XVI. mendeko bi izengoiti euskaldun (Lezo, 1580)

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

XVI. mendeko Euskal Herriko erdal testu administratiboetan murgiltzen garenean, euskal abizenak eta leku izenak topatzen ditugu maiz. Ez da hain ohikoa, ordea, testu horietan euskal izengoitiak topatzea.

Hori dela eta, Lezoko kontu liburuetako 1580ko apunteetan aurkitutako bi izengoiti euskaldun ekarri dira artikulu labur honetara, zein baino zein bitxiagoa, interes berezia dutelakoan.

“vicarraçerre” da lehendabiziko izengoitia, alegia, Bizarraserre (bizar + haserre). Eta Domingo de Elizondo lezoarrarena zen.

“Larruçar” da bigarren izengoitia, alegia, Larruzar (larru + zahar). Eta Petri de Aguirre lezoarrarena zen.

ERANSKINA

prim[era]mente nos hazemos cargo que se cobraron de domingo de arizpe de la derrama que devia dos du[cado]s

de domingo de Eliçondo vicarraçerre quatro R[eale]s por la d[ic]ha rrazon

de gracia de Santa clara y su hijo Juan perez quatro R[eale]s

de petri de aguirre Larruçar quatro R[eale]s

(Iturria: Lezoko udal agiritegia, C/2/I/1/1)

Lezoko izengoiti, goitizen edo ezizenak (2. zatia)

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Aurreko atalean nioen bezala, izengoitien sorrera herri txikietako bizilagunen arteko hurbiltasunezko harremanetatik, bizipenetatik eta tratu berezitik sortu ohi dira gehienetan eta izugarria da izengoiti askok adieraz diezagukeen informazioa, hala nola; jatorria, izaera, lanbidea, ezgaitasuna eta abar, baina gaur egun, zoritxarrez, hemen aipatzen ditugun asko eta asko, gehienak ez esatearren, galbidean edota galtzear dira; batzuk hil direlako, besteak, baserri-etxeen izenez izendatzen zirenen kasuan, bizitokiak desagertzearekin batera galdu direlako, eta beste zenbaitetan, berriz, herritarron arteko harremanak ere ez direlako lehen bezalakoak, eta orain askoz ere ezezagunagoak garelako gure artean. Eta beldur naiz gure nortasunaren zati handi bat ez ote zaigun desagertu ezizenen jabeekin batera.

Bestalde, gure historian zehar beti erabili izan dira izengoitiak, eta izengoiti batzuk deitura izatera pasa dira. Gutxi direla ematen du, zeren eta izengoiti gehienak eramailearentzat itsusiak edota iraingarriak izan litezkeenak baztertu egin baitira, adibidez; Betoker (begi oker) ez da deituratzat hartuko, eta bai ordea, herri izenak; adibidez, Getaria, Iraeta, edota koloreak; Gorri/Gorria; Beltza…

Beraz, hemen doazkizue azken aldiotan jasotakoak eta Mikel Salaberriak (Martizkonekoak) emandakoak guztion entretenigarri.

Alemana – Animaluze – Añia – Antxilla – Asasa – Atzaparraz – Augixona – Batelerua – Begiaundi – Begiokerra – Belarrimotza – Beltza – Bettelu – Bibillo – Bolineo – Builas – Burdeox – Domingofraile – Erlia – Erreka – Etxezoko – Ezpala – Iraeta – Jajaja – Jelerua – Joxemaitxiki – Judas – Juxta motxa – Kables – Kalekantoiko amona – Kaskagorriya – Kaskurrio – Kettai – Kinkilin – Koskorros – Kukulun – Lapax – Larrolo – Letxerua – Mainas – Mandazaya – Markamal – Martxela koipe – Martxieltxo – Mendarotarra – Mixerere – Mokolo – Mollete – Moñoña – Morroi – Motxa – Moxtexiro – Naparra – Neskazarra – Niñojexux – Ontzekillos – Palakier – Patti ttiki – Pelopintxo – Peñaño – Pintopinto – Pitutx – Puli – Ranga – Rotxil – Santamaria – Santzon – Sokarro – Tabardo – Tetuan – Titorito – Toloxa – Txabal – Txata – Tximitxa – Txikito – Txispas – Txoizo – Txollo – Txirriprixtin – Txurtxil – Ungrianua – Xakioxordo – Xaxoya – Xekele – Ximela – Ximitxua – Xinxangre – Xorra – Xorten – Zintzerri – Ziringulin.

Herri eta leku izenak adierazten dutenak

Alemania – Bettelu (Betelu) – Burdeos – Iraeta – Gaskuina – Kettai (Getaria) – Mendaro – Nafarroa – Tetuan – Tolosa – Hungaria

Lanbidea adierazten dutenak

Bateleroa – Fraidea – Jeleroa (jela saltzailea) – Kables – Letxerua (Esneketaria) – Mandazaya (mando zaintzailea) – Morroia – Txispas…

Aminalia, etxabere eta piztiekin zuten antzekotasunaz

Erbia – Erlea – Karakola – Katarra – Mandoa…

Pertsonaren izaera eta ezgaitasuna adierazten dutenak

Animaluze – Augixona – Begiaundi – Begioker – Belarrimotz – Besamotz – Gizonerdiya – Joxemaittiki – Xinxangre – Kaskagorriya…

Pertsonaiak

Puli (Pulidor) – Santzon – Rotxil – Niño Jesus…

Besteak

Askotan deituren hotsen antzekotasunetik eratorriak jolas moduan; Kukulun (Uzkudun) – Asasa (Isasa) – Palakier (Daladier)…

Eta oraingoz besterik ez. Lezoar herritar hauek guztiak gogoan, bihoakie denei gure agurrik beroena, ezizenon atzean Lezoko historia egin duten herritarrak daudelako.

Otsoak eta azeriak Jaizkibelen

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Jaizkibelgo azeri disekatua, Elortegi baserrian. Fotografia: Lander Zurutuza, 2020.

Lezoko eta Pasai Donibaneko kontu liburu zaharretan bada albiste aski interesgarririk. Esate baterako, 1655ean otsoek kalte handiak eragin zituzten Jaizkibelen, maiz eraso eginez larrean zebiltzan abere taldeei; triskantzari bukaera emateko asmoz, Pasaiako kargudunek ehizaldi bat antolatu eta jende saldoa bidali zuten otsoak akabatzera, eta belloizko 24 erreal gastatu zituzten zeregin horretan. Bestalde, 1767ko egun batean gizon bat ibili zen Lezon barrena jendeari otsokume bat erakusten, eta Lezoko kargudunek belloizko bi errealeko saria eman zioten hura harrapatu izanagatik, halakoetan ohitura zen legez. Eta 1818an antzera, badirudi piztia hedatu samarra zegoela gurean, zeren eta lau gizon etorri baitziren, bakoitza bere kabuz, otso banarekin, Lezoko kargudunen eskutik saria jasotzera; belloizko bederatzi erreal guztira.

Alabaina, hemeretzigarren mende bukaerarako Jaizkibel egoera tamalgarrian zegoen. Eta 1891n Hondarribiko agintariak bederen oso kezkatuta zebiltzan: suteak ohikoak ziren; artaldeek gehiegizko presioa eragiten zuten landaredian; ote, iratze eta su egur mozketek ez zuten etenik… Mendia ez zen jada babesleku egokia otsoentzat, soildua zegoen neurri handi batean.

Azeriak hobeto egokitu dira ingurumenean gertatutako aldaketa sakonetara, bistan da.

Hala, 1845ean, azeriek eragindako kalteekin aztoratuta zebiltzan Lezoko eta Pasaiako artzainak, eta arazoari konponbidea aurkitzearren ekainaren batean hitzarmen bat egin zuten Bautista Escudero ehiztari oiartzuarrarekin, espezialista baitzen piztia horiek harrapatzen. Lezon batzartu ziren bi aldeak: batetik Jabier Isasa eta Lorenzo Garmendia artzain lezoarrak —beren eta Lezoko gainerako artzainen izenean—, baita Juan Ignazio Mendizabal eta Ignazio Ramon Irurueta artzain pasaitarrak ere —Pasaiakoen izenean—, eta bestetik Escudero bera, zeinak urtebeteren buruan bi udalerrietako azeri guztiak akabatzera behartu baitzuen bere burua. Halaber, urtebetea bukatu ondorengo hamabost egunetan artzainen batek azeriren bat sumatuz gero, hura ere ehizatu beharko zuen. Artzainek, ordainetan, jada emanak zizkioten hemeretzi artantxu edo ardi gazte, eta beren burua behartzen zuten hamar gehiago ematera urte eta hamabost eguneko epea bukatzen zenerako; hogeita bederatzi artantxu guztira.

