Lezoko itsas bazterreko oroimena

PATRI URKIZU SARASUA

Lezo. Andres Parayueloren baraderoa.

Lezoko arraunlariak: Patti Urkizu (aita), Rafael Odriozola, Manuel Arrieta, Joxe Joakin Urkizu (osaba), XXX, Antonio Saizar, Euxebio Urkizu (osaba), XXX. Inaxio Larrea, Patxiku Salaberria, Manuel Saizar, Julian Garmendia, Joxe Luis Urretabizkaia, Joxe Manuel Salaberria.

Lezoko treineru honetan, ez dut lortu irakurtzea izena, arraunean egin zuten aitak, osaba Eusebio eta osaba Joxakinek (Torrejilgo Joakin, Iñaki eta beste arraunlari sonadunen aita). Garai hartan Jon Garbizu “Zubigar” olerkariaren arabera, baziren bi ontzi, gazteak eta zaharrak eratuak. Lehenbizikoek Isidoro Irastorza zeukaten patroi eta besteek Joxe Migel Salaberri. Batek San Pedrotarra zuen izena eta besteak Muskerra. Atzean ikusten diren pabeiloiak Andrés Parayuelo baratokiarenak ziren , geroago bertan Gineatik ekarritako zuhaitz enbor lodi eta luzeak egoten ziren lehortzen, almadiak bailirean ekartzen baitzituzten Pasaiako badian barrena honeraino.

Lezoko Arraunlarientzat

[…] Ontziyak ta ba-zuten bada beren ona eta txarra,
txar onek zuben (lengua bada) izena «San Pedrotarra»,
onen aldean askoz obea da beste ontzi: «Muskerra»
Oso ederki egin zenduten nere Lezo’tar maiteak,
kalterik beintzat ez dezute-ta ez batek eta ez besteak,
gañera beti lagun zerate bai zarrak eta gazteak.
Orain ederki danan artean diru orixe gastatu,
ori dalako onen-onena lagun artea agertu,
eta datozten urte askotan orlaxe bada jarraitu.

Jon Garbizu “Zubigar (Lezo 1893-Pasaia 1930)

Willy Koch (Solingen-Alemania 1879 – Donostia 1950) fotografoak ateratako argazkia Lezoko Gurutze Santuaren aurrean, eta Bartzelonan sariren bat irabazia 1947 inguruan. Belauniko aita kriseiluarekin, ezkerretik hasita hirugarrena, eta lehena osaba Eusebio arraunarekin otoitz egiten. Txuri-beltzezko irudiak oso gogoko zituen Willyk eta bere argazkiari halako isiltasun, iluntasun eta bake berezia ematen dio.

Ama Birjina Karmengoaren jaiko estropada aurretik Trintxerpen. Patroia: Juan Luis Urkizu. Joakin Urkizu, Arin eta Joseba Urkizu. Batela: Jaizkibel (1955?).

Patroia: Juan Luis Urkizu. Ondoren: Joakin Urkizu, Joxeba Urkizu eta Iñaki Urkizu (Dorrejilkoa) (1956). Estropada hasi aurretik.

Estropada irabazi eta gero. Juan Luis Urkizu kopa ezkerreko eskuan daramala. Ondoren Joakin Urkizu, Joseba Urkizu eta Iñaki Urkizu.

Iñaki anaiak Pasaiako badian arrapatutako andeja 1954. urte inguruan. Metro eta hirurogei zentimetro bai luze eta hogeita hamasei kilo pisatzen zuen. Makina bat indar eta tira-bira behar izan zituen batelaren barrenera pasatzeko arraia, errenditzeko, alajaina. Badakit La Voz de Españaren barrenean fotografia ere agertu zela Julen Arretxek aterata. Eta oroitzen naiz eskolatik seiretan atera eta etxeratzerakoan hemen denon poza. Tamalez, anaia Iñaki hogeita bederatzi urte zituenean Jaizkibelgo kostan itsasoak eraman zuen, lehorrean emaztea eta lau seme-alaba utzirik.

Eskuinetik ezkerrera: Iñaki Urkizu, arrantzalea, Marikrutx Urkizu Txapa fabrikatik atera berria, andexa 36 kilokoa, ama Maria Luisa Sarasua eta ni. (Fotografia: Julen Arretxe, Lezo 1954).

Aixtokiko harrizko aterpea

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Artzainen babesleku zaharra Aixtokin, edo ikazkinena, edo talaiariena (baleak, Frantzia iraultzailearen belaontziak…). Auskalo! Baina, 1865ean adibidez, soilik Lezoko artzainek hamasei artalde zituzten inguru horretako mortuetan. Maiz ahuldu egiten da oroimen historikoa, batez ere testuak urriak direnean eta belaunaldien arteko transmisioa kasik hutsaren hurrena. Bada, Jaizkibelgo itsas isurialdean zenbaezinak dira hori bezalako babeslekuak, ia beti eguteran eta itsas ekaitzei bizkar emanez. Asko laguntzen du bertako formazio geologikoak, itsas hondotik altxatutako hareharrizko plaka erraldoien ezaugarriek. Aixtokiko hau, alboko amildegiko zulo ikusgarri batean ezkutatuta dagoen putre kabitik metro gutxitara topatu dut gaur. Pareta aztarnarik ez du, horrelakoetan ohikoak badira ere, baina bai hargin mailuarenak barrukaldean, lurra berdindu eta leiho naturala zabaltzerakoan utzitakoak. Aldiz, baditu harrian grabatutako babes gurutzeak, ohikoak horiek ere, nola barruan hala kanpoan. Baina lehenengo aldia da ikatzez margotutako gurutzeak ere ikusi ditudala, gaurdaino iraun dutenak. Ondoan, amildegian sortutako erramu handi eta lerden bat ageri da. Ikuspegiak ederrak dira.

