Mark Legasse irakaslea bere unibertsitatean

JOXE LUIX AGIRRETXE MITXELENA

Mark Legasse idazle anarko-abertzalea Parisen sortu zen 1918ko apirilaren 19an, baina, bai amaren, bai aitaren aldetik ere euskal jatorrikoa izaki, ttikitatik hartu zuen haiengandik euskal grina. Hala, Euskal Herri burujabeko subditutzat izan zuen beti bere burua, bi estatu bortitzek hezur-muineraino menderatua duten herria dela ederki zekien arren.

Rafael Zabala, Marken birraitonaren anaia, Gurutze Santuaren elizako kapellaua izan zen XIX. mendearen bukaera aldera, eta Kale Nagusiko Jamotenea etxea zuen bizitoki. Hark, hiltzean, Gaudioso Zelaia ilobari utzi zion etxea, oso-osorik. Gaudioso Zelaia Marken amonaren anaia zen, Estanislada Zelaiaren anaia. Estanisladaren senarra, Marken aitona, berriz, Hendaiako alkatea eta medikua zen eta koinatu Gaudiosori Jamotenean astean bitan kontsulta irekitzeko baimena galdetu zion. Etxearen azkeneko solairuan jarri zuen, beraz, kontsulta Kamino Goienetxek eta beheko solairuan Gaudioso bera bizi zen hain gustuko zituen musika tresnen artean; arpa, pianoa eta Aita Donostiak bertara etorri eta oparitutako txalaparta baztandarra, besteak beste. Aitzakia horrekin, familia Lapurdin zenetan, bederen, Mark eta Jakes “Xanti” Legasse anaiak astero etorri ohi ziren Lezora eta herriko plazan jarduten omen ziren jolasean.

Ttikitako egonaldi haiek lezoartu egin zuten, nolabait esatearren, Mark Legasse. Hain zuen maite gure herria, zeina kortsario, bidelapur eta ezarritako sistema ororen aurka zeudenen bizitoki eta habiatzat zuen, ez baitzuen bere idazlan eta istorioetan aipatu arteko onik izaten. Asko dira, ondorioz, Lezoren eta lezoarren aipamenak bere lanetan; izan fikzio, izan prentsarako artikulu edo zutabe.

Maitasun horren ordain ttiki moduan edo, Lezoko herriak omenaldi xume baina biziki polita eskaini zion Marki 1990eko apirilaren 27an. Herriko plazan jende andana elkartu eta, dantzari eta txistulariekin batera, Kale Nagusia zeharkatuz Andreone etxearen parera iritsitakoan, dantzariek hiru dantza-pieza dantzatu eta lore-sorta eman zioten. Segidan, Andreoneko lehenengo solairuan solasaldi bikaina egin zuten Emilio Lopez Adan “Beltza”k, Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”k, Patri Urkizuk, Luis Nuñezek, Luis Jiménez de Aberasturik eta Markek berak. Solasaldia orduan kultura zinegotzia zen Joseba Aurkenerena idazleak gidatu zuen. Maite Idirinek ere parte hartu zuen kantu zoragarri bat eskainiz. Andreone lepo bete zela esan gabe doa. Mark bereziki zorrotz, alai eta bizi mintzatu zitzaien bildutakoei, txalo eta algara zintzoen artean.

Mark handik zazpi urtera hil zen Ziburun, 1997ko martxoaren 21ean, 79 urte betetzeko hilabete eskas falta zuela.

Zorionez, omenaldi hartako bideoa gordeta izan dut gaur arte. Ez naiz oroitzen nork hartu zituen irudiak baina zinta niri eman zidan behintzat. Lau bat urte dela, Patri eta Urtzi Urkizuren galdearen ondorioz, apal batetik berreskuratu eta Berria TBn argitaratu zen lehen aldikoz. Orain, Lezoko Portuan lehorreratzea iruditu zait egokiena, herritarren artean zabal dadin. Omenaldiaren transkripzio ia osoa Agustina Pontestak egin zuen Lezo aldizkariaren 18. zenbakirako. Nahi duenak, beraz, hortxe du eskueran. Marki buruz gehixeago jakin nahi izanez gero, berriz, herriko aldizkarietan hari buruz —kasuren batean bere lumaz— idatzitako lanak mordoxka dira (ikus beheko bibliografiatxoa). Sakonago aztertu nahi duenak Amaia Ereñagak idatziriko biografia liburura jo besterik ez du. Guztietatik aterako du ikasgairik irakurle prestuak, bai horixe!

BIBLIOGRAFIA

AGIRRETXE, Joxe Luix. “Non haiz, Bizarzuri pirata?”. Lezo, 1997, 17 zenb., 23-24 or.

AURKENERENA, Joseba. “Marc Legasse eta Lezo”. Lezo, 1998, 18 zenb., 6-12 or.

AURKENERENA, Joseba. “Parisen gaisorik daukagun Marc Legasseri bihotzez eta saminez”. Lezo, 1993, 10 zenb., 74-75 or.

LEGASSE, Mark. “Recuerdos de infancia en Lezo”. Lezo, 1990, 5 zenb., 22-23 or.

Mark Legasseren unibertsitate kuttuna“. Orratx 800! : Lezoko aldizkaria, 2003, 1 zenb., 14 or.

PONTESTA, Agustina. “Marc Legasseri omenaldia”. Lezo, 1998, 18 zenb., 31-37 or.

URKIZU, Patri. “IRAETA”. Lezo, 1990, 4 zenb., 70 or.

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.