Hogei urte geroago, 1865ean, Lezoko hamasei artalde zebiltzan Jaizkibelgo larreetan, bakoitza hirurogeita hamar bat ardiz osaturik. Oraindik ere, piztiek batez beste urtean bost ardi akabatzen zituzten artaldeko.

Jaizkibelgo toponimian ere utzi dute beren aztarna azeriek, besteak beste putreek edo azkonarrek egin bezala. Hondarribi aldeko leku izenen artean badira Azerioiana, Azeritoki, Azerizuloeta… Pasai Donibanen bada Azariondo izeneko paraje bat itsaslabarretatik gertu, Mitxitxolako kaskoaren mendebaldean. Azkenik, Lezon bada Azaritunbo izeneko mendi kasko bat (43º20’03.58”N 01º53’10.62”W), Mugitar eta Bigarren dorrearen artean.

Esan bezala, itxura guztien arabera azeri ugari dago gaur egun Jaizkibelen. Orain dela urte batzuk horietako batek Kaserna baserritik ahatea eraman zuen, goizean egun argiz gainera, eta bertako senar-emazteek ikusi ere egin zuten azeria soroan. Urdalamarta baserrikoek tarteka azeriren bat ikusten dute beren lurretan lanean dabiltzanean; orain dela aste gutxi azkenekoa.

Iraganean bezala etorkizunean ere jarrai bezate azeriek Jaizkibel mendian!

Garai bateko erromesaldiaren kronika

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

“Debotoen itzulera”. Fotografia: Lezoko Gurutze Doitsuari euskal-ereserkia, 1919.

Hemen doakizuen idatzitxoa Koldo Mitxelena Kulturunearen liburutegiko hemerotekan aurkitu nuen, eta lezoarron aipamena egiten duenez, Lezoko Portuaren leiho honetara ekartzea deliberatu dut.

Erromesaldiaz dioenaz oroituz, nire haurtzaroa datorkit burura eta urte gutxian Lezoko elizak izan duen izugarrizko aldaketa.

Oroitzen naiz gure haurtzaroan Gurutze Santuaren mirariekiko sinesgarritasun izugarriaz, eta elizako sakristia “mirariengatik” esker onezko koadroz eta oroigarriz beteta zegoela —batzuek urrezko belarri nahiz begi itxura zutenak sendatuaren izen-deiturekin—, ahaztu gabetanik, elizaren barneko paretetan zintzilik zeuden pipiak jandako eta denboraren poderioz hautsez betetako makulu zaharkitu haiek. Guztiak mirarien lekukotzen adierazle.

Gogoan ditut, halaber, urtean zehar izaten ziren erromesaldiak, Mixintxoak, bederatziurrenak eta abar, eta abar, izugarrizko jendetza mugituz eta Gurutze Santu “mirarigilearen” fama eta ospea munduan zehar hedatuz. Erromesaldi horietako batean gertatutakoa aipatzen da ondorengo artikuluan.

<<<<<<<<<<>>>>>>>>>>

[EL URUMEA aldizkaria (1879-1885) / Gipuzkoako ondasunen defendatzailea  / Sortzailea: Serafin Baroja / Zuzendaria: Ricardo Baroja]

 

EL URUMEA (1879-9-24)

Harpidedun batek eskatu digu lerrook sar ditzagun: … “Hil honen 21eko EL URUMEAren 74. zenbakia, nik biharamunean jaso ondoren irakurri baitut Lezoko erromesaldiaz dioena.

Zilegi bekit eliza hartan ikusi nuenaren aipamen labur bat egitea.

Elizan sartzea ezinezkoa zen, eta mukuru beteta zegoenez, aldare nagusiaren atzeko aldera eraman ninduten, bertatik, bi aldeetara dauden bi tribunekin bat egiten duen mailaditik Kristoak atabaka edota limosna-kutxatxoa duen oinetara iritsi ahal izateko.

Meza bukatu aurretik hauetako batean jarri nintzen, eta bukatu eta gero, sakristaua etorri zen aldare aurrera, gurutze bat eskuetan zekarrela, erromesek muin eman ziezaioten. Erromesek berehala gainezkatu zuten presbiterio osoa eta gurutzearen gainera erori zen jendetza hura guztia, sarri sakristauari gurutzea eskuetatik kentzeraino.

Ez dut sekula halako desordenurik ikusi eliza batean. Jendetza haren artean iruditu zitzaidan ikustea gizon batek nola lapurtu nahi zion emakume bati soinean zeraman tokilla. Desordenu hori ekidin zitekeen eskaileren oinetan burdin hesi baxu batek alboetan bi ate edukiko balitu jendea batetik sartzeko eta gurutzeari muin eman ondotik bestetik irteteko; edota alderantziz, sakristauak banan bana eman dezala muin ematera gurutzea, burdin hesiaren beste aldetik.

Ziurtatu didatenez elizaren atarian jasotako dirutza ongintzara bideratuko da, hau da, adineko eta ezindutako apaizei laguntzeko alegia”.

Gaintxurizketako gurutzea

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Garai batean bazen gurutze bat Gaintxurizketako kaskoan, bidegurutze bakartietan ohikoa zen legez. 1744an gurutze hura desagertu egin zen, baina Lezoko kargudun eta herritarrek berehala erabaki zuten harrizko berri bat egin eta aurrekoaren leku berean jartzea. XIXgarren mendeko lehendabiziko hamarkadetan —Gaintxurizketako benta eraiki gabe zegoenean—, oraindik ere, gurutzea erreferentzia puntu bat zen bidean gora eta behera pasatzen ziren mandazain, soldadu eta bidaiari arrotzentzat. Leku hura jende eta ondasun askoren pasabidea zen, baina inguruko baserrietatik urruti xamar zegoenez lapurretak ere egiten ziren bertan.

Gaintxurizketako gurutzea. Marrazkia: Lander Zurutuza Sunsundegi (2018).

Lezoarrentzat zen, ordea, Gaintxurizketako gurutzea zerbait berezia eta propioa. Lezoko San Juan Bataiatzailearen parrokiako barrutia, ekialdetik, bertaraino hedatzen zen, eta noski baita herriko kargudunen autoritatea ere.

Hala, urtero, San Marko egunez —hau da, apirilaren 25ean— lezoarrek elizako kabildoarekin batera prozesioa egiten zuten Gaintxurizketako gurutzeraino, bidean zehar letaniak kantatuz, gero han bertan guztiek otordu bat egiten zutelarik. XVII, XVIII eta XIXgarren mendeetan baditugu tradizio horren aztarnak, baina litekeena da zaharragoa izatea. 1714an, adibidez, kontzejuak San Markoren erretaula bat erosi zuen Gaintxurizketako prozesiorako, hamabost erreal ordainduta.

Arantzazuko egutegia eta Gurutze Santua

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Egutegiak edota kalendarioak protagonista diren egunak dira, horratik, bizi ditugun hauek. Orria pasa, tolestu nahiz erauzteko garaia; hilabetea eta urtea ere aldatu dela adieraziko digu, laster, gelan, sukaldean, lantokian edo heian zintzilik dugunak.

2018ko orrietara pasa aurretik, ordea, aurtengoak ia oharkabean bete duen urteurren bat aipatu nahi dut lezoar nortasunaren kaiera honetan. Arantzazuko Amaren Egutegiak 70 urte borobil egin ditu gure etxe xokoetan; 1947. urtea izan baitzen lauki luze mardul baten forman eman zuen aurreneko urtea. Egunez eguneko egutegia da Arantzazukoa. Eguna pasa ahala, orria erauzi behar izaten den horietakoa. Egun bakoitzak, hau da, orri bakoitzak informazio berezia ekarri ohi du. Atzealdean, txisteren bat edo kontakizun xelebreren bat izaten du gehienetan. Batzuetan, hango edo hemengo bitxikeriaren bat, jakingarriren bat edota pertsonaia ezagunen baten soslaia ere igual. Jakina, egutegi erlijiosoa izanik, igandeetako orrien atzealdean urteko zenbatgarren igandea den eta liturgiako kontuak ekarri ohi ditu. Aurrealdean, berriz, eguneko santuak zein diren eta egunari loturiko esaeraren bat ere bai. Igande eta jaiegunetako zenbakiak, bistan da, gorriz markatuta adierazten ditu. Gure etxean aitona-amonen garaian sartu zen eta oraintsu arte urteroko usadioa izan da, eguberri sasoian, “tako” berria erosi eta harentzat propio egindako egurrezko euskarrian jartzearena.

Arantzazuko Amaren Egutegiko orriak. Iturria: Joxe Luix Agirretxe Mitxelenaren artxiboa.

