Gerra ondoko ezohiko hilketa Pasaian

MIGUEL ANGEL BARCENILLA LÓPEZ

Jaizkibelgo errepideak Euskal Herriko ibilbide panoramiko ederrenetakoa eskaintzen dio bidaiariari, zinez. Ematen du turistek, motorzaleek, txirrindulariek edo ibiltariek paisaiaz gozatzeko egina dela, baina bere sorreraren eta eraikuntzaren historia erabat desberdina da, izan ere, izugarrizko sufrimendua eraginda izan zen eraikia, milaka gerra-presoren eta errepresaliaturen lan bortitzaren emaitza da.

Errepide horrek jatorri militarra du, eta erabilera militar hutsa izan zuen bere lehenengo urteetan. Espainiako Estatuaren Pirinioko muga defendatzeko gotorleku lerro baten osagarria baitzen, errepide taktiko moduan. Balizko inbasio bat oztopatzeko asmoz gauzatu zuen Espainiako Armadak gotorleku sistema hau eta plan horren baitan Guadalupeko gotorlekua hornitzea eta laguntzea zen errepide horren zeregina, beti balizko inbaditzaileen tiroetatik babesean. Horregatik doa Jaizkibelen ipar aldetik errepidea, mugaren beste aldetik edo errepide nagusiko inbasio-bidetik letozkeen etsaien tiroetatik mendiak babestuko bailuke bidea (1).

Langile Batailoiek (Batallones de Trabajadores) eta Soldadu Langile Batailoiek (Batallones de Soldados Trabajadores) errepidearen lanak gauzatu zituzten 1939ko iraila eta 1946 bitartean. Lezoko eta Oiartzualdeko gainerako herrietako biztanleek, batak zein besteak “trabajadoreak” izenarekin izendatu zituzten. Gerrako presoek osatzen zituzten, batez ere, Langile Batailoiak, eta 1939ko irailetik 1940ko bukaera arte aritu ziren Jaizkibel barruan lan gogor horretan. Lan bortitza gerra galtzaileen kontrako zigor gogorrenetako bat zen, beraien sufrikario zabalaren aurpegi gorri bat baino ez, ikerketa anitzek agerian uzten duten bezala (2). Horregatik guztiagatik, ibilbide eder horrekin gozatzeaz gain, ez dugu ahaztu behar tragedia eta ezbehar anitzen ordainetan eraikitako errepidea dela.

Jaizkibelgo trabajadoreen sufrikarioak historia-ikerketa sakona merezi du, artikulutxo honetan ezinezkoa dena azaltzea. Alabaina, tarte honetan, herriko trabajadoreen inguruko ezohiko gertaera batean jarriko dugu arreta. Istorioa bitxia da, izan ere, behingoagatik behintzat, ezbeharra nozitu zuen pertsona ez zen galtzaileen aldekoa.

1940ko urtarrilean trabajadorez osaturiko lau batailoi lanean zebiltzan Lezo aldean. Haietako hiru Jaizkibelgo errepidean ari ziren eta bestea Gaintxurizketan, bunker eta gotorleku berriak eraikitzen. Hainbat konpainiak osatzen zuten batailoi bakoitza: gutxienez, trabajadoreen bi konpainia zeuzkaten batailoiek, baina askotan hiruzpalauk osatzen zituzten. Batailoi guztietan, halaber, soldaduen konpainia bat izaten zen trabajadoreen zaintza bermatzeko. Trabajadoreak erregimen militar pean egoten ziren, baina armarik gabe, zaintza egiten zuten soldaduak, aldiz, armadunak ziren, jakina, eta hainbatetan armak erabili zituzten, batez ere ihesaldiak ekiditeko (3).

Errepidearen hasierako eremuan, Errotetan hain zuzen ere, 89. trabajadoreen batailoia ari zen lanean urtarril hartan. Trabajadoreen bi konpainiak eta soldaduen konpainia batek osatzen zuten batailoia. Soldaduek gaurko errepidearen ezkerreko aldean, Jaizkibel gailurrerantz joanda, zuten egoitza, Donibane aldean. Trabajadoreek, berriz, errepidearen beste aldean, Lezon. Gaur egun ikus daitezke barrakoi horien arrastoak.

Errotetako barrakoiak, Lezo. Fotografia: Lander Zurutuza Sunsundegi, 2016.

1940ko urtarrilaren 19an, igandez, Constantino León González soldadua barrakoitik atera zen aisialdiaz gozatzeko asmoz. Ez dakigu nora joan zen hasieran, baina egunaren amaieran Pasai Antxon zegoela bai. Denbora libreaz gozatu asmoz, hango Escandinavia tabernan sartu zen, baina handik ez zen bere kabuz aterako.

Gauerdi inguruan, ordurako taberna itxita zegoela, eztabaida piztu zen tabernaren jabe Mateos Johann alemaniarraren eta soldaduaren artean, hartutako edarien ordainketaren gainean, antza denez. Liskarra sutu egin zen, eta une batean tabernariak pistola bat hartuz hiru tiro eman zizkion soldadu gizajoari, haietako bi buruan, hilda utziz.

Gertaera horren berri Pasaiako Artxibategian dagoen telegrama bati esker dakigu; Pasaiako alkateak Gobernadore Zibilari bidalitakoa (4). Garaiko egunkariek ez dakarte ezbehar horren aipamenik, nahiz eta ia egunero Espainiako Armadari buruz eta soldaduei buruz artikulu edo suelto bat argitaratu. Hori bai, beti laudorio moduan, eta benetan zail da gertaera horri halako trataera ematea.

__________

  1. Errepide honeko jatorri militarra eta gotorleku sistemaren barruan zuen funtzioari buruz azalpen argia eta zehatza aurkezteko ikus: Sáez García, Juan Antonio: “La fortificación Vallespín en el alto de Gaintxurizketa (Guipúzcoa)”, Bilduma, 21 eta egile berberaren “La fortificación Vallespín (1939-1940) en Arkale (Oiartzun-Irún, Guipúzcoa)”, Bilduma, 22.

  1. Gure inguruan gertatutakoari buruz ikus: Agirretxe Mitxelena, J.L.; Pontesta Garmendia, A.; Leon Nanclares, A.: Zigortuak ilunpetik argitara. Frankismoaren biktimak Lezon 1936-1945. Lezoko Unibertsitateko Udala. Lezo, 2008 ; Beaumont, E.; Mendiola, F.: Esclavos del franquismo en el Pirineo. Txalaparta. Tafalla, 2006 ; Alkuaz, Izar: “Bortxazko lanak franquismo garaian: langile-batailoien aztarnak Oarsoaldean”, Oarso, 50 zenb., 2015 ; Euskal Memoria Fundazioa: Bortxazko lanak Gipuzkoako errepideetan ; Kattin-Txiki taldea: Isiltzen ez den isiltasuna: lurpetik berreskuratutako memoria. Oiartzungo Udala. Oiartzun, 2009.

  1. Gutxienez hiru trabajadore hil zituzten tiroz Lezon. Ikus: Agirretxe Mitxelena, J.L.; Pontesta Garmendia, A; Leon Nanclares, A.: Zigortuak…, 47. or.

  1. Ikus: Pasaiako Udal Artxibategia, 179 A sig.

Advertisements