Emakume lezoarron jantziak

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Begi bistakoa da emakumeon jantziek azken mendeotan izan duten bilakaera nabarmena, aldaketa. Aipatu aldaketa industriagintzari lotua agertzen zaigu batez ere. Gazteek nekazaritzatik fabriketara jauzi egin zutenean hasi zen jantzien aldaketa, herrietako modaren eraginez, tradizioarekin hautsiz. Eta gazteak jantzi estiloz aldatzen ari ziren bitartean, helduek ohiko janzkerari jarraitzen zioten.

Beraz, nekazari mundua, hots, baserritarrak izan ziren gure kultur ohitura eta ondarearen zaindari, bereari eutsiz, eta galtzear ziren ohituren, nahiz baloreen zaindari bilakatu zirenak. Horri esker ezagutzen dugu gaur egun euskal jantzi tradizionala deritzoguna.

Horrela, gazteak jai egunetan edota okasio berezietan hasi ziren gurasoen antzinako jantziak janzten, baserritar petoak bailiran. Ez zuten mozorrotzeko asmoz egiten, beraien jatorria aldarrikatzeko baizik. Urteen poderioz, ohitura hedatu eta tradizio bilakatu zen. Harrezkero, ohikoa da Euskal Herriko hainbat festatan garai hartan bezala janztea edota erakusketak egitea gure jatorria aldarrikatuz.

Gaur arte iritsi zaigun jantzi tradizionala deritzoguna, beraz, arropa mota desberdinez osatua den arren, denak ere estiloz antzekotasun handikoak dira eta ezaugarri komunekoak. Emakumezkoen artean oinarrizko eta ezinbesteko osagarri dira gona luzea eta buruko zapia. Eta gizonezkoen artean, berriz, galtza luzeak, brusa edota alkandora eta buruan txapela. Eta bai emakumeek eta baita gizonek ere oinetan abarkak edota espartinak darabiltzate.

Esate baterako argi eta garbi ikus liteke Patxi Intxaurrandietak helarazitako Joven labriega de Lezo (Emakume gazte laborari lezoarra) grabatuaren argazkian.

Emakume gazte laborari lezoarra. Irudia: Gómez / fotografia: Patxi Intxaurrandieta.

Gómez da grabatuaren egilea, eta Juan Mañé y Flaquer-ek idatzitako El oasis, viaje al país de los fueros (1879) liburuan ikus daiteke. Eta gaurko gaiaz idazleak zer zioen jakin nahirik aipatu liburura jo eta hona hemen hitz gutxitan labur bilduta. Honela deskribatzen du Mañé y Flaquer idazleak aipatu liburuan:

Hogeita bost urteko gazte laborari lezoarra da irudikoa. Bere ezkonsaria (dotea) izango den zurimenta ehuntzeko lihoa iruteaz arduratu ohi da gehienetan. Zerbitzarien gisara orrazten du bere burua; ile txirikordatua bizkar gainera erortzen zaiola, eta, garondo paretik gora, burua, marra zuridun harizko zapi beltz batek estaltzen diola. Jaka edota hemen itsas blusa izenaz ezagutzen duguna ere zuria da. Sorbalda estaltzen dion zapia zetazkoa da, hori-laranxatua, orban biribil gorrixkekin. Soinekoa, berriz, perkalezkoa, txokolate kolorekoa, eta mantala, morea, marra zuriekin. Kolorezko artilez egindako bordatutxoa daramaten zapata itxurako espartin zuriak dauzka soinean.

Hori jakinik, emakume herritarrak animatu nahi nituzke, jantzi hori berreskuratu eta, aurrerantzean, herriko ekitaldietan (desfileetan, dantzan…) edota dantza-taldeak horrelako jantziez agertzera; inolako lotsarik gabe, herri bakoitzak bere jantziak dituelako eta horiek ere gure kulturaren eta ondarearen parte direlako.

Gaintxurizketako gurutzea

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Garai batean bazen gurutze bat Gaintxurizketako kaskoan, bidegurutze bakartietan ohikoa zen legez. 1744an gurutze hura desagertu egin zen, baina Lezoko kargudun eta herritarrek berehala erabaki zuten harrizko berri bat egin eta aurrekoaren leku berean jartzea. XIXgarren mendeko lehendabiziko hamarkadetan —Gaintxurizketako benta eraiki gabe zegoenean—, oraindik ere, gurutzea erreferentzia puntu bat zen bidean gora eta behera pasatzen ziren mandazain, soldadu eta bidaiari arrotzentzat. Leku hura jende eta ondasun askoren pasabidea zen, baina inguruko baserrietatik urruti xamar zegoenez lapurretak ere egiten ziren bertan.

Gaintxurizketako gurutzea. Marrazkia: Lander Zurutuza Sunsundegi (2018).

Lezoarrentzat zen, ordea, Gaintxurizketako gurutzea zerbait berezia eta propioa. Lezoko San Juan Bataiatzailearen parrokiako barrutia, ekialdetik, bertaraino hedatzen zen, eta noski baita herriko kargudunen autoritatea ere.

Hala, urtero, San Marko egunez —hau da, apirilaren 25ean— lezoarrek elizako kabildoarekin batera prozesioa egiten zuten Gaintxurizketako gurutzeraino, bidean zehar letaniak kantatuz, gero han bertan guztiek otordu bat egiten zutelarik. XVII, XVIII eta XIXgarren mendeetan baditugu tradizio horren aztarnak, baina litekeena da zaharragoa izatea. 1714an, adibidez, kontzejuak San Markoren erretaula bat erosi zuen Gaintxurizketako prozesiorako, hamabost erreal ordainduta.