Arantzazuko fraide frantziskotarrek argitaratzen dute urtero, hutsik egin gabe, eta 1980az geroztik, anaia Jose Luis Zurutuza arduratzen da egiteko horretaz. Orain bizpahiru aste Berria egunkarian kezka agertu zuen Zurutuzak egutegiaren etorkizunari buruz, eta zera zioen, eurak (frantziskotarrak) joatean —desagertzean edo hiltzean, ulertu nuen nik—, ongi legokeela elkarte edo dena delako laiko batek hartzea egutegiarekin jarraitzeko ardura. Izan ere, dezenteko lana izan behar du urtero, orriz orri, egutegi hori apailatzea.

Egutegiaren joan-etorri hauek guztiak tarte honetan azaltzeko arrazoi nagusia, hala ere, egutegi horrek gure herriarekin duen zeharkako lotura da. Arantzazuko Amaren Egutegian urteko egun gailen edo garrantzitsuak —erlijioarekin loturiko jai egunak kasu honetan— egokitzen den santuaren irudiarekin, hobeto esanda, marrazkiarekin agertu ohi dira. Hala, garai bateko ospearen eta garrantziaren erakusle, irailaren 14a, Lezoko Gurutze Santuaren irudiarekin ageri da oraindik ere, egun gailen gisa, jai eguna Euskal Herri osoan ez izan arren. Irailaren 14ko orriak janzten dituen irudia garai bateko estanpa zaharretako irudia da; ez 1985etik hona ezagutzen dugun irudi berrituarena alegia.

Lezoko Gurutze Santuaren irudiak. Ezker aldean, estanpa zaharra; eskuin aldean, egutegiko orria. Iturria: Joxe Luix Agirretxe Mitxelenaren artxiboa.

Olibet gaileta lantegia

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

1886an eraiki zuten Euskal Herrian gaileta-lantegi hau Olibet familiaren gidaritzapean; “La Ibérica, Gran Manufactura Española de Bizcochos de Lujo y Galletas” izenez lehendabizikoz, eta, gero, Galletas Olibet bezala ezagunagoa izango zena.

Lezoko tren geltokiaren ondoan kokatua, Errenteriako lurretan, 3.500 metro karratu zituen eraikinak. Kokapen ezin hobea zuen, leku estrategikoa alegia. Izan ere, gailetak egiteko ia glutenik gabeko irin almidoiduna Gaztelatik trenez ekartzen zutenez, bertatik bertara jasotzeko primerako aukera zuten, eta gainera, beste edozein azukre baino kalitate hobekoa zen Cubako kanabera-azukrea oso modu egokian lortzen zuelako Pasaiako portutik. Azkenik, inguruko baserrietako esnea lortzea ere oso erraza gertatzen zitzaien.

Osagaiak kalitatez ezin hobeak eta esku-eskura izanik, lantegiak derrigor arrakasta izan behar! Beraz, gaileta onaren sekretua bere osagaietan zetzan: irina, azukrea, gurina, esnea, arrautza gorringoa eta banillarik onenen hautuan, alegia.

Eta zein zen hurrengo urratsa? Bada, gaileta egiteko ore leun eta garbia egitea. Horretarako lehen urratsa osagai guztiak galdaratzar ikaragarrietan irabiatu eta mekanikoki ijezkailutik (laminadora) bitan pasa eta gero, zikinkeria guztiak kendu eta elaboraziorako prest utzi ondotik, arrabol edo zilindroen artetik pasatzen zen eta arrabolen tarteen araberakoa izan ohi zen gailetaren lodiera edota garaiera ere. Gaileten elaborazioari edota irudiari kalte egingo ziokeen zernahi atxikidura saihesteko trokelera iritsi aurretik, oreak, automatikoki, amaierarik gabeko oihaletan jarraitzen zuen azukrez hautseztatu ahal izateko. Hori egin ondotik, ijeztutako (laminatutako) orearen gainean trokelek markatzen zuten gailetak azkenean hartuko zuen forma. Gero orearen ebakinak kentzen zituzten, eta horrela jada, gaileta prest uzten zuten bere egosketarako. Eta azkenik, kate luzeen gaineko erretiluetan sartzen ziren labean beti ere hozberoaren araberako abiaduran: zenbat eta berotasun handiagoa labean, orduan eta abiadura handiagoa. Hamalau edota hamabost metroko labeak ziren eta hiru minutu aski izaten ziren gailetak egosteko.

Behin egosita, orgatxoetan jarri eta hozten ziren bitartean igogailuetan sartu eta sailkatze-gelara eramaten ziren emakumeen esku uzteko (gehienetan emakumeak izaten baitziren lan hori egiten zutenak). Pisatu eta paketeak egin ondotik, kaleratzeko eta saltzeko prest uzten zituzten.

Mota askotako gailetak ekoizten ziren, formaz desberdinak asko eta asko, besteak pisuz, beste batzuk zaporez, eta abar. XX. mendeko lehen hamarraldietan bost tona gaileta egitera iritsi omen ziren. Gaileten artean ospetsuenak edota gehien egiten zirenak gurinezko petits-beurre; anbrosiak eta kremaz beteriko gaufretteak, eta horiekin batera eguneroko ogia. Horiek gutxi baziren, azken urteetan Kiss gozokiak ere ezagutu genituen, txikleak bailiran, bigun-bigunak eta koloretakoak. Bai goxoak!

Eta gailetak ekoizten zihoazen heinean, arrakastaz batera langileria ere handituz zihoan, Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo, eta Pasaiako gizon eta emakume taldea osatuz, berrehun langile (gizon eta emakume) izatera ailegatu izan ziren eta Euskal Herritik kanpora ere lantegi berriak ireki zituen Olibet enpresak.

Beraz, gure herritar askoren lanbidea gailetak egitearena izan zen, gizon-emakume askoren ogibidea eta haien artean gure amarena ere bai. Hari esker ikasi izan ditut hainbeste istorio eta Olibet lantegiaren azken denboraldian bertan lan egin zuten lezoar askoren izenak. (Argazkian agertzen diren lezoarrak: Paulita Agiriano, Estefania Askasibar, Mª Luisa Askasibar, Arantxa Bengoetxea, Anastaxi Berasarte, Karmen Berasarte, Rexu Cobos, Euxebio Erzilbengoa, Elena Garmendia, Irene Irastorza, Antonia Izeta, Juanito Orgilles, Patxiku Narbarte, Pilar Narbarte, Estefania Nieto, Maria Olasagasti Nieto, Maria Olasagasti Olaizola, Frantxiska Pikabea, Juana Salaberria, Migel Salaberria, Pepita Salaberria, Mikaela Sarasola, Kristina Taberna, Joxepa Treku, Rafaela Zumeta, besteak beste.)

Olibeteko kideak. Fotografia: Eugenio Figurski / Agustina Pontesta Garmendiaren artxiboa.

Olibet lantegia hirurogeiko hamarraldian itxi zen arte udatiarren bisitez gain, gu haurron bisitak ere jasan behar izaten zituen, gaileta zatiak edota hautsitakoak eta Kiss gozokien bila joaten baikinen Errenteriako mojen eta fraideen eskoletan ikasten genuenok eskolarako bidean. Sos batzuen truke eskuratzen genituen batzuetan eta beste zenbaitetan, ezagunen batekin topo egiteko zortea izanez gero, dohainik!. Beraz, guretzat ere eguna gozo-gozo hasteko modua izaten zen hura. Maite genituen Olibeteko litxarkeriak! Nola ahaztuko dugu bada gure haurtzaro eta nerabezaroa gozatzen lagundu zigun lantegia!

Hala ere, lantegia itxi arren, bizirik jarraitzen zuten bertako langileak urtero elkartzen ziren bazkari baten inguruan, kontu kontari aritzeko eta gaztaroa oroitzeko. Zoritxarrez, aspaldi utzi zioten elkarretaratzeari, egun oso bakanak izango baitira bizirik egoteko zortea dutenak. Beude Olibetekin batera gure oroimenean guztiak.

Olibeteko kideen zerrenda (1), Elena Garmendia Pikabearen arabera. Iturria: Agustina Pontesta Garmendiaren artxiboa.

Olibeteko kideen zerrenda (2), Elena Garmendia Pikabearen arabera. Iturria: Agustina Pontesta Garmendiaren artxiboa.

Olibeteko kideen zerrenda (eta 3), Elena Garmendia Pikabearen arabera. Iturria: Agustina Pontesta Garmendiaren artxiboa.

Lezoko izengoiti, goitizen edo ezizenak

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Beti atentzioa eman didan zerbait izan da inork bere jaiotze-agirian ageri den izena ez den beste bat izatea, baita ezizen horren esanahia ere.

