AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA
Tximeleten gisara hegan egiteko ausardia izan zuen eta zuten emakume haiei guztiei
1917ko abenduaren 7an sortu zen Sorne Garbiñe Koldobike Gezala Sagarzazu Kale Nagusiko 19. zenbakian. Gurasoak, Indioneko Florencio “Pontxio” Gezala eta ama, berriz, Kabitte-Aundiko Barbara Sagarzazu zituen. Bederatzi anaia-arrebetan zazpigarrena zen Koldobike, aurretik Irene, Regino, Luis, Luke, Miren, Elixabete zituen eta bera baino gazteagoak, berriz, Polentzi eta Xabin.
Tximeletak bezalaxe irudikatzen ditut gerra aurreko emakume haiek eta, bereziki, guk herrian Kollo izenez ezagutzen genuen Koldobike Gezala, raketista.
Tximeletak sortzen direnetik, beren bizitzan zehar, hainbat aldi desberdinetatik pasatzen dira hazi eta hil arte, naturaren sorkuntza harrigarrienaren gisa. Arrastaka lurrari itsatsiak diren egoeratik abiatu eta hegan egiterainoko egoerara pasatzen dira.
Kolloren bizitza ere halakoxea izan zen, haurtzaroa herriko beste edozein neska-mutilen antzekoa, hasieran eskola nazionaletara edota goiko eskoletara (lehen esaten zitzaien gisa) joan zen oinarrizko ikasketak egitera eta ikasketetan etxeko senide zaharragoen laguntza izan zuelako, irakurtzen zekiela hasi zen eskolan. Eta dotrina ikasteaz aparte, kalean, kaian, mendian… jolastea izan zuen zeregin nagusia nerabezarora arte.
Familia abertzale batean sortua izaki, familia osoa herriari eta herrigintzari atxikia zen, aita alkate ohia eta musikaria, eta guztiak aberriaren aldeko ekintzaileak; jostun irakasleak, musika eta dantza irakasleak, kirol-irakasleak… denek zekitena irakasten adituak eta arituak. Eta halako giroan, derrigor, norbait gailendu behar. Denek zekiten musika; kantariak eta dantzariak ziren guztiak; eta musika-tresna joleak ziren gehienak. Beraz, arlo ugari landutakoak denak eta Kollo ere bai, noski!
Giro hartan hezia izen zen Kollo raketista eta patuak nahi izan zuen 1917ko urte horretan jaiotzea. Kollo jaiotako urte berean sortu baitzuten emakume raketisten jokoa ere, hau da, 1917ko urtarrilaren 4an. Beraz, aurten 100 urte bete dituzte biek ala biek; Kollok eta gero lanbide izango zuen raketa jokoak.
Kollok, nerabezarora iritsitakoan erabaki zuen pilotari izan nahi zuela, eta txalotzeko da benetan hartutako erabaki hura. Ez zelako batere erraza izango bere nahia betetzea, XX mende hasiera hartan, emakumeak gizonezkoen “munduan” ez zuelako inolako eskubiderik ez erabakietan, ez kulturan, ez ekonomian, eta ezta gizarteko gizonezkoen ekintzetan ere. Eta, hala eta guztiz, erabakiarekin aurrera egin eta horretan ere eredugarri izan zen. Injustiziaren aurrean ez zuen nolanahi amore emango, eta raketa jokoa utzi eta gero ere, berari zegokion soldata duina jaso arte borrokatzen jarraitu zuen.
Kollok maite zuen natura eta jakitun zen tximeleten eraldaketa eta eboluzioak ingurumenean duen eraginaz, hots, tximeleten hego ahul eta soil batzuen hegadak sortzen duten astinaldia tsunamiaren antzekoa izaten dela eta halaxe izango zela berak hartutako erabaki hura ere bere herriaren etorkizunean. Jakin bazekien, halaber, tximeleten ekimen ttikiek bezalaxe, bere aldarrikapenek zer nolako eragina izango zuten emakumeengan eta gizartearen eraldaketan, oro har. Eta eskubide aldarrikapenetan jardun zuen bizitza osoan. Euskal Herriaren etorkizunak kezkatzen zuen, herri maitale sutsua zelako, eta harrigarria bada ere, gerra ondoko gose eta miseria urte haietan, sekulako bizipoza eta alaitasuna erakusten, zabaltzen zuen bera zegoen lekuan, bere inguru osoa alaituz.
Raketista, kirolari, emakumeon eskubideen aldarrikatzaile eta aitzindari izan zen Kollo, eta bera bezala, ausardia osoz herria, aberria utzi eta hegan egitera jo zuten emakume haiek guztiak gogoan, tximeleten antzera askatasunaren eta eraldaketaren ikur bilakatu nahi ditut idatzi honetan.