Tomas Garbizu, ahobizarrik gabeko grina

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

1901eko irailaren 12an sortu zen Tomas Garbizu Salaberria, gure herriko musikagile handia. Urteurren hori eta santakrutzen bezperan gaudela aitzakia hartuta, 1987ko uztailean ETB-1eko Aurrez Aurre saioan Joxemari Iriondok egin zion elkarrizketa ekarri nahi dut gogora gure kai ttiki honetan.

Elkarrizketa hura, gogoratzen dudanez, eman zuten egun eta orduan ikusi nuen telebistan, eta izugarrizko atentzioa eman zidan. Tomasen bizitasunak eta grinak lilura eragin zidaten eta haren hizkerak, berriz, ezin adierazizko hunkidura; harekin traturik ez banuen ere,  oso etxeko gertatu baitzitzaidan.

Orain, 30 urteren buruan, Joxe Juan Ugalderi esker, elkarrizketa hura eskuratu dudalarik, abagune egokia iruditu zait herritarrei gogorarazteko nolakoa zen gure “Tege”. Herriko gazte gehienok aurrenekoz ikusi eta entzungo duzue Garbizu hizketan. Erreparatu, arren, bere hizkera adierazkor eta biziari; gerora ikasitako zipriztin batzuk botatzen baditu ere, gure herriko euskararen eredu oso egokia dela iruditzen zait. Tomasek berak bazuen bere herriko hizkeraren jabe zen kontzientzia, inondik ere. 1916ko irailaren 9an, Ama birjin egunez, Arantzazuko seminario serafikora joan zen “ikastera” eta, gerora, elkarrizketa batean, Koldo Mitxelenari kontatu zionaren arabera,  lehenengo egun hartan amarekin joan zen. Han zirela, Aita Adrian Lizarraldek hizketan sumatu zituenean, “Bai euskara ederra egiten dezutena, etxekoandre! Nongo euskera dezute?”, galdetu omen zien ama-semeei, eta haiek erantzun: “Guk? Lezokua”. Mitxelenari berari ere suharki egiten zion aurre Tomasek Errenteriako euskararen eta herrikoaren arteko aldeak nabarmentzeko orduan, bi herriek hizkera bera zutela baitzioen errenteriarrak.