Herri guztietako ohitura, usadioa izan da inoren izena beste izen batez ordezkatzea eta hala, izen horietako askok eta askok, belaunaldiz belaunaldi, iraun dute, gaur arte. Horri deritzogu ezizen, goitizen edota izengoitia. Gurekin batera gure bizitzan bidelagun izango duguna. Izen atsegina, polita, alaia baldin bada gaitz erdi! Baina iraingarria izanez gero… amolai! Ezizenaren jatorrian izan zitezkeen arrazoiekin zerikusirik ez duten belaunaldiek ere jasan behar izango dutelako “irain” hori.

Ezizenok norberari dagokion auzo, jaiotetxe, baserri, jaioterria adierazten dutenak izan ohi dira gehienetan eta beste asko aldiz, pertsona bakoitzaren izaera, ezaugarri, dohain, bertute edota antzekotasuna adierazten dutenak dira, eta beste zenbait aldiz, lanbideari, ofizioari lotuak edota bizitzako pasarte xelebreren baten egile izateagatik, “pasarte” horrekin izendatuz.

Azken batean, gure historiari lotuak dauden izengoitiak dira, argi eta garbi ikus baitaiteke hitz bakoitzaren esanahiaren atzean zer ezkutatzen den eta zer nolako gizarteren ondorio garen. Gure jatorria ezagutzeko parada ezin hobea.

Hemen behean jaso ditudanak gure herrian ohikoak diren izengoitiak dira; adibide gisa ekarri nahi izan ditudanak eta gure artera antzinatik heldu zaizkigunak gehienak, Lezoko herri giro eta historiaren adierazle bikainak, hain zuzen.

Animalia, abere, arrain, hegaztiei loturikoak

Akerra – Apo – Auntxa – Bakallos – Biorra – Erbiya – Fanekas – Karakola – Katarra – Kottorrita – Lapa – Lorito – Mandua – Txitu – Zikiro.

Lore, landare, mendi, natura

Makala – Margarita – Patatas – Pattatta – Pitula – Txindo(ki).

Koloreak

Beltza – Gonagorri – Gorriya – Kaxkagorri.

Gizakiaren izaera, egoera edota antzekotasunari lotutakoak

Altzairu – Anbre – Attona – Aundi – Aundiya – Beltza – Besamotza – Bixki – Buruaundi – Bullas – Exkerra – Gizon erdiya – Itzua – Kagona – Kakax – Kaskarrillo – Kaskoia – Kaxka – Kaxkar – Kaxkarri – Kikax – Kinki – Kojua – Kokotx – Koxkor – Luzia – Makulo – Mareos – Mataburros – Maton – Mirri – Moñoño – Morito – Motel – Motza – Oliyoxantua – Pottel – Pottitto – Pottotto – Sietekulos – Sorgiña – Talo – Ttakon – Ttikia – Txepito – Txolin – Uesitos – Xorrotx – Zarra – Zintzarri.

Toponimoei, jatorriari lotutakoak

Amerikanua – Andaluza – Asturianua – Ataundarra – Azpeiti – Biañi – Frantzesa – Gallegua – Honddarbi – Kanayua – Molinau – Naparra – Oriotarra – Paxai.

Badira jaiotetxe, baserri eta etxe izenen bitartez jatorria adierazten dutenak: Amuntenekua – Argiñane – Arriskalletakua – Bikayonekua – Erramontxonekua – Errekitxekua – Etxetxikikua – Koxtaburukua – Londres – Maintzinekua – Miyura – Txartiku – Tximitxonekua – Xagua…

Eta beste zenbait aldiz, bitxiak iruditzen zaizkigun arren deituren laburdurez osatuak eta gaurdaino iritsi zaizkigunak: Txularra (Maritxalar deituratik eratorria izan daitekeena, esate baterako) – Ttole (Toledo) – Kortta.

Daramanaren lanbidea adierazten dutenak

Aguazil ttikiya – Alpargaterua – Andereñua – Arakiña – Argiña – Arotza – Arraiketaya – Artzaya – Barberua – Betenayua – Bikayua – Dorremi – Esneketaya – Guarda – Guardamontia – Jueza – Kaminerua – Karabinerua – Kaxuelas – Maixtra – Mandazaia – Obispua – Pelotaya – Pintoria – Pintxe – Raketista – Sakrixtaba – Sastria – Tubero – Txatarrerua – Txispas – Txorroskillerua – Txurrerua.

Dantzei eta dantzariei lotutakoak

Dantzaya – Kankan – Panddango – Turuta – Txistu – Txistulaya.

Pertsonaiak

Euskadiko erregiña – Gandi – Petain – Taison – Tito.

Beste zenbait

Dorremi – Kiriki – Kurruko – Makulo – Moneko – Neri – Pattari – Pelutxo – Titotxa – Tutillas – Txirikillo – Txitxia…

Hona gaurdaino gure artean usuen erabilitako izengoitiak.

Gaur egungo gazteen kasuan izengoiti gutxiago darabilten arren gutxi batzuek oraindik familiakoaren ezizenaz identifikatzen dira eta beste batzuk, aldiz, deituren laburduraz. Baina badira beste batzuk askoz ere ezizen modernoagoak darabiltzatenak, ingelesezkoak, esate baterako (Fisher, Piter, Txarli, Txarls, Txesman, Willy…), gizarte aldaketaren seinale garbia.

Lurra ondartu

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Bada gure herrian —Lezotik kanpoko inoren ahotan ez baitut inoiz entzun— aspalditik txundituta, xoratuta naukan esamolde bat, bai bere erabilera murritz eta mugatuagatik, bai bere jatorri ilunagatik; “lurra ondartu”, alegia.

Gure herriko hiztunik zaharrenei entzun izan diet beti; gure aitona-amonei, gurasoei eta gure etxepeko bizilagun zaharrenei. Bizilagunei diot, izan ere, bere erabilera testuingurua, gehienetan, sotoa eta hango eskailerak txandaka garbitu behar ziren unea izaten zen.

Alaietxek eta herriko gune historikoko etxe gehienek zurezko egitura zuten eta dute, haritz egurrez eginikoa ia denek. Ondorioz, etxeetako zorua eta sotoko zoru nahiz eskailerak ere material berekoak ziren. Egun, erratza eta fregona pasa eta berehala garbitzen ditugu, makurka eta postura txarretan ibili gabetanik. Gure aitona-amonen garaian, ordea, —amonenean, batik bat— egurrezko zorua eta eskailerak lurrean bi belaunen gainean jarri eta zurda gogorreko eskuila batez arraskatuz, eskuz garbitzen ziren. Ohiko kontua zen, beraz, etxe barnean, edota sotoan, ama edo amona edo emakume bizilaguna postura ezeroso eta txarrean, ur baldea eta xaboia bertan zituela, zorua garbitzen ikustea.

Alaietxeko eskailerak. Fotografia: Joxe Luix Agirretxe, 2017.

Lan bereziki nekosoa zela esan gabe doa. Lan zaila; aurrena eskuila uretan eta xaboietan blaitu eta, ondotik, lurra harekin gogor igurzten zuten erantsitako zikinkeria libratzeko, hartara, nahi zen garbitasun maila lortzeko. Oraindik ere aurki daitezkeen garai bateko xaboi-kozkor handi haiekin —Lagarto eta haietakoekin— egiten zuten xaboi-ura gainera. Lixiba pixka bat ere eransten ziotela uste dut. Eskuak gomazko eskularruekin babestu, makurtu eta ekin. Xaboiaz eta urez ongi igurtzi ondotik, trapu lehor batez xukatzen zuten ahalik eta ur gehiena. Gero, ateak eta leihoak zabalik utzi eta berez sikatzen zen garbitutako azalera.

Lana bukatuta, emakumea altxatzen zenean, belaunak, gerria eta lepoaldea arrunt minbera izaten zituen, eta oinaze keinuak izaten ziren aurrenekoak behintzat; gero, irribarrea, lan gogorra amaitu izanaren duintasunezko irribarrea.

Lan gogor hari esaten zitzaion lurra ondartzea. “—Zeñi tokatzen tzaio asti ontan sotoko lurra ondartzia? Goiko Irenei?” bezalako esaerak ohiko ziren gure etxeetan 70-80ko hamarraldietan, eta aurrekoetan, zer esanik ez.

Esamoldearen erabilera oso murritza eta testuinguru oso mugatukoa zen, eta jatorria, berriz, batzuetan garbitzea tokatzen zen zorua bezain iluna. Izan ere, nik behintzat, ez dut inongo hiztegitan aurkitu, saiatu naizen arren. Arestian esan bezala, gainera, egingo nuke ez diodala lezoar ez den inori inoiz aditu. Beraz, harrigarri bada ere, Lezon bakarrik erabiltzen zen edo haren erabilera berantiarrena gure herrian izan zuen esamolde baten aurrean egon gintezke. Kontraste eta ikerketa handirik egin gabe diot hori, horrek duen hanka sartzeko arrisku guztiarekin. Baina erratzeko beldur handirik gabe, esan nezake, erabilera murritz eta mugatuko esamoldea zela “Lurra ondartu”.

