Manuela Arrieta batelaria

LANDER ZURUTUZA SUNSUNDEGI

Garai batean badia gurutzatzea zen Lezotik Donostiara joateko modurik erosoena, batez ere zamaren bat garraiatu behar zenean. Alegia, herriko ontziralekuko batelariren baten ontzian Herreraraino nabigatzea, gero handik aurrera goiti-beheiti lehorretik jarraitzeko. Oinez ere joan zitekeen Errenteriako galtzadatik, baina aukeran luzeagoa zen bidea.

Kaputxinoen komentuko fraideak ere batelarien zerbitzuaz baliatzen ziren predikatzera zetozenean. Hala, jaiegun seinalatuetan —1633ko Santakrutz egunean, esate baterako— herriko kargudunek Matxingotik Lezorako pasaia ordaintzen zieten, soldata eta bazkariaz gain.

Lezoko ontziralekura iristen zen bidaiariari zegokion batelari guztien artetik bat aukeratzea. Hauek oihuka hasten ziren maiz iritsi berria erakarri nahian, sesioan. Inoiz konpainiak ere eratzen zituzten, negozioan bakarka zebiltzanak baztertzeko asmoz.

Manuela Arrieta (Manuela Josefa, bataio agiriaren arabera) herriko azken batelarietako bat izan zen. 1799ko maiatzaren 24an jaio zen Lezon. Aita, Josef Andres Arrieta (Lezo, 1773), arrantzalea zuen. Eta ama, Magdalena Gabirondo (Alkiza, 1773), batelaria. Bost senideren artean zaharrena zen.

Espainiako zein atzerriko tropak ere baliatzen ziren batelarien zerbitzuaz —Hirurteko Liberalaren (1820-1823) azken aldean, esate baterako—. Hala, 1822an Josefa Antonia Irurueta batelariak (Lezo, 1793) Valençay-ko infanteria erregimentuko berrogeita hamar militar eraman zituen Lezotik Herrerako ontziralekura —16 errealeko irabazia—, eta Magdalena Gabirondo eta familiakoek erregimentu bereko beste berrogeita bi lagun —12 erreal—. Magdalena Gabirondok halaber sei biaje egin zituen Herrerara militarrekin —22 erreal—, hamar biaje Donostiatik Frantziarako korreoaren eskoltarekin —40 erreal—, eta hamaika biaje Herrerara eskolta berdinarekin —44 erreal—.

1823an Manuela Arrietak sei biaje egin zituen gutxienez Lezotik Herrerara, Frantziatik Donostiarako korreoa eta haren eskolta garraiatzen. Ceferina Fernandez batelariak ere (Lezo, 1794) egin zuen inoiz zerbitzu hori berbera.

1824ko maiatzaren 20an Manuela Arrietak sasiko alaba bat izan zuen: izen bereko Manuela Josefa Arrieta.