Talgo trena eta Lezo

AGUSTINA PONTESTA GARMENDIA

Alejandro Goicoechea Omar ingeniari bizkaitarra (Elorrio, 1895), 1936ko gerran Bilbo tropa frankistengandik babestuko zuen Burdinazko Hesia zeritzan eraikinaren zuzendari ospetsua izan zen.

Alabaina, 1937an, desertatu, matxinatuen aldera pasa eta frankistekin bat egin zuen, Burdinazko Hesiari buruzko informazioa, ezaugarriak eta xehetasunak frankistei emanez. Horri esker, babes eraikina izan behar zuena urte hartako ekainaren 12an arrakalatzen hasi eta handik egun batzuetara sartuko ziren frankistak Bilbon.

“Mesede” hori eskertzeko edo, Espainiako Gobernuaren laguntza osoa izango zuen gerora, eta berehala ekin zion bere lanbideari. Ingeniari berritzailea izan zen, ideia eta proiektu askotan partaide izanez, baina, batez ere, Talgo trenak egingo zuen ospetsu.

Bere asmo nagusia errodadura sistema berriaren funtzionamendua erakustea zen, trenen arintasuna lortzeko asmoz, kontsumoa murriztu eta abiadura areagotzeko helburuz, alegia. Hasiera batean inolako erabilpen komertzialik gabekoa zen, aluminiozkoa, artikulatua eta ohikoak baino bagoi baxuagoz osatutako diseinu bereziko trena. Diseinu berezikoa diogu bai, tren horren muturrak tiburoi buruaren antza irudikatzen zuelako. Bestalde, dieselez hornitutako 200 zaldiko potentziako motorraz osatua zen, eta proben garaian, 115 km/orduko abiadura hartzeraino iritsiko zena.

Talgo trenaren modelo zahar bat. Iturria: El País / Agustina Pontesta Garmendiaren artxiboa.

Eta, hala, 1942an sortu zen Talgo trena Oñatiko Juan Garairen Semeen eta Atotxako MZA Konpainiaren tailerretan.

TALGO izenaren jatorria egile edota sistema horren diseinatzaile (Alejandro Goicoechea) eta babesle (Jose Luis Oriol Uriguen) izan ziren bi enpresarion deituretatik datorkio hau da, Tren Articulado Ligero Goicoechea Oriol.

Baina milaka saio eta probaren ondotik, zazpi bagoiz osatutako hasierako tren hura eta Cerro Negroko areto itxi eta sarbide mugatukoan egon arren, 1944ko otsailaren 5ean izandako sutean kiskali eta desegin zen. Sutearen zergatia inoiz argitu ez den arren, badirudi tren berri horrek sortuko zuen arrakastaren beldur zen tren-fabrikatzaileren batek piztutakoa izan zela. Bistan da etsaiak nonahi bazituela.

Eta nork esan behar zion Alejandro Goikoetxea ingeniariari, Talgoa sortu zuenean, halako buruhausteak eman behar zizkionik gure herriko trenbideak!

Lezo herri ttikia oharkabean, ziztu bizian pasatzeko asmotan horratx! Ezustekoa, gure herriko ibilbide traketsarekin topo egin eta zast! trenbidetik kanpora atera zen! Ez behin, ez bitan, hirutan baizik! Horrela dio Venezuelan argitaratzen zen Euzkadi aldizkariak 1950eko otsaileko zenbakiaren 55. orrialdean:

Talgo trenaren ezbeharrak

Donostia.- Ibilbide malkartsuarekiko bagoiek zuten arintasunari eta trenaren abiadurari egotzi zizkieten ezbehar hauek. Trenaren funtzionamendu egokiaren aurkako beste faktorea trenbidearen egoera kaxkarra zelarik.

Zoritxarreko gertakari hauen ondoren Herrera-Altzan dagoen “Compañia de Maderas” almazenetan sartu dute trena, baina konboiaren luzera dela eta eta oso osorik kabitzen ez denez, guardia zibilen ardurapeko zainketa jarri dute bertara inor gerturatu ez dadin.

Zaintza jarri arren kartel salatari batzuek agertu dira bertan, non Goikoetxea teniente koronelak euskal armadari egindako traizioa gogora arazten duten eta horretaz gain Madrilerako bidaiaren gehiegizko prezioaren aurka, kartelen egileen arabera 5.000 pezeta kostako bailitzateke.

Beraz, gaur bezala, orduan ere, salaketa iturri izan zen abiadura handiko Talgo trena, herritar xumearentzako ordainezina zelako.

Talgo trenaren modelo berri bat. Iturria: El País / Agustina Pontesta Garmendiaren artxiboa.

Bistan da, ez direla gaurkoak abiadura handiko trenen aurkako “kexak eta salaketak”. Izugarriak izan baitaitezke sortzen dituzten kalteen eraginak; naturan, ekonomian, kulturan… arlo guztietan.