Nik ezagutu ez badut ere, badirudi, aipatu hamarraldietatik atzerago joz, Jaizkibelgo hondar-harri zatiak erabiltzen zituztela egurrezko zorua arraskatu eta erantsitako zikinkeria erauzteko, gantzak eta orban zailak, adibidez. Lantegi hark hondarra barreiatzen zuen zoruan eta, beraz, hortixe balizko jatorrietako bat. Kontu jakina da, halaber, itsasontzietako egurrezko zoruak garbitzeko ere hondarra erabili ohi zela, kraka erauzteko modurik eraginkorrena hura zela iritzita. Horratx, beste balizko jatorri bat, baina hortik aurrera, kieto! galderak eta ziurgabetasuna baino ez. Hiztegien hertsikeriatatik ihes egin zuen eta gure irudimena hauspotzen duen esamolde magiko eta xoragarria gure herriko euskararen ondarean.

Eskale baten gutuna ziegatik bidalita

MIGUEL ANGEL BARCENILLA LÓPEZ

Santakrutz eguna, 1889ko irailaren 14a. Urtero bezala, jende andana bildu zen Lezon; jaiak eta debozioak ekarritako jendetza, tabernak, plazak eta Santo Kristoren eliza betez. Izan ere, garai hartan, Lezoko Santo Kristoren santutegiak ospe handia zeukan inguru zabal bateko herrietan; Gipuzkoa osotik, Nafarroatik eta Lapurditik pertsona anitz hurbildu ohi ziren basilikara otoitz egitera, ezkontzera edo dohain zein laguntza eske, bereziki Santakrutzetako erromeria egunean.

Aipatutako egunean, ordea, baziren Lezon jai giroaren partaide ez ziren hiru pertsona gutxienez, herriko kartzelan giltzapean sartuta baitzeuden. Eskale ziren hirurak, eta kalean eskean ibiltzeagatik eguerdian atxilotutakoak.

Haietako batek, arratsaldean gutun bat idatzi zion herriko alkateari bere ezbeharraren berri emateko,

Gutunaren idazleak Cipriano Pinedo zuen izena. 28 urteko arabarra zen. Eskutitzaren hasieran Ciprianok adierazten zuen tristea zela pobrea izatea, baina are gehiago ezindua ere izatea, bera bezala. Bere hitzetan, Bilboko meategietan egin zuen lan aurreko urteetan, gogo biziz, hargin eginkizunetan zehazki, baina ezbehar baten ondorioz, ezkerreko hanka galdu zuen, behin-betiko lanerako ezgauza geratuz. Eta egoera hartan “zer esperantza geratzen zitzaidan?”, kexatzen zen gizajoa bere idatzian.

Gure eskaleak alkateari galdetzen zion ea onartuko zukeen bere semeetako batek hanka bat galduz gero, jan ahal izateko limosna huts bat eskatzeagatik kartzelaratzea, lapur handiak eta kriminalak bezala.

Eskean ibiltzeagatik, preso hartu zutela idatzi zuen Ciprianok, baina gurasoen faltan beste baliabiderik ez zuenez, adierazten zuen halako atxiloketak ekidin ahal izateko geratzen zitzaion irtenbide bakarra bere burua hiltzea zela.

Aipatutako guztiagatik alkateari eskatzen zion bere egoera triste eta etsita azter zezan, aske utz zitzatela hiru koitaduak, ala hori agindu ezean, jateko eta edateko zerbait eman ziezaiela, izan ere, hiruetako bik ez zuten egun osoan ezer jan.

Ez dago jasota zenbat egun eman zituzten eskaleek herriko ziegetan. Seguruenik, gutxi batzuk, izan ere, 1851. urteko Gipuzkoako sorosle-etxeetako araudian, artean indarrean zegoena, 6. artikuluan xedatzen zuenaren arabera, kalean ibilitako eskaleak atxilotu beharko zituzten herri agintariek eta gipuzkoarrak baziren, bere barrutiko sorosle-etxera eraman behar zirela, baina kanpotarrak baziren, Cipriano kasu, errepidetik zuzenean edo herriz herri eta ziegaz ziega, Gipuzkoatik kanpora eraman behar zituela justiziak. Horrez gain, urte bereko zirkular batean Aldundiak herriko alkateak behartzen zituen xede hau gogor betearaztera, hitz horiekin zehatz-mehatz: “Los Sres. alcaldes quedan en la obligación de impedir la postulación y vagancia de los pobres en la forma y por los medios que marca el artículo 6º del Reglamento. La provincia mirará con el mayor desagrado el abandono o tibieza que se observe en el desempeño de esta importante obligación.”

Ciprianoren eta bi bere kideen kartzelatzea ez zen, antza, salbuespen garai hartan, Estatu Liberalak, Gipuzkoako Aldundia barne, muturreko pobreziaren aurrean erakutsi zuen jokabidea ikusita.

lezo-14

Lezoko udaletxea. Posta txartel zaharra: Lezoko udal liburutegia.

Esan dezagun, Erdi Aroan zein Antzinako Erregimenaren garaian karitate pribatuaren ekintzetan oinarritzen zela pobreen zaintzako sarea, batez ere, kristau sinesmenek eragindako limosna eta testamentu dohaintzen bitartez sortutako benefizentzia instituzioek osatuta. Eta espero zitekeen moduan, hauetako gehienak Elizaren ardurapean. Sistema hori XVIII. mendearen bukaeran hasi zen higatzen, Ilustratuek bultzatutako sekularizazio eta erreformen ondorioz. Gero, XIX. mendeko lehenengo hamarraldietan, Estatu Liberalak bultzatutako desamortizazioek ia erabat hondatu zuten antzinako karitate-erakunde sarea. Estatuak ez zuen, ordea, bere aldetik aukera berririk sortu 40ko hamarraldira arte.

Izan ere, 1845. urte arte Estatu Liberalak ez zuen bere ardurapean hartu pobrezia larriaren auzia, urteko urtarrilaren 8ko legea xedatu arte, alegia. Lau urte geroago argitaratutako “Ley General de Beneficencia” delakoa aurrekoa osatzeko etorriko zen. Bi arau hauen bidez eratutako ongintza eskema berriak Probintziei eta udalei eman zien gai honetarako eskumena eta oinarrizko ardura: Probintzia Aldundiak Amatasun eta Kaxako Umeentzako Etxe bat, Miserikordia-etxe eta eri pobreentzako ospitale bana eraiki eta finantzatu beharko zituen, gutxienez. Udalek, berriz, igarotze pobreak eta eriak zaintzeko ardura eta lekuko familia txiroei mediku laguntza emateko ardura zuten. Estatuak, bere aldetik, hau guztia gainbegiratzearen ardura hartu zuen bere gain.

Dena den, benefizentzia liberalak antzinako sistemaren irizpideei eutsi zien sare berria eraikitzeko: txiro talde berberak hartu zituen kontuan, hau da umeak, adinekoak, gaixoak eta ezinduak, industria guneetan hedatzen ari zen pobrezia berriaz ahaztuz. Gainera, lege berriek karitate pribatuaren dohaintzak onartu zituen instituzio publikoetako aurrekontuen urritasuna osatzeko, baita karitate-etxe pribatuen hedapena ere, elizarenak gehienak. Hori bai, benefizentzia sistema liberala Estatuaren egitura administratibo berriari egokitua eraiki beharko zen eta ongintza partikularra Estatuaren inspekzioaren menpe jarri zuten itxuraz.

Estatuak lege berria ezarri bezain pronto, Gipuzkoako Aldundiak gogor eta bizkor ekin zion benefizentzia sarea gorpuzteari, eta, 1847 eta 1849ko Batzar Nagusiek hartutako akordioak betez, lau sorosle-etxe eraiki zituen Donostian, Tolosan, Azpeitian eta Arrasaten, Barruti Judizial bakoitzean bana. Dena den, Gipuzkoako herri batzuetan bazeuden aurretik udal ospitale edo Miserikordia-etxeak, baina lekuko pobreen eta erien zerbitzurako soilik. Herri askotan, aldiz, ez zegoen halakorik, Lezon esaterako. Barrutiko etxe berrien sorkuntzaren ondorioz, Aldundiak probintziako leku guztietara hedatu nahi zuen sarea. Hala, lehendik ospitalerik edo sorosle-etxerik ez zeukaten udalek herriko pobreak barrutiko etxera bidali ahal zituzten eta, beraz, eske ibiltzearen debekua probintziako herri guztietara hedatu zen. Nabari da Aldundiko agintarien grina zela eskale eta txiroak kaletik ateratzea, pobreen agerikotasunak eta elkartzeak sortzen zien susmo txarrak eraginda. Horrekin batera, pobreak moralizatzea zuen helburu giltzapean nahitaez sartzeak.

