Udala.

Oraingo honetan, Zubitxo aldeko inguru horretan Jaizkibeldik jaisten zen urak sortzen zuen Iparragirre errekatxoaz arituko gara, joan den mendean zehar garbiketa eta gobada egiteko erabilia zena gehienbat.

Iparragirre errekatxo horren ubidean antolatutako harri aska hura sagardiz eta baratzez inguratua zegoen, bere iturritxo eta guzti; Txulotxo iturria, hara biltzen ziren emakume eta haurren egarria asetzeko. Beraz, toki ezin hobea gobada garbitu, eguzkitan zabaldu eta lehortu bitartean tertulian aritzeko.

Labaderoa edo gobada-tokia, argazkian ikus daitekeenez, alde banatan zituen hamar-hamabi gobarriz edo gobada marruskatzeko harriz osatua zegoen; erdi parean zubitxo antzeko pasabide bat zuen eta teilatu batez estalia zegoen. Aurrez aurre, kanposantura zihoan bidea zuen eta, beraz, ohikoa izaten zen emakumeak garbitzen ari ziren bitartean hilberriren bat kanposantura zeraman segizioa pasatzea. Halakoetan, dena bertan behera utzi, zutitu eta errespetu osoz, otoitzez, agurtuko zuten defuntua. Azkenik, atzeko aldean beste putzu itxi bat ere bazuen gobara-lekuak, behiek ur garbia edan zezaten.

Arropa garbitzea emakumeen egitekoa zenez, batzuek goizean goizetik joaten ziren gobada-harri hoberena hartzeko, eta besteak aldiz, arratsaldez edota norberari ongien zetorkion unean, baina, beti ere gobadaren arabera eta gobada-harririk onena aukeratu ondoren, garbiketarekin hasiko ziren.

Oso gutxitan egoten zen hutsik, ia egunero baitzegoen emakumeren bat goiza izan ala arratsaldea izan. Arropa mota guztiak garbitzen zituzten gobada-tokian; arrantzaleenak, baserritarrenak eta abar, baina ohiko, eguneroko erabiltzaileak inguruan bizi zirenak izaten ziren gehienetan, nahiz eta herriko gainontzeko emakumeek ere, arropa handia zutenean maindireak, mantak…, han garbitzen zuten. Ikustekoa izaten zen, mantak eta horrelako arropa handiak garbitu behar zituztenean, xaboi urez betetako balde handi batean nola sartzen zituzten, eta oin hutsik jarri eta bertan zegoen arropa zapla! zapla!, zapaldu ondoren handik atera eta bi lagunen artean ureztatu ondoren kanposantu bideko karraskiloetan lehortzeko nola botatzen zituzten. Kanposantuko bideak merkatu itxura hartzen zuen orduan.

labaderoa 1

Labaderoa. Fotografia: Agustina Pontesta Garmendia.

Beste gainontzeko arropa txikiak, berriz, aurrena, arropa busti, marruskatu eta belarretan botatzen zituzten eta eguzkitan zabaltzen zituzten bitartean, xaboi-ura botatzen hasten ziren gainera zuritu zitezen, gero berriz ere uretan pasatzeko. Gobada, buru gainean eta baldeetan garraiatzen zuten bertara, nahiz eta beste zenbaitek astoak erabili horretarako. Eta askotan, goizean goiz joaten zena, zorteak laguntzen bazion eguraldi ona egiten bazuen alegia—, arratsaldean gobada lehorrarekin etxeratuko zen.

Ez dugu ahaztu behar denbora berean emakumeen bilgune ere izaten zela askotan, bakoitzak zekiena irakasten ziotela elkarri, joste-lanetan, sukaldaritzan, bertso-kantuan… edota kontu kontari aritzen ziren besterik gabe. Lana ikaragarria izango zen baina bazekiten ahal zuten eramangarrien egiten ere.

Eta guztien artean ongien pasatzen zutenak (genuenak), batzuek besteek baino hobeto, jakina, haur eta gaztetxoak ginen; herriko neska-mutikoen jolas tokiaz gain, “piszina” ere bai baitzen labaderoa.