Aldundiaren eta Batzar Nagusietako txostenetan, zirkularretan zein arauetan, behin eta berriz lotzen zen txirotasuna alferkeriarekin, nagikeriarekin eta moral gabeziarekin. Adibidez, Hondarribiko San Gabriel ospitaleko arautegiak xedatzen zuen ospitaleko kudeatzailea zen Erakundeak, “Junta de Beneficencia” delakoak, herrian eskean ibiltzea eta alferkeria debekatzea ere oinarrizko eginkizun zituela; Gipuzkoako Sorosle-etxeko arautegian agindu zen pobreen alferkeria zein eskean ibiltzea debekatuta geratu zela probintzia osoan; Aldundiaren 1851ko urtarrilaren 27ko zirkular batean esaten zen barrutiko sorosle-etxeen eraikuntzaren ondorioz benetako pobrezia lagunduko zela eta, aldi berean, Gipuzkoatik deserriratuko zela alferkeria zein nagikeria, eskalez mozorrotuta agertzen ziren jokabideak. Tankerako adierazpenak agertzen ziren behin eta berriz tokiko benefizentzia arautegietan, ageriko pobrezia edo eskean ibiltzea beti nagikeriarekin eta alferkeriarekin lotuz.

Estigmatizazio honetaz baliatu zen Aldundia txiroak kaleetatik ateratzeko, indarrez, beharrezkoa zenean, eta segidan sorosle-etxe batean giltzapean sartzeko. Izan ere, etxe haietan sartutako txiroak ezin ziren kalera atera, igandeetan mezetara joateko salbu; diziplina gogorra eta intimitaterik eza jasaten zuten, hau guztia koitaduak moralitatearen bidera eramateko eta, gaixorik izan ezean, derrigorrezko lana egin behar zuten barneko tailerretan. Barrutiko Sorosle-etxean, adibidez, bazeuden okindegia, eta txokolategia, horiez gain, erreria, aroztegia, iturgintza, zinka, beruna eta zapatagintza tailerrak, denak barneko pobreek landutakoak.

Beste alde batetik, Ciprianoren eskutitzak agerian uzten zuen Estatu Liberalaren utzikeria pobrezia berriaren aurrean, industrializazioak eragindako txirotasun berriaren aurrean, alegia.

Oarsoaldeko industrializazioak, Errenterian eta Pasaiako portuan errotua garai hartan, fabriketako langileen kopurua handitzea ekarri zuen eskualde osoan, Lezon ere bai. Garapen industrialak kapitalismoaren arauak hedatzen eta indartzen lagundu zuen garaiko gizartean. Esan behar da industriak aberastasuna areagotu zuela eskualdean, baina azpimarratu behar da, era berean, gutxi batzuen onurarako izan zela, izan ere, pobreen kopurua handitu egin zen industria-garapenarekin batera. Emakume aurpegia zeukan antzinako pobrezia emakumeena bihurtu zen liberalismo garaian. Edadetuek eta umeek ere txiro multzo garrantzitsuak izaten jarraitu zuten, baina ez bakarrak. Soldata eskasaren ondorioz, langile familia gehienak biziraupenaren mugan bizi ziren, eta edozein ezbehar, txikia izanda ere, nahikoa zen txirotasun gorriaren putzura eramateko langilea eta familia osoa, aldi baterako askotan, baina batzuetan betiko. Hor dago Ciprianoaren etsenplua.

Dotrina liberalari eutsiz, Estatuak, industria askatasuna aldarrikatuta, ez zuen esku hartu lan harremanen auzian, merkatuaren eta ekonomia-lehiaren arauek arazo guztiak berez konponduko zituztelakoan. Horregatik, ez zegoen lan-kontratuei buruzko legerik eta lana ematea nahiz kaleratzea enpresaburuen esku zeuden erabat. Gaixotasun edo istripuen ondorioz edo enpresaren interesak hala eskatuta langileak kaleratzen ziren, soldatarik eta diru-sarrerarik gabe utziz. Ez zegoen Estatuak bermatutako gizarte-segurantza publikorik, ezta gaixotasun, istripu edo zahartzaro asegururik ere. Urte hauetan, preseski, hasi ziren eragile batzuk Elkar Laguntzarako Sozietateak behetik antolatzen, ezbeharren ondorioak leuntzeko baliabide gisa. Alderdi Liberalak sortu zuen lehena 1890. urtean Errenterian bere partaideentzat; hurrengo urtean Langile Katolikoen Elkarteak eratu zuen berea eta 1894. urtean La Iberica (Olibet) enpresak jarri zuen martxan beste bat bere langileentzat. Sozietate haietako bazkideek hileko kuota baten truke (Olibeten, adibidez, egun erdiko soldata ordaintzen zioten hilero aseguru-kaxari) eritasun-asegurua (gaixoak mediku-laguntza zein soldata erdia jasotzen du egunero) eta bizi asegurua zituzten.

Bestalde, industria-eremu berrietan muturreko pobrezian erortzeko arriskua nabarmenagoa zen antzinako gizartean edo garaiko landa-eremuetan baino. Industria-hirietan sendi nuklearra zen nagusi, eta hori, ezbeharrei aurre egiteko, familia tradizional zabala baino ahulagoa da. Gainera industria-langile asko etorkinak ziren, senide eta auzo-loturak urrun utzi zituztenak beraien babesa jasotzeko. Hori zen, aipatzearren, Ciprianoaren egoera eta beste askorena ere bai.

Hau esanda, aipa ditzakegu Lezon bertan garai hartan jasotako kasu batzuk, Lezoko Udalari laguntza eskatu ziotenak, hain zuzen ere. 1888ko uztailaren 12an Juan Bautista Cipriani Tortosak eskaera bat bidali zion udalari laguntza eske familia elikatu ahal izateko. Jatorriz Malagakoa zen, 32 urtekoa, ezkondua eta seme-alabak zituena. Donibane kalean bizi zen eta Antxoko tren geltokian jornalari ibilia, baina lan-istripu baten ondorioz urtarrilaren 4az geroztik oheratuta zegoen, lan egiteko ezinduta, eta soldatarik gabe. Horren ondorioz, bere hitzetan, “se halla en las últimas miserias, sin poder alimentar siquiera, por no tener recursos de ningún género, para sí, su mujer é hijos”.

Hurrengo urtean, 1889an, alegia, martxoan, José Vicente Olasagastik, Juantonea baserrian bizi zenak, laguntza eskatu zion udalari Juan Ignacio Lizarazu koinatarentzat, hura ere baserri berean bizi zena. Lanerako ezindua zegoen istripu baten ondorioz. Antxoko kaian lanean ari zela, ontzi batean hain zuzen ere, eskotilatik erori zen eta zauri anitz izan zituen, besteak beste, hanka bat hautsi zitzaion.

1892. urtean, Manuela Ezdalak eskatu zuen laguntza. Idatzi zuenaren arabera, bere senarra Ignacio Begiristainen soldatatik bizi ziren bost senide, baina Ignacio elbarri geratu orduko familia premia larrian gertatu zen. Beste idazki baten bidez jakin dugu hiru urte geroago Ignaciok ezinduta jarraitzen zuela, baina artean Manuelak lan egin zuen Pasaiako petrolio lantegian.

1896ko martxoren 26an José Manuel Olaizolak, alarguna, Donibane kalean bizi zenak, udalari eskatu zion bere ezbeharra leuntzeko laguntza bat. Osasun txarragatik ezin zuen lan egin, eta auzokideen laguntzari esker bizi zen.

Hurrengo urteko otsailaren 19an José Ignacio Ezkurrak azaldu zuen bere arreba Juana Antonia, alarguna, Lezokoa, aspalditik zegoela Donostiako Sorosle-etxean sartuta. Anaiak jasota zeuzkan etxean arrebaren sei seme-alabak, baina bere familia ere ugaria zenez, eskatzen zuen Lezoko Udalak eskaera bat izapide egin zezan Donostiako Sorosle-etxeak onar zitzan ilobetako bi, 6 eta 8 urteko mutilak, hain zuzen ere.