Guk ezagutu dugun labaderoa garbitokia baino zerbait gehiago zen guretzat. Ez zuen inolako antzik gaur egun belarrez beteta dagoen errekatxo zikinarekin. Zakarias iturginak garbitzen zuen errekatxoa udalaren aginduz. Batzuetan amarekin eta besteetan senide eta lagunekin arratsaldeak pasatzen genituen uretan blai eta etxe gehienetan dutxarik ez zenez, putzuan dutxatzen ahalegintzen zenik ere bazen. Bertara joaten zenak beti aurkitzen zuen jolasteko zereginen bat; etxeko xardexkaz edo tenedoreaz aingirak harrapatzen iaioa izaten zenik ere bazen bat baino gehiago eta gero afaria egiteko erabiliko zituztenak, eta bien bitartean, besteok haiei begira nola harrapatzen zituzten.

Edota, Maxi Garciak Rosiren senarrak harea eta guzti zuen hondartzatxo modukoa prestatzen zuenean bezalaxe, ez zegoen hondartza hoberik, bainu jantziak jantzi, merienda hartu eta jolastera, eguzkia hartzen genuen bitartean. Ondoren goizean emakumeek utzitako xaboi puskekin garbitu eta etxeratzerakoan jada dutxatuta. Eta bestela berriz, inguruko sagardi eta Leturiaren fruta-arboletara igo eta sagar, udare eta abar hartu eta haiek janez.

Eta oroitzapen denetan erakargarrienetakoa, amak etxeratzean euren seme-alabei sorginei buruzko ipuinak kontatu eta biharamunean elkarri kontu kontari erabiltzen zirenak, esate baterako. Askotan maindireak eguzkitan zabaldu eta gero, lehortu eta jasotzerakoan, norberarena ez zen besteren bat jasotzen zuen emakumerik izango zen nonbait eta zer asmatuko horren bueltan eta Jaizkibeldik jaisten zirela sorginak lapurtzera… Eta Jaizkibelgo emakume xahar bat edo beste herrian ibiltzen zirenez, sorginak haiekin identifikatzen genituen, ondorioz, guk sorgintzat genituenak emakume arruntak ziren.

Horregatik, labaderoa desagertzearekin batera gure historiaren zati bat galdu dugu, garbitoki soil bat baino zerbait gehiago zelako lezoarrontzat.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Labaderoa gaur egun. Fotografia: Agustina Pontesta Garmendia.

“Arraiketayak”, kale kantoiko salmenta

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Goizean goiz jaikita, artean argirik gabe, Trintxerpeko arrain salmenta egiten zen moilara joan ohi ziren oinez; etxean utzitako haurtxoen kezkatan batzuetan eta irabaziko zituzten txanponekin ametsetan bestetan. Zorte pixka batekin, senarrak berak eramango zituen etxera bueltan, “txin txin diruaren hotsa” kantatzen zuten bitartean.

Itsasoko haizea bezain fresko ziren arrainak zumezko otarrean eta baldeetan sartu eta han abiatzen ziren aldameneko herrietara, kresalaren usain gozoa barreiatuz, arraina saltzera. Kalean desfilatzen ariko balira bezala agertuko ziren buruan oihalezko burutiaren gainean otarrea edota baldea jarrita, sekulako abileziaz, besoak libre eta zama iraultzeko batere arriskurik eta beldurrik gabe.

Kaleetako kantari bitxiak, eguna argitzearekin batera, zenbat kantu, zenbat kontu eta hitz-jario arrainen truke! Kalez kale oihuka ariko ziren zintzurra minberatu arte: ANTXUAK, SARDIÑAK, TXORIAK, TXITXARRUAK, BERDELAK, TXIPIROIAK… Edota sasoian sasoiko beste zeinahi arrain, herritarrak erostera jaisten ziren arte. Herri osoan barrena ibiltzen ziren, baita baserrialdean ere. Kale bakoitzean leku jakinetan geratzen ziren; Kale Nagusian, esate baterako, leku ezin hobea zuten Alai Etxe kantoian, gune hori inguruko emakumeen bilgune bihurtuz.

Batzuetan uste baino diru gutxiagorekin itzultzen ziren etxera, erosleen ekonomia-egoeraren arabera, orduan ere familia guztiak ez baitziren egoera berean izaten eta platerarekin hurbiltzen zitzaizkienean, tratuari ekiten zioten:

—Zenbatian dakazu sardiña? Jarkiazu dozena bat.

—Nei beste dozena baina gaur gaizki nabil diruz ta bihar patuko izut —esango zion batek.

Eldu den astian ordainduko izut —esango zion besteak, eta arraiketayak, hitzez fidaturik, platera beteko zion, baina mesede horrek bere saria ere izaten omen zuen askotan; ordaintzeko egunean, dirua jasotzearekin batera, gosaltzeko salda ere ematen omen zieten, esker onez.

Egunak joan eta egunak etorri, denboraren poderioz, ohiturak ere aldatuz zihoazen, ordea. Arraiketayak ere urteetan aurrera eta lehen kalez kale ibiltzen zirenak, gero, Beko Plazako alondigan prestatuak zituzten salmentarako postuetan jartzen zituzten arrainak jela gainean, iratze berdez inguraturik, fresko-fresko iraun zezaten, eta bertan egoten ziren arraiketayak ekarritako guztia saldu arte.

Arrantza handia izanez gero, arratsaldeetan ere agertzen ziren, baina gehienetan eguerdian bukatzen zuten salmenta, biharamunean berriz hasteko.

Gure herrian ibilitako gehienak sanjuandarrak ziren; Frantxiska eta Martxela Quintana, Dorotea Trecet, Frantxiska Zelaiaran, Kleta Laboa, Olegaria eta Luisa Fernanda Sistiaga ahizpak eta Ramonita Iturralde, besteak beste. Azken xamarrekoak, berriz, Felixita Korta eta Raimunda Sistiaga, Laureana Etxabe, Mikela Oliva, Juanita Manzisidor eta Enriketa Quintana, sanjuandarrak eta Bibiana eta Inaxi Arrieta ahizpa lezoarrak. Azken horiek beren etxean saltzen zuten arraina, Donibane kaleko 1. zenbakia duen Etxetxikin, alegia.

DSC00480 Laureana Etxabe arraisaltzailea, Pasai Donibane

Laureana Etxabe. Fotografia: Miren Salaberria Etxabe.

Honen guztiaren lekukotza garbia utzi digu Miren Salaberriak Laureana Etxabe zenaren alabak, berarekin izandako solasaldian.

DSC00565 Miren Salaberria Etxabe (Pasai Donibane, 1932)

Miren Salaberria Etxabe. Fotografia: Lezoko udal liburutegia, 2016.

Miren Salaberria Etxabe (Pasai Donibane, 1932), sanjuandarra izanagatik, aitari esker, lezoar ere sentitzen omen da. Aita lezoarra zuelako, batetik, eta Kale Nagusiko Zabalaenea edo Kuartela deritzogun etxean bizitakoa delako, bestetik.

Miren gaztetxo zela, aitak istripua izan eta besoa galdu zuen, lanerako ezindua geratuz, inolako soldatarik gabe. Orduan, amak egin behar izan zion aurre familiaren ekonomia-sustenguari, kanpoan lan izugarria eginez; arrain saltzen, eskabetxerian, bakailaotan eta etxez etxeko garbiketa lanetan, besteak beste.

Miseria gorria bizi arren, umore handikoa eta egun bakoitzari aurre egiteko gaitasuna zuen emakumea omen zen bere ama, eta horregatik oso ondo ulertzen omen zuen arraina erosteko xentimorik ez zuen bezeroa, berak ere egoera bera bizi zuelako eta noizbait ordainduko zion esperantzaz, lasai asko ematen omen zien eskatutakoa.