Hauek dira garai hartako udal agirietan agertzen diren eskaerak, baina baliteke hori icebergaren muturra baino ez izatea. Pentsa daiteke sendi anitz noiz edo noiz gizonaren soldatarik gabe geratuko zirela, premia larrian, baina udalari laguntza eskatu baino lehen beste aukera batzuk bilatzen ziren maiz egoera gogorretik ateratzeko. Lehen ikusi dugu Juan Ignacio Lizarazuk eta Juana Antonio Ezkurrak senideen laguntza izan zutela udalera jo baino lehen eta José Manuel Olaizolak, auzokideena. Askotan, halako laguntzei eutsiko zietela kontu ziurra da, udalera jo gabe. Besteetan, emaztea edo ume bat fabriketan lan egitera sartzea zen irteera, hor da Manuela Ezdalaren adibidea, edo dendetan zein etxeetan neskame gisa hastea. Batzuetan etxeko gelaren bat alokatzea zen diru pixka bat biltzeko bidea. Dena den, udalaren laguntza zein aipatutako beste aukera guztiak ez ziren gehienetan nahikoa pobrezia egoeratik ateratzeko, larritasuna leuntzeko baizik. Hor da aipatutako Manuela Ezdalaren kasua, fabrika batean lan egiten zuenarena. Emakumeak lanpostu bat lortuz gero, egoera arindu zezakeen, baina ez erabat konpondu, emakumeen soldata gizonaren erdia besterik ez baitzen, eta umearena dezentez txikiagoa. Errenterian, 1898. urtean, gizon peoiaren batez besteko urteko soldata 770 pezetakoa zen. Emakumeena 406 pezetakoa eta umearena 261 pezetakoa. Lau pertsonako sendiaren elikadurak gutxienez 672 pezeta eskatzen zuen urtero.

Ematen du ere noiz behinka eskean ibiltzea aterabide bat zela batzuentzat. 1903ko Aldundiko zirkular batek esaten zuen eskaleen kopuruak gora egin zuela nabarmen Gipuzkoako herrietan, batez ere, kanpoko jendearen kopuruak. Ondorioz, Aldundiak eskatzen zien herri agintariei lagun ziezaietela mikeleteei alferkeria eta eskea Gipuzkoatik desagerrarazten. 1906ko abuztuaren 27ko beste zirkular batean, gogorarazten zaie alkateei eskean ibiltzeko baimena eman ahal zutela, baina bertakoei bakarrik. Aldundiaren iritziz, alkateek gehiegikeriatan erori ziren baimenak emateko orduan, eta zorrotzago ibiltzea eskatzen zien, bizio, alferkeria eta krimena ere karitatearekin ez nahasteko.

Antza denez, 1906an, alkate batzuk ez ziren 1889ko Lezoko alkatea bezain zorrotzak izan.

ERREFERENTZIAK

Eskalearen eskutitza ikus daiteke Lezoko Udal Artxibategian (LUA), SIG 07/09 paper-sortan.

Udalari laguntza eskaerak: LUA SIG 19/01ean

Garaiko Gipuzkoako sorosle-etxeko arautegia ikus daiteke www.memoriadigitalvasca.es/handle/10357/5062.

Ongintza sareari buruz: Jose Antonio Recondo, Medicina y Beneficencia: Guipúzcoa y Tolosa, siglos XII-XX. Área Larrondo Ilundain, 2008.

Pobreen biziraupen estrategiei buruz, batez ere, emakumeenak: Lola Valverde Lamsfus, “Estrategias de supervivencia de las mujeres pobres en Guipúzcoa. Los casos de San Sebastián y Tolosa (1885-1915)”. Historia Contemporánea nº 44. 2012.

Garaiko eskualdeko langileen egoerari buruz: Miguel Angel Barcenilla, La Pequeña Manchester. Origen y consolidación de un núcleo industrial guipuzcoano. Errenteria (1845-1905). Errenteria Gipuzkoako Foru Aldundia, 2000.

“Dontomaseneko Atanasio” soinu-jolea

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Gure aitonak eta haren bi senidek dultzaina piezekin 1927an grabatu zituzten gomalakazko diskoen peskizan, ezustekotik ezustekora, nenbilela, Agirretxetarrek, nola edo hala, aurretik ere Lezorekin harremana izan zutela ikasi nuen pozarren. Haiek grabatutako diskoetako batean, euren dultzaina piezaz gain, “Lezotarra” ezizeneko soinu-jole baten fandango bat zegoen: “Neskazarren fandangua”. Hura ezusteko atsegina!

Berehala ekin nion soinu-jole, itxura guztietara, lezoar haren arrastoa bilatzeari. Izan ere, izena eta lehenengo abizena diskoaren galletan bertan adierazita zeuden arren, inoiz ez nuen haren berririk izan. Honokoa zioen diskoaren galletan:

Ariñ-ariñ”. Por los Gaiteros de Regil – “Neskazarren fandangua” (Solo de acordeón) Por Atanasio Berasarte “Lezotarra”. REGAL – RS 900. (78 rpm).

 

Juan Iñurrietak 1923ko abuztuaren 30ean Donostian sortutako Columbia Gramophone Company SAEk Regal zigilua erabili zuen, 1924tik aurrera, euskal musika grabatzeko eta kaleratzeko. Garaiko trikitilarien, bertsolarien, dultzaineroen, soinu-joleen, abesbatzen eta abarren errepertorioetako piezak grabatu zituen; tartean, Atanasio Berasarterenak eta “Gaiteros de Regil” bezala ageri diren Agirretxe anaienak.

641-p1avjt6nr2pl1gnn6081hq21gqu

Atanasio Berasarte, soinu handia eskuetan duela. Fotografia: Agustina Pontesta.

Atanasio Berasarte Garbizu Lezon sortu zen 1889ko irailaren 26an eta Mª Josefa Imaz Urrestarazu ataundarrarekin ezkondu zen 1916ko irailaren 7an. Bikoteak 11 seme-alaba izan zituen eta haietako bat, Julian, herriko etxeko zinegotzi izan zen. “Dontomaseneko Atanasio” esanda ezagutzen zuten herrian soinu-jolea eta makina bat emanaldi egina izan behar zuen. 20ko eta 30eko hamarraldietan herriko gizasemeek egin ohi zituzten txangoetako fotografietan maiz ageri da behintzat Atanasio, soinu handia aldean duela. Bera zen, antza, garai hartan herriko soinu-jole “ofiziala”. Atanasio Berasarte Lezoko bere etxean hil zen, 1957ko abenduaren 22an.

657-p1avjt72m81iqu14rg10l617eo1o1q

Atanasio Berasarte, soinu handia eskuetan duela. Fotografia: Agustina Pontesta.

Bitxiak gertatzen dira gero patuaren joan-etorriak! Urteen buruan, disko hura grabatu zutenen ondorengoak, bai batzuenak eta bai bestearenak Lezoko etxe beraren teilatupean bizi izan ziren, Alaietxen, alegia; denboraren eta espazioaren legeei desafio egin baliete bezala.

Zubitxoko labaderoa

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Antzinako argazkiez dakigu gure herri-gunearen ekialdea urez blai zegoela; Jaizkibeldik jaisten ziren Iparragirre erreka, Maintzine erreka… denak Zubitxo errekara zihoazela, gero, Arraitokitik barrena kaira bideratzeko. Nonahi zeuden, beraz, arroilak, errekatxoak, sagardiz, belardiz eta baratzez inguraturik.

Postal zaharra Zubitxo

Zubitxoko erreka. Posta txartel zaharra: Mari Jose Intxaurrandieta / Lezoko Udala.

Oraingo honetan, Zubitxo aldeko inguru horretan Jaizkibeldik jaisten zen urak sortzen zuen Iparragirre errekatxoaz arituko gara, joan den mendean zehar garbiketa eta gobada egiteko erabilia zena gehienbat.

Iparragirre errekatxo horren ubidean antolatutako harri aska hura sagardiz eta baratzez inguratua zegoen, bere iturritxo eta guzti; Txulotxo iturria, hara biltzen ziren emakume eta haurren egarria asetzeko. Beraz, toki ezin hobea gobada garbitu, eguzkitan zabaldu eta lehortu bitartean tertulian aritzeko.

Labaderoa edo gobada-tokia, argazkian ikus daitekeenez, alde banatan zituen hamar-hamabi gobarriz edo gobada marruskatzeko harriz osatua zegoen; erdi parean zubitxo antzeko pasabide bat zuen eta teilatu batez estalia zegoen. Aurrez aurre, kanposantura zihoan bidea zuen eta, beraz, ohikoa izaten zen emakumeak garbitzen ari ziren bitartean hilberriren bat kanposantura zeraman segizioa pasatzea. Halakoetan, dena bertan behera utzi, zutitu eta errespetu osoz, otoitzez, agurtuko zuten defuntua. Azkenik, atzeko aldean beste putzu itxi bat ere bazuen gobara-lekuak, behiek ur garbia edan zezaten.