Mirenek oso ongi gogoratzen ditu jendeak zorretan utzitako xoxak eskuratzeko, amarekin egindako ibilaldiak. Ondo gogoan du Kale Nagusitik barrena nola etortzen ziren igandero Lezora, eta baserrietara joateko ere herria zeharkatu behar izaten zutela, orduan ez zegoelako egungo Jaizkibel hiribidea, horren lekuan dena belardia eta sagardia baitzen. Eta baserrietan gehienbat, zorrak ordaintzeaz gain, gosari txikia ere ematen omen zieten, salda eta arrautza egosia gehienetan.

Eta hainbeste lan egin ondotik, erretiroa hartzearekin batera, soldata ere bertan behera geratu zitzaion eta alabei esker bizitu zen, laurogeita lau urterekin hil zen arte. Bizitzan zorte handirik izan gabe.

Enriketa Quintana

Enriketa Quintana, erdian. Fotografia: Jose Angel Gaztañaga Quintana.

Eta, bitartean, herria handituz zihoan heinean eskaria ere handitzen ari zenez, arrainak saltzeko leku finkoak irekitzen hasi ziren herriko kaleetan, arrain mota ugari eta kopuru handiak saltzen zituzten arrandegiak eta haiei aurre egitea ezinezkoa zitzaienez, ordurako bakantzen hasiak ziren arraiketayak desagertu egin ziren gure kaleetatik.

Hamasei arrantzale hil ziren Lezon (1816-1817)

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Jaizkibel 2009 06 01 115

Erantzingo badia (Hondarribia), Jaizkibelgo kostaldean. Fotografia: Lander Zurutuza, 2009.

Soldadu frantsesek lehendabizi (1813) eta ingelesek gero (1814) herritik alde egin ondoren, trajeria latza gertatu zen berriro ere Lezon. Hamasei marinel hil ziren, urte erdiko tarte laburrean izandako bi istriputan.

1816ko abenduaren 10ean iritsi zen Lezora lehendabizikoaren berri, “udararik gabeko urte” zail hartan. Lantxa berean zihoazen bertako bederatzi arrantzale ito ziren Hondarribiko barran: Juan Antonio Etxegarai (Lezo, 1762) —Clara Toledotxipiren senarra—, Josef Gabriel Etxegarai —hemezortzi urteko ezkongabea—, Juan Bautista Etxegarai —hamasei urteko ezkongabea—, Gregorio Alzelai —berrogeita hemezortzi urtekoa, Maria Josefa Etxeberriaren senarra—, Josef Fermin Alzelai —hogeita zortzi urtekoa, Maria Magdalena Kamioren senarra—, Rafael Alzelai —hogeita lau urteko ezkongabea—, Manuel Kamio —hogeita zazpi urteko ezkongabea—, Manuel Burutarain —hogeita bost urtekoa, Josefa Antonia Irurueta batelariaren senarra—, eta Juan Josef Agirre —hemezortzi urteko ezkongabea— .

Bigarren ezbeharra 1817ko ekainaren 21ean gertatu zen. Egun hartan ekaitz handi bat izan zen kostaldean, zeinak lantxa bat hondoratu baitzuen Hendaia inguruan. Bertan herriko zazpi arrantzale ito ziren: Francisco Martierena (Lezo, 1758) —Gabriela Telletxearen senarra—, aurrekoaren seme Ramon Francisco Martierena —hogeita sei urteko ezkongabea—, Juan Josef Ollo (Lezo, 1771) —Rafaela Olaziregiren senarra—, aurrekoaren seme Josef Manuel Ollo —hamasei urteko ezkongabea—, Atanasio Letemendia —berrogeita bi urtekoa, Manuela Aizkorretaren senarra—, aurrekoaren seme Josef Miguel Letemendia —hamahiru urtekoa—, eta Martin Josef Alzelai —berrogeita hamalau urtekoa, Josefa Lujanbioren senarra—. Bestalde, Juan Bautista Ulazia bizirik atera zen, baina itsasoko lanetarako ezindua.