Arropa garbitzea emakumeen egitekoa zenez, batzuek goizean goizetik joaten ziren gobada-harri hoberena hartzeko, eta besteak aldiz, arratsaldez edota norberari ongien zetorkion unean, baina, beti ere gobadaren arabera eta gobada-harririk onena aukeratu ondoren, garbiketarekin hasiko ziren.

Oso gutxitan egoten zen hutsik, ia egunero baitzegoen emakumeren bat goiza izan ala arratsaldea izan. Arropa mota guztiak garbitzen zituzten gobada-tokian; arrantzaleenak, baserritarrenak eta abar, baina ohiko, eguneroko erabiltzaileak inguruan bizi zirenak izaten ziren gehienetan, nahiz eta herriko gainontzeko emakumeek ere, arropa handia zutenean maindireak, mantak…, han garbitzen zuten. Ikustekoa izaten zen, mantak eta horrelako arropa handiak garbitu behar zituztenean, xaboi urez betetako balde handi batean nola sartzen zituzten, eta oin hutsik jarri eta bertan zegoen arropa zapla! zapla!, zapaldu ondoren handik atera eta bi lagunen artean ureztatu ondoren kanposantu bideko karraskiloetan lehortzeko nola botatzen zituzten. Kanposantuko bideak merkatu itxura hartzen zuen orduan.

labaderoa 1

Labaderoa. Fotografia: Agustina Pontesta Garmendia.

Beste gainontzeko arropa txikiak, berriz, aurrena, arropa busti, marruskatu eta belarretan botatzen zituzten eta eguzkitan zabaltzen zituzten bitartean, xaboi-ura botatzen hasten ziren gainera zuritu zitezen, gero berriz ere uretan pasatzeko. Gobada, buru gainean eta baldeetan garraiatzen zuten bertara, nahiz eta beste zenbaitek astoak erabili horretarako. Eta askotan, goizean goiz joaten zena, zorteak laguntzen bazion eguraldi ona egiten bazuen alegia—, arratsaldean gobada lehorrarekin etxeratuko zen.

Ez dugu ahaztu behar denbora berean emakumeen bilgune ere izaten zela askotan, bakoitzak zekiena irakasten ziotela elkarri, joste-lanetan, sukaldaritzan, bertso-kantuan… edota kontu kontari aritzen ziren besterik gabe. Lana ikaragarria izango zen baina bazekiten ahal zuten eramangarrien egiten ere.

Eta guztien artean ongien pasatzen zutenak (genuenak), batzuek besteek baino hobeto, jakina, haur eta gaztetxoak ginen; herriko neska-mutikoen jolas tokiaz gain, “piszina” ere bai baitzen labaderoa.

Guk ezagutu dugun labaderoa garbitokia baino zerbait gehiago zen guretzat. Ez zuen inolako antzik gaur egun belarrez beteta dagoen errekatxo zikinarekin. Zakarias iturginak garbitzen zuen errekatxoa udalaren aginduz. Batzuetan amarekin eta besteetan senide eta lagunekin arratsaldeak pasatzen genituen uretan blai eta etxe gehienetan dutxarik ez zenez, putzuan dutxatzen ahalegintzen zenik ere bazen. Bertara joaten zenak beti aurkitzen zuen jolasteko zereginen bat; etxeko xardexkaz edo tenedoreaz aingirak harrapatzen iaioa izaten zenik ere bazen bat baino gehiago eta gero afaria egiteko erabiliko zituztenak, eta bien bitartean, besteok haiei begira nola harrapatzen zituzten.

Edota, Maxi Garciak Rosiren senarrak harea eta guzti zuen hondartzatxo modukoa prestatzen zuenean bezalaxe, ez zegoen hondartza hoberik, bainu jantziak jantzi, merienda hartu eta jolastera, eguzkia hartzen genuen bitartean. Ondoren goizean emakumeek utzitako xaboi puskekin garbitu eta etxeratzerakoan jada dutxatuta. Eta bestela berriz, inguruko sagardi eta Leturiaren fruta-arboletara igo eta sagar, udare eta abar hartu eta haiek janez.

Eta oroitzapen denetan erakargarrienetakoa, amak etxeratzean euren seme-alabei sorginei buruzko ipuinak kontatu eta biharamunean elkarri kontu kontari erabiltzen zirenak, esate baterako. Askotan maindireak eguzkitan zabaldu eta gero, lehortu eta jasotzerakoan, norberarena ez zen besteren bat jasotzen zuen emakumerik izango zen nonbait eta zer asmatuko horren bueltan eta Jaizkibeldik jaisten zirela sorginak lapurtzera… Eta Jaizkibelgo emakume xahar bat edo beste herrian ibiltzen zirenez, sorginak haiekin identifikatzen genituen, ondorioz, guk sorgintzat genituenak emakume arruntak ziren.

Horregatik, labaderoa desagertzearekin batera gure historiaren zati bat galdu dugu, garbitoki soil bat baino zerbait gehiago zelako lezoarrontzat.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Labaderoa gaur egun. Fotografia: Agustina Pontesta Garmendia.

Aste Santuko prozesioa

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

DSC01661DSC01656DSC01675DSC01677DSC01681(2015eko apirilak 3) Ostiral Santuko prozesioa tradizio handiko ohitura dugu lezoarrok. San Juan Bataiatzailearen elizatik Beheko plazaraino eta buelta: Gurutze Santua daramate lehendabizikoek, Jesus hilobiratua eta Dolorosa doaz ondoren, eta apaiza segizioarekin azkenik. Ohartzekoa da, herriko baserritarrak direla beti, tradizioz, Hilobi Santuaren pausoa daramatenak.

Trapujalerekin bueltaka

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

L1170151

Trapujale udaletxeko balkoian (Lezo). Fotografia: Lander Zurutuza, 2013.

Aurten berriro Santageda eguna ailegatu zaigu eta koplak kantatzeari ekin diogu herritarrok, eta okasiorako prestatutako kopla berri eta guzti.

Baina TRAPUJALEren esanahia argitu beharra dela iruditzen zait, zeren lezoar zaharrok edota adinean aurrera goazenok ez baitiogu gazteek gaur egun ematen dioten zentzu, esanahi bera ematen.

Argi gera bedi, lezoarrok ez genituen trapuak jaten, baizik eta bezperan sobratutako jakiak izaten ziren jaten genituenak, erdaraz ropa vieja edota trapo viejo bezala ezagutzen den eltzekaria hain zuzen.

Zerk osatzen zuen TRAPUjana? Arestian esan bezala, bezperako soberakinak: saldako haragia, garbantzoak, oilaskoa, urdaiazpikoa, piper gorriak eta berdeak, tipula, baratxuria eta erantsi nahi den beste zernahi.

Gosea asetzeko moduko platerkada noski, eta era berean, janaria probetxatzekoa.

Beraz, ez da gaurkoa lezoarron birziklatze gogoa eta beharra. Gure herriaren ezaugarriarengatik eta gure arbasoen omenez, Trapujale erreziklai iruditzat (ikurtzat) erabiltzea proposatuko nuke.

Liberdiko bat

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Ez nuke gehiegizko oroiminez bekaturik egin nahi, baina askotan oroitzen naiz gure haur denborako, 70eko hamarraldiko, Kale Nagusi bizi eta bixi hartaz. Garai hartan, inork behar izaten zuen ia guztia bazen kale horretako merkataritza establezimenduetan, denetarik bai baitzen: harategia, aurrezki kutxa, drogeria, elektrizistak, aroztegiak, ostatuak, arrandegia, janari dendak -ogia ere saltzen zutenak-, iturginak, ardo almazena, barbero-ile apaintzailea, inprenta eta abar.

Gure gurasoek -amek batez ere- zerabilten hizkera modua ere oso gogoan dut. Esate baterako, egun aski galdutzat jo daitekeen “libra” neurria hitzetik hortzera erabiltzen zen salerosketan. Erromatarren neurrietatik eratorritakoa da, antza.

Amak erosketaren bat egitera -ttikia beti ere, bazterrak gehiegi nahas ez nitzan- bidaltzen ninduenean, halaxe esango zidan:

– Zuaz Patxina ta karri liberdi bat xerra, gaztiana. Xamurra emateko esan!

Libra, jakingo duzue noski, baina, kilo erdiko neurriari (492 g) esaten zitzaion, eta hortik libra erdi > *librerdi > liberdi bezalako neurriak (246g).

Ogiak ere, barrak alegia, librakoak eta liberdikoak izaten ziren usuen. Hala, “liberdiko ogiya”, “liberdiko bat emango, mesedez?” bezalako esamoldeak ohiko ziren. Libra laurdena ere inoiz entzuten zen arren, esango nuke, hortik beheitiko pisuak gramotan esateko joera zela nagusi.

Horratx, dena haundi eta maundi behar dugun denbora honetan, kantitate ttikien xarma neurtzeko molde politak.