“Esneketayak”, Olazarko Poloni

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Desagertzear diren lanbide eta jarduerekin dokumentalak egiteko joera aski zabaldua dago gure Euskal Herri honetan. Ez litzateke, berez, joera txarra bizibide edota bizimodu bat betiko galtzen ari den seinale tristea ez balitz. Ziurrenik, ordea, hala izan behar duelako gertatuko da hori. Gizakiaren eboluzioaren, bilakaeraren halabeharrez, noski. Ordaindu beharreko zorra. Zenbat gauza ez ote dira galdu historiaren joanean, hurrena zetorrenaren gurpilak harrapatuta… Lezon esneketan aritzen ziren esneketariak dira horietako bat. Eguraldi euritsuak etxezuloan errendituta, lozorroan nengoela, Olazar baserriko Poloni Sistiaga Garmendia (1921-1991) etorri zait gogora; gure familia esnez hornitzen zuen emakume langile eta atsegina.

Gure haur denboran, eguneroko kontua zen, goizean goiz, baserritarrak esnea etxez etxe partitzera, saltzera kalera jaistea. Gerora “Lanroberrak” eta autoak nagusitu baziren ere, 70eko hamarraldiaren erdialdean astoak eta mandoak erabiltzen zituzten esneketariek esnea baserritik kalera garraiatzeko. Albo banatan saski handi batzuk izaten zituen tramankulua jartzen zieten bizkarrean abereei eta haietan marmitak sartzen zituzten. Asto eta mandoak herriko kaleetako paretetan ugari ziren burdinazko uztaietan lotzen zituzten —Kale Nagusian, Atzekoatean, Txutxoko maldan eta Donibane kalean, batik bat—, eurek partiketa egin bitartean. Eta, jakina, herriko haurrek abere haiekin era guztietako bihurrikeriak egiteko aukera izaten zuten tarte horretan… Baserrira bueltan, abereen bizkar gaineko saskietan, dendetan erosi eta emandako produktuak, ogi zaharrak eta abar eramaten zituzten, marmita hutsekin batera. Astoarekin herrira etortzen ezagutu dugun azkena Kaxernako Balentina Zabala izango zen, oker ez banago.

Balentina Zabala Etxeberria

Kaserna baserriko Balentina Zabala (Lezo). Fotografia: Lander Zurutuza, 2003.

Deigarri gertatzen da gainera, gaurko begietatik ikusita, bederenik, etxepe bereko familia guztiek ez zutela esne hornitzaile bera izaten. Hau da, familia bakoitzak esneketari jakin batekin egiten zuen tratua, hark, egunero, etxera esne jetzi berria ekar ziezaion. Gure etxean, Alaietxen, esaterako, gogoan dut familia batzuengana Olazarko Poloni Sistiaga etortzen zela; beste batzuengana, berriz, Minkurako Mikel Labandibar —Poloni ezinduz geroztik, gurera ere bai—; eta Eguzkitzako Bixenta Gonzalez, beste ate batzuetara.

Goizero tenore bertsuan etortzen ziren, eta etxean inork geratu behar ez bazuen, eltzea sotoan, atearen oinean, uztea aski izaten zen; etxera etorritakoan, esnea hantxe aurkituko zenuen eta. Ni ikastolara ateratzeko unean harrapatu ohi ninduen gehienetan Poloniren txirrin hotsak. Eta pixka bat aurreratzen bazen, berriz, gosaltzen igual. Herriko eta han-hemengo berri eraman ohi zuten etxeetara gizon-emakume haiek. Polonik esne marmita eta kider luzeko antuxun hura maneiatzeko zeukan abilezia gustatu egiten zitzaidan, ez zuen kanpora tantarik ere isurtzen. Tontotuta bezala, begira-begira egoten nintzaion lantegi hari. ”Segi eskolara! Berandatuko zaik eta!”, botako zidan orduan Polonik eta amak, buruarekin, baietz erantzungo zuen.

Gogoan dut, halaber, esne hura ezin izaten zela bere hartan edan; egosi egin behar izaten zen, irakin, alegia. Esnea nola egosten zen ikusteko aukera bakarra jai egunetan izaten nuen eta orain txikikeriatzat joko genukeen xehetasun hori ere ikuskizuna zen gure adinekoentzat, niretzat, behintzat, bai. Adi erreparatu behar izaten zitzaion eltzeari; izan ere, deskuidatuz gero, aguro egiten zuen gainezka esnegain lodi-lodi afartsu batez estalitako esneak. Zenbat madarikazio bota izango zituen gure amak esneak, ustekabean, ihes egin ziola ikusita…! Baserriko esne gozo haren esnegainak bestelako saririk ere bazekarren, ordea. Amak eta amonak esnegain hura jaso egiten zuten, gero, hain goxo izaten ziren galletatxoak egiteko.

Badakit, nik ezagutu nuenerako, esneketarien lantegi hori gainbehera zetorrela, eta ez zuela, akaso, garai batean izan zuen neurriaren edo garrantziaren laurdenik ere izango, baina balio beza kontakizun honek egun herrian baserritar bakan batzuek bakarrik eusten dioten —Olamartako Joxeba Garmendia eta haren bi alabak baizik ez datozkit burura— jarduerari aitor egiteko.

Manuela Arrieta batelaria

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Garai batean badia gurutzatzea zen Lezotik Donostiara joateko modurik erosoena, batez ere zamaren bat garraiatu behar zenean. Alegia, herriko ontziralekuko batelariren baten ontzian Herreraraino nabigatzea, gero handik aurrera goiti-beheiti lehorretik jarraitzeko. Oinez ere joan zitekeen Errenteriako galtzadatik, baina aukeran luzeagoa zen bidea.

Kaputxinoen komentuko fraideak ere batelarien zerbitzuaz baliatzen ziren predikatzera zetozenean. Hala, jaiegun seinalatuetan —1633ko Santakrutz egunean, esate baterako— herriko kargudunek Matxingotik Lezorako pasaia ordaintzen zieten, soldata eta bazkariaz gain.

Lezoko ontziralekura iristen zen bidaiariari zegokion batelari guztien artetik bat aukeratzea. Hauek oihuka hasten ziren maiz iritsi berria erakarri nahian, sesioan. Inoiz konpainiak ere eratzen zituzten, negozioan bakarka zebiltzanak baztertzeko asmoz.

Manuela Arrieta (Manuela Josefa, bataio agiriaren arabera) herriko azken batelarietako bat izan zen. 1799ko maiatzaren 24an jaio zen Lezon. Aita, Josef Andres Arrieta (Lezo, 1773), arrantzalea zuen. Eta ama, Magdalena Gabirondo (Alkiza, 1773), batelaria. Bost senideren artean zaharrena zen.

Espainiako zein atzerriko tropak ere baliatzen ziren batelarien zerbitzuaz —Hirurteko Liberalaren (1820-1823) azken aldean, esate baterako—. Hala, 1822an Josefa Antonia Irurueta batelariak (Lezo, 1793) Valençay-ko infanteria erregimentuko berrogeita hamar militar eraman zituen Lezotik Herrerako ontziralekura —16 errealeko irabazia—, eta Magdalena Gabirondo eta familiakoek erregimentu bereko beste berrogeita bi lagun —12 erreal—. Magdalena Gabirondok halaber sei biaje egin zituen Herrerara militarrekin —22 erreal—, hamar biaje Donostiatik Frantziarako korreoaren eskoltarekin —40 erreal—, eta hamaika biaje Herrerara eskolta berdinarekin —44 erreal—.

1823an Manuela Arrietak sei biaje egin zituen gutxienez Lezotik Herrerara, Frantziatik Donostiarako korreoa eta haren eskolta garraiatzen. Ceferina Fernandez batelariak ere (Lezo, 1794) egin zuen inoiz zerbitzu hori berbera.

1824ko maiatzaren 20an Manuela Arrietak sasiko alaba bat izan zuen: izen bereko Manuela Josefa